Indianoaren semea

Ildefonso Gurrutxaga XX. mendearen seme izan zen. Ikerketa historikoa era modernoan landu zituen azpeitiarrari historiaren gatibu izatea suertatu zitzaion, bere aldiko une erabakigarrietan egin zuen hautu politikoa egin zuelako. Historiak bere hondar eta hauts artean luzaroan ezkutatu duen figura izan da. Han eta hemen ageri da, garaikide diren askok aipatzen dute, oso ezaguna izandakoa da baina, gaur egun, haren arrastoari nekez jarrai dakioke. Esku ilun batek frogak ezabatu balitu bezala...

Euskal abertzaletasun jeltzaleak oro har zabar eta zeken jokatu du Lauaxetaren “dana emon biar yako...” hura beretzat hartu zuen belaunaldi oso batekin. Gogaide eta guraso politiko dituen asko eta asko ahaztu egin ditu. Horra Ildefonso Gurrutxaga, eta beste hainbeste eta hainbeste gurrutxaga.

Aurreko mendearen hasieran goi mailako ikasketak burutu zituen Deustuko unibertsitatean, Valladoliden eta Madrilen. Zuzenbidetzan doktore egin zen. Elizaren laguntasunik gabe maila horietara iristeko gazte argia ez ezik, diru aldetik ere ondo ibili beharra egongo zen, noski. Aita Jose Manuel, Argen- tinan merkatari lanetan urteak igaro ondoren, altxorra eginda itzuli zen Azpeitira.

Baina Gurrutxagaren gainean ari garela, dakiguna atalka, han eta hemen bildutako adabakiz josita bezala datorkigu. Hona ekarritakoak Maria Luisa San Miguelek egindako ikerlanari zor bazaizkio ere, nabaria da, eta tamaina bateraino etsigarria ere bai, beti usteka eta omenka jardun beharra, froga idatzi nahikoaren faltaz, bailarako intelektual interesgarrienetako bati buruz informazioa emateko.

Sarritan aipatu dira Ildefonso Gurrutxagaren artxiboak gertuko eta garaikide izan zituen askoren aldetik, ondare oparo moduan goratuz gainera. Baina arrasto guztiak galdu egiten dira Loiolako eta josulagundiko baso itzaltsura inguratu orduko. Dirudienez, balizko altxor horren giltza Loiolako Ordenaren sotoetan egon liteke hautsak eta aitormen eza biltzen. Susmo sendo bat da.

Herrigintzan gazterik murgildu zen Ildefonso, 1926an, Primo de Riveraren diktadurapean zinegotzi jarri zuten, eta 1930ean, hogeita zortzi urte zituela EAJn afiliatu zen. Euskal Herriaren historia ezagutzea eta ezagutaraztea, euskal kultura suspertzea eta abertzaletasuna izan zituen gidari eta kezka eragile.

Gehiena, Yakintza-n, RIEV-en, Euskal Erriaren Alde-n idatzi zuen... Haren lanek badakarte historiari begiratzeko bestelako modu bat, modernoagoa eta osoagoa. Zientzilari zolia da, iturrietan oinarri hartu, gertaeren kausak eta garapena aztertu ondoren ondorioetara iristeko ausardia duena. Horren erakusgarri *La hidalguía y los Fueros de Guipúzcoa edo Las machinadas del año 1776 en Azpeitia (sus causas y desarrollo*) dira. Gertaeren kausa sozialetan sakontzen aitzindari da gurean, jauntxo ilustratuen zein elizaren jokabideak zorrotz eta hotz azaltzen ditu. Hirugarren lan bat besterik ez aipatzearren, ikustekoa da “Azkoitiko Zalduntxoak” ikertzeko aitzakia hartuta, XVIII. eta XIX. mendeetako euskal gizartearen zein argazki bizi ematen duen. Kamutsik gabeko begiak tinkatzen dizkio aztertu nahi duen aldiari. Lehen eta bigarren lerroko protagonistak, pertsonaia ortodoxoak (San Inazio edo Harispe marexala) eta heterodoxoak (Sabino Arana, Saint-Cyran edo Olabarria liberala) zuhur neurtzen ditu. Berariaz zazpi euskal herriei jarri zien arreta, nazio ikuspegi argiaz.

Ikertzailea, hala ere, ez dago bizitzea egokitu zaion historiaren gurpiletik libre. Militar matxinatuak Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zirenean, 1936ko uztailean Gurrutxaga Azpeitiko gerra komisaritzako buru jarri zen. Gerrak iraun zuen bitartean kargu nabarmenak bete zituen Jaurlaritzaren aginduetara aurrena (Euzkadiko fiskal nagusi eta Arte Eder, Liburutegi eta Museotako Zuzendari Nagusi izan zen), eta Errepublikaren zerbitzura magistratu lanak egin zituen gero.

