Inorakoak

Loiolan Euskaltzaindiak batzarra burutu zuen jesuiten babespean. 1964ko uda zen, orduan agertu ziren kezkak ez ziren kea izan. Gaia ere halakoxea zuten: Euskarak irakurleak gehitzeaz. Euskara literarioa nondik nora bideratzeari buruz hitz egin zen, euskara mintzatua nola piztu etxeetan, eskolan, irratian, elizan... Hala ere, gerraosteko seigarren batzar hori ez zen hartutako erabakien garrantziagatik historiara pasatu. Handik bi urtera, 1966an, Larramendiren heriotzaren bigarren mendeurrena bete zela-eta, hitzaldi sorta egin zen Loiolan, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lagunduta.

Gerraondo luzearen ondotik hasi ziren euskaldungoaren gogo-bihotzak gora egiten. Mintzamolde berriak, burua altxatzeko garaiak ari ziren mamitzen. Bazetorren. Antolatzeko unea iritsia zen, erresistentzia eta frankotiratzaileen lanari kultur aktibismoa eta itxaropena gihartzeko egitasmoak jarraitu zitzaizkion. Galarazitako ametsak itsastear zeuden, euskaldunak grina biziz behar zuen modernitatearen ateak zabaltzea, munduan irakiten ari ziren lapikoetatik jaten emango zioten tresnez hornitzea. Horrek guztiak hizkuntza malgua eta txairoa eskura izatea esan nahi du, komunikabideak eta prentsa garatzea esan nahi du, literaturak sasoiko erronkei erantzutea eta etorkizunari begira jartzea esan nahi du.

Hogeigarren mendean, hirurogeiko hogeikadak irudikatzen du aldaketaren oldarra. Zenbat nobedade! Aldizkariak, argitaletxeak, Loiola Herri Irratia, bertsolarien txapelketa nagusia, Labegerie eta euskal kantagintza, Enbata, Rikar-do Arregiren kazetaritzaren berritzea eta alfabetatze-euskalduntzea, ikastolak, Arantzazu, ETA... The sixties dira.

Ezin da ahaztu horraino iristeko Nemesio Etxanizen lanak izan zuen munta, gerra gordin batek guztiz deserrotzea lortu ez zuen mundu bati lotura emateko. Orixek, Zaitegik, Jautarkolek, Euzko-Gogoa-k eta Egan-ek bide malkar hori sasiaren mende ez geratzea ekarri dute. “Katakunbetako belaunaldia” eta “Kontinuitateko generazioa” ere deitu izan zaie katebegi hori osatu zutenei.

Azpeitian ere izan zen sasoi hartan hiruzpalau urtez argitara eman zen parrokiko orri bat, euskarazko artikulu pare bati leku egiten ziona hilero, 1957an hasita, Olatz. Bere itoan txikia, baina arnasa.

Zarata handirik gabe pasatu zirenak badira. Martin Itziar Agirre (Azkoitia, 1905-1978) idazle autodidakta izan da horietako bat. Gerran preso hartu zuten Bizkaian, Bilboko burdinazko uhalaren oinetan, Fikan. Gasteizera eraman espetxe bihurtutako karmeldarren lekaidetxera, eta non suertatuko gatibu lotzea eta hilabete batzuk lehenago Lauaxeta egoiliar izan zuen ziega berean. Horrela kontatu zuen Lauaxetaren omenez 1974an Bilbon argitaratu zen Olerkiak liburuko sarreran:

*Sartu ninduten gelan amalau-amabost gizon adiñeko zeuden, denak arabarrak, eta tartean laudiotar batzuek. Auek esan zidaten nola gela ontan Lauaxeta ta Plazet egon ziran. Baita erakutsi ere ormatik zintzilik zegon Ama Birjiña Karmengoa*’ren lauki atzean, Lauaxeta’*k, il aurreko orduetan idatzita utzi zuan, erderaz Ama Birjiñari zuzendutako amalaukoa*. (...)

*Lekaretxe aretatik ertenda, luzaro bazterrik bazter ibilli bearra izan nuanean, sarri samar erri-miñak jo oi ninduen. Lauaxeta zanak il aurrean Ama Birjiña*’*ri erderaz zuzendutako amalauko maitagarriak menperatu eziñik nenbillen beltzuratik ateratzen laguntzen ziran.*

Lanbidez zapatagile zen Martinek bi liburu utzi ditu. Bata Gure txoriak (1966), Euskal Herriko ondare ornitologikoari buruzko saio osatua, Louis Dassance uztariztarrak 1923an argitara emandako Eskual-Herriko hegaztinak eta xoriak liburuan aurrekaria duena. Bestea, 1968an, Larraundiko sendia izeneko ele-berria.

