Antonio Loinaz: "1936ko irailaren 20a egun tristea izan zen, 40 urterako askatasuna galdu genuelako"

Antonio Loinez (1916koa da), Gasteizen, orain dela 2 urte. Han bizi da.  (Zaldi Eroak utzitako argazkia)
Gerra hasi aurretik, 1934ko abuztuan, Gernikako Juntetxean Antonio Loinaz (argazkian, biribilean sartuta) eta beste hainbar azpeitiar. Gehienak, Aguirre Hermanos-eko langileak ziren.  (Antonio Loinazek utzitakoa)
Espainiako Gerra garaian, 1936ko abenduan, Legutianon Antonio Loinaz (biribilean) 'Loiola' batailoiko hainbat azpeitiar gudarirekin. Roke Azkuek atera zuen argazkia.  (Antonio Loinazek utzitakoa)

Liburu bateko pasarte bat baino gehiago, liburu oso bat beharko litzateke Antonio Loinazek (1916) Espainiako Gerraz esateko daukan guztia jasotzeko. Gutako gehienok ezagutu ez ditugun garaietan, baina gure egunerokoaren eszenatoki diren kale eta herrietan gertatutakoaren lekuko biziduna da hura. Altxorra, azken batean; protagonistarik gabe gelditzeko zorian dagoen sasoi bateko ondarea. 90 urte ditu; Eusko Gudarosteko sarjentu egin zutenean baino 70 gehiago. Gudari bezala, beraz, Errepublikaren alde borrokan ibilitakoa.

Baina hori ez da traba orduko kideen eta etsaien izenak, haien inguruko gertakariak, datak, egunez egun egindakoak... atzoko kontuak balira bezala gogoratzeko. Badirudi burdin gorituz iltzatu ziotela memorian gerra; kendu ezin den altzairuzko jantzia. Akaso, bizipenaren gogortasunak berak hala behartuta izango da. Baina ez da inola ere gizon tristea Antonio. Are gehiago, gustura hitz egiten du hainbeste urteko sufrimendu eta eragozpenen iturri izan zen gerraz. Izan ere, ukaezina da harro dagoela egindako guztiaz. Esperientziaz haratago bizirauten duenaren harrotasuna.

Eta bizitakoa beretzat bakarrik gorde ez nahi, eta liburu bat idatzi du, Nire oroitzapenak izenekoa. Berak esaten duenez, ez da argitaratzeko liburua, bere ondorengoei, familiari utzi nahi izan dion ondasuna baizik. Ondorengoek ere ez dezaten ahaztu garai hura.

Asko baitauka kontatzeko Antonio Loinazek, bizitzak ezusteko asko zituelako gordeta beretzat. Azpeitian, Eliz kalean jaio zen, baina Zumaiara joan zen 4 urterekin, eta handik Burgosera...; eta hainbeste buelta eta gero, buelta Azpeitira, 1924an, 8 urte zeuzkala. Beti ere aitaren ogibideak hala eskatuta. Organista zen Antonioren aita, baita anaia zaharrena ere. Bide bera hartu zuen Antoniok gerra ondoren, kontzentrazio esparru eta gatibu lanetatik itzultzen utzi ziotenean.

Gerra aurretik, mutil kozkorretan, ebanista izan zen. Eta ebanistatik organista bilakatu bitartean, 1936an Espainiako Gerran Eusko Gudarosteko sarjentu izateko astia hartu zuen, 21 urte eskasekin. Ondoren etorri zen gogorrena, “gerra baino okerragoa izan zelako gerraostea, Trabajadores-etan egon ginen eta!”. Alegia, gatibu lanak egiten Francorentzat. Han ikusi eta bizitakoak, edozein zailtzeko modukoak. Kontzentrazio esparruak ere, “bat baino gehiago bizitakoa, zoritxarrez!”. Hori nahikoa ez izango, nonbait, eta herrira itzultzean zigorrak segitu egiten zuen: guardia zibilen itzal luzea, lan egiteko edo bizitza soziala egiteko aukerarik gabe...

Gaur egun, Gasteizen bizi da, 20 urte zitueneko bizitasun berberaz. Eta lanean segitzen du, gerran eta gerraostean hainbeste gaztek bizi izandakoa jasotzen. Liburuaz gain, hamaika dokumentu idatzi ditu, eta guztiak utzi dizkigu irakurtzen eskuzabaltasunez. Hona hemen Antonio Loinazen historia, Eusko Gudarosteko Loiola batailoiko gudari gaztearen bizipena.

1936ko uztailaren 18a, Espainiako Gerraren hasiera. 20 urte zenituen orduan. Afiliazio politikorik ba al zenuen?

Ni Batzokian apuntatuta nengoen. Bai, EAJkoa nintzen. Nire aita, berriz, Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria zen. Anaia zaharrago bat banuen, 26 urtekoa orduan, eta hura ere EAJn afiliatua zegoen. Haiek biek alde egin zuten gerra hastean. Etxekoetatik gudari bezala neu besterik ez nintzen ibili, gainontzeko anaiak gazteak zirelako oraindik. Neure hurrengoa zen anaiak, Inaxiok, 16 urte zituen, 18 urte bete zituenean soldadutzara deitu zuten, eta hura Francoren aldeko armadan ibili zen. Inaxio alde batetik eta ni bestetik, baina elkarren kontra sekula ez ginen aritu; Inaxio gerran hasi zenerako, ni preso hartuta ninduten.

Nolakoa zen Azpeitiko giroa?

.1931ko Errepublikarekin, Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, jendea mugitzen hasita zegoen. Akordatzen naiz 1934an hauteskundeak izan zirela eta orduan nazionalistok Azpeitian 16 zinegotzitik 15 lortu genituela.

Ikusi neure liburuko pasarte hau [liburua gazteleraz idatzita dago]:

“II. Errepublikaren garaietan, EAJ-PNV indar handiz ibili zen azkeneko herri hauteskundeetan. Azpeitian 15 zinegotzi nazionalista zeuden, eta bat bakarra karlista, Pepito Alzuru medikua. Orduan ELA-STV sortu zen [Azpeitian], eta ni afiliatu egin nintzen. Elkarteko presidentea Miguel Irureta zen, Aizarnakoa. Nirekin batera egiten zuen lan Aguirre Hermanos fabrikan eta lagunak ginen.

.1936ko uztailean (gerra hasi zen hilabetean), altzarien gremioko langileok greba egin genuen, lansari handiagoak eskatzeko. Egunak eman genituen kalean gora eta behera, eskusoinu batek lagunduta honako kantua kantzatzen: ‘Besteren bidez jornalak jasoz poztutzen ditu diruak / Nagusiak baino kulpa gehiago du langile enbusteroak’. Denok genekien Madrilen kontua oso gaizki zegoela. Nafarroan eta Afrikan armak hartzen ari ziren, eta bagenekien zerbait handia zetorrela. 1936ko uztailaren 18an, Franco eta beste hainbat Errepublikaren aurka altxatu ziren eta Espainiako Gerra hasi zen”.

Zein izan zen zuen erreakzioa Francoren-eta altxamendu haren aurrean?

Gerra hasi zela jakin bezain pronto fabrika guztiak itxi egin zituzten eta jendea mobilizatzen hasi zen. Azpeitian gu, Loiolan elkartzen hasi ginen, Santutegia hutsik zegoelako. Izan ere, 1932an, II. Errepublika garaian Manuel Azañaren gobernuak lege bat jarri zuen indarrean, Jesusen Konpainiaren disoluzioa aginduz. Ia jesuita denak Belgikara joan ziren; bakarren batzuk gelditu ziren Azpeitian, baina Loiola hustuta zegoen. Francok jarri zuen berriro Konpainia lege barruan, 1938an.

Uztailaren 20an kapitan batzuk eta beste zenbait militar etorri ziren Donostiatik, baita EAJko zuzendaritzakoak ere, eta Eusko Gudarostea osatu zuten Loiolan. Hortik hasi ziren antolatzen lehenengo konbate haiek. Parte hartu nahi zuena, boluntario agertzen zen Loiolan eta Eusko Gudarosteko kide egiten zen. Ni neu ere aurkeztu nintzen. Azpeitiar asko izan ginen. Han jaten ematen ziguten eta koltxoiak jartzen zizkiguten lo egiteko. Gero armak ekarri zizkiguten, eta frontea non zegoen, gu hara joaten hasi ginen.

Zein izan zen zure motibazioa Espainiako Gerran parte hartzeko?

Zein izango zen ba! Tropak bazetozen eta dena zapaltzen, dena fusilatzen, dena kartzelaratzen ari ziren. Inbasorea, gaiztoa zen etsaia guretzat.

Loiolan orduan nazionalistok bakarrik osatutako taldeetan ibiltzen zineten, ezta?

Bai, nazionalistak bakarrik. Miliziano anarkistak eta sozialistak gutxi izan ziren Azpeitian. Guk ordenak Loiolan hartzen genituen, halako tokira joateko esanez. Fusilak ematen zizkiguten joatean.

Non ibili zineten?

Horrelako denak neuk idatzitako dokumentu honetan dauzkat jasota: Gerra Zibileko lehenengo egunak-en. Gure lehenengo irteera Bidania aldera izan zen. Hauxe pasarte bat:

“Hogei lagun inguruk irten genuen Bidania aldera, nahiko armamenturekin. Hango Berasa baserria erreketeek zeukaten hartuta eta gu okupatzera joan ginen. Operazioa Mikel Alberdik gidatzen zuen, Tolosakoak. Baserrira gerturatu bezain laster egundoko tiroketa hasi zen. Guk fusilekin eta morteroekin tirokatzen genuen, 50 mm mortero bat geneukalako.

