Hasiera

Signakulum Virginitatiseko Aitor Egiguren, Karlos Osorio, Ibon Odriozola eta Asier Larrañaga. 
Urrestilla. Han dute lokala musika taldeek. 
Egoitzaren sarrera. 
Sektor Mierda taldeko Gorka Alberdi, Justo Zuazolazigorraga eta Alberto Aizpuru 'Apeto'. 

Ez da berria izango azpeitiarrentzat, Urrestilla aldean badela bertako musika taldeek euren zaletasunak jorratzeko aukera duten lokalen bat. Baina inork gutxik jakingo du benetan nolako mugimendua dagoen han.

Lehenengo taldeak beraien hasierako kantak osatzen hasi zirenetik, gauzak asko aldatu dira.

Urrestillak berak ere aldaketa ederra jaso du azkeneko urteetan. Jendearen eskaerak asetu nahian, etxe berri ugari egin da eta hazkundean dago.

Musika lokalean ere taldeen hazkundea izan da: hasierako garai haietan laupabost talde zeuden eta gaur egun, 20.

Urte askotako lanak ekarri dio lokalari eraldatze hori. Baina historia hasieratik ondo ezagutzeko, 1987ra jo behar da, urte horretan eman ziotelako hasiera Urrestillako musika mugimenduari.

1987ko urte hartan, Azpeitian Kaka Flash irrati librean saio bat egiten zuen gazte talde batek, musika taldea osatzea erabaki zuen.

Inork gutxik zekien garai hartan zerbait musikaz; entzuten zutenaz gain, jakina. Batek herriko bandan ‘tanborilero’ lanak egiten zituenez, hura baterijolea izango zen eta besteak...

—‘Hik gitarra, hik baxua eta hik abestu’.— horrelaxe, askorik pentsatu gabe.

Taldekide baten garajean hasi ziren musika jotzen ikasteko ahaleginak egiten, baina laster nazkatu ziren haren gurasoak garajeko bateri hots eta gitarra burrundaraz.

Horrela, Azpeitiko Udalera jotzea erabaki zuten.

Ibon Odriozola izan zen aurreneko harreman haietan parte hartu zuenetako bat.

—‘Garai hartan, gu 14 urteko lau katu ginen, eta nork egiten die kasu 14 urteko ume batzuei?’—, dio Ibonek berak.

Egia esan, ez ziren harreman errazak izan. Ederki gogoratzen da horretaz Ibon.

—‘Urte hartan ia egunero-egunero joaten nintzen udaletxera, baina beti izaten ziren arazoren batekin, “etorri bihar”, “deitu geroago”, “hurrengo astean pasa zaitezt eta beti horrelako erantzunen bat. Gutxienez berrehun aldiz joan nintzen, benetan’.

Eta, halako batean, Udala Soreasu aldean lokal bat uzteko prest omen zegoen.

Lokal hura, ordea, etxebizitza batzuen azpiko lokala zen eta hirugarren arratsalderako Julian Arruti Oriyo udaltzaina ate-joka zuten, goiko bizilaguna eguneroko lo-kuluxka ezin eginda omen zegoelako.

Arazo horiek aurreikusita, gazteek euren proposamena luzatu zioten Udalari.

—‘Beste herrietako informazioa heldu zitzaigun, eta mugimendu politak entzuten genituen’.— esaten du Aitor Egigurenek.

—‘Guk ere lokal duin bat eskatzen genuen. Garai hartan hutsik zegoen tren geltokia eta hango komunak egokitzea izan zen gure helburua. Bertara joan eta segidan iritsi zitzaigun belarrietara Urrestilla aldean bazela lokal bat, eliz atzeko kalean, inork ez omen zuena erabiltzen. Segituan hura eskatzera jo genuen’.— gehitu du Ibon Odriozolak.

Udalak onartu egin zien eskaera. Orduan hasi zen hango historia. Eta ez Udalak eta ez gazteek orduan ez zuten pentsatu ere egingo lokalak hartuko zuen dimentsioaz; gainditu egin dira aurreikuspenak, helburuak. Adibidez, lokala gaur Triku Musika Elkartearen egoitza da, urteetan hainbat eta hainbat musika taldek bertan entseatu eta grabatu dute... Gaur egun, inguruetako musika lokalik garrantzitsuenetakoa da.