Baroja batek irudika zezakeen Euskal Herriaren ikuskera neoforalista eta folklorikoagoa, tipismoaren ukituak edermindua euskaraz eman zutenak ere baziren, ordea. Garai bateko “Azkoitiko Zalduntxoak” nolabait berritu nahirik edo, ezerezaren basamortuari posibilismoaren lerroetatik erantzun guran, 1959an bildu zen Azkoitiko San Juan bainuetxean, lau urte lehenago Pio Barojaren heriotzaren aitzakian elkartzen hasia zen “La Academia Errante” delakoa. Horra bertaratu zirenen zerrenda: Alvaro del Valle Lersundi, Trino Uria, Jose Maria Busca Isusi, Koldo Mitxelena, Angel Jaka, Reyes Korkostegi, Jose Oregi, Martin Irizar, Jose Villar, Ignacio Zumalde, Jose Aranzadi eta Luis Peña Basurto. Ezin agertu izan zuten Federiko Zabala eta Julio Caro Baroja akademiakideek. Talde horrenak handik bi urtera egin zuen, Meliton Manzanas poliziaren amenazuen itzal beldurgarriak tarteko.

Ikusi dugunez baltzu horretan ageri da Trino Uria (1901-1972), Azkoitiko kronista eta argitara eman gabeko Omar Kayan, XI. mendeko pertsiar poetaren Rubayat eta Bibliako Kantarik ederrena-ren itzulpenen egilea.

.1960tik atzera, izango da lehengo moldeei itsatsia jarraituko duenik, baina beste ahots bat, beste taju baten eske dator euskal herritar herabetua, bestelako hezurra eta mamia ditu preziso aitzina egingo badu. Hala ere, 1963an, oraindik alde handiz euskal liburugintzan zihardutenak elizgizonak ziren. Tendentzia hori, Ibon Sarasolak aztertu zuenez, ez zen aldatu 1972-1973ra arte.

Euskal idazleek Baionan 1964an eta Ermuan 1968an bilerak burutu zituzten hizkera literario modernoaren xerka. Ondoren, 1968ko urrian ekin zitzaion batasunaren aldarria zabaltzeari Arantzazuko biltzarretik.

Lehenago Loiolako Herri Irratia itxi zuen Fraga ministroaren prentsa legeak, zirrikitua ireki zion euskarazko produkzio idatziari 1966tik atzera. Aldizkariak eta argitaletxeak erruz ugaldu ziren. Lur, Etor, Jakin, Auspoa, Gero, Kriselu... argitaldarien loraldiko ale dira.

Juan San Martin eibartar idazlea izan zen Uhin berri bataiatu zuena, idazle berriak liburu batean bildu zituenean. 1969a zen. Igarri zuen zer zetorren.

Baina soziologiaren datuek eta eskuratutako fitxek aldenduko dituzte laineza txoroak itsumustuan. Euskal literaturako hogeita bost liburu eman ziren argitara 1963an, hogeita hamahiru 1965ean, berrogeita hamarreko galgara iritsi zen 1969an, eta 1975ean hirurogeiren bueltan zebilen produkzioa. Nondik begiratzen den aldea dago, zernahita ere, erronka handitarako ez zegoen euskaldungoa.

Sarasolaren Euskal literatura numerotan-i helduta azken datu bat, 1972-1973an euskal idazle sekularretan ia ehunetik laurogei batasunaren aldekoak ziren, apaiz eta elizgizonen artean, berriz, ehunetik berrogeita hamazazpi zeuden batuaren alde.

Eta artean euskal idazletzan eta kultur jardun bizian ari ziren bailarako abade eta elizgizonak tropela ziren.

Batasun hura pareko ez zutenen plaza eta gotorleku izan zen, aurrena Arantzazu aldizkariaren hileroko baserri gaietako gehigarri moduan hasi zen Goiz Argi agerkaria. 1960ko sortze beretik 1975era arte zuzendari lanetan Jose Antonio Garate (Azkoitia, 1914-2003) frantziskotarra ageri da. Gipuzkeraz idaztzia Kardaberaz taldekoen txoko nagusi izan zen. Anaitasuna-rako ere idatzi zuen, eta Arantzazuko Egutegia-n kolaboratzaile izan zen Garate.

Anastasio Esnaola frantziskotarrak (Azpeitia, 1933) Goiz Argi-n ez ezik Arantzazu-n, Jakin-en eta Arantzazuko egutegirako idazten zuen. Bilboko Lore Jokoetan bere poesia lan bat saritu zuten 1950eko hamarkada hondarrean. 1973an, Egan aldizkarian poema sorta mardula argitaratu zioten. Gerora Mariano Errastiren Eguzkilore (2000) eta Ramon Maria del Valle-Inclan-en Buhame argiak (2001) liburuak euskaratu ditu.