Borrokaldia hasi bezain laster, bat-batean, Mikel Alberdi zauriturik erori zen nire ondoan. Erretiratu egin ginen. Laino asko zegoen eta ezin izan genuen Alberdi erreskatatu. Hurrengo egunean haren bila joan ginen eta zauritu zuten leku berean aurkitu genuen, hilda. Ohatilan hartu eta Iturburu baserrira eraman genuen. Kasualitatez, Mikel Alberdi, Azpeitiko iturgin ezagun baten, Jesus Beobideren, emaztearen anaia zen”.

Bidanian Berasa baserrian gordeta zeuden erreketeak azpeitiarrak al ziren?

Ez dakigu ziur, baina baliteke azpeitiarrak izatea.

Izan ere, gerra hastean nazionalistak Loiolan elkartu zineten bezala, zer egin zuten zuen beste aldeko azpeitiarrek, Francoren altxamenduarekin bat zetozenek?

Beste aldekoen artean, Azpeitian erreketeak sartu ziren arte ez zen inor mugitu, itxuraz behintzat. Baina guk badakigu azpeitiar batzuek Beasainera alde egin zutela, han Nafarroako tropa erreketeak zeudelako. Handik tropak Bidaniara edo Beizamara gerturatzen joan ziren. Eta gu, Loiolatik, haiek gerturatzen ziren leku guztietara joaten ginen, aurre egitera. Badakigu Beasainera pasatu ez ziren asko hainbat baserritan gordeta egon zirela; Nuarbe inguruan, adibidez. Azpeitiar horiek izan ziren herrira sartu ziren lehenenak, erreketeek Azpeitia hartu zutenean.

Ikusi hemen kontatzen dudana:

“Beizama aldean ere frontea osatu zen eta guk liskar batean edo bestean hartu genuen parte. Batean lau azpeitiar bidali gintuzten hara, aste oso bat pasatzera: Akilino eta Plazido Agirre anaiak, Joxe Alberdi ‘Bentatxo’ eta neu. Loiolatik Potzu Benta arte kotxez ekartzen ziguten janaria eta handik Roke Azkue gudariak igotzen zigun Beizamaraino. Gure komandoa gain batean zegoen eta handik Beizama osoa ikusten genuen. Egunez jaisten ginen herrira eta erreketeak, berriz, gauez. Beizaman ez genuen zauriturik izan.

Beste egun batean, Zarautzen Garate inguruan egokitu zitzaigun eraso bat egitea. Egia esan, ez genituen denentzako fusilak eta, Zarauzko gudariak guri txanda egitera etorri zirenean, geure fusilak eman behar izan genizkien. Nire fusila Iñaki Eizmendi ‘Basarri’-ri ematea tokatu zitzaidan”.

Gogoratzen al duzu Azpeitia inguruan erreketeekin izandako beste liskarrik?

Ateraldi haien artean, Errezilen gauza garrantzitsu bat gertatu zen. 1936ko irailaren 19an, tropa karlistak Azpeitian sartzeko bezperan, CNTko batailoi bat etorri zen Loiolara. Errezil aldetik zetozen erreketeei aurre egiteko asmoa zeukaten. Gida bezala bi gudari eskatu zituzten, Errezilerako bidea erakusteko. Julian Errasti eta biok aukeratu gintuzten. CNTkoen komandantea mutil gazte bat zen, edukazio handikoa eta oso adeitsua; oso ondo hartu gintuen. Haiekin sartu ginen euren automobilean. Gure atzetik jende asko zihoan, batzuk autobusetan eta beste batzuk oinez.

Idatzi honetan azaltzen dut hori dena:

“Komandantearen autoan sartu gintuzten bi gidak, Loiolan zeuden beste bi medikurekin batera. Horietako bat Larramendi tolosar doktorea zen; bestearen izena ez dut gogoratzen. Gu autoan aurretik eta gure atzetik, batailoia; Errezilerako bidean jarri ginen.

Bidean asturiar dinamitatzaileek zuhaitzak zulatu zituzten, gero han dinamita kargak jartzeko eta zuhaitzak errepidean etzateko. Horrela tropa frankistei bidea itxi nahi zieten. (...)

Gauez iritsi ginen Zurruntzola baserrira. Han gizonen erdiak gelditu ginen, medikuetako batekin. Bien bitartean, Julian Errasti CNTko komandantea eta batailoiko gainontzeko kideak mendian gora igo ziren, Ernio aldera, frankistei aurre egitera.

Baserrian geundenok nahiko beldurtuta gelditu ginen: batzuk ganbaran, belar lehor gainean etzanda, zer egin jakin gabe, zer gertatuko ote zitzaigun jakin gabe.

Goizeko bostak aldean, inongo azalpenik eman gabe, berriro komandantearen autoan sartu gintuzten bi gidak eta bi medikuak, eta atzera Azpeitian utzi gintuzten. CNTkoak mendiz itzuli ziren Azpeitira. Medikuak Loiolara joan ziren, eta Julian eta ni geure etxera joan ginen, etxekoak agurtzera”.

“Loiolatik ebakuatu egin gintuzten, Bizkaian borrokan jarraitzeko”

Eta zer panorama aurkitu zenuen etxean?

Goizeko seietan ailegatu nintzen etxera. Ordurako gure aita eta anaia zaharrena alde eginda zeuden, Mutriku aldera, gero handik Frantziara pasatzen saiatzeko. Haiek ez ziren borrokatu ni bezala, Frantziara joan ziren.

Mugaz beste aldera pasatu eta gero, Baionara joan ziren. Han, Saint Bernard de La Salle kolegioan bazegoen gure aitak ezagutzen zuen apaiz bat, eta bertan gelditu ziren. Organistak zirenez, pare bat hilabete pasatu zituzten kolegioan, bertako musika tresnak konpontzen; trukean, lo egiteko lekua eta jatekoa ematen zizkieten. Horko lana ere, ordea, bukatzen ari zen, eta aitak laguna zuen apaiz kaputxino bati idaztea erabaki zuen. Kaputxinoak noizbait esana zion aitari Filipinetara joaten baldin bazen lan asko izango zuela organista bezala. Horrekin akordatuta idatzi zion gure aitak. Denbora gutxiren buruan iritsi zen kaputxinoaren gutuna, barruan Filipinetarako txartela zuela. Aitak hara joatea erabaki zuen. Hasieran irabazi zituen peso guztiak nire anaia zaharrenarentzat, Joxerentzat, Filipinetarako txartel bat erosteko erabili zituen, Joxe bakarrik gelditu zelako Baionan. Gure aita 10 urteren bueltan etorri zen herrira. Eta Joxe, berriz, 20 urte pasatu eta gero. Izan ere, Filipinetan ezkondu zen nire anaia hori, ospe handiko medikua zen emakume batekin.

Gure aita oso katolikoa zen eta, Baionako kolegio hartan egon ziren bitartean, santuen irudiz betetako gela batean egiten zuten lo anaia Joxek eta biek. Kontua da, behintzat, hara iritsi eta aitagure bana errezatu ziotela Aingeru Guardakoaren irudiari, laguntza eske. Biak konbentzituta zeuden horrek lagundu egingo ziela.

Aitak eta Joxe anaiak alde egin zuten bitartean, zu Errezilen zenbiltzan, CNTko batailoia gidatzen. 1936ko irailaren 20a zen eta tropa erreketeak dagoeneko gainean zenituzten. Zer egin zenuen etxera itzultzean?

Etxean gure ama eta anai-arrebak agurtu nituen. Ordurako 54 urte zituen amak. Arreba Pakitak, berriz, 24, eta ezkonduta eta haurdun zegoen. Anaia gazteenak ez nituen agurtu, ez esnatzeagatik. Ama negarrez gelditu zen; bi egunetan senarra eta bi seme galdu zituen, urte askorako, gainera. Irailaren 20a egun tristea izan zen guretzat, 40 urterako askatasuna galdu genuelako.

Bitartean, zer gertatu zen CNTko batailoi horrekin?

Horrekin gertatu zena kontatu beharra dut, ondoren pisuzko kontua izan zelako guretzat. Francoren tropak Azpeitian sartu zirenean, 1936ko irailaren 20an, Loiolan zenbait azpeitiar eta azkoitiar zeuden preso hartuta. Bagenekien haiek denak faxismoaren jarraitzaileak zirela eta ‘beste aldera’ ez pasatzeko atxilotu genituen. Ez geneukan beste helbururik: haiek etsaiaren tropetara ez pasatzea. Baina ondo egon ziren han! Beti ondo tratatu izan genituen, eta ondo jaten zuten. Loiolaz aparte, Azkoitian Juin Jauregian ere bazeuden presoak.

Eta horietakoekin handia pasatu zen. Azpeititik Bizkaia aldera ihes egin aurretik, aske laga genituen Loiolan zeuden preso denak: atea ireki eta alde egiten utzi genien. Azkoitian Juin Jauregian zeuden presoen kasuan, Joseba Alberdik azkoitiar gudariak askatu zituen (Alberdi ondoren, kapitain medikua izan zen Eusko Gudarostean). Baten batek fusilatu egin nahi zituen Juineko presoak, baina Joseba Alberdik euren alde egin zuen, eta aske eta bizirik lagatzea lortu zuen. Baina, libre ikusi zirenean, Juineko preso haietako zazpik —denak ere azkoitiarrak— tropa erreketeei agurra egitera irtetea erabaki zuten, bai baitzekiten hurbil zeudela. Zorte txarra izan zuten, ordea, bidean nik aurreko egunean gidatutako CNTko batailoiarekin topo egin zutelako.

Irakurri idatzi honetan azaltzen dudana:

“Preso talde horrek oso gustura irten zuen eta euren aldeko erreketeak errezibitzera joatea erabaki zuten. Baina oso zorte txarra izan zuten: mendian CNTko batailoiarekin egin zuten topo, guk aurreko egunean Errezilera eraman genuen berarekin. CNTkoek taldeko zazpi hartu, atxilotu eta Iraetara eraman zituzten. Han fusilatu egin zituzten, Aizarnarako bidean. Urte askoan monolito bat egon da leku horretan, gertaera hura gogoraraziz”.

