Asentxio Zubillaga: "Francoren matxinoek herri garrantzitsu bat hartzen zuten bakoitzean, ospakizuna egiten zen Azpeitiko plazan"

Asentxio Zubillaga (1925), aurten, Azpeitian,   (Ihintza Agirretxe)

Mutil kozkorra baino ez zen Asentxio Zubillaga (1925) erreketeen Montejurra tertzioa Azpeitian sartu zenean, 1936ko irailaren 20an. Parte hartzeko gazteegia, baina nahiko nagusia bere inguruan gertatzen ari zen guztiaz konturatzeko. Frontean borrokatu zuten gudariek eta erreketeek Azpeititik urruti pasatu zuten Espainiako Gerraren parterik handiena. Beraz, urte haietan herrian bertan gertatu zenaren testigantza da Asentxiorena.

Ume begiradarekin ikusi zuen herria nola ari zen husten 1936ko irailaren 19an: ehunka azpeitiar ikusi zituen Urola trena hartzen erreketeak herrian sartu bezperan, beldurrak bultzatuta Bizkaira ihes egiten. Hurrengo egunean, erreketeek Azpeitia hartzean, Batzokiko leihotik zintzilik zeuden ikurrina eta EAJren bandera sutan ikusi zituen, Plaza Txiki erdian. Ordutik, goitik behera eraldatu zen Azpeitiko bizimodua, Asentxioren esanetan: margariten eta pelayoen desfileak igandeko meza nagusia eta gero, isun bidezko jazarpena sendi abertzaleei, Francoren matxinoen lorpenak ospatzeko Plaza Nagusian egiten ziren festak...

Eta gerraostea Azpeitian. Gosea nagusi, Asentxiok esaten duenez. ‘Avastecimientos y Transportes’ delako sailak gidatzen zuen ondasunen bahiketa; ondoren, ondasun horiek errazionamendu kartilla ospetsuen bidez banatzeko, ustez behintzat. 80 gramo ogi zegozkion Asentxiori. Horrela gogoratzen du berak ume garaian ezagutu zuen Azpeitia, gerrak baldintzatutako bizimodu hura.

Espainiako Gerra hasi zenean, umea zinen artean. Nola gogoratzen duzu erreketeak Azpeitira sartu ziren egun hura?

Xiriako Agirre zen herriko alkatea; EAJkoa zen. 1936ko irailaren 19an, erreketeek herria hartu bezperan, kalez kale bandoa jo zuten udaletxearen aginduz, esanez tropa erreketeak bazetozela Bidania aldetik eta herritik alde egin nahi zutenek Bilbo aldera eramango zituztela Urola trenean, bazkalondoan. 12-17 urtetik hasitako mutilak, emakumezkoak... Larunbat arratsaldea zen, irailaren 19a, eta herria ia hutsik gelditu zen; jende asko joan zen. Eta gelditu zirenak, etxetik irten ere egin gabe. Joan zirenen artean, baziren oso diru gutxirekin joandakoak. Ezagutzen nuen bat 19 zentimorekin joan zena; pezetara ere ez zen iristen... Joaten ikusi nituen, ia denak milraias prakak jantzita —‘euskaldunen prakak’ esaten zitzaien— eta poltsikoan zemeikorik gabe!

Alkatea bera, Xiriako Agirre, ez zen joan; hemen gelditu zen, ezkutatuta. Topatu egin zuten, ordea, eta kartzelaratu. Lehenengo bederatzi hilabeteak Iruñeko kartzelan egin zituen. Gero, ordea, hainbat mojen eta gotzain baten bitartekaritza medio, Donostiara, Ondarretako kartzelara eraman zuten. 4 urte eta gero irten zuen kartzelatik Agirrek eta herrira etorri zen. Hasieran, etxetik ia irten gabe egon zen, batzuek ez zutelako begi onez ikusten. Gure aitaren kintoa zen eta pixkanaka-pixkanaka hasi zen gure aitak garai hartan zeukan bizartegira-eta azaltzen.

Igandean sartu ziren erreketeak herrira, irailaren 20an, goizeko hamaikak aldean. Hartzubiko aldapan behetik gora etorri ziren; Gazteko paretik sartu ziren, Landetatik, eta San Pedro gaineraino hurbildu ziren, Enparan-gaineko baserrien atzealdera.

