Hiztegi bat, istorio polit eta guzti

Kontua, polita da, eta erositako prezioan saldu beharrekoa. Badoa 1929 urrun hartan, Kolonbiako Andeetan barrena, jesuita bat Nariñoko departamentu buru den Pasto-tik “indioen herri batera”. Bideak nekaturik, hiru mila metrotik gorako ekaitz ikaragarri batek beharturik, arbola baten azpian hartu du aterpe.

Bat-batean, enbor erori handi baten pean dagoen paper mutur bati eman dio begia. Harrak helduta, lur gainetik jaso eta irakurtzen hasi orduko, harri eta zur gelditu da. Argia, dio. Bai, hala da, Donostian argitaratzen zen Argia aldizkariaren ale baten azaleko orria zen, han, auskalo nola, milaka kilometro eginda Kolonbiako Andeetan jesuita euskaldunak esku artean zuena.

Gerora jakin zuen Plazido Mujika jesuitak Santa Kruz apaiza ibili izan ohi zela, urte batzuk lehenago, bide hartan bertan. Urolaldeko hainbat baserri zulotan aterpea eman omen zitzaion gerrillaria, liberalen kontrako sasi lanak utzi eta jesuita sartu zelarik, Ameriketara bidali zuten, ordurako 82 urte zeuzkala. Jamaikan ibili zen misiolari aurrena, Kolonbian gero. Larunbatero pasatzen omen zen handik bere zaldiaren gainean, San Ignacio herrixkara bidean, igandeetan itzultzeko, eta dirudienez, haietako joan-etorri batean utziko zuen, seguruenik, aldizkaria han. Istorioa biribiltzeko, egiaztatu ahal izan zuen Mujikak beste datu bat: Santa Kruz Argia-ren harpideduna zen, eta dirudienez, bi ale jasotzen omen zituen, bata Bilbotik eta Donostiatik bestea. Hala sortu omen zitzaion Plazido Mujikari hiztegia egiteko deia. Berak hala dio behintzat.

Gerokoa, askoz jakinagoa da. 1937an, etxera itzuli zelarik, lanean hastekotan zenean, zaputzaldi handia hartu zuen Mujikak. Azkue bera ari omen zen gaztelera-euskara hiztegia egiten. Eta hala etsi zuen. Tartean-tartean, berak zituen hitz zerrendak ere bidali omen zizkion lekeitiarrari, egiten ari zen lan eskerga osa zezan. Dirudienez, lanak ez zuen aurrera egiten, ordea, eta Mujikak fitxak betetzen segitu zuen.

Azkue hil zelarik, eta honen hiztegi amaitugabea zuen Nazario Oleagak bultzatuta, indarrak bildu eta aurrera egitea erabaki zuen. Lehen idazketa egina zuenean, harpidetzak bilatzeari ekin zion. Berrehun eta berrogeita hamar pezeta gero kalean laurehunean saltzekoa zenagatik. Asko hurbildu zitzaizkion. Azkenean, 1965ean atera zen moldiztegietatik Azkueren hiztegiaren ifrentzu zen “Diccionario castellano-vasco” hura.

Hiztegia, ikaragarria da egun ere. Ia bi mila orrialdeko lan erraldoia. Hau burutzeko, Mujikak berak aitortzen du, hemendik eta handik tira egin zuen, ordurarteko hiztegiak aztarkatu zituen (Lhanderena, Tournier-Lafitterena, Bera-Mendizabalena, Arbelaitzena, Azkuerena...), eliza liburuak erabili zituen (Kempisaren itzulpenak, Orixeren lanak), aldizkarietan agertutako materialaz baliatu zen, eta azkenik, bai jendeak bidalitako hitz zerrendak (Juan Iruretagoienak, Martin Oiartzabalek, Arantzazuko fraileek, Juan San Martinek...) eta bai Loiolan bertan jesuitek utzitakoak (Jesus Altunak, Juan Goikoetxeak, Salbador Barandiaranek...).

Mujikaren hiztegia ideologikoa da, inondik ere. Bere garaian, Azkueren hiztegia zahar samar gelditu zela iritzita, nolabaiteko eremua markatzea izan zen modernitatera heldu nahian zebilen gizarte hartan. Ez ordurako hainbat tokitan gero eta sarriago agertzen hasia zen batuko H hura bazter geratzen delako, baizik eta hiztegigileak berak nahita egiten diolako ihes edozein egokitze asmori. Esaten duena esan nahi du, eta kito. Astagaitz, Duvoisin kapitainari jasoa seguruenik, “menstruación” da, urdanga-etxe “burdel”, bere burua lizundu “masturbarse”, erri-nasle “rebelde”, ezigaitz “insumiso”, alderdikeri “apostasia”, loikerian ari “fornicar”... -keria atzizkiak, saldu egiten du hiztegigilea. Eta hala ere, zein hiztegi on, erabilgarri, aberats den Mujikarena!

