11. Kapitulua

Khole urduri zebilen. Eta okerrena ez zen hori, izan ere berak ere ez zekien zehatz mehatz zein zen sentimentu haren jatorria. Arazoak zituen baina hau ez zen harritzekoa ere. Berak beti izaten zituen arazoak. Goseak zegoen animalia bat odolaren usainak erakartzen zuen moduan, bazirudien Khole arazoak erakartzeko jaioa zela.

Baina ez zen hain sinplea. Kholek ez zuen batere bizitza samurra izan bere hamabost urteetan. Denbora gutxi barru, hamasei egingo zituen baina bere izaera eta portaera ezagutu ezkero hamar urte helduagoa ematen zuen. Eta izan behar zuen. Izan ere, bizitzak beti gogorregi jo zuen arren, zortzi urte zituela aita sendatu ezinik zebilen Tuberkulosiak eraman zionetik, bere etxean gauzak gainbehera amaigabe batean murgildu ziren. Ama depresio luze batean sartu zen baina poliki-poliki bizi poza berreskuratzea lortu zuen beragatik baino gehiago zituen bi alabengatik. Auzoan familia maitatua izaki, auzotarrek ere ikaragarri lagundu zioten Kholeren amari. Laguntza animikoaz gain eta zituzten diru iturriak eskazak zirela jakinik, gailetez edo frutez osaturiko jakiez etorri ohi ziren Kholeren amari bisita legea egitera. Kholeren ahizpa txikiak hamaika urte zituen orduan baina aita hil zenean hiru baino ez zituenez ez zen bere aitarekin gehiegi gogoratzen. Aitaren aurpegi alaia eta egiten zuen barre zaratatsuaz bakarrik oroitzen zen ozta-ozta.

Khole triste sentitzen zen aitarekin gogoratzen zen bakoitzean eta musu gehiago ez emanaz edo maite zuela ez esateaz damutzen zen. Hala ere, bazekien aitak ez zuela horrela pentsatu zezan nahi izango eta esfortzu bat eginez bere umoreaz gogoratu eta erakusten zuen lasaitasunarekin oroitzen zen.

Dena den, arazo hauek eta gehiago buruan izan arren, beste zerbaitek kezkatzen zuen Kholeren burua azkenengo egun haietan. Akeem izeneko mutil hura etortzen zitzaion gogora behin eta berriz. Nola ausartu ote zen atzetik horren lotsagabe jarraitzen ??? Eta harrapatu eta aurre egin zionean jarri zuen tonto aurpegi hura ??? Horren haserre egon ez balitz, bertan algaraka hasiko zitzaion Khole.

Gauzak ez ziren horrela egiten. Bera ez zegoen prest edozein mutilekin txorakeriatan ibiltzeko. Egia esan behar bazen, ez zen alferrik galdutako mutila Akeem hura. Oso garaia zen eta hori asko gustatzen zitzaion Kholeri. Egia esan, agian garaiegia berarentzat. Gutxienez burua kentzen zion behintzat. Horren mutil altuek beti erakartzen zuten. Ahoaren forma ederrari ere erreparatu zion eta hortza zuri ondo formatuez gain ezpain erakargarriak zituela onartu beharra zuen.

Baina guzti hau ez zen nahikoa. Auzoan azkarregi ezkondu ziren emakumeen adibilde pilo bat zegoen. Asko eta asko lehenbizi ezagututako gizonekin ezkondu ohi ziren, apenas hamasei edo hamazazpi urte zituztenean. Konturatzerako bi edo hiru umez betea izaten zuten etxea eta hau gutxi balitz gizona beste emakumeren batekin joan ohi zitzaien sarritan. Beste gizon batzuk, alkoholari ematen zioten edo oraindik okerrago, beraien frustrazioak emakumeak jipoituz askatzen zituzten. Denak ez ziren horrelakoak noski, baina edozein emakume gaztek goizegi ezkontzeaz gain okerreko gizonezkoa aukeratzen bazuen, oso garesti ordain zezakeen akats hura bizitza osoan.

Kholek ez zuen akats hura egingo. Beste akats batzu egin zituen eta bizitza latz hartan gehiago egingo zituela jakin bazekien, baina ez zegoen prest edozein mutilekin ibiltzearen tentandian erortzeko. Hobe bakarrik lagun txarrarekin ibili baino. Gainera hori baino gauza garrantzitsuagoak zituen buruan orain. Amak bere laguntza behar zuen esnea saltzeko orduan eta ahizpak, eman ezin zion atentzio iturria eskatzen zion maiz. Batzuetan, bere zorionaren ordez ingurukoena bilatzen ziharduela iruditzen zitzaion Kholeri. Txikia zenetik, arazoak bata bestearen atzetik pilatzen joan zitzaizkion eta ia inorren laguntzarik gabe konpontzen ikasi behar izan zuen. Agian honexegatik, besteen arazoez ere erraz jabetzen zela iruditzen zitzaion eta lagundu zezakeela uste bazuen, ez zuen zalantzarik izango. Hori bai, bere arazoez hitz egitea beste gauza bat zen. Ikaragarri kostatzen zitzaion barru barruan zituen sentimentuez hitz egitea.