Argirik ez gau luzean

Irabazleek ezarritako neurriak hizkuntzaren arlo guztietara heldu dira. Umiliazioari debekua eta zigorra erantsi zaizkio; Gernikan, euskarazko hitzak dituzten harriak kenarazi ditu alkateak hilerritik; gobernu zibiletan euskara aldizkarietan galarazten duten aginduak idazten dira; Zarautzen Patxi Unzurrunzaga editoreak Errepublika garaiko ikastoletarako argitaraturako Sabin Euskalduna gillotinatik pasatzera behartu dute guardia zibilek; eskoletan maisu-maistrek eraztuna darabilte euskaraz egiten duten umeak zigortzeko...

Gipuzkoa erdiko mendialdea toki hozpela da elizako agintarientzat, zigor-herri egokia gerra aurrean euskalgintzan ibili direnak nola-hala errenditzeko. Lauzirika gotzain frankistak bidalita heldu zen Matxinbentara Koldobika Jauregi Jaurtarkol. Hiruzpalau urte egin zituen han, harik eta agindu berri batek Urrestillara eraman zuen arte. 1958ra arte egon zen bertan.

Aitzolek ez zeukan Jaurtarkol saltzeko. 1929an argitara eman zuen Biozkadak liburua hartu zuen Ariztimuñok aitzaki, besteak beste Lizardi, Lauaxeta eta Orixe poeta gisa ezagun egingo dituzten Olerti Egunak antolatzeko. Bedoñakoa berak irabazi zuen, 1935ean. Gainerakoek ere, estimatzen zuten. Ez zen edozein.

Matxinbentan eta Urrestillan egin zuen egonaldi luzean, idazleak ez zuen lehengo indarrik erakusterik izan, ordea. Non argitaratu ez, Jaurtarkolek ez zuen 1952ra arte olerkirik kaleratuko, eta argitaratu zuena, Ameriketan. Hitz lauz ere, oso gutxi. Artikuluren bat eta Ipuiak, 1924an Argia-n plazaratutakoekin bilduma egin eta ipuin bat edo beste aldatuta, 1953an Kuliska Sorta-n berrargitaratzea lortu zuena.

Zarauzko moja karmeldarretara joan zen urtean, 1958an kaleratu zioten herritar zuen Xenpelar bertsolariaz egindako lana, haren bertso bilduma bat. Esan gabe doa, Urrestillan zegoela prestatua.

Azkoitian, foralistak Euskalerriko Adiskideen Elkartea bultzatu nahian dabiltza. Julio Urkijok, hautagai tradizionalistak, kanpaina egiten hemen dabilela aprobetxatuta, liburu tontorrak erosi zituen inguruotako baserrietan. Bilboko alkate eta Francoren ministro eta diplomatiko izan zen Jose Maria Areilza izan zuen Urkijok lagun. Nolabaiteko zirrikitua topatu nahian, agintaritza eroso sentitzeko moduko formuletara jo zen. Gipuzkoako gobernadore zibila gonbidatu zuten lehen batzarretara. Susmo txikienik egon ez zedin, estatutu berriak ere idatzi ziren:

*Nuestro amor a España se complementa y perfecciona con un profundo cariño y respeto al País vascongado y lo de estrechar más los lazos de unión de las tres provincias, tal como figura en los Estatutos de 1765 como objetivo social, puede servirnos de motivación en la hora presente.*

Azkenik, eta ez arazorik gabe, 1943ko ekainean egin ahal izan zen aurreneko saio akademikoa Azkoitiko San Juan bainuetxeko Peñaflorida aretoan. Asko izan ziren Elkarteak urte hauetan aurrera eraman ahal izan zituen ekinak: jauregiak zaharberritu ziren, historia ikerketak bultzatu, hitzaldiak eta omenaldiak antolatu (1947an Azkoitian bertan omendu zuten prentsa abertzaleak Herr Urkijo deitzen zuen Julio Urkijo). Ezer ere ez, baina, euskara eta euskaraz idatzitako ezer bultzatzeko. Hizkuntza tatxa zen artean.