Atxilotu gintuztenean, gudari azpeitiarrei eta azkoitiarrei leporatu ziguten preso haiek fusilatu izana. Baina gu ez ginen izan, gezurra zen! Eta badaude hori baiezta dezaketen lekukoak. Gainera, Joseba Alberdiren kasuan, oraindik eta gogorragoa da: berak hainbesteri lagundu, hainbeste azkoitiar utzi libre, fusilamendutik salbatu, eta horietako inork ez zion ondoren berari lagundu. Nahiz eta Joseba ondo portatu zen, gero azkoitiarrak ez ziren ondo portatu harekin.

Irailaren 20an goizean goiz joan zineten Azpeititik. Nola izan zen alde egiteko unea?

Irailaren 20an hasi zen Loiolako gudarien ebakuazioa. Gure asmoa Bizkaira joatea zen, han batailoietan antolatu eta borrokan jarraitzeko.

Lehenengo eta behin Zestoara eraman gintuzten, autobusetan. Handik Saturraranera (Mutriku) joan ginen. Han seminario bat zegoen, ‘seminario menor’ delakoa. Hau da, han pasatzen ziren abade egiteko lehenengo urteak. Baina Saturraranen ez zegoen fundamenturik eta Mutrikura bertara joan ginen. Eta hura zen zalaparta! Izan ere, batetik, Bizkaira pasatu nahi zuten gudariak zeuden. Mutrikutik Ondarroara oso bide motza dago, hantxe dago bi herrialdeen arteko muga. Bestetik, ordea, Mutrikun zeuden Frantziara ihes egin nahi zutenak ere, itsasontzia hartzeko zain. Hantxe ikusi nituen nire aita eta nire anaia. Frantziara eramango zituen barkuko txartelak erosita zituzten, eta igande gauean bertan egin zuten alde.

“Frantziara alde egin nahi zutenen artean, nire anaia eta aita zeuden. Biek ardura administratiboak izan zituzten EAJren baitan Errepublikako azkeneko urteetan eta beldur ziren, arrazoiarekin gainera, euren bizitzarekin ordainaraziko ote zizkieten ardura horiek.

Asko lasaitu nintzen Baiona aldera arrantza barku hartan sartu zirenean. Oso bidaia arriskutsua zen, barku frankistak zelatan baitzeuden, kostaldea zaintzen. Argiak itzalita bidaiatu behar izaten zuten, zaintza saihesteko. Barku frankista horietakoren bat gertu ikusten bazuten, motorrak itzali eta lurrean etzaten ziren, ikus ez zitzaten”.

Mutrikun zinetenean, ordurako batailoietan antolatuta al zeundeten?

Ez. Gu ordura arte boluntario baino ez geunden han. Hori bai, azpeitiar denok batera. Kuadrila handia ginen eta gutariko batek egiten zituen geure aginte lanak: Joxe Maria Otaño Etxanizek, Errebalekoak. Oraindik ez dira urte asko hil zela. Hark eraman gintuen Mutrikuraino.

Zergatik erabaki zenuten Azpeitian ez borrokatzea? Zergatik ebakuazioa?

Ez geneukan gaitasunik haiei aurre egiteko. Arma egokirik ez geneukan, eta haiek tropak ziren, armada! Hobeto antolatuta zeuden. Haiek gu frontera eramanez gero, gu ez ginen inor. Hori bakarrik ez. Izan ere, jakinekoa da armadek diziplina izaten dutela: sarjentuak, kapitainak, kaboak eta abar egoten dira, eta gu ez ginen ezer. Pentsa zer izango ginen, ulertzeko: Loiolan geundela ez genuen armarik, eta etorri ziren lehenengo armak eskopeta batzuk izan ziren, 12 kalibrekoak. 16koa ere egoten da, baina handiagoa izan beharrean, 12koa baino txikiagoa da. Eta guk 12 kalibreko eskopetak genituen, baina 16ko kartutxoak... Kartutxoa eskopetan sartu eta erori egiten zen. Beste behin 500 metrailadore txekiar iritsi ziren, oso dotoreak, baina horientzako muniziorik ez... Horrekin esan nahi dut gu ez geundela antolatuta, ez geundela prestatuta armada bati aurre egiteko. Liskar txiki batzuk izan bai, Bidanikoa edo Beizamakoa bezala, frontea pixka bat mantendu ere bai, baina zortzi egun pasatutakoan, berriz ere erretiratu egin behar. Han kainoiekin-eta hasten baldin baziren, guk jai geneukan. Eta horrela, irailaren 20an, alde egin behar izan genuen, tropak gainean genituelako. Gelditu izan bagina harrapatu egingo gintuzten eta erdiak, fusilatu. Beraz, zer egin? Ihes. Bagenekien Bizkaira joan behar genuela, Bilbo urruti zegoela frontetik.

Gerrak iraun zuen bitartean, zuek nolako bukaera ikusten zeniote?

Zuk zeuk esan duzu armada antolatu baten aurka ari zen boluntario taldea zine-tela. Gu beti abiazio eske, beti abiazio eske...; eta etortzen zen abiazioa, baina gurea ez, beti besteena!

Ba al dakizu nolakoa izan zen tropa erreketeen sarrera Azpeitian?

Ikusi liburuan kontatzen dudan hau:

“Irailaren 20an, guk goizeko hamaikak aldera irten genuen autobusetan Zestoa aldera. (...) Eguerdirako, konprometituta zeuden ia denek egin zuten alde.

Xiriako Agirre zen, halabeharrez, une horretan herriko alkatea. Izan ere, izatez alkate Jose Antonio Oiarzabal ‘Illerra’ baldin bazen ere, osasun arazoak medio, Xiriako Agirre zen alkate lanak egiten zituena. Agirre Azpeitian gelditu zen erreketeak herrian sartzean eta, jesuitez mozorrotuta, fabrika batean ezkutatu zen. Dena den, atxilotu eta preso sartu zuten Ondarretako kartzelan.

Kartzela horretatik Iruñekora trasladoa egitean, bidean gelditu eta fusilatu egin nahi izan zuten. Baina atzetik beste auto batean distantzia gutxira haren anaia Leon zihoan, eta tragedia saihesteko garaiz iritsi zen”.

Neure liburuan —Nire oroitzapenak— jaso ditut modu batera edo bestera gerrarekin zerikusia izan zuten azpeitiar abertzaleen izenak. Batzuk gudari izan zirelako, eta beste batzuek herria utzi eta Bizkaira edo atzerrira errefuxiatu behar izan zutelako; fusilatuak izan zirelako ere bai beste batzuk. Gudarien artean, batzuk ertzaina bezala izendatzen ditut: horiek Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Agirreren motor gaineko polizia partikularrak ziren; normalean, ez zuten batailetan zuzenean parte hartzen. Ordena publikoaren arduradun ere baziren; adibidez, Bilbon barkuetan presoak edukitzen zituzten eta haiek zaintzen egoten ziren, edo errazionamenduko ilarak zaintzen. Baziren ertzain egin ziren azpeitiarrak: Dionisio Agirre Txapao, Iturbide baserrikoa; Antonio Uzin, Ondarre baserrikoa, Martzial Uzin ezagunaren anaia; Inozentzio Larrañaga, Errebalekoa; Kanpos anaiak...

“Justu-justu libratu nintzen Gernikako bonbardaketa bizitzetik”

Mutrikun zeundeten, oraindik batailoiak osatu gabe.

Gernikan formatu gintuzten batailoietan eta ordena berrien zain gelditu ginen. Gureak Loiola batailoia izena hartu zuen. Eusko Gudarostean osatutako lehen batailoia izan zen. Lino Lazkano bergararra eta Jon Beristegi eibartarra izan ziren gure komandanteak. Loiola batailoiko bigarren konpainiak, gureak, Lartaun izena zuen; honek antzinako artzain baten izena izan behar du. Aldi berean, konpainia bakoitzean hiru sekzio egoten ziren. Gurean donostiarrak, azpeitiarrak eta eibartarrak geunden. Nirekin ibilitako asko hilda daude dagoeneko. Nik orduan 20 urte nituen eta orain 90; alegia, orduan 25 edo 30 urte zeuzkatenak, horiek gaur egun ez dira bizi; 30 urte zeuzkatenek 100 urte izango zituzketen orain.

Behin batailoiak osatuta, gu Otxandiora eta Legutianora destinatu gintuzten; hori zen guri tokatu zitzaigun frontea. Hamabost egun frontean eta astebeteko baimena izaten genuen. Bizkaiko frontean izan genuen lehenengo enfrentamendua azaroaren 30ean izan zen, 1936an, eta benetan tragikoa gertatu zen:

“Gure asmoa Legutianon sartzea zen, baina hasieratik dena gaizki atera zitzaigun. Elizako kanpandorrean metrailadore bat jarri zuten eta handik baja asko egin zizkiguten. Erasoaren hasieran bertan gure kapitaina hil zuten: Ixidro Andonegi. Baita haren laguntzailea ere: Sistiaga abizeneko bat.

Egun osoa eta gau osoa pasatu genituen borrokan, ibai ertzean. Iluntzean, tiroka ari ginela, Joxe Urbieta ‘Mandiolatza’ neukan ondoan. Balak gure ondotik nola pasatzen ziren entzuten genuen eta halako batean hala esan zidan Joxek:

—‘Loinaz, atzetik eman zidatek’.

—‘Atzetik tiroa nola emango zitean ba!’, erantzun nion nik. Joxek bizkarrean sentitu zuena balaren irteera zen, bala aurretik sartu zen arren. Lehertzen ziren bala horietako bat zen, sarreran zulo txikia eragiten zutenak eta irteeran handia.

Azkar-azkar biluztu eta gerrian zauri handia zuela ikusi genuen. Ohatila-eramaileek eraman zuten, baina handik ordu gutxira hil egin zen. Hainbeste baja izan eta gero, ezin izan genuen Legutianon sartu”.