1989an eman zioten hasiera ibilaldiari, eta hasiera-hasieratik hasi ziren bitxikeriak sortzen.

—‘Oraindik instrumentu guztiak Soreasuko lokalean genituen, eta garraio modurik ez genuenez, udaltzainen Land Rover zaharrean egin genuen Urrestillarako bidea’.— dio Ibonek.

—‘Bai, bai, hala da. Buruko ederrak hartu nituen nik; atzean joan nintzen bateri eta anplifikadore artean’.— gehitu dio Aitorrek.

Kaka Flashen zebiltzanek sortutako musika talde hark, ‘Signakulum Virginitatis‘ izena hartu zuen. Hura izan zen Urrestillako lehen taldea.

Eraikina, urte batzuk lehenago haur eskola bezala erabilia izan zen. Beheko solairuko alde banatan, bi gela handi zituen eta goikoan beheko irakasleek betetzen zituzten bi etxebizitza.

Baina urte haietan zuten erabilera bakarra, barnetegiarena zen. Bizkaia eta Araba aldetik udaran ikasle taldeak etortzen ziren, euskaraz ikastera. Eta goiko solairuan, berriz, lo egiten zuten, koltxoietan pilatuta.

—‘Ederra zen’ —dio Ibonek—: ‘etorri ginen lehen aldian beheko ezkerreko gelan sartu ginen eta haurtzaindegi bat zen, aulki txiki-txikiak eta mahai txikiz beteta; komunak, 3 urteko umeentzat egokitutakoak. Baina entxufeak bazeudenez, gure aparatuak konektatzeko bertan gelditu ginen’.

Hasieratik izan zituzten entzuleak Signakulum Virginitatis taldekoek, beraiek kontatzen dutenez:

—‘Hasiberriak ginenean, goitik barnetegikoak etortzen ziren gu ikusi eta entzutera. Ate ondoan jartzen ziren. Eta guk bukatzen genuenean, “hau ‘mobida’ bat da”, esan zuten’.

Aspaldiko kontuez hitz egitean, barreak irteten die. Ez dituzte erraz ahaztuko hasierako urte gogor bezain eder haiek.

Ezta Zikupa taldekoek ere. Horiek izan ziren Urrestillako lokalean sartu ziren hurrengoak, Standa eta Uztauek taldekoekin batera.

Hasiera hura azkarra bezain intentsoa izan zen, eta nahiz eta lokala eskatzeko garaian Signakulum taldea bakarrik aritu, lokala lortzearekin batera talde ugari sartu zen bertan.

—‘Anaia gaztea, Signakulum taldean aritzen zen. Behin haien kontzertu bat ikusten ari ginela, benetako har musikala piztu zitzaigun. Beti gustatu izan zitzaigun musika eta askotan jardun genuen talde bat osatzeaz, baina horretan gelditzen ginen’.— dio Ion Alberdi, Zikupako gitarrajole eta abeslariak.

—‘Baina haiek egin bazezaketen, guk ere bai’.— erantsi du Aitor Bereziartua Atxuiya taldeko baxulariak.

Eta horrela, Joseba Iribar Irimo kuadrilako lagunarekin batera, taldea sortzea erabaki zuten.

Urte hartan bertan, udara partean, Alberdik udaleku batzuetan jardun zuen monitore lanean eta han ezagutu zuen gero taldeko baterijolea izango zena: Petri andoaindarra.

Nahiko buruhauste izan zituzten taldeari izena jartzeko garaian. Azkenean, ‘Zikupa’ deitzea erabaki zuten.

Garai beretsuan beste zenbait gazte ere hurbildu ziren lokalera, eta haiek ere taldeak osatuz joan ziren; Sektor Mierda da horren adibideetako bat.

Hala, pixkanaka-pixkanaka eman zioten hasiera Urrestillako musika mugimenduari.