Erasoan sartu al ziren?

Bai. Enparan-gain parean mutil kozkor batzuk zebiltzan jolasean. Erreketeek pareta atzean norbait erdi ezkutuan ikusi eta, euren etsaia zela pentsatuz, tiro egin zuten metrailadore batekin. Jo eta su aritu ziren, herritik entzuten genituen tiro hotsak: ta-ta-ta-ta. Jolasean ari ziren umeetako bat hil egin zuten; seko geratu zen gaixoa. Ni baino gaztetxoagoa zen ume hura eta Kukubiltxo deitzen genion. Beste ume bat zaurituta gelditu zen, bizkarrean tiroak zituela. Enparan-gain baserrikoak ziren bi umeak. Han bi etxebizitza zeuden eta bakoitza etxebizitza batekoa zen. Zauritutakoa, Miserikordiara eraman zuten sendatzera.

Garai hartan Batzokia Plaza Txikian zegoen eta hiru bandera edukitzen zituzten leihotik zintzilik: EAJrena, ikurrina eta emakumeen taldekoa. Erreketeak sartu zirenean, bandera horiek bota egin zituzten leihoetatik Plaza Txiki erdira eta, behin lurrean, su eman zieten. Gainera, tropak sartu zirenean, udaletxeko balkoian Errepublikaren bandera zegoen zintzilik. Udaletxean agintzen jarri zirenek nafar erreketeei eman zieten bandera hura eta Nafarroan dago orain gordeta. Plazak aurretik, ‘Plaza de la Republica’ zuen izena, baina erreketeak herrian sartu zirenean, ‘Plaza Mayor de Navarra’ izena jarri zioten.

Ordurako Loiolan biltzen ziren herriko gudariak ebakuatuta zeuden; zeuk esan bezala, abertzale gehienak ere alde eginda zeuden bezperatik. Geratu zen jendeak nolako harrera egin zien tropa erreketeei?

Pentsa, sartu zirenean kanpaiak eta guzti jo zituzten hemen! Emakume asko, berriz, pasatzen ziren soldadu erreketeei edari ‘generosoak’ ematen aritu ziren —orduan hala esaten genien markako edariei— eta musuak ematen ere bai. Suziriak ere bota zituzten! Izan ere, herrian bazeuden lehen karlista izan eta hala izaten jarraitzen zuten asko. Errekete guztiek txapel gorria eramaten zuten, baina batzuek txapel gorritik zintzilik borla morea zeukaten, bereizteko bezala. Borla hori zutenak apaizak izaten ziren, gerrara boluntario joandako apaizak!

Tropak sartu eta segituan, igande hartan bertan, errekete bat etorri zen gure etxera. Gure aitari izena eta abizenak galdetu zizkion: “Patrizio Zubillaga Amenabar”, erantzun zuen aitak, bere izen-abizenak emanez. Ileapantzailea zen eta bizartegia irekitzeko agindu zioten, tropei ilea eta bizarra mozteko. Egundoko bizarrarekin etorri ziren soldadu denak eta doan lana egin behar... Egunetan jardun behar izan genuen lana eta lana, besterik egin gabe. Eta zemeikorik jaso gabe! Orduan hasi nintzen ni aitari bizartegian laguntzen.

Zuen etxean zer giro politiko zegoen?

Azpeitian lehenengo Errepublikako ikurra gure etxean ipini zen; Azpeitiko lehenengoa. Orain ere badaukat Errepublikako bandera, etxean gordeta. Neure egunean oparitu zidaten eta hurrengo urtean Errepublikaren egunean, apirilaren 14an, balkoitik zintzilik jarriko dut!

Gure aitari ‘Responsabilidades politicas’ delako isuna jarri zioten, beraien paperetan separatista bezala agertzen zelako. Mila pezetako isuna jarri zioten! Atera kontuak, garai hartan mila pezeta... Etxean gordeta daukat oraindik errezibo hura. Isuna ordaintzera Enparan Dorretxera joan behar izan genuen. Aita eta biok joan ginen, ni lekuko bezala. Azpeitiar batek kobratu zigun isuna, bera orduan ‘Junta Carlista de Guerra’ delakoan presidente zegoelako.