Honetan, bada begiratu bat ematea merezi duen hiztegi txiki bat, simaurrez eta ontzurrez betea, zatarretik duena ederretik duena, Azkoiti-Azpeitietan ahazbidean ditugun zenbait hitz jasotzen dituena. Hau ere sasoi hartan Loiolako jesuiten etxean egin zen. Loyola inguruan osatutako iztegitxoa du izena Juan Goikoetxea jesuitak 1967ko Euskera aldizkari batean eman zuen hura. Bertan, berreskuratzea merezi duten hitz eta esamoldeen ondoan (Ebro ta Parix nastu; prantxesez ari; sorgin orratz...), bazihoan mundu integrista baten hamaika hitz sarrera ageri dira. Aketza “ninfómanaren” ordaintzat ematen da, aje-umeak “hijo tarado” gisa, garbi ez balego ere, honako oharrarekin: “*Paseando cierto día por un pueblo industrial guipuzcoano en compañía de un médico vizcaíno euskeldun, éste, observando el número bastante crecido de niños de aspecto raquítico, comentó*: —Auek dira gureaje-umeak”, ingelesak dioten “*los híjos del sábado*”, alkoolez ondo beteta sortuak”. Idiotak, alegia. Gaitza gurasoen portaera inmoralagatik bizi guztian gaixotasuna aldean eraman behar duten eriak.

Hau ere izan da Loiola, hitzen eta hiztegien ola handi bat. Larramendik mundua zoratu zuten hitz berriak asmatuz Loiolatik. Loiolan bertan, ehunka urte geroago, hitzen kontrola zein inportantea izan den gogorarazteko, hor dira Mujika eta Goikoetxea. Eta hori lana da.

Lan asko. Egunean 12 ordu ta gehiago sartu izan ditut. Ta guretzat ez da batere erraza. Meza, ta brebiarioa irakurri, eguneroko otoitz guztiak. Gero askotan klaseak. Baina nik musika jarri ta egiten dut. Melomanoa naiz. Irratia jartzen dut, hola, isilik, eta lan egin. Nahi dezun arte.

Horrela hartu zituen Oh! Euzkadi aldizkarikoak 1981eko udazkenean. Ez zen elkarrizketa zale, jazartua sentitzen zen, jendea omen zebilkion kontu eske garaile atera zen H hura zela eta ez zela... Garai hartan, 1965ean kaleratu zuen hiztegi eder hari buelta ematen ari zitzaion, euskara-gaztelera atera nahi zuen. Ezagutu dugu hori ere.

Loiolako bakardadean, Plazido Mujika Santa Kruz apaizaz oroitzen zen. Badugu kontatzen hasi eta amaitu ez dugun istorio bat. Laurogeitaka urterekin, Sarako Etxeberri bezalaxe, artean zaldi gainean ibiltzen zen Santa Cruz Kolonbiako mendietan misioetan. Ba omen zuen turuta zahar bat, herrira heltzen zenean indigenei deitzeko. Baina korneta horrek ez zuen ondo egon behar: “*con una corneta vieja que tengo, que está rajada y suena mal llamo a los indios que están en las chozas*”. Gutuna heldu da, ez dakigu nola Espainiako erregearen eskura, eta Alfonso XIII.ak galde: “Oraindik bizi al da hau?”. Esan diote misiolari dabilela Ameriketan, halako bizimodua daramala, eta erregeak: “Beno, ikus dezan ez dudala ezer bere kontra, gure aitaren kontra borrokatu bazen ere, korneta eder bat emango diot opari”. Tronpeta zilarrezkoa zen. Eta Plazido Mujika itsasoz bestalde eraman zuena. Heldu zenerako, Santa Cruz hilda zegoen, ordea. Beranduegi.

Plazido Mujika Loiolan bertan hil zen. Gelan, 190 zapata kaja utzi zituen, han eta hemen ehizatutako hitzen 190 kaiola.

Bibliografia:

GOIKOETXEA, Juan: “Loiola inguruan osatutako iztegitxoa”, Euskera 1967.

MUJIKA, Plazido: “Un diccionario vasco” (hiztegiari gehigarria), Mensajero, Loiola, 1964.

MUXIKA, Plazido: “Berriz Santa Kruz apaiza!”, Egan 3-4. zenbakia, 1956.

“Solasean: Plazido Mujika”, Oh! Euzkadi 12. zenbakia, 1981 azaroa.