Karmeldarrek ere eman diote ale bat baino gehiago idazletzari. Fidel Sarriegik (Azkoitia, 1920-1969) badu antzerki lan bat idatzia, Etxerako nor? (1965) eta Olerti aldizkarian parte hartzeaz gainera Santi Onaindiak poema bat jaso zuen Milla Euskal Olerki Eder antologian. Manuel Juaristik (Azkoitia, 1923) Karmengo Amaren egutegia-n idatzi izan du eta Aita Migel Mari izenpearekin sinatu ditu bere lanak Karmel, Arantzazu, Zeruko Argia, Olerti kazetetan, eta uste dugu Oscar Wilderen Adiskide zintzoa (1959ko urtarril-otsaileko Euzko-Gogoa) ipuinaren itzulpena ere berea dela, nahiz Migel Juaristi Izarraitzpe moduan sinatuta egon. Karmelo Zubizarreta (Azkoitia, 1927) Karmel aldizkariko zuzendari izana da eta Naigabez (1979) eleberriaren egile.

Gotzon Garate jesuita gazteak (Elgoibar, 1934), 1955ean Loiolan dagoela hasi zuen bere idazle ibilbide oparoa Jesusen Biotzaren Deya-n, Euzko-Gogoa-n, Egan-en eta Zeruko Argia-n. Iñaki Epelde josulagunak ere (Azkoitia, 1936-1976) Jesusen Biotzaren Deya, Karmel, Jakin, Zeruko Argia izan ditu besteren artean kolaborazioen hartzaile.

Anastasio Albisu apaizak (Lazkao, 1915- Azkoitia, 1997) antzerki asko idatzi zituen (Sortzetik garbia, 1954; Ogi ta ardo, Eduardo, 1956; Garoa, 1960; Gartzi-Ximeno eta..., 1975) eta narrazio liburuak ere bai (Erreka zuloan, 1973), beti ere herri hizkeratik edan eta ahozko eredura hurbiltzen den literatura egiteko joera erakusten zuela.

Pedro Irizar (Azkoitia, 1910- Madril 2004) ohorezko euskaltzainaren kasua berezia da. Bi urte zituela Madrilera aldatu zen bizitzera eta betiko joan zen arren, ez zituen izan ez ama hizkuntza eta ez jaioterria saltzeko. Lanbidez ingeniari, ekonomiako irakasle unibertsitatean eta Espainiako Fabrica Nacional de Moneda y Timbre-ko goi kargu izan zen. Euskararen azterketak gaztetandik eragin zizkion barne kilikak, eta dialektologia alorra jorratu zuen sakon oso. Gurean Euskera Euskaltzaindiko aldizkarian eman zituen ezagutzera hainbat ikerketa.

Aurreko arotik bazetorren ere, haize berriak jo zuen Zeruko Argia astekaria. Antzeko prozesua gertatu zen Anaitasuna-rekin. Biek ala biek egin zuten lumaberritzera, nomina zabaltzera eta esku laikoetan lagatzera etxeko giltzak. Lehengo aireko idazleek segi zuten kolaboratzen —aipatu ditugu horietako batzuk—, baina euskal prentsaren banguardia kazetaritza eredu berri baten bila buru-belarri murgildu zen 70eko hamarkadarekin.

Egan-en-eta idatzitako Gurutz Ansola (Azpeitia, 1924) eta Patxi Altuna (Azpeitia, 1927) ageri dira Zeruko Argia-n artikuluak sinatzen. Baita Imanol Elias (Azpeitia, 1936) eta Jose Luis Iriarte ere (Azpeitia, 1937; Gure erri jokuak liburua argitaratu zuen 1973an).

Gurutz Ansolak Egan-en zine eta antzerki kritikak egin zituen eta Zeruko Argia-n eta Jakin-en ohiko kolaboratzaile izan zen. Hitzaldiak eman eta saio asko idatzi ditu Euskal Herriko eta nazioarteko ekonomiari buruz (“Europako Alkartzea”, 1959; Euskal Herriko ekonomiaz, 1955-1967, 1971; USA-ren agintaritza eta dolarraren ahulezia, 1972).

Imanol Elias bailarako historiaren kronista eta ikertzaile, eta euskarazko antzerkiaren suspertzaile kementsua izan da (Sendagai traketsa, 1982; Bi ahoko ezpata, 1985; Idazlearen Herioa, 1985; Urkiola, 1986; Zirt eta zart, 1986; Handitasun ametsak - Hiru morroiak, 1987; Bat, bi, hiru; 1989). Ez dio muzin egin, hala ere, eleberri historikoa (Amuko zubia, 1988), ipuinak (Arrozalore zuria, 1991; Mendizale zaharra, 1991) eta olerkia lantzeari (Egilearen egarriz, Iruñeko 1969ko Lore Jokoetan saritua).

