Poliedroa

Alde asko duen zerbaiti deritzo poliedroa. Normalean ikasleei geometria irakasteko erabili izan diren egurrezko piezak izan ohi dira, tailerretako altzairu troko astunak, landutako harri bitxiak eta halakoak. Baina badira poliedroak diruditen pertsonak ere, hainbeste dira agerian dituzten aldeak. Nemesio Etxaniz apaiza izan zen horietako bat. Mendea azkenak ematen ari zela jaio zen, 1899an, Azkoitian.

Apaizak antzerkia idazten zuen, antzezlan asko, gero eliza inguruan zebiltzan gazteek taula gainean joka zitzaten. Aurreko antzerkiarekin erabat eten gabe, gizatasuna ez ezik gizaki modernoaren kezkak eta arrangurak ere erakusten zituzten obrek. Batzuk, “Bizia zotzean” bezala, modernoak oso, teoria existentzialistetatik gertuko planteamenduan, baina egoera muturrera eraman gabe, zergatik eta gau erdian Don Nemesio apaiza agertzen zitzaiolako Etxaniz idazleari.

Apaizak ipuinak idazten zituen, baita gerra aurretik ere (“Arraldea”, 1923). Gerra ondoren, Donostian 1962tik atzera CATek antolatu ohi zituen lehiaketetara bidaltzen hasi zen. Mordoska bat guztira. Alde handia dago batetik bestera. Batzuetan, euskal mitologiak lotzen dio eskua idazleari; besteetan, libreago dabilenetan, hemendik eta handik probatu nahi du. Bide zabaltzen ari da. Gutunen teknika “Suge lana” ipuinean, nouveau roman-arena “Euria ari du”-n, gazteen irakurgai izan daitezen, “sermoi kutsuak kendu naian euskerari”.

Apaizak irratsaioak idazten zituen, baita irratiz emateko ipuinak ere. Elkarrizketaren bidez harrapatu nahi du entzulea, eta badaki nola egin, bixi. Asko du alde. Ondo daki herria nola mintzo den, Donostian bizi izanagatik ez du ahaztua jaioterriko hizkeraren zaina. Argitara ematen dituenean, oharra berriro ere:

*Nere asmoa auetan, euskerari sakristau eta konbentu-usaia kentzekoa izan zen. Gazte-gaiak batez ere, sortu nai nituan nere lanetan. Prakadunak eta gonadunak, naikoa sermoi egiñak ditugu euskeraz. Ortik beti ugari izan du gure izkuntzak. Euskera kale-jabe egin nai ba-degu, gaztediari atsegin zaizkion gaiak arrotu bearko ditugu euskal lanetan.*

Apaizak, horrexegatik, gazteak zituelako gogoan, kantu liburu bat idatzi zuen, Kanta-kantari (1951). Geroago, beste batzuk sortu zituen. Partitura eta guzti ematen ditu, letra alboan dutela. Batzuk, itzulpenak dira, beste batzuk moldaketak, asko, berak sortuak. Gazteak beti gogoan. Horra zergatik bildu zituen elkarren ondoan bertso doinuak eta habanerak, fox-trotak eta tangoak, rumbak eta pasodobleak. Noiz, eta artean trikitixari, honek pieza lotuak jotzeko zuen erraztasunagatik, elizgizon askok “inpernuko hauspoa” deitzen zion garaian. Eta hala hartu zuten gero, euskal kantagintza berriko abeslari askok apaiz sotanadun hura aita pontekotzat...

Apaizak, aranismoak hizkuntzaren inguruan hasieran bultzatutako teorietatik urruti (“hobe euskaldun erdaldundua euskara ikasi duen kanpotarra baino”), euskara ikasteko metodoa ere sortu zuen, CCC etxearekin, baita Zarauzko Itxaropenak 1950ean argitaratu zion euskaraz idazteko liburu hura ere: Nola idatzi euskeraz?

Apaizak eleberriak ere maite zituen. Andimak behin eta berriz xaxatzen zuen, Paristik aurrena eta Guatemalatik gero, idazteko eta idazteko bat. Bat ez, bi idatzi zituen, nahiz eta bera bizi zela bakarra eman argitara, Ameriketan galdua. Besteari, Izotz-kandelak-i, gogorregi zeritzon, autobiografikoa zelako alderdi askotan. 1963an idatzia izan arren, ez zen hil eta hamar urtera arte argitaratu, Iñaki Segurolak prestatutako edizioan. Gogorretik zer duen? Unamunoren San Manuel Bueno, martir-en bezalatsu, apaiz baten fede zalantzak. Mugarri izan gabe, badu bere balioa, Don Ximon protagonistak Nemesiotik duenagatik.

Apaiza poeta zen, ordea, batez ere. Ez punta-puntakoa, baina ona, berak esatea maite zuen bezala, “biotzak agindu erara” idazten zuen neurrian. Baina eman diezaiogun txanda Etxanizen poesia ondo irakurri duen Koldo Izagirreri:

Egia da tresneria handirik gabeko poeta dugula, baina halako gardentasunez mintzo zaigu non lirika sentimental bat osatzen baitu nahiaren eta ezinaren, grinaren eta lotsaren arteko pultsuan, eta, azken finez, gizakiaren eta Jainkoaren arteko ezin ulertuan. Pako Sudupek ongi antzemana duen bezala, maitasun galduaren poeta dugu Nemesio Etxaniz, eta bere malkoak, inozoaren muga arriskutsu horretan badago ere, hunkitu egiten gaitu, frustrazioa molde dotoreetan ematen dakielako. Dohain garesti horren aldean ez zaizkit hain garrantzitsuak iruditzen Etxanizen erritmoa, hizkera atsegina eta irudi landuak, gutxik bezala darabilzkien arren.

