17. Kapitulua

Akeemek ez zuen Malanjek eskaintzen zizkion paisaia desberdinez gozatzeko abagunerik izan Astelehen eguzkitsu hartan. Etxera bidean, kolore iluneko ideiak bakarrik erakartzen zizkion garunak. Orain seguru zegoen. Zerbait gertatu zen eta segituan jakingo zuen zer zen. Beroa eta korrika egitearen ondorioz izerdi patsetan bazegoen ere, bizkarrezurrean behera hotzikara bat sentitu zuen, ekaitzak zerua alde batetik bestera zeharkatu ohi duen antzera.

Korrikarako anaia Karimek zuen gaitasunik ez bazuen ere, uste baino lehenago heldu zen Akeem familiaren babesera. Etxe aurrea ikusi orduko, korrika egiteari utzi eta oinez ibiltzeari ekin zion. Bapatean, ez zegoen aurrera egin behar ote zuen erabat ziur. Atarian jende multzo handi bat ikusi zuen, elkarren artean hizketan, ahopean. Arnasa sakon hartu eta gero gerturatzeari ekin zion Akeemek, poliki hasieran eta bizkorrago gero, bihotzaren taupadak bularra astintzen sentitzen zituen bitartean.

Akeem ikusi eta ezagutzeaz bat, bere bidetik kendu eta isiltzen joan zen jende multzoa. Batzuk, bapatean zeregin mordoa izan balute bezala, aldentzen joan ziren, burumakur eta errespetuz. Beste batzuk, jakinminak jota, inguruetan gelditu ziren. Ez zekiten zer esan edo zer egin baina ez zituzten begiak Akeemengandik kentzen.

Akeemek aita ikusi zuen. Etxe aurrean eserita zegoen, bakarrik, bizkarra paretean itsatsita eta eskuak aurpegia estaltzen.

-Aita, ni naiz Akeem.- bere ondoan kokatu zen gaztea baina aitak ez zuela entzuten ematen zuen. - Zer.... ze gertatzen da ?

Beldurrez egin zuen azkenengo galdera hura Akeemek. Aitak ozta-ozta kendu zituen eskuak aurpegitik, mugimendu bakoitza egiteak esfortzu ikaragarria eskatu balio bezala. Begiak handituta eta gorrituta nabari zitzaizkion, negar egin zuen seinale garbia.

-Hire arreba.....- hitz bakoitza negar zotinen tartean ateratzen zitzaion, bularra eten gabe gora eta behera mugitzen zitzaion bitartean- arreba.... zera....

Ezin izan zuen gehiago esan. Etsipenez beteriko negarrari ekin zion berriro, ama galdu berri duen ume baten antzera. Gehiago sekula bakerik aurkituko ez duenaren moduan.

Hura ikusita, Akeemek barrura sartzea erabaki zuen. Ezin zuen ezjakintasun hura gehiego jasan. Zer gertatu zen jakin beharra zuen eta azkar gainera.

Sartu ondoren ikusi zuen lehenengo pertsona ama izan zen. Belaunikatuta zetzan, Karim, Rokia eta Marak lo egin ohi zuten lekutik gertu. Segundu batzu behar izan zituen Akeemek errezoan ari zela konturatzeko, eskuan bilduta zeraman errosarioa ikusi ondoren. Bere ondoan belaunikatu zen, astirik galdu gabe.

-Ama ? Ondo zaude ? Non dira besteak ?- Galdetu zion larritasunak gainezka egin beharrean.

-Akeem ? Zu zara ?- Emakumearen begiak semeari begiratu zioten arren Akeem segituan konturatu zen amaren gogoa beste nonbait zela. Azkena ikusi zuenetik ordu gutxi batzu igaro baziren ere, bazirudien bapatean hamar edo hamabost urte zahartu zela. Ilea garbitu gabe zeraman, begiak puztuta zituen, azaleko ximurrak ohi baino gehiago nabaritzen zitzaizkion...

-Ama !!! Entzuidazu segundu batean, arren !!! Zer gertatu da ??? - Akeemek amaren aurpegiari heldu zion indarrez, begiak malkoak isurtzeko zorian zeuden bitartean.

-Min egin diote seme, min handia. Ez duzu ikusten ?- bota zion amak hotz, amorruak eta tristurak gainezka egiten ziotela sentitzen zuela.

Orduan konturatu zen Akeem. Begi bistan izan zuen denbora guztian eta ez zen ikusteko gai izan. Hiru manta desberdin eta nahasiren artean, buru bat igarri zitekeen. Rokia zela konturatu zen Akeem. Aurpegia