Gurrutxagak ez zuen asko idatzi euskaraz, egia da. Ez arrotza zitzaiolako edo epel zegokiolako ama hizkuntzari. 1927an, Euskaltzaleak elkartea sortu eta lasterrera sartuko da bertan. Hurrena, berriz, 1945ean, Ixaka Lopez Mendizabalek erakunde hori erbestean piztu zuenean Gurrutxaga lehendakari ere izan zuen. Barru-barrutik ari zen 1956an “*Euskaldunak bi gauza goigoienekoak ditugu: abenda ta izkuntza. Auek galdu eskero zertan burrukan ibilli gañuntzeko gauzak gorde naian!*” zioenean. Mundu akademikoak, kazetaritza espezialduan bezala unibertsitatean, oso bazterreko eginkizuna eskaini izan dio euskarari. Lehen eta orain.

Hizkuntza kanonikoak gurean gaztelania, frantsesa eta ingelesa dira funtsean. Joera hori XX. mendeko lehen bi herenetan ia erabatekoa izan zen, eta Ildefonsok ere gisa bertsuan jokatu zuen. Zorioneko artxibo alderanduak arrazoia kentzera ez datozen bitartean, esan daiteke euskaraz eman zuena prentsan atera zuela, batez ere erbestealdiko Eusko Deya-n eta Tierra Vasca-n.

ORAINGO GAZTEAK

Ain gazte ez geranen abertzaleentzat, oraingo abertzaleentzat, oraingo abertzale gazteek nola pentsatzen duten jakitea, polita ezezik jakin bearrekoa ta onuragarri zaigu. Emen, Buenos Aires’*en abertzale eta ez abertzale gaztediarentzat, Euzko ixtori ikastaro labur bat antolatu degu ta au dala bide aiengana urreratu bear izan det, izketa asko eukiz beokin. Txukuna da gazte oien galderak eta pentsatzeko erak aztertzea; auetako batzuek ezjakiñetik sortutakoak dira, baña beste era batzuk aberkoi oldozmena aldatzen dijoalako dira. Gazte batek esaten ziran, guk, zarrak garrantzi aundigia ematen giñola 1936*’*ko gudateari, galdua izan zan ezkeroz. Beste batek zion Españako Korteak, eskubiderik ez bazuten 1939*’ko legea emateko Euzko-Fueroak ezeztatuz, orain ez zeukatela ere eskubiderik lege ura urratzeko; ta buru nasteri aundia zekarrela guk Madrid’*eri eskatzen giñonean Fueroak indarberritu zetzala; orregatik onena lege ura zanik ez gogoratzea zala, xaxi-legekeritan ez sartzeko. Gazte geienak, Estatuto*’arentzako zaletasun gutxikin nabaitzen ditut.

Denena ta toki guztietako gaitza izan ohi da, norbera toki baten lanean ekin arte, bertan ezer gutxi egin dala ustea. Gazteori ere olako zerbait getatzen zaie, aurreko gizealdikoak egin dituzten lanak aztertzean. Egia esateko, gure gizealdia, 1936’*koa ez da izan koldarra, olloak baño zurtasun gutxiago izan degu. Gure ondorengoak bide errezagoak izan ditzatela aberkoi eginkizunetan. Ta ardura eman dezaiogun gazteak pentsatzen duten erari.*

(Tierra Vasca, 28.zenbakia, 1958ko urriaren 15ekoa, Buenos Aires)

EUZKO-GOGOA ETA OLABIDE AITA

Artu deguEuzko-Gogoak” *argitaratu duen azkeneko zenbakia, euskaltzaleentzat ain begikoa dan aldizkaria. Oraingo au Olabide Aitaren gorazarrez egiña da. Ondo merezia du Olabide zanak oroimen au, euskeraren alde egin zitun lanagatik, eta Euzko-Aberria maitatu zualako gutxik bezela. Bere biziaren onena eman zun ezertxo ere espero gabe beretzat, ta orregatik, azkeneko guda ondoren, erbestetu zan ta Toulousen il zan. Goralgarriago da josulaguna izan zalako, eta auen artean arri txuri bat izan zalako. Euskeldunak ez dakigu zer esan Iñaki Doneak irasi zun Lagundi onetaz, ain euskeldun gargutxikoa XVII eta XVIIIgarren gizaldietan oso poliki ekin zioten josulagunak Euskelerriren alde, lenengo Moret eta Henao ixtorigilleakin, eta gero Larramendi aundia, Mendiburu eta Kardaberaz euskelzaleakin. Geroztik, juan dan gizaldian eta oraingoan, ezer gutxi egin dute. Beti España*’ko gauzak goratzen, eta Euskelerrikoak baztartzen. Orregatik maite gendun Olabide Aita, ain gurea. Eta orain:¿josulagunak noiz ekin bear diote lanean benetan euskel gaietan, gure Aberriari dioten zor aundia ordaintzeko? Edo, uste dute Euskelerria dala zorra diotenak?