Apaizak gutunak ere idazten zituen. Lagunei, idazleei, arerioei. Euskaraz batzuei, hizkuntzaz, literaturaz, euskaltasunaz; gazteleraz besteei, Gipuzkoako gobernadore zibilari, pasaporte ukatuez, Aberri Egunaz, torturaz, sotanadun izateak ematen dion babesaz baliatuta. Ziri eta ausart. Pertsonaren bila beti.

Apaizak egunkari eta aldizkarietan idazten zuen. Gerra aurrean *El Día-n, gerra ostean Euzko-Gogoa-n, Goiz Argi-n eta Zeruko Argia-n. Edozein delarik gaia, estilo bizi-bizian: euskalgintzaz, gazteriaz, indarkeriaz... Herriko kontuak ahaztu gabe. Federico Felliniren Amarcord hartan bezala, gaztetako Azkoitian nonahiko euskal irakurleari irribarre bat ebasteko adinako pertsonaien galeria polita duela jakinda. Hala eman zituen 60ko hamarkadan Donostiako Zeruko Argia* astekarian “Marrakatx”, “Pelix Bottoie”, “Kattue”, “Maltinpo eta Kaxilda”,”Lore ta Zezili”... Ez da kontaketa labur hauetan adina inor ausartu inoiz Azkoitiko euskara paperera gutxieneko duintasun batez ekartzen, bizitasunaren izenean.

Apaizak, esan dugu, Donostian bizi arren, oso gogoan izan baitzuen sorterria. Aipatu berri ditugun artikuluetan ez ezik, Azkoitiari eta inguruei buruzko aipamenak ere erraz aurki ditzake irakurleak lan askotan. Batez ere Izotz-Kandelak-en aurreneko partean, gaur egun irakurrita, zer galdu dugun jabetzeko balio diguna:

Ontan-artan, zortzi urteko mutiko pijua zegoen gure Ximon. Orduantxe sortu zitzaion beste eginbear nagusi bat: igari egiten ikastea. Eskolako lagunak, bospasei mutiko, asmo ortan bildu ziran egun batean. Eliza-aurreko zubitik beratxoago, ibaiak presa zuan. Andik zijoakion ura Bizkargiko prabikari.

*Ubideari, ura zeraman kanalari, Aldapa esan oi zioten Azkoitian, eta tximist-indarra sortzeko makiña zeukan etxeari, Indar-etxea.*

*Eliza-aurrea oso aldatua dago lendik. La Salletarren eskolak eta Petripea bota zituzten aspaldi, ta aien ondoan zegoen Gamundi-ñeko etxea ere ondatu zuten. Etxe onek baratze ormaz itxia zuen ibai-aldera. Etxea elizari begira zegoen kalez bestaldetik. Gamundi-ñekoak Duque de Granadaren diru-zaiak, administradoreak ziran. Auen seme gazteena Ximonen kuadrillakoa zan eta hamaika aldiz aien baratzean ibillia zan gure mutikoa.*

*Baratze onen eta Dukeko etxe beltzaren tartean bazan orduan ibairako Epelena izeneko bide bat. Andik jeisten zan mutiko-taldea presa-aldera. Au, prabika lanean ari zanean, legor egoten zan, eta ura Aldapatik zear prabikarako artzen zuten. Aldapa onek bazuan bere izena: Txingea. Presa igaro ta horma-gain batetik Txingera sartzen giñan igarira. Ura, geienez ere, leporaiño iristen zitzaien mutikoei, eta an zuten igarirako lenengo eskola.*

Luzaroan egon liteke apaizak kontatzen digun Azkoitia zahar hartan gora eta behera, zokomira zoragarrian, dena ume begiz ikusten. Ondo zekien Etxanizek hori, bazihoan mundu baten azken arrastoak zirela, eta jaso beharra zegoela, Joxe Migel Barandiarani eta Justo Mokoroari laguntzen ibili zenean bezala. Horretan ere nahi zuen poliedroa zen gizonak, narratibitatearen kaltean bada ere.

Apaizak ez dakigu nondik ateratzen zuen astia elizarekikoak betetzeko. Dena egiteko zegoen garaian bizitzea suertatu zitzaion, eta dena ez bada ere, denetik egin zuen. “Bihotzak agindu erara”.

Bibliografia:

AROCENA, Eugenio: Nemesio Etxaniz teatrozaleen gogoan, Azpeitiko Udala, Azpeitia, 1998.

ECHANIZ, Nemesio: Lur berri billa, Izarra, Donostia, 1967.

ETXANIZ, Nemesio: Izotz-kandelak (Iñaki Segurolaren edizioa), Elkar, 1992.

ETXANIZ, Nemesio: Lan hautatuak, Hiria, Donostia, 2000.

IZAGIRRE, Koldo: Nemesio Etxaniz, XX. mendeko poesia kaierak, Susa, Zarautz, 2002.

SUDUPE, Pako: Nemesio Etxanizen biografia eta ideologia, BBK Fundazioa, Bilbo, 1996.