Sarrera

Espainiako Gerra bizi izan zuten azpeitiarren testigantza jasotzea. Hori da liburu honen izateko arrazoia, hori duela urtebete pasatxo Uztarriak egindako proposamena. Asmo hura edukiz betetzea izan da nire egitekoa; eta emaitza, eskuartean daukazuna. Irakurtzen hasi orduko konturatuko zara hau ez dela gertaera historikoen kronika; ezta gertatutakoaren analisia ere, inola ere ez baita izan gure asmoa ezer edo inor epaitzea. Izatekotan, hori irakurlearen zeregina izango da. Liburu hau, gerra bizi izan zuten bederatzi azpeitiarren hitza da, besterik gabe. Bakoitzak bere historia kontatu du, gertaera historiko haren inguruko bizipen pertsonala.

Horrenbestez, liburua egiteko 1936ko gerraren testigu eta protagonistak topatu behar izan ditugu, ezinbestez. 70 urte daude, ordea, Espainiako Gerra eta egungo garaien artean; gutxienez, bi belaunaldi protagonisten eta liburuko egilearen artean. Eta hori da lan hau egiteko orduan topatutako trabarik handiena eta, era berean, baita xarma nagusia ere; 70 urte ez direla alferrik pasatzen, alegia.

Izan ere, orduko kontuen testigu edo protagonista ziren asko dagoeneko hilda daude. Beste zenbaitek, berriz, adina edo gaixotasunak tarteko, ezin izan dute euren historia kontatu. Egon dira ezer kontatu nahi ez dutenak ere; batzuen kasuan, mingarriegia egiten zaielako gerrateaz hitz egitea eta nahiago izan dute aspaldiko kontu horiek ahanztea.

Gauzak horrela, hau ez da, agian, gerra hartan eta herri honetan gertatutako guztiaren isla, zenbait jenderen testigantza falta baita. Gure asmoa liburu orekatua egitea izan da, gerran alde batean nahiz bestean ibilitakoak kopuru berean agertzea baina, aurrez aipatu ditugun arazoak tarteko, ezin izan dugu lortu. Gustatuko litzaiguke, adibidez, azpeitiar ‘gorriren’ baten testigantza jasotzea, baina halakoak gutxi bazter hauetan. Karlista, falangista edota frankistak ere nahi baino gutxiago aurkitu ditugu gurekin hitz egiteko prest.

Akaso, kontua izango da beranduegi iritsi dela liburu hau. Alde batetik, oraintxe esandakoagatik: liburuan egon beharko luketen testigantza asko dagoeneko ezin ditugulako jaso. Eta, bestetik, gurekin egon diren gehienei oso gogorra egin zaielako gerrako bizipenez gogoratzea eta mintzatzea; askok nahiago izan dutelako isilik gelditzea. Izan ere, ez da erraza 70 urtean isilik, ezer kontatzeko beldurrez egon eta gero hitz egiten hastea. 40 urtez erabat mutu egotera behartuak izan ziren zenbait. Gerra eta horren ondoriozko zigorrak nahikoa ez, ondoren isolatuak eta baztertuak izan ziren euren herrian bertan (lanik gabe, eskubiderik gabe, etengabeko mehatxupean...), eta hurrengo urteetan, “zertarako harrotu aspaldiko hautsak?”, gehiegitan entzun behar izan zuten ‘aholkua’ da. Horregatik beranduegi, ez baita erraza izan 70 urtetan mantendutako isiltasuna puskatzea.

Kontuak horrela, behintzat saiatu gara 1936ko gerrari ahotsa eta aurpegia jartzen. Alde batetik, haiengatik, hura bizi izan zutenengatik: badelako garaia euren oroitzapenak etxeko sukaldeko espetxealditik askatzeko, kalera ateratzeko. Eta, beste aldetik, geuregatik. Izan ere, ideia orokorra eduki dezakegu Espainiako Gerraz baina, azken batean, ez dakigu ezer. Ez dakigu ezer Antonio, Jesus, Ramon eta Ignacio bezalakoez, 18 edo 20 urterekin heriotzaren eta gorrotoaren jolasean ibili zirenez. Ezta norabide jakinik gabe anai-arreba txikiak eskutik hartu eta herritik ihes egin zuten Lurdes bezalako neska gazteez ere. Edo, Santa bezala, kartzela eta fusilamenduen itzal iluna jasan behar izan zutenez. Edo, Maria Dolores bezala, senideak hiltzen ikusi behar izan zituztenez. Ez dakigu ezer Azpeitian gelditzea erabaki zutenez ere, hemen jasan behar izan zuten militarizazio, gose eta abarrez; hor dauzkagu Jesusaren eta Asentxioren kasuak. Eta zer esanik ez, gutxi dakigu 1936ko irailaren 19an Urolako trena hartu eta izuaren bideari segituz Azpeititik alde egin zuten ia mila lagunez. Ez dakigu ezer, ez bada etxeko babesean entzundako familia bakoitzaren historia. Eta jakin beharko genituzke kontu horiek denak, Jesusak ederki dioen bezala, belaunaldiz belaunaldi gaur arte iritsi diren ezkutuko eta ezkutatutako sentimenduen eta sufrimenduen iturri baitira, hein batean.

Liburu honetan parte hartu duten denek ere galantak pasatu behar izan dituzte eta ezohiko, aparteko istorioak dauzkate kontatzeko. Harrigarria bezain gozagarria izan da haiekin egindako berriketaldi bakoitza. Eskerrik asko haiei, bai baitakigu ez zaiela samurra egin kontu horiez hitz egitea. Eskerrik asko Uztarriari ere, aspaldi egin behar zen lan hau egiteko ekimena izateagatik. Eta mila esker nire anaia Markeli, historiagilea izanik, liburu honetan akatsen bat edo beste egotea saihestu duelako.