(Tierra Vasca, 34.zenbakia, 1959ko apirilaren 15ekoa;Buenos Aires)

Eginkizun askori lotu zitzaion, baina historiaren zurrunbiloak harrapatuta langintza horietako gehienak ez zaizkigu heldu, amaitu ez zituelako edo galdu egin direlako. Agirre lehendakariak eta Alderdi Jeltzaleak jarri zioten egitekoa franko. Kultura eta historia kontuetan Agirrek oso gertuko aholkulari izan zuen, eta hala erakusten du eduki zuten gutun truke oparoak.

Soldadu alemanek Frantzia hartu zutenean ihes egin behar izan zuen Donibane Lohizunetik Buenos Airesa, Marseillatik zehar. Ildefonso Alsina bapore ospetsuko egoiliar izan zen. Hamabost eguneko txangoa behar zuena, nazioarteko zertzelada diplomatikoak eta politikoak tarteko, ia-ia hamabost hilabetera joan zen. Casablancan eta Dakar-en eduki zituzten jarraitzeko baimenik gabe, eta horrek atzeratu zuen martxa. Asko ez ziren sekula iritsi. Senperrak pasatu zituztela ere badakigu: gosea, heriotzak, Casablancako kontzentrazio eremuetan egonaldia... Bidaide izan zituen itsasaldi hartan, besteak beste, Nestor Basterretxea, Telesforo Monzon eta Espainiako Errepublikako lehendakari Niceto Alcala Zamora.

Aitak bezala Argentina jo zuen Ildefonsok. Honen ibilbidea, baina, ez da indianoarena izango, iheslariarena baizik. Erronkarik gabeko bizimodua izan zuen. Eusko Deya-ren erredakzioan behar egin zuen eta aldi batez Argentinako talde nazien jarraipena egiten ere ibili zen ixpia edo informante lanetan.

Agirreren deiari adi, 1959an itzuli zen Euskal Herrira. Bien artean Euskal Herriko historia idazteko gogoa zuen lehendakariak. Ahaleginak ez zuen ageriko fruiturik eman, eta Martin Ugaldek heldu zion urte batzuk geroago Agirreren egitasmoari.

Izaera irekia eta zabala aitortzen diote ezagutu zutenek, alderdikeria eta ortodoxietatik urrun ibili zen pertsona zela. Alderdiak parekoa ez bazuen ere, erbesteko Saski-Naski kultur elkarteko lehendakari izan zen, tartean EAE-ANVko, Izquierda Republicana-ko eta Alderdi Komunista inguruko hainbat kide lagun zituela. Beti zegoen iritzi trukerako gertu nahiz zaharrekin nahiz gazteekin, horren lekuko dira 1960 hamarkadan ETAko militanteekin izandako hartu-emanak.

Sabindar Batza-ko lehendakari zela, 1965ean Sabino Aranaren lan guztiak argitaratu ziren. Hitzaurre den-denetan Gurrutxagaren eskua dago.

Noizbait jakingo da gaur dakiguna baino gehiago Ildefonso Gurrutxagaren figurari buruz. Orduan neurtu ahal izango dira doitasunez azpeitiar ikerlariak egindakoak, ezjakintasunaren, ilunkeriaren eta zoritxarraren ganduak uxatutakoan.

Bibliografia:

ALTUNA, Larraitz: “441 egun... Sekulako bidaia Frantziatik Argentinara”, Errefuxiatuak (UNHCR-ACNUR) 122. zenbakia, 2004.

ALCALA ZAMORA, Niceto: 441 dias... Un viaje azaroso desde Francia a la Argentina, Editorial Sopena Argentina, Buenos Aires, 1942.

GURRUTXAGA, Ildefonso: *La Hidalguía y los Fueros de Guipúzcoa*, Imprenta de R. Leizaola, Donostia, 1931.

GURRUTXAGA, Ildefonso: Aprendamos nuestra historia (Maria Luisa San Miguelen edizioa eta hitzaurrea), Saturraran Argitaletxea, Donostia, 2002.

GURRUTXAGA, Ildefonso: *Reflexiones sobre mi país* (Maria Luisa San Miguelen edizioa eta hitzaurrea), Saturraran Argitaletxea, Donostia, 2002.