Zeruko Argia-ren hosto berritzean aurreko puntan ibili ziren Donato Unanue (Azpeitia, 1943) eta Gurutz Ansola. Kaleko arropaz etorriko da bi herriotako literatura handik atzera. Prentsa iritzi bilketa soiletik haratagora eraman nahi zen, erreportajeak eta kronikak nahi ziren bilakatu gihar nagusi astean asteko errotan. Besteak beste, euren luma eskaini zioten Rikardo Errazuk (Azkoi- tia, 1940), Leopoldo Etxeberriak (Azpeitia, 1941-1981), Jose Mari Iriondok (Urrestilla, 1938; Joxe Lizaso, nere aldiko kronika biografia kaleratu zuen 2001ean) eta Pako Garmendiak (Azpeitia, 1946).

.1980an Argia izena hartu zuen Hegoaldeko astekari hedatuenak, eta handik hamar urtera Euskaldunon Egunkaria-k iturburua mintegi hartantxe izan zuen. Harrezkero, Berria-k eta herrietako euskal prentsak ohiko bihurtu dute komunikazio esparru gero eta sendoagoa.

Alfabetatze-euskalduntzea aipatu dugu goian, eta komunikabideek, mass-mediek lehenago ez bezalako pisua izango dute jendearen kontzientzia hartzeari begira. Geure txikira itzulita, Loiola Herri Irratiaren lana, Jose Mari Iriondoren, Imanol Eliasen, Patxi Altunaren, Karmelo Otaegiren (Azpeitia, 1932) eta gainerakoen ahotsean garrantzitsua izango da. Gogora ekarri nahi dugu hemen Enrike Zurutuza albaitero euskaltzaleak (Ataun, 1917), gerraosteko irratigintzan, La Voz de Guipúzcoa-ko berriketari lanetan, eta herri antzerkian euskara zabaltzeko egindako ahalegina ere (Odol eskaintza pasioaren eta Arakistainen Etumetako basajauna itzulpenaren egile da). Euskara zuzenaren hedapenean Donostia Herri Irratian Iñaki Zubizarretaren jarduna ere aipatzeko modukoa da.

Nahi gabe bezala, baina ez nahi gabe, Anjel Otaegi hil zuten balen hotsa dator urte haiekin akordatzearekin batera. Mugarri izan ziren tiro haiek, musika erlastu bat. 1975eko irail hark marka ezarri zion aldi bati, tragedia humanoaren orearekin sinboloa moldatu zuen. Literaturak jendeen ametsak ditu bere zorrora biltzen, pertsonenak, herrienak. Anjel Otaegi nuarbetarra, geure historia galkorrean ez ezik, literaturaren historian ere sartua da dagoneko. Hamaika pauso eleberrian Otaegiren oroitzapena bizi-bizirik dator. Ramon Saizarbitoriak ondu zuen. Eta gehiago ere badira.

Anjel Otaegi fusilatu eta egun gutxira eskuz esku bailara honetan eta haratago banatu ziren oroigarrizko orriek, argazki zoragarri baten azpian, sinatu gabeko poema hau zekarten. Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka-tik hartu zuen eskuak asmatu zuen jendearen bihotzera nola heldu, gogoari nola erasan. Eta poema herriarena egiten da.

Bajuen diharra
bajuen beharra,
bajuen negarra,
bajuan xehetzen da:
herri baju hau baju
hiltzen den bezala.
Baina ni bajuekin.
Bajuena delako
nire herriko lurra.

Bibliografia:

ASKOREN ARTEAN: Euskarazko prentsa eta Azpeitia, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora, Azpeitia, 2004.

LAUAXETA, Olerkiak, Etor, Donostia, 1974 (Martin Itziarren sarrera).

SARASOLA, Ibon: Euskal literatura numerotan, Kriselu, Donostia, 1975.

SAN MARTIN, Juan: Uhin Berri (1964-1969 bilduma), Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones S.A., Donostia, 1969.

SAN MARTIN, Juan; BASAURI, Serafin: Hegatsez (Itz-lauzko bilduma 1971), Itxaropena, Zarautz, 1971.

SAN MARTIN, Juan: “Azkoitiko idazle ikasiak”, *Hoja del lunes de San Sebastián*, 1974-XI-11.

SAN MARTIN, Juan: Gogoz. Gure herriko gauzak. Cosas de nuestro país, Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Donostia, 1978.

TORREALDAY, Joan Mari: Euskal Idazleak, Gaur. Historia Social de la Lengua y Literatura Vascas, Jakin, Donostia, 1977.

ASKOREN ARTEAN: La Academia Errante. Los Caballeros de Azcoitia, Auñamendi, Donostia, 1963.

www.armiarma.com.