“Eskolan tropa karlisten lorpenak kontatzen zizkigun irakasleak”

Agintean alderdi abertzale bat zuen herria izatetik, militarki hartuta zegoen herria izatera pasatu zen Azpeitia. Panorama asko aldatuko zen, ezta?

Bai, herria dena militarrek hartuta zegoen. Sartu ziren egunean bertan, arratsaldean Errepublikaren alde frontera joandakoen komertzioak errekisatu egin zituzten; Requisado por la Junta Carlista de Guerra zioen kartela jartzen zuten atean. Neska asko, berriz, hartzen zituzten eta ilea moztu zieten, zerora! Poxpolin edo dantzariak ziren neska haiek denak, ‘dantzari txikiak’ esaten zitzaienak. Etxetik irten gabe egon ziren haietako makina bat... Izan ere, guztiz beldurtuta zeuden, baita gutako asko ere. Asko aldatu ziren gauzak herrian erreketeak sartu eta gero; guretzako, txarrera.

Gainera, erreketeak herrian sartu eta bi edo hiru egunera, herritar denak txapel gorriarekin ikusten ziren kalean! Inork ez zuen txintik esaten eta lotsa ematen zuen egoerak. Astelehen hartan gainontzeko haur guztiak txapel gorriarekin agertu ziren eskolara, gu izan ezik. Propaganda bezala txapel gorri pila ekarri zituzten erreketeek, eta doan eman. Azkoitian bazegoen txapel fabrika bat eta nagusiak txapel beltzak hartu eta gorriz tindatu zituen. Denak txapel gorriekin! Baita eskolan ere. Guk zer egingo, eta ez joan eskolara! Nik hartu nuen desilusioa tropak herrira sartu eta, bat-batean, denak txapel gorriarekin ikusi nituenean...

Horren kontura, badago pasadizo bat. Feri eguna zen, hileko hirugarren asteazkena. Plaza ertzetik hala esan zidan batek: “Asentxio, etor hadi hona! Begira ezak plazara! Tindatutako txapel gorriak tornasol jarri zaizkiek...”. Izugarrizko eguzkia zegoela gogoratzen dut. Baserritarrak brusa jantzita etortzen ziren garai hartan, gehienak brusa beltz-beltzarekin, eta txapel gorri-gorriarekin. Orduan jo zuen eguzkiarekin, tornasol jarri ez zitzaizkien ba txapelak...

Herriko giroa nabarmen karlisten aldekoa, beraz.

Bai. Horretaz gain, parrokian igandeetan meza nagusia jarri zuten etorritako soldadu haientzat guztientzat. Herriko errekete nagusiak aldare ondoan jartzen ziren, fusil alemanak eskuan hartuta, zaindari bezala. Meza eta gero, pelaioen eta margariten desfilea izaten zen. Zibilek osatzen zuten pelaioen talde hori, herritarrek, eta meza nagusia bukatzean formatu eta desfilatu egiten zuten. Erreketeen uniformea janzten zuten, txapel gorri eta guzti, eta eskuetan egurrezko fusil bat eramaten zuten. Horrekin soldadu erreketeak omendu nahi izaten zituzten. Errebal ertzeraino joaten ziren, desfilatzen; han buelta hartu eta berriro eliz atariraino etortzen ziren. Herriko mutil gazte asko ibiltzen ziren pelaio, baita karlista ez ziren asko ere; gu izan ezik, beste denak! Desfilatzen ari ziren bitartean, autoritateak San Agustinpen egoten ziren, udaletxe azpian, beraiei begira. Teniente koronel batek zuzentzen zuen desfilea eta hark ematen zizkien aginduak pelaioei: “¡Vista a la izquierda! ¡Vista a la derecha! ¡Viva!”, eta guztiek buelta hartzen zuten. Guk igandeetan ere lan egiten genuen eta bizartegiko gortinak jaitsita izaten genituen lanean ari ginen bitartean. Eta han aurretik pasatzen ikusten genituen pelaio guztiak. Ehun edo gehiago izango ziren; emakumeak beste hainbeste.

Emakumeek ere parte hartzen al zuten desfile haietan?