Legutianokoa eta gero, negua iristearekin batera, fronteko posizioak egonkorragoak egin ziren. Gure hurrengo destinoa Albertia mendia izan zen, abenduaren hasieran. Hori Landa eta Legutiano artean dago. Han batailoi komunista bati hartu behar genion txanda, 'Larrañaga' batailoiari.

Negu gogorra izan zen eta, 'Larrañaga'-koek kontatu zigutenez, haietako bi hotzez hil ziren. Ez ginen asko harritu, ez zeukatelako lotarako txabolarik ere eginda. Gu iritsi ginen bezain pronto, egon behar ginen lekua antolatu genuen. Gure sekzioan baziren bi gudari aizkora erabiltzen zekitenak: haien lana izan zen txabola egitea eta bero mantentzea; Martxel Aranburu Keixeta eta Roman Gesalaga 'Agiñetxe' ziren.

Albertia mendian pasatu genituen 1936ko gabonak, eta afari berezia egin genuen.

Legutianoko frontean nengoen bitartean, katarrodun gripea harrapatu nuen. Otxandion medikuak ikusi ninduenean, baja eman eta Gernikako behin-behineko ospitalera bidali ninduen. 1937ko apirilaren 18a zen.

Hortaz, Gernikako bonbardaketa ospetsua bizi izan al zenuen? Apirilaren 26an izan zelako.

Justu-justu libratu nintzen bertatik bertara bizitzetik. Ikusi dokumentu honetan kontatzen dudana:

“Gernikako ospitalean egun batzuk pasatu eta gero, neuk eskatu nion alta medikua emateko ospitaleko zuzendariari. Hala, apirilaren 25ean, igandean, eman zidaten joateko baimena. Horrela, apirilaren 26an, bonbardaketaren egunean, eguerdian irten nuen ospitaletik. Gernikako gure kuartelera joan nintzen eta, bazkari azkar baten ondoren, Intendentziako banaketa furgoneta batean Otxandio aldera abiatu ginen.(...)

Aparteko ezer gertatu gabe utzi genuen Gernika. Jende asko zegoen kalean, astelehenetan asteko azoka izaten baitzen, eta zonalde osoko saltzaileek eta erosleek hartzen zuten parte. Otxandiorako bidean, ordea, abioien zarata entzun genuen. Hasieran abioi bakar batzuk ziren, baina segituan jarraian hasi ziren abioi gehiago eta gehiago iristen eta, horien atzetik, jaurtitzen zituzten bonben zarata. Gasteiztik etortzen ziren hegazkinak, besteek euren esku zeukatelako Gasteizko aireportua. Hasierako une horretan ez genuen pentsatu Gernika bonbardatzen ari zirenik. Gainera, guretzat Gernika gure bigarren etxea zen. Izan ere, azpeitiar asko hartu zituen Gernikako herriak irailaren 20n, gureek Azpeitia utzi ondoren.

Otxandiora iristean jakin genuen Gernika sutan zegoela. Albistea-gatik triste, nire kideak topatzen saiatu nintzen. Gure postua zegoen mendira igo nintzenean, ordea, Espainiako bandera ikusi nuen postuko txabolaren gainean, guk edukitzen genuen ikurrinaren ordez. Inor ez nuen ikusi eta inork ez ninduen ikusi. Beraz, buelta hartu eta lasterka batean jaitsi nintzen gure lerroak zeuden lekuraino.

Azkenean, topatu nituen nire batailoiko kideak. Bazekiten Gernikan gertatutakoa, gure komandante Juanito Beistegi Gernika inguruetara hurbildu zelako gertatutakoa ikustera. Kontatu zigun nola utzi zuten abioi alemanek herria sutan eta jende asko hil zela, horien artean haurrak eta emakumeak.

Gernikako bonbardatzeak sortu zigun sufrimendu handiaz gain, pertsonalki nire aberastasun material guztien galera ere izan zen. Gainean neraman arropa eta ehun pezeta besterik ez nituen salbatu. Berdin gertatu zitzaien nire kideei, euren jabetza guztiak Gernikako kuartelen zituztelako. Nire kasuan, kuartelean neukanaz gain, nire amaren lehengusu baten etxean logela bat izaten nuen, eta arropa eta hiru mila pezeta inguru nituen han. Hori dena ere galdu egin zen Gernikako bonbardaketan.

Dena den, ziurrenik bizitza salbatu nuen, bonbardaketa hasi baino ordubete eskas lehenago irten nuelako Gernikatik. Horrela bizi izan nuen 1937ko apirilaren 26 hura; zalantzarik gabe, egun gogoangarri eta tristea euskal herritarrentzat. Ez nuke kontakizun hau bukatu nahi azpeitiar gudariok Gernikari eta bertako jendeari genion maiatasuna nabarmendu gabe; gure bigarren etxea izan zen, eta beti hartu izan gintuzten errespetu eta maitasun handiarekin”.

Zuen lekura hurbiltzean, etsaiak hartuta zegoela diozu. Zer gertatu zen?

Mola jeneralak zonalde horretan hasi zuen erasoaldia izan zen arrazoia; Bilbo hartu zuten arte iraun zuen erasoaldi bera. Hiru hilabete iraun zuen eta 45 kilometro egin genituen atzera. Ofentsiba horretan, gutxienez, lau azpeitiar hil ziren gureen artean: Joxe Urbieta Mandiolatza eta Celestino Iturralde Txandramie, gure batailoian, UGT 14 batailoiko Joxe Azkue eta Itxarkundia batailoiko sarjentu Patxi Burni. Azken hori geure kainoiek hil zuten, gainera. Ubiden izan zen; geure kainoiek motzegi bota zuten munizioa eta hainbat gudari hil ziren.

Atzeraka egin genuen, Lemoako fronteraino. Hori ‘Cinturon de Hierro’ ezagunaren barruan zegoen. Egiaz, ez zen burdinezkoa, lokatzaz egindakoa baizik. Aldrebes eginda zegoen! Hori egin zuena Alejandro Goikoetxea ingeniari ezaguna izan zen. Jose Antonio Agirrek ‘Cinturon de Hierro’ delakoko zuzendari izendatu zuen Goikoetxea. Baina nahi zuen bezala egin eraikuntza hori, eta gero plano guztiekin Francoren tropetara pasatu zen! Goikoetxeak, izatez, Espainiako armadatik desertatu zuen. Gero, 1937ko otsailean, Agirrek bere armadan sartu zuen eta Goikoetxeak hil horretan bertan egin zuen traizioa, otsailaren 27an. ‘Cinturon’-eko planoak eramateaz gain, Legutianoko zonaldeko gotorlekuen detaileak, armamentu eta munizioaren inguruko informazioa, eta beste hamaika kontu eman zizkion etsaiari.

Kontua da, guk uste genuela, behin ‘Cinturon de Hierro’ barruan sartuta, handik ez gintuztela aterako ezta bonba atomikoarekin ere. Bagenuen deskuido ederra! Gaizki eginda zegoen hura. Atzeraka gindoazela —gu beti atzeraka eta atzeraka ibiltzen ginen— Ugao ondora iritsi ginen. Ez ginen ‘Cinturon de Hierro’-ra sartzera iritsi, baina ondo-ondora gerturatu ginen.

Ugao aldera iritsi ginenean eguerdia zen. Gau guztia generaman oinez. Nekatuta geunden eta pixka batean atsedena hartzeko baimena eman ziguten. Horrela, txakolin mahasti batean sartu ginen. Txakolin mahats-adarrak baxuak izaten dira, pertsona kabitzeko modukoak, eta gainean hostoak egoten dira dena estaltzen.

Atzeraka egiten genuen guztietan normala izaten zen etsaien hegazkinak gure gainean izatea, metrailatzen eta gutakoak hiltzen. Orduan ere, Ugaoko hartan, halaxe gertatu zen, metrailatu gintuzten eta hainbat gudariri eman zieten. Ta-ta-ta-ta’! Asko hil zizkiguten. Baita beste batailoi batzuetakoak ere.

Zurekin batera azpeitiarrik ba al zen?

Bai. Talde horretan hiru azpeitiar geunden: Joxe Alberdi Arruti Bentatxo, Frantzisko Azpitarte Arozena eta ni neu. Hirurok Loiola batailoiko Lartaun 2. konpainiakoak. Ugaoko hartan, abioia pasatu zen batean, hala esan nien nire lagun azpeitiarrei, erabat haserre: “Hurrengo aldiz pasatzen denean, kargadore bana hustuko zioagu!”. Kargadorea, fusilean sartzen den orrazi modukoa izaten da eta bost bala edukitzen ditu. “Horixe egingo diagu!”, erantzun zidaten biek.

Txakoli parratik pixka bat apartatu ginen. Abioia zetorren bezala, gure parean zegoenean hirurok irten genuen fusila eskuan hartu eta ri-ra, ri-ra eta ri-ra, hiru kargadore hustu genizkion. Bakoitzak bosna tiro. Hegazkina azaldu zenetik ezkutatu zen bitartean, hamabost tiro botatzeko denbora eman zigun.

Tiro egin eta gero, han non ikusten dugun abioiaren atzeko aldetik ke beltza irteten ari zela. “Jo diagu!”. Hura da poza! Gero eta ke gehiago irteten zen handik eta, azkenean, abioia pinudi batera erori eta su hartzen zuela ikusi genuen. David eta Goliatena bezala izan zen! Guk, azpeitiarrok, abioia bota genuen! Francok jakin izan balu, fusilatuko gintuen!

Hegazkina Messerscgnitt Bf 110 zen, zeregin militarretarako erabilitako bi motorreko lehen hegazkina. 1936an egin zuen aurreneko aldiz hegan. Kaza mota hori Alemaniak bidali zuen Espainiako Gerrara, Hitlerrek Francori emandako laguntzaren barruan. Operazio militarretan nahiz bonbardaketa zibiletan erabili izan zuten; Gernikan eta Durangon, adibidez. Abioi alemanak! Horiek bai benetako abioiak! Gudariok, hemen hegazkin horiek erabili zituzten lekuko gara.

Alemaniarrek, hemen probatu ondoren, euren gerran erabiltzeko...

Alemaniarrak entrenatzera etorri ziren hona! Hau da, ondoren, II. Mundu Gerran erabili izan zituzten armak probatzera. Gernikako bonbardaketa horixe izan zen, azken batean.

Ugaotik nora joan zineten?

Ugaokoa eta gero, Balmaseda aldera abiatu ginen. Hara bidean, hainbat egun pasatu genituen nahiko posizio egonkorretan, Turtzioz gainean, San Roke mendian, Enkarterrietan. Mendi horretan bataila gogorrak izan ziren; aurrez aurre ere jardun zuten. Gure batailoia konbatean sartzeko zain zegoen.

Han geundela, ordena bat etorri zen buruzagitzatik: konpainia guztietako tenienteek bi gudari soil aukeratu behar zituzten, sarjentu azpiofizial formaziorako ikastaroa egiteko. Turtziozera jaitsi beharko zuten bi gudari horiek, han zegoelako landa-akademia.

Inork ez zuen joan nahi. Guretzat albiste txarra zen. Zergatik? Bagenekien horrek kideak lagatzea esan nahi zuela, behin sarjentu izandakoan beste batailoi batera destinatuko gintuztela. Gerra hasiera-hasieratik denok batera genbiltzan eta oso gustura geunden elkarrekin. Zer egin zuen horren aurrean Iturralde gure tenienteak? Iturraldek berak anaia bat zeukan gure konpainian —Juanito—, gudari soila, ni bezalakoxea, eta hari eta niri zuzenduta hala esan zigun: “Hi, Juanito, eta hi, Loinaz, biok Turtziozera”. Han joan behar izan genuen.

Sarjentu izan zinen, hortaz.

Udaran izan zen hori, gerra hasi eta urtebetera, uztailaren erdialdean. Hurrengo egunean, fusila, manta eta zakutoa hartu eta Turtziozera jaitsi ginen, mendiko gure posizioa utzita. Juanito Iturralde eta biok gerraren lehenengo egunetatik ginen boluntarioak, Loiolako BasiliBasilikan Eusko Gudarosteko lehenengo batailoia osatzeko aurkeztu ginenetik.

Oso gaizki pasatu genuen Turtziozeko akademian. Abiazioa asko joaten zenhara eta bonbardaketa asko egoten ziren. Idatzita daukadan dokumentu honetanazaltzen dut hori:

“Ikastaroa 25 egunekoa izan zen eta niri oso gogorra egin zitzaidan. Erakusteko erabiltzen zuten metodoa sobietarren ‘Armada Gorria’- koaren kopia zen. Goizetan, teoria militarreko klaseak, ‘morse’ alfabetoabarne. Arratsaldeetan, berriz, instrukzio militarra. Hainbat alditan,eskolan edo inguruetan ginela, abioi frankisten bisita jaso genuen. Horrelakoetan azkar-azkar klaseak laga eta ahal zen tokian ezkutatzen ginen.

Han ikasi nuen bonbardaketetan gora begira etzatea komeni dela; hala, ikusi egiten duzu bonbek hartzen duten bidea. Izan ere, abioia zure parean dagoela, botatako bonbak urruti erortzen dira. Aldiz, hilko zaituzten bonbak abioia zure parera iritsi baino lehen botatakoak dira”.

Abioiak hirunaka etortzen ziren: hiru, sei, bederatzi, hamabi... Hor azaltzen dudan moduan, ikusten baldin baduzu abioiak zure parera iritsi baino lehenago botatzen duela bonba, kontuz! Oraindik denbora pixka bat badaukazu, salto egin eta lasterka albo batera joan. Hori bai, zein albotara jo erabakitzean, igual deskuidatu egingo zara, baina...

Ikastaroa bukatutakoan, gure batailoietara itzuli nahi izan genuen, baina ordurako alde eginda zeuden. Batailoien komandantzian gelditu ginen, batailoi batzuen eta besteen arteko lotura lanak egiten.

Handik gutxira, 1937ko abuztuaren 26an, entregatu egin ginen. Batailoien komandantzia horretan egin nuen azkeneko lotura lana Loiola batailoikoekin izan zen, nire batailoia izandakoarekin. Nire azpeitiar lagunak zeuden trintxerara joan behar izan nuen, euren lekuak laga eta gainontzeko batailoiekin elkartu behar zutela esateko. Inoiz ahaztuko ez dudan lana izan zen, nire lagunei gerra galdu genuela komunikatzea izan zelako; azken batean, errenditu egiten ginela.

Ia Bizkaia osoa faxisten esku zegoen, baita Kantabrian (Espainia) Laredoko eta Santoñako portuak ere. Militarki gehiago ezin genuelako errenditu ginen.

“Fusilatutako kideen hilotzak ikusi behar izan genituen, eskarmentu gisa”

Hor bukatu zen batailen garaia zuentzat. Ez, ordea, gerra bera. Espetxealdi eta errepresio urte luzeak hasi ziren, ezta?

Galanta da! Gu brigada osoa entregatu ginen, Colindres-en (Kantabria), Italiako ‘Flechas Negras’ delakoen aurrean. Gure brigada Lino Lazkano bergararrak zuzentzen zuen eta lau batailoik osatzen zuten: Alderdi Komunistako Perezagua batailoiak, Alderdi Sozialistako UGT 14-k, eta EAJko Loiola eta Itxarkundia-k.

Colindresetik Santo Cristo de Limpias-era eraman gintuzten, han armak entregatzeko. Inpresioa egiten zuen eliza hura kainoi, metrailadore, mortero, fusil eta munizio kaxez gainezka ikusteak. Limpiasetik Laredoraino oinez eraman gintuzten, biko ilaratan jarrita. Iritsitakoan, gau guztia futbol zelai batean eduki gintuzten, ezer jan gabe eta aterperik gabe. Eskerrak abuztua zen...

Laredotik hurrena, Castro Urdialesera. Oraingoan, behintzat, autobusetan. Kontzentrazio esparru antzeko batean sartu gintuzten. Hori izan zen ezagutu nuen halako lehenengo esparrua. Zoritxarrez, gerrak iraun zuen bitartean, baita gerraostean ere, beste hainbat kontzentrazio esparru ezagutu nituen.

Nolakoa izan zen esperientzia kontzentrazio esparruan?

Castron bereizi egin gintuzten soilak eta graduazioa zutenak, sarjentutik gorakoak. Nik ez nien esan sarjentua nintzenik. Hori egiaztatzen zuen dokumentua ere mila zatitan puskatu nuen eta Laredorako bidean errepide bazterrean bota. Nire konpainiako sarjentu gehienek ez zuten hala zirenik esan, eta denok soldadu soilekin batera jarri gintuzten. Uste dut horretan asmatu egin genuela.

Akordatzen naiz atxilotu ondoren egiten zizkiguten galdeketetan bazegoela galdera bat bereziki konprometitua: “Zeinek bonbardatu zuen Gernika?”. Erantzun zuzenik ez zeukan. Beldurrak jota, Gernika gudariek erre zutela erantzuten bazenuen, “koldar hori, gezurretan ari zara!”, oihukatzen ziguten. Francok bonbardatu zuela esanez gero, berriz, “gezurra, Francok ez du ezer bonbardatu!”, erantzuten zizuten. Hori izaten zen izerdi gehien ematen zigun trantzea.

Castroko kontzentrazio eremuan bi mila gudari inguru egongo ginen. Italiarrek ez gintuzten gaizki tratatzen, baina ez genuen ondo jaten. Italiarrei txanda Francoren soldaduek hartu zieten ondoren, eta horiek askoz okerrago tratatu gintuzten. Ez ziguten uzten gure senideen bisitarik ere jasotzen. Akordatzen naiz Francoren soldadu horietako batek gudari bat tiroz hil zuela, gudaria leihora irtenda senide bat agurtzen ari zelako.

Urriaren 12an Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) kontzentrazio eremura eraman gintuzten, denen artean beldur handiena sortzen zuen tokira. Hortik Eusko Gudarosteko gudari denok pasatu ginen, segituan kartzelaratu edo fusilatu zituztenak izan ezik. Egun bakarra egin genuen bertan. Nahikoa izan zuten guztioi ilea erabat mozteko eta bizkarrean injekzio arraro bat emateko; ez dakit zer izango zen, baina sekulako mina ematen zuen.

Hurrengo egunean, urriaren 13an, Sigüenza (Guadalajara, Espainia) aldera eraman gintuzten. Han 'Batallon de Trabajadores Nº 76' osatu genuen. Hortik inguruko beste herri batera bidali gintuzten: Jadraque-ra. Gure batailoia pala eta pikotxarekin errepide bat egiten jarri zuten. Hala ere, beste batailoi batzuei lan okerragoak tokatu zitzaizkien. Batzuek, adibidez, tankeen aurkako lubakiak egiten jarri zituzten, lehenengo gerra lerroan bertan. Eskerrak frontearen beste aldean bazekiten presoak zirela, eta ez zieten tiro egiten.

Hor genbiltzala gertatutakoa kontatzen dut nire liburuan:

“Bazkalostean, guztiok formatzera deitu gintuzten. Inongo azalpenik eman gabe, armadun soldadu batzuk zeuden eremu batera eraman gintuzten. Kontua zen, gutako bi preso ihes egiten saiatu zirela eta harrapatu egin zituztela. Eskuak lotuta ekarri zituzten bi haiek eta gu guztiok bien aurrean jarri gintuzten. Fusilatu egin zituzten. Bietako batek ‘Gora Errepublika!’ oihukatu zuen; besteak ez zuen ezer esan, lurjota zegoelako.

Gure lagunak lurrean zeudenean, ikusteko, banan-banan euren hilotzen aurretik pasatzera behartu gintuzten, eskarmentu gisa”.

Guadalajara aldean 1937ko azarotik 1938ko martxora arte egon ginen. Handik Espainiako beste leku batzuetara: Caceresera, Toledora... Egun batean kamioietan sartu eta Madrilgo frontera eraman gintuzten, Behe Carabanchelera. 1939ko lehenengo hilabeteak ziren, eta ikusten zen gerra laster bukatuko zela.

Espainiako Gerraren bukaera ezagutu zenuen, beraz. Tropa frankistek Madrilen sartu zirenean (Errepublikaren aldekoen azkenetako gordeleku izana zen), hantxe zeundeten preso hartutako euskal gudari asko. Nola gogoratzen duzu?

Madrilen lehenengo sartu zirenak ez ziren izan Francoren soldaduak, 'Trabajadores'-etan geunden presoak baizik... Madrilen egon ginen bitartean, tropa asko zegoen han kontzentratuta. Halako batean, Madrilen sar al gintezken probatzeko eguna etorri eta Casa del Campo aldetik sartzea erabaki zuten. Soldadu arropak jantziarazi zizkiguten, guk geuk geneuzkanak baino dezenteagoak. Pala eta pikotxa hartu eta hainbeste denboran Madril defenditu zuten trintxeretara hurbiltzen hasteko agindu ziguten.

Egia esan, oso ondo egindako trintxerak ziren; Madrilen defentsan, gerra guztia iraun zuten. Gu lasai gindoazen, ez zelako ezer entzuten, ezta mugimendurik sumatzen ere. Izan ere, gu iritsi ginenerako aspaldi utzita zeukaten zonalde hura eta trintxerak hutsak zeuden. Hala, sartu ginen Madrilen, Casa del Campotik. Eta lehenenak geu, soldaduz jantzitako presoak...

Madril hartu genuean, jendeak egundoko besarkadak eta musuak ematen zizkigun, eta gu, harrituta. “Zergatik eman ote digute guri ohore hau, Madrilen sartzearen ohorea?”, pentsatzen genuen. Kontua da, trintxerak minatuta egongo ziren beldur zirela, uste baitzuten etsaiak minak jarri zituela. Eta horregatik bidali gintuzten gu aurretik, minak baldin bazeuden guk lehertzeko haiek... Horrela gu hilko ginen, ez beraiek. Zorionez, ez zen ezer gertatu. Hori bai, Madrilera Casa del Campotik lehenenak sartu izanaren ohorea eta meritua, gu hara bidali gintuzten ofizialentzat izan zen.

Madril hartu zutenean, gerra bukatuta, ‘Parque de Recuperacion’ delakoa formatu zuten han, automobil fabrika bat zegoen lokal handi batzuetan. Bahitutako makina, material, egur, txapa eta abarrekin aroztegi antzekoa jarri zuten. Parkean zerrenda batzuk zeuzkaten, militarrek emandakoak: gerra denboran inbertitu zuten familia, entitate edo fabriken izenak agertzen ziren. Horietara joan, bertan zeuden materialak hartu eta parkera eramaten zituzten. Hura ez zen Errekuperazio Parkea, hura Konfiskatze Parkea zen! Fabriketatik bahitu egiten zituzten ondasunak, eta nagusiak kartzelara sartu.

Zenbat denbora egin zenuen Trabajadores-etan gerra bukatu eta gero?

.1939ko apirilaren 1ean bukatu baldin bazen zen Espainiako Gerra ofizialki, ordutik hasi eta urtebete pasa egon ginen gu ‘Parque de Recuperacion’ delakoan.

Han nengoela nire anaia Inaxiok bisitatu ninduen, falangistaz jantzita. Hura 41eko kintakoa(1) zen, soldadutzara deitu zuten azkeneko kintakoa. Dentista ari zen lanean orduan Donostian, eta lagun batzuekin batera Falangeko Sagardia kolumnan eman zuen izena. Ebroko bataila gogorretan ibili zen Inaxio.

Bitxia da nire familian gertatu zena gerra sasoian. Nire anaia Joxe eta nire aita, euren borondatez atzerriratuta, diktadore baten ideiekin bat ez egiteagatik. Ni lehenengo egunetik gudari, neure borondatez, eta sarjentu. Nire anaia Inaxio, Falangeko boluntario, Euskadiren defendatzaileen kontra borrokan. Ez dut inor kritikatu edo famatu nahi. Horrekin adierazi nahi dudana da nolako gauzak gertatzen diren gerra zibil batean.

Lehengora bueltatuz, 1940ko lehenengo hilabeteetan hasi ziren jendea lizentziatzen Madrilen ‘Parque de Recuperacion’-en. Ni ekainaren 7an lizentziatu ninduten. Guztira urtebete baino gehiago pasatu nuen han.

Horren ondoren, Azpeitira itzuli nintzen. Baina justu urtebetera ordena berri bat irten zen, esanez guk ez genuela soldadutzarik egin, eta atzera buelta egin behar izan genuen. Berriro 'Trabajadores'-etara!

Beraz, berriro errepresioa: Trabajadores-etara bigarrenez.

Orduan ere Miranda de Ebroko kontzentrazio eremura bidali ninduten. Hilabete eta erdi pasatu nuen han, eta atzera Madrilera. Torrejon de Ardoz, Villaverde Alto...; lehen ibilitako parajeetara buelta. 2 urte pasatu genituen; Trabajadoresetan ibili ginen bigarren garaia izan zen.

Orain Eusko Jaurlaritzak eskupekoa eman digu gudarioi, baina Trabajadoresetan ibili ginen bigarren aldi horrek ez du balio, ez du ezertarako kontatzen kalteordainak jasotzeko orduan. Lehenengo aroak bai, nik lehenengo hori kobratu dut, baina berriro Francorentzat lanean egin genituen 2 urte horiek soldadutza egiten egon bagina bezala kontatzen dituzte. Baina hori gezurra da! Ni berriz ere 'Trabajadores'-etan egon nintzen, berriro leku berera bidali ninduten, eta lehenengo aldian bezalakoxe gaizki egon nintzen bigarren aldian. Eta orain Javier Madrazo [Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua] eta horiek aitzakia hori dute: bigarren aldia ez zela izan lehenengoa bezalakoa, aldi hori Francoren tropei eginiko zerbitzu militarra zela. Azken batean, ordea, 'Trabajadores'-etako batailoi berak ziren aldi batean eta bestean, gauza bera zen dena.

Gatibu lan horietan bi motako taldeak zeuden: Batallon de Trabajadores eta Batallones Disciplinarios. Gatibu lanak egin nituen bitartean, lau batailoitan egon nintzen: 76, 152, 40 eta 50. zenbakikoetan. Azkeneko biak —40.a eta 50.a—, Disciplinarios ziren, Trabajadores-etakoak baino gogorragoak.

Zein zen bien arteko aldea?

'Disciplinarios'-etan askoz ere lan okerragoak jartzen zizkizuten. Dena dela, gerra denboran ere lan txarrak egiten genituen. Adibidez, euren etsaiek jarritako bonbak kentzeko erabiltzen gintuzten: soldadu ingeniariekin joaten ginen eta gu bidaltzen gintuzten aurretik, beraiek atzean gelditzen ziren bitartean. Horrelako gauzak egiten zizkiguten. Eta gosea? Bueno... Gernikan egon nintzenean, 84 kilo pisatzen nituen eta Guadalajaran egon nintzenean, 54. 30 kilo galdutako pertsona naiz. Gaixorik etorri nintzen, argal-argal eginda. Ez genuen jaten! Lana eta lana, besterik ez.

“Nire familia Azpeititik bidali zuten, Nafarroara desterratu zituzten”

Zer lan mota egitera behartzen zintuzteten?

Lehenengo trintxeretako alanbradak ipintzen egon ginen; batzuetan kentzen ere bai. Trintxerak soilik ez, tankeen kontrako lubakiak ere egiten genituen. Bi lerro izaten ziren trintxeran: lehenengoan lubaki handia egiten zen, tankeak etortzen baldin baziren, erori eta gehiago ez irteteko; tranpak ziren. Horrelakoak egiten jarduten genuen. Lan horiek, ordea, 'Trabajadores'-etan egon ginen lehenengo aldian baino ez genituen egin, gerra garaian bertan. Bigarren aldian, gerra bukatuta zegoela, tailerretan eduki gintuzten, eta asko eta asko, errepideak egiten; neu pikatxoiarekin asko ibilitakoa naiz.

Nolakoa izan zen herrira buelta?

Txarra; txarra izan zen. Gainera, gure etxean asko sufritzen ari ziren. Ama bakarrik gelditu zen etxean lau seme-alaba txikienekin: Karmen, Luis, Karmelo eta Imanolekin. Txikienak 5 urte zituen eta zaharrenak 13. Arreba Pakita ere etxean zegoen, bere senarra Pantxo kartzelan zegoelako, nazionalista izateagatik. Guztiak gaizki ikusiak ziren herrian, etxeko hiru kide alde eginda geundelako. Gainera, anai-arrebak gazteak zirenez, inor ez zen ari dirurik irabazten.

Hori dena gutxi balitz, desterratu egin zituzten etxekoak, Azpeitiko komandante militarraren aginduz. Azpeititik bidali zituzten, Nafarroako herri txiki batera: Ollakarizketara. Han hilabete bat edo bi pasatu zituzten.

Etxekoek ere errepresioa jasan behar izan zuten, hortaz.

Halaxe izan zen. Dena dela, nahiko zorte ona izan zuten. Kontua da, gure ama Goiko Errotakoa zela. Aitona azkoitiarra zen, baina mutil gaztea zela Azpeitira etorri zen eta errota hori erosi zuen. Okindegia jarri zuen hasieran, gero garraioa ere bai eta, azkenean, aberastu egin ziren. Garai hartan osaba Joxe eta osaba Andres ziren hango nagusiak, gure amaren anaiak. Gure ama nora bidali erabakitzean pixka bat eragin zuten osaba horiek: Joxe, Ollakarizketako emakume batekin zegoen ezkonduta eta nonbaitera bidaltzekotan hara bidaltzeko eskatu zuen. Eta, egia esan, oso ondo egon ziren herri hartan. Izan ere, gure izeba Katalinaren familiak asko lagundu zien; hain zuzen, osaba Joxeren emaztea zen Katalina.

Amaren beste anaia, osaba Andres, Falangean izena emanda zegoen. Jakina, komeni zitzaiolako, Goiko Errotako irinen kontrolean eta horrelako gauzetan laguntza izateko. Osabek, beraz, bazeukaten eraginik Azpeitian zeuden tropengan. Gestioak egin zituzten eta, behar zena baino denbora gutxiago pasatuta, baimena eman zioten gure amari berriro Azpeitira etortzeko.

Haien kulpa bakarra, gudarien senitarteko izatea izango zen...

Bai, nazionalistak zirelako eta aitak eta bi semek (nire anaiak eta neuk) alde egin genuelako... Orduan nazionalista izatea, UGTn izena emanda egotea, edo langileetan izena emanda egotea, delitua zen. Deskuidatuz gero, fusilatu egiten zintuzten! Gure aita ere eskerrak joan egin zen. Nik gerra beste era batera hartu nuen: 20 urte nituen, mendian oso ondo ibiltzen nintzen...

Azpeitira bueltatzea txarra izan zela diozu. Baina bidaia bera nolakoa izan zen?

Galanta gertatu zitzaidan! Gerra 1939an bukatu zen eta 1940ko ekainean etxera bueltatu ginen. Etxerako bidean Zumarragara iritsi ginen, Madrildik zetorren tren batean. Zumarragan, nik ez neukan dirurik, ezta Azpeitirainoko txartela erosteko ere; bi pezeta ez! Kontua da, Martzial Uzin ezagunarekin egin nuela topo. Uzinek janari denda bat zeukan orduan, haien fabrika garai hartan ondo ez zihoala eta; zumezko otarra batzuekin ibiltzen zen batera eta bestera, generoa ekartzen. Zumarragara iritsi nintzenean, topo egin nuen harekin; nonbait, dendarako genero bila joanda zegoen hara. Nik ezagutu egin nuen eta hark ere ezagutzen ninduen, nahiz eta ni mutil gaztea izan. “Nik lagunduko dizut”, esan nion, otarrekin ikusi nuenean. Generoa trenera sartzen neuk lagundu nion eta, txartela hartzeko dirurik ez nuenez, hala esan nion: “Martzial, fabore bat eskatu behar dizut: 'Trabajadores'-etatik nator, dirurik ez daukat eta txartela hartzeko bi pezeta behar ditut”. Eman zizkidan. Azpeitira etorritakoan amari kontatu nion pasatutakoa, eta hurrengo egunean bertan Martzialen dendara joan nintzen, bi pezetak itzultzera.

Hala, Azpeitira iritsi nintzen, argal-argal eginda, baina etxean denak gustura, pozik.

Zer lagunarte zeneukan? Denak zeurekin gerran ibilitakoak?

Gurekin batera gerrara boluntario joan ez ziren lagunak ere baneuzkan. Azpeitian gelditu ziren lagunak ere bai, Azpeititik ez zutelako askok irten. Askoz gehiagok irten beharko zuketen! Errekete apuntatu zirenak asko izan ziren. Adibidez, 20-22 urte zituenak, bazekien gerrara joan beharra izango zuela, batekin edo bestearekin. Hasiera batean Azpeitian gelditu zirenek gurekin joaterik ez zeukaten; haiek, edo armadan izena eman behar zuten, edo erreketeetan, edo Falangean. Asko apuntatu ziren erreketeetan eta asko hil ziren erreketeak! Gure alderdian baino askoz gehiago hil ziren haienean.

Azpeitira etortzean, pixka bat irteten nuen lagunekin. Baina hori bai, larunbatero Guardia Zibilaren aurrean aurkeztu behar, ihes egin ez nuela ikusteko. Izan ere, batzuek Frantzia aldera-eta alde egin zuten eta beste batzuk mendira joaten ziren.

Erabat kontrolatuta al zeundeten?

Bai. Madrilen bertan libreago sentitzen nintzen, nahiz eta nire familiagandik urruti egon. Guztiz debekatua neukan Azpeititik irtetea. Gainera, astero aurkeztu behar izaten nuen Guardia Zibilaren kuartelean. Galdera ugari egiten zidaten: zeinekin ibiltzen nintzen, nora joaten ginen, ea mendira joaten ginen... Eta gu beti beldurrez, haiek erraz ematen zutelako masailekoren bat edo beste.

Informe txarrak zeuzkaten nitaz. Horiei gehitu nire aitaz zituzten informeak, Azpeitiko Batzokiko buruzagi bezala. Horretaz gain, Galo Barrena delako batek Azpeitiko gudariak salatu egin gintuen, Urrestillako Olajangua Jauregitik koltxoiak konfiskatzeagatik. Horri denari gehitu guri leporatzen zigutela Iraetan zazpi azkoitiar haiek fusilatu izana. Alegia, panorama ederra neukala: lanik gabe eta kalera irteteko beldurrez, salatuko ote ninduten beldurrez.

Zer etorri zineten, denok batera Trabajadores-etatik?

Ez. Adibidez, Trabajadores-etako nire batailoian gero neure emaztea izango zenaren anaia bat zegoen, ondoren nire koinatua izango zena; ni baino zaharrago zen eta niri baino hilabete batzuk lehenago utzi zioten joaten. Lehenengo, adinagatik hasi ziren bidaltzen. Nik 20 urte nituen eta azkenetakoa izan nintzen joaten. 18 urtekoak ere bazeuden, baina gutxi. Halaxe, batailoi batzuek lehenago irten zuten, beste batzuek geroago, baina urtebeteren barruan denok etorri ginen herrira. Beste batzuek, kartzeletan zigortuta zeudenek, askoz denbora gehiago egin zuten herritik kanpo; Santoñan, Dueson... egon zirenak, gu baino beranduago etorri ziren.

“Gerrak belaunikatuta utzi gintuen, tragedia izugarria izan zen”

Eta herritarrek nolako jarrera izan zuten zuekin?

Asko sufritu nuen nik! Lagunekin kalera irten nuen egun batean eta Erdi kaleko Cepa tabernara joan ginen; Enparan kalea eta Erdi kalea komunikatzen zituen kalezulo estu baten ondoan zegoen Cepa. Han nengoen ni, mostradorean txikito bat hartzen. Atzeko mahaian errekete izandakoak egoten ziren, eta jende txarra zen; guretzako bai, behintzat. Etorri zen teniente izandakoa, Moxo deitzen zioten bat, eta hala esan zidan:

—“Hi, Loinaz, etxera! Segituan etxera!”.

—“Lagunekin txikito bat hartzen ari nauk eta zergatik joan behar diat etxera?”, erantzun nion.

—“Esan diat etxera joateko, eta ez diat berriz ere esango!”, Moxo hark.

Ez dakit txikitoa hustu nuen edo ez, pasatuta gelditu nintzen eta. “Aditu duzue, etxera noak”, esan nien lagunei. Burua makurtu eta etxera joan nintzen.

Beste batean, Erdi kalean nindoala, aurre egin zidan batek. “Hi, Loinaz, etorri hona!”. Gerra hasieran Loiolan geundela, jende asko etorri zen Bergaratik, Zumarragatik eta beste hainbat lekutatik, eta Loiolan ez zegoen denontzako lo egiteko koltxoirik. Horregatik guri agindua ematen ziguten Azpeitira etorri eta koltxoiak konfiskatzeko. Egun batean Erdi kaleko etxe batera joatea tokatu zitzaigun. Etxe horretako semeak ordukoa gogoan zeukan eta Erdi kalean ikusi ninduenean gelditu egin ninduen: “Hi, lotsagabe hori, hi etorri hintzen gure etxera koltxoiak kentzera! Gau horretan lurrean lo egin behar izan nian!”. Horrelako gauzak entzun behar izaten nituen.

Gogorren-gogorrena, ordea, lanik ezin nuela topatu.

Zergatik ezin lanik topatu? Trabak jartzen al zizkizuten?

Sindikatura joaten nintzen. Orduan sindikatua Enparan kalean zegoen. ‘El Sindicato Obrero’ esaten zioten, baina obrerotik ez zeukan ezer. Alkatea egoten zen han agintzen, eta ‘Jefe Local de Falange’ esaten zitzaion orduan. Sindikatu hartan zerrenda bat egina zeukaten, lanerako hautagaiena, eta zerrendaren barren-barrenean nengoen ni. Orduan, nahiz eta fabriketako nagusiek lanerako hartu nahi ninduten, sindikatukoek ez zieten uzten ni kontratatzen. Serena bailaratik (Badajoz, Espainia) eta beste hainbat lekutatik jende asko hasi zen lanera etortzen herrira, eta haiek denak ni baino lehenago hartzen zituzten Agirrerenean, adibidez. Gerra aurretik Agirrerenean lan egindakoa nintzen eta kontratatu egin nahi ninduten, baina ezin. Oso gaizki pasatu nuen.

Eta ez nik bakarrik. Gerra gudari joan ziren askok euren lanpostuak hartuta zeudela ikusi zuten herrira etorri zirenean gerra bukatzean. Soldaduentzat, erreketeentzat, falangistentzat izan ziren aurretik gudari haienak ziren lanpostuak. Adibidez, hor dago Urolako trenaren kasua. Gerra aurretik Urolako langile asko nazionalistak ziren, eta askok alde egin zuten. Etorri zirenerako euren lanpostuak okupatuta zeuden. Baina hori ez zen gertatu Urolako trenean bakarrik; udaletxeetan, aldundietan... horietan denetan errekete, falangista eta Francoren aldeko edozein jende sartu zen. Ez zegoen lanik guretzako! Alegia, zapalkuntza sekulakoa izan zela.

Eta horren ondoren, gainera, lehen esandakoa: Trabajadores-etan egin genuen bigarren aldia, beste 2 urtean gatibu lanetan. Beraz, denera 6 urte pasatu nituen zentimorik irabazi gabe.

Dena dela, geure artean oso ondo konpontzen ginen. Baina kalera oso gutxitan irteten genuen garai hartan, etxean asko egoten ginen. Ez ginen ausartzen irteten, igual baten batek zerbait esaten zizulako. Esan bezala, erreketeak gudariak baino askoz gehiago hil ziren eta, gudariren bat etxera itzultzen zenean, gutxi gorabehera horrela jarduten zuten karlistek beraien artean:

—“Hi, halako edo halako etorri omen duk; hori ere bizi duk!”.

—“Bai, beste hura ere etorri zuan, hura ere bizirik!”.

—“Eta horietan ez al da inor hil? Gu bakarrik hil al gara?!”. Askok esaten zuten hori; amorrua hartzen zuten, nonbait.

Banaka-banaka hasi ginen herrian azaltzen. Kartzelan jendeak denbora asko egin zuen eta 3 edo 4 urteren buruan etorri ziren.

Maila pertsonalean, zer utzi zizun gerrate hura bizi izanak?

Francoren erregimena gure familiarentzat egundokoa izan zen. Kaltetuta, derrotatuta, zentimorik gabe... gelditu ginen. Guk Loinaz etxea 1934an egin genuen, gerra hasi baino 2 urte lehenago, eta oso ondo bizi ginen gerra aurretik. Baina gerra etorri zen, aitak alde egin behar, anaia zaharrenak ere bai, nik ere bai... Ama bakarrik gelditu zen, zeuzkan txaponak segituan gastatu zitzaizkion, eta berriak irabazteko inor ere ez. Gu belaunikatuta utzi gintuen gerrak; guretzat izugarrizko tragedia izan zen. Bat-batean, nahiko bizitza normala izatetik, familia banatzera, eskasia ekonomikoa eta jazarpen politikoa bizitzera pasatu ginen. Erraz esaten da, baina hori bizi egin behar da.

Ni, gainera, gaixotuta etorri nintzen. 60 kilo pisatzen nituela etorri nintzen, eta nik beti pisatu izan dut 80 kilo inguru. Argalduta, estomagoa erorita, oso gaizki etorri nintzen. Guretzat tragedia izan zen. Guretzat bakarrik ez, Azpeitian alde egin genuenetatik ia guztientzat.

Antonio Loinazen zerrenda: azpeitiar abertzaleak Espainiako Gerran

Hala dio Antonio Loinazek elkarrizketan: “Neure liburuan —Nire oroitzapenak— jaso ditut modu batera edo bestera gerrarekin zerikusia izan zuten azpeitiar abertzale guztien izenak. Batzuk gudari izan zirelako, eta beste batzuek herria utzi eta Bizkaira edo atzerrira errefuxiatu behar izan zutelako; fusilatuak izan zirelako ere bai beste batzuk”. Hona hemen Loinazek, “Imanol Olaizola Konfites, Loiola batailoiko azpeitiar gudariaren laguntzarekin” bildutako zerrendak horiek.

Loiola batailoiko Lartaun 2. taldean egon ziren azpeitiarrak.

-Bixente Iturralde tenientea.
-Juan Iturralde sarjentua.
-Joxe Sarasua sarjentua.
-Antonio Loinaz sarjentua.
-Patxi Arrue sarjentua.
-Inazio Jaka sarjentua.
-Joxe Luis Amezua sarjentua.
-Felipe Uranga Azillarri.
-Martzial Aranburu Keixeta.
-Felipe Arrieta Etxezuri.
-Higinio Etxeberria Prantsesa.
-Roman Gesalaga Aginetxe.
-Julian Olarte.
-Pablo Errekagoena Makiberkoa.
-Frantzisko Aizpitarte.
-Joxe Ibarzabal.
-Kandido Mitxelena.
-Antonio Izagirre Bizkiturri.
-Anbroxio Azpiazu Egurtza.
-Roke Azkue kaboa.
-Akilino Izagirre kaboa.
-Plazido Izagirre.
-Balentin Sarasua.
-Felix Gurrrutxaga.
-Joxe Mari Otaño.
-Klemente Arrue.
-Joxe Mari Elias.
-Juan Beobide.
-Eusebio Azpillaga.
-Luxio Azpillaga.
-Joxe Alberdi Bentatxo.
-Joxe Arenas.
-Inazio Arenas.
-Juan Plazaola Garagartza.
-Joxe Antonio Aramendi Garagartzatxo.
-Juan Otaegi Agerre-Beizama.
-Joxe Urbieta Mandiolatza (Legutianon hila).

Loiola batailoiko beste taldeetan ibili ziren azpeitiarrak.

-Inazio Arrieta Etxezuri sukaldaria.
-Urbano Azkue sukaldaria.
-Joxe Miel Egibar Arretxe sukaldaria.
-Joxe Errasti Arraio sukaldaria.
-Ixidro sukaldaria.
-Antonio Aia sarjentua.
-Miel Arregi Iturbide.
-Antonio Odriozola Telleie.
-Inazio Zubimendi Larre.
-Bautista Zubiaurre Urzelaitz.
-Imanol Olaizola Konfites.
-Blas Garmendia Jangoa-Beizama.
-Benantxio Garmendia Jangoa sarjentua.
-Inazio Agirre Enparan-gain.
-Martzial Korta Eperra.
-Jesus Aierbe 'Pekeño'.
-Justo Aranguren Komuntzo.
-Inazio Zendoia Takolo.
-Celestino Iturralde Txandramie (Legutianon hila).
-Joxe Mari Astigarraga Alpargaterue.
-Joxe Mari Etxaniz Zumeta.
-Joxe Odriozola Gerraundi.
-(...) Odriozola Garatxabel.
-Jeremias Etxeberria.

Beste batailoietan ibili ziren azpeitiarrak.

-Rufino Altamira, Amaiur batailoia.
-Joxe Nazabal, Amaiur batailoia.
-Santiago Sudupe tenientea, Amaiur batailoia.
-Inazio Goenaga Arbe, Amaiur batailoia.
-Pio Goikoetxea Orkazarre kapitaina, San Andres batailoia.
-Marzelo Etxaniz Kinttela, Lehenago Hil batailoia.
-Luis Arenas, Alkartzeak batailoia.
-Jesus Urbieta Buenavista tenientea.
-Joxe Azkue, UGT batailoia (Legutianon hila).
-Juan Goikoetxea Orkazarre sarjentua, San Andres batailoia.
-Inazio Aranbarri Diabru, Amuategi batailoia.
-Guillermo Aizpuru Organeikue.
-Joxe Ramon Seges sarjentua, Lehenago Hil batailoia.
-Joxe Antonio Uranga Bakeo-Urrestilla.
-Martzelino Garcia Pantxo.
-Frantzisko Aizpuru Altunekoa-Urrestilla.
-Fernando Odriozola Oielantzun.
-Lino Aramendi Kutxillo.
-Jesus Landa Nuarbekoa, 'Larrañaga' batailoia.
-Julian Otaegi Nuarbekoa.
-Inazio Orbegozo mediku-komandantea.
-Anselmo Kanpos.
-Julian Kanpos.
-Moises Kanpos.
-Alejandro Kanpos.
-Inazio Urdanpilleta Bidani (Durangoko bonbardaketan hila).
-Pablo Altuna tenientea.
-Joxe Odriozola Aitzbeltz (Intxortako frontean hila).
-Juan Juaristi Antonbeltz.
-Antonio Uzin Ondarre ertzaina.
-Modesto Amenabar, San Andres batailoia.
-Joxe Uranga Azillerri, Itxarkundia batailoia.
-Julian Olano ertzaina.
-Alejandro Amenabar ertzaina.
-Joxe Amenabar ertzaina.
-Dionixio Agirre Txapao ertzaina.
-Inoxentxio Larrañaga ertzaina.
-Anastasio Errasti Atxero.

Gerra dela-eta Azpeititik Bizkaira edo atzerrira joandako azpeitiarrak.

-Gregorio Segurola Potxolo.
-Ildefonso Gurrutxaga.
-Karmelo Loinaz.
-Joxe Loinaz.
-Rafael Puignau.
-Joxe Elustondo.
-Iñaki Azpiazu apaiza.
-Antonio Olaizola Konfites.
-Juan Iriondo Txorixero.
-Bixente Orbea Txorixero.
-Inixio Rezabal Potxolo.
-Pako Elias Barbero.
-Guillermo Antxola.
-Gregorio Antxola.
-Damian Goenaga Txaiber (Mutrikuko mendietan fusilatua).
-Roke Larrañaga.
-Roke Azpiazu.
-Inixio Abarrategi.
-Juan Nuanue.
-Juanito Altuna mikeletea.
-Joxe Manuel Alberdi Tolare.
-Manuel Olazabal Potzute.
-Bixente Ballona.
-Manuel Letxuga.
-Julian Lazkano.
-Juan Joxe Lazkano.
-Xiriako Agirre.
-Luis Goenaga Ormaetxe (frontean hila).
-Franzisko Errasti Trukuman.
-Inazio Urdaileta Katran.
-Maria Dolores Olaizola Konfites.
-Maria Altuna.
-Joxe Mari Soazabal Sastrie.
-Baxilio Alberdi Aldatxar.
-Jaxinto Zendoia.
-Fermin Olazabal Kaxkante.
-Joxe Manuel Agirre.
-Gotzon Altuna (Bilbon hila).
-Pako Ibartzabal.
-Kepa Ibartzabal.
-Luis Ibartzabal.
-Iñaki Arregi Ixixti.
-Paul Arregi Ixixti.
-Fidel Zubiaurre.
-Joxe Mari Garmendia Koipe.
-Tomas Odriozola Malkortxo.
-Joxe Azpillaga.
-Joxe Iturralde.
-Rufino Arritokieta Alabier.