Erabateko eremu soildua Bidasoaz hegoaldekoa. Azkoitiko Inazio Maria Manzisidor jesuitak Otoitz Bidea eman zuen argitara Bilbon 1948an. Patxi Unzurrunzagak Zarauzko inprentan askotan gezurretako lizentziaz-eta argitaratzen zituen elizako liburuak eta dotrina bakarren batzuk... Tartean, datarik gabe, baita Muxikaren Pernando Amezketarra ere, Karmelo Etxe- garairen hitzaurreaz, 1927koaren berrargitalpen pirata. Editoreak berak egina!

Sasi arteko ibili honetan, bada egun seinalatu bat, ordea. 1948ko irailaren 9an gaude, Euskal Jaia Zarautzen. Unzurrunzaga, Espainiako Prentsa eta Propa-ganda zuzendari orokorra, Pedro Rocamora oporrak pasatzen herrian dagoela-eta, adiskide duen Jose Artetxerekin egina du hitzordua, Rocamorarengana joan eta Gipuzkoako zentsoreen gainetik pasatuta zuzenean liburu batzuen argitalpen baimena eskatzeko. Bietako inork espero ez zuela, baimena eman zien Rocamorak. Hala atera ziren hurrengo urteetan tantaka Itxaropena moldiztegitik Bera-Mendizabalen Euskal-erdal iztegia (1948), Salbatore Mitxelenaren Arantzazu euskal poema (1949) eta 36ko uztailean kalera ateratzeko gertu zegoen Orixeren Euskaldunak (1950), zazpi lurraldeetako armarri eta guzti!

.1949an, datu bitxi bat ezerez honen erdian. Azpeitian, Nekazari Alkarteak euskal antzerki lanen lehiaketa antolatzea lortu zuen. Sari nagusia Donostiako Deklamazio eskolan Altzagaren ondorengo zuzendari izan zen Maria Dolores Agirre errezildarrari eman zitzaion, Aukeraren maukera, azkenian okerra monologoarengatik.

Aldizkarien garaia da. Euskaraz eta erdaraz, Gernika da sortzen aurrena. 1945ean atera zen lehen zenbakia, Donibane Lohizunen, Rafael Pikabea zuela zuzendari. Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-ek (B-tik V-ra aldatu behar izan zen izena gobernuak onartzea lortuko bazen) 1948an kaleratu zuen Egan, barne buletin gisa. Euskaraz Salbatore Mitxelena, Emeterio Arrese, Federiko Krutwig ariko dira, eta baita Jose Artetxe ere... erdaraz. Aldizkarietan, hartuko duen erresistentzia indarragatik, Euzko-Gogoa izango da, ordea, erreferentzia. Guatemalan ateratzen zen aldizkariak Jokin Zaitegi zuen buru. Aurreneko sei hilabeetan, Orixe izan zuen lagun. Hortik atzerakoan, Andima Ibinagabeitia. Kasualitateak zer diren, hirurak Loiolatik paseak ziren. Eta hirurak, arrazoi diferenteak tarteko, Konpainia utzitakoak.

.1950-1955 tartean atera zen Guatemalan, gero, Zaitegi Iparraldera datorrelarik Donibane Lohizunen argitaratzeko 1955etik 1959ra. Euzko-Gogoa-n parte hartu zuten idazleen artean, badira hona ekartzea merezi duten bailarako bi idazle ere, biak gerra aurretik aski trebatuak zirenak.

Martin Oiartzabal (1892-1966) azpeitiarra zen sortzez, urteak egin bazituen ere Azkoitian jesuita. Gerra aurrean hainbat itzulpen labur (Euskal Esnalea aldizkarian daude Heine eta Mickiewiezenak) eta bi liburu argitaratu zituen: Zerurako bidea 1922an, Amorebietan, eta Yesukristo gure Yaun eta Yainkoaren bizitza ta Berri Ona, Pasaian, 1935ean.

Argentinan zegoela, Orixeren ezagutza egin zuen. Hala hasi ziren biak elkarrekin euskal gramatika bat argitaratzen Euzko-Gogoa-n, “O. ta O.” ezizenez, Orixe eta Oiartzabal, alegia. Ia bost urteko elkarlana izan zen, 1952ko irailetik 1957ko martxora bitartekoa. Ondorengo urteetan Ibinagabeitiaren aldizkarian kolaboratzen segitu zuen. Lanen bat edo beste aipatzearren, hor dira “Olabide euskaldun berri” (1958) eta “Aostako legenduna” (1959), Joseph Maistre Savoiako idazle katolikoaren itzulpena. Euskal Herrira itzulita, Argentinan hasitako gramatika lanekin jarraituko dute Orixek eta Oiartzabalek. 1963an El lenguaje vasco eta Lati izkuntzaren joskera kaleratu zituzten Donostian.

Gillermo Larrañaga jesuita azkoitiarra (1905-1978) 1956tik atzera hasi zen Euzko-Gogoa-n parte hartzen. “A.” eta “Azkoiti” izenak erabiliko ditu bere idatziak sinatzeko. Denen artean, eta itzulpena den arren, Milla ta bat gauetako ipuiak du, beharbada, lanik ederrena. Gainerakoek, ez dute interes handirik. Aipa ditzagun hala ere “Venezuela’ko matxinadak amazortzigarren gizaldian”, Arturo Campionen Lengua y Raza-ren itzulpena edota Antxieta misiolariaz idatzitako artikulua. Era berean, argitara eman gabe gelditu ziren liburu didaktiko batzuen egile ere izan zen Larrañaga: Ludi-jakintza, Kristal-jakintza, Mineral-jakintza. Bakoitzaren kopia banak egon behar du Euskaltzaindiko artxiboetan.

Herrikoez gain, Ameriketako erbestean, 1950ean eta Indart-Zuburu senar-emazteei olerki luze bat idazten ari dela, bada Azkoitiko Santa Kruzko elizaz oroitu denik:

Eliza ixila
Kartusikoa Burgosen,
Orobat ixil
Azkoitin Santi-Kurutzen:
Han geratu niz
Otoitz beitarik egiten.
Ez nuen uste
Txoko oberik ba ziten.

Jesuitetan egona zen Orixe Loiolan, eta handik ezagutuko zuen, noski, Santa Kruzko komentua. Ez da garai hartaz duen oldozpen bakarra. Artxunberri aizkolariari eginiko olerkian, berriz, hor da Loiola:

Iraurgi-ibarrean ire etxetik bertan
Loiola ageri dek: umetandik antxe
Otoi egin nuan. Ai nire Loiola!
Eneko aitaren etxe Deuna

Aldizkarietako idazle baino debozio liburu idazle izan zen Inazio Maria Manzisidor azkoitiar jesuita (1907-1961). Venezuelan urte asko egina, bai gerra aurretik eta bai gerra ondoren liburuak idazteari utzi ez zion idazle erlijiosoa izan zen Manzisidor: Deustuko atezain Garate Jesu-laguna (1936), Otoitz-Bidea (1948), Jesukristoren bizitza (1953), Gure patroi aundia (1956), Santu bizitzak, egunean egunekoa (1958-1962)... San Mateoren Ebanjelioaren eta Frai Luis Leongoaren olerkien itzultzaile, era bereko lan asko utzi zuen argitaratu gabe.

Manzisidor da, beragatik esan direnak irakurrita, Azkoiti-Azpeitietako gerraosteko euskal idazlerik onena. Gaiz eta generoz oso mugatua den arren, estiloak egiten du aipagarri. Manuel Lekuonak, Gure patroi aundia-z ari delarik, “Liburu giarra. Retorika gutxikoa. Gauza asko ta itz gutxi dituana” dela azpimarratzen du. Estiloaren gihar berak bultzatu zuen Jose Artetxe “euskararen Baroja” deitzera. Koldo Mitxelenak, berriz, San Inazioren bizitzaren aldean, nahiago du Santu bizitzak, egunean egunekoa-n sumatzen den esku landuagoa: “Izkuntzaren aldetik, ezin obeki dagokion gaia aukeratu du egilleak. Gertakariak kontatzen mutilla izan da beti (eztago Gure Patroi aundia-ri begiratu besterik) eta bizi eta argiro kontatzen duena euskera erraz, laster, malkarrik gabeko batean esaten du”.

Bibliografia:

ARTECHE, Jose: Un vasco en la postguerra, Gran Enciclopedia Vasca, Donostia, 1977.

MITXELENA, Koldo: Gure artean, Alberdania, Irun, 2001.

ORIXE: Idazlan guztiak, I Sorkuntzazkoak, Etor-Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 1991.

Euzko-Gogoa.