Bai ba, herriko neska polit denek! Emakume haiei ‘margaritak’ deitzen zieten. Borladun txapel zuria janzten zuten, dotore-dotore; orduko modan apainduta egoten ziren. Paparra inork baino gorago! Desfileen kontua, indar erakusketa hori, gogorra zen nazionalistentzat baina aguantatu egin behar, zer erremedio!

Zestoan ospitale militarra egon zen eta hortik zaldiz paseo eginez Azpeitiraino etortzen ziren askotan erreketeak. Eta Azpeitiko señoritak eta margaritak haiekin jarduten zuten dantzan, Azpeitiko Kasinoko saloi nagusian. Hemengo señorita haietako asko ezkondu ere egin ziren erreketeekin. Herrian ez baitzegoen euren tamainako mutilik...

Soldadu mugimendu handia egoten zen herrian, hortaz.

Konpainiak etortzen ziren, errefortzuak. Horretaz gain, atsedena hartzera ere etortzen ziren tropak batzuetan. Horietako gehienak nafarrak ziren eta, hona etorritakoan, udaletxe azpian zeuden gela batzuetan egiten zuten lo. Etortzen zirenean, udaletxetik bandoa jotzen zuten eta herritarrok koltxoiak eraman behar izaten genituen, soldaduek non lo egin izan zezaten. Gure etxetik bi koltxoi eraman behar izan genituen baina, hala ere, zortea izan genuen: askotan soldaduek alde egin eta koltxoiak han gelditzen ziren, jaberik gabe, baina guri itzuli egin zizkiguten.

Enfrentamendu zuzenak, ordea, gutxi izan ziren hemen.

Hemen tiroak eta halakoak gutxi izan ziren. Bonbak bai, ordea, bonbak erori ziren; bonbardaketak egon ziren. Parroki atzean bota zuten bonba bat eta hildako bat egon zen. Loiolan ere bota izan zituzten; lagun bat hankak moztuta geratu zen, baina bizirik irten zuen.

Azpeititik nola segitzen zenituzten gerraren nondik norakoak?

Egunkariak leitzen genituen, baina beti batzuen ikuspegia ematen zuten: “¡Diez kilometros de avance! ¡Tantos kilometros de avance!”, gerrako albisteak oihuka esaten jarduten zuten egunkari saltzaileek. Hemen La Voz de España eta Diario ziren egunkari bakarrak, ez zegoen beste bueltarik.

Eskolan, berriz, sartu orduko Espainiako ereserkia abesten genuen. Hori eta gero, mapa bat erakusten ziguten arbelean, koloreetako klarionekin margotuta: “Las tropas han conquistado aquello y lo otro...”, tropek aurrera nola egiten zuten azaltzen zigun irakasleak, karlisten lorpenak. Bazkalondoan, berriz, arrosarioa errezatzen genuen. Nik errezo horiek ikasten jardun behar izan nuen, ez nengoelako ohituta. Eskola liburuxketan ere dataren ondoan honako esaldia idatzi behar izaten genuen: “1937, 1. año triunfal; 1938, 2. año triunfal...”.

Bestetik, Francoren matxinoek herri garrantzitsu bat hartzen zuten bakoitzean, gauetan ospakizuna egiten zen Azpeitiko Plazan Nagusian. Bilbo hartu zutenean hasi ziren, 1937an, eta gero handik aurrera herri handi bat hartutako bakoitzean egiten zuten festa hemen. Herriko bi karlista garrantzitsuk hitz egiten zuten, erreketeek egindakoa goraipatzen. Egundoko jendetza izaten zen jaialdietan, plaza dena beteta.

Frontean hiltzen ziren erreketeen berri ere izaten genuen. Hil zela jakin bai, baina gorputza herrira iristerako hainbat egun pasatzen ziren; akaso, lau edo bost egun. Soldadu erreketeek ekarri eta udaletxera eramaten zituzten. Maristak eskolako haur guztiok hura ikustera eramaten gintuzten, udaletxera. Usaina ikaragarria izaten zen. Izan ere, gorputzetako asko bonbak edo metrailak zartatuta egoten ziren.

Soldadu erreketeen hileta elizkizunak izaten zirenean, herri guztia gelditu egiten zen, dendak itxi egiten zituzten eta langileek irten egin behar izaten zuten lantegietatik. Gure aita behin joan zen elizkizun batera, gerra hasi eta berehalaxe, hildakoa bere laguna izandakoa zelako. Denek txapel gorria zeramaten han, gure aitak izan ezik —txapel beltza erabiltzen zuen—, eta aita elizara sartzera zihoanean, oihuka hasi zitzaizkion: “Justizia! Oraindik ba al daude txapel beltzarekin ibiltzen direnak?!”. Gure aita gehiago ez zen joan, etxean gelditzen zen, hiletak iraun bitartean bizartegia itxi egin behar izaten zuelako. Hura errukarria izaten zen!

Hildako nazionalisten gorputzak ez ziren iristen, baina jakin, jakiten genuen hil zirela. Dena dela, nazionalistak oso gutxi hil ziren, erreketeak baino gutxiago bai, behintzat. Gertatzen dena da, lubakian babestuta baldin bazaude —horma atzean bada ere— eta bestea baldin bada aurretik etorri behar duena, erasotzen duten soldaduak gehiago hiltzen direla. Eta, kasu hartan, erreketeek erasotzen zuten eta gudariek defenditu.

Eliza aipatu duzu. Zein izan zen herrian bere jarrera?

Abade gehienek beste aldera, altxamenduaren aldera egin zuten. Gainera, ordena iritsi zitzaien abadeei Gotzaindegitik meza guztia erdaraz emateko. Pentsa, erdaraz nik baino gutxiago zekiten abadeek; erretoreak ere nik baino okerrago hitz egiten zuen erdaraz. Gainera, 'Oracion por España' egiten zen meza garaian.

Erreketeek herria hartu aurretik zegoen alkatea, Xiriako Agirre nazionalista, oso pertsona zintzoa zen. Egunero 08:30eko mezetara joan eta Jauna hartzen zuen. Egun batean joan ziren mezetara emaztea eta biak, abadeak andreari eman zion Jauna, baina Xiriako Agirreri berari ez. Bi edo hiru buelta eman zituen, baina abadeak ez zion Jauna ematen. Horregatik, orduan esaten zen bezala, abadea ‘fue llamado al orden’; alegia, ordenara deitu zuten. Xiriako Agirreren aurrera eraman zuten galdeketa egitera eta:

—“Zuk zergatik egin didazu hori niri?”, alkateak abadeari.

—“Separatista zarelako!”, erantzun zion abadeak.

—“‘Gorrietakoa’ naizela ni?”.

—“Bai, hala-modukoak zarete zuek!”.

—“Hori al da nire bekatua, EAJkoa izatea?”, alkatearen galdera. Azkenean, aske utzi zuen abadea. Herrian asko zabaldu zen albistea, abadeak Jauna hartzea ukatu ziola alkateari.

Eta komunistarik, anarkistarik... ba al zegoen herrian? Izan ere, Errepublikaren aldeko frontea, batik bat, gudari abertzaleek osatu zuten Azpeitian, ezta?

Errepublikanoak batzuk bazeuden. Gure aita halakoa zen, baina elizara-eta berdin-berdin joaten ziren.

“Gerraostean zakuz egindako prakak janzten genituen”

Gerraostea nola bizi izan zenuten Azpeitian?

Gosea, gosea kristorena! Blokeoa egon zen. Ingelesek eta frantsesek blokeoa egin zioten Espainiari. Kanpotik ezin zen ezer ekarri eta, Espainia guztia gerran ibili zenez, uzta txikia izan zen urte haietan. Lur asko zegoen orduan, orain fabrika asko dagoen bezala, baina baserritarrek eurentzako lantzen zuten lurra. Ez zegoen lurra lantzeko jenderik, denak gerran zebiltzalako. Dena dela, estraperloa ere bazegoen eta sasoi hartan batzuek dirua egin zuten.

Gerran bertan ere pasatu genuen gosea, baina artean ez hainbeste. Gero, erreserbak gastatu zirenean eta uzta berririk egon ez zenean, orduan hasi zen benetako gosea, gerraostean. Izan ere, denak gerran ibili ziren elkarri tiroka eta inork ez zuen lurra landu. Hemen artoa eta halakoak ereiten ziren, baina Francoren gobernuko ‘Avastecimientos y Transportes’ delako sailak dena bahitzen zuen, ondoren errazionatzekotan. Hori probintzia bakoitzean bertako Gobernu Zibilak zuzentzen zuen. Hortik generoa herri bakoitzera ekartzen zuten. Gero udal bakoitzak errazionamendu kartillak banatzen zituen herritarren artean. Ogia ere errazionatuta egoten zen; 80 gramo ematen zizkidaten niri, oraindik gogoan dut. Tailerrean lan egiten zutenei, berriz, 160 gramoko ogia ematen zieten.

Avastecimientos y Transportes-ekoak etortzen zirenean, justu-justukoa ematen ziguten. Eta arropa, berriz... Zakuz egindako prakak janzten genituen; nahiago nuke praka haiek ikusiko balitu jendeak... Ahal zen bezala janzten ginen, ahal zen bezala!

Justuan bizi zen jendea.

Hala da. Neu gosearekin anemia harrapatuta egon nintzen, eta hori guk baratze pusketa bat bagenuela. Behin baratzetik zaku patata erdia nekarren gurdi txiki kaskar baten gainean eta herriko multazale horietako batek gelditu ninduen: “Hi, nora hoa horrekin? Horrenbeste egiten al duzue baratze horretan?”. Eta nik: “Hauxe ez duk ba daukagun guztia! Badakik, txikia duk baratzea”. Hala ere, patatak entregatzera behartu ninduen.

Guk, dena den, zorte ona izan genuen. Aitak lana izaten zuen eta neuk ere laguntzen nion. Horrekin bakarrik, aitari bizartegian lagundutakoarekin, zerbaiterako iristen zitzaidan. Gero gauetan, Don Victoriano Fernandez maisu beltza-ren klasera joaten nintzen, hura soldadutzatik etorri eta gero.

Zeinek hartu zuen agintea Azpeitian nazionalistak kanporatu eta gero?

Orduan herrian jaun eta jabe karlistak ziren. Erreketeak ez, karlistak. Hau da, gerran ibilitakoek ez zuten agintzen. Besteek, jauntxoek, herrian lasai-lasai gelditu ziren karlistek agintzen zuten hemen. Alkatea ere gobernadoreak aukeratzen zuen, bere nahien arabera. Ignacio Egaña egon zen urte askoan alkate Azpeitian. Garai hartan pertsona bera egoten zen urte askoan Alkatetzan.

Sasoi hartan inork ez zuen hitzik egiten hemen gerraz, beldurragatik-edo. Hemen denak karlista bilakatu ziren, denak beste aldean jarri ziren.

Errepublikaren alde frontera joandako askoren senideak herrian gelditu ziren. Zer egoeratan zeuden haiek? Jasaten al zuten jazarpenik etsaien senide izateagatik?

Senideak multaz josita zeuden. Isuna isunaren atzetik zuten. Batzuk atxilotu ere egiten zituzten; kuartelera eramaten zituzten. Gerrak iraun zuen bitartean, jazarpena jasan zuten. Salaketa eta salaketa besterik ez zegoen orduan hemen! Salaketak modu honetan egiten ziren: pentsa nik halako salatu nahi nuela, eta kuartelera joan eta haren izena ematea nahikoa zen; nazionalista edo Errepublikaren aldekoa baldin bazen salatutako hura, kuartelera joateko deituko zioten berehala. Ez zuten ezer gehiago behar izaten norbait kuartelera eramateko. Hura bai diktadura!

Eta gerra ondoren etxera itzuli ziren galtzaileekin zer gertatu zen?

Arazoak izan zituzten, ez zietelako lanik ematen, inork ez. Egia esan, orduan lana asko ez zegoen. Egon ziren ondo portatu zirenak. Damaso lantokian, adibidez, badakit gudari ibilitako Azkoitiko eta Azpeitiko askori eman zietela lana. Han joaten ziren: “Aizu, ez daukat ba lanik...”. “Ez daukaala lanik?! Eta hik nahi al duk lana egin? Orduan etor hadi hona”, eta horrelaxe hasten ziren haiek lanean. Gogoratzen dut nola etortzen ziren gerratik bueltan zetozenak; gehienak 'Trabajadores'-etan ibili eta gero. Kolorea bai, ederra ekartzen zuten, eguzkitan lanean jarduteagatik, baina argal-argal eginda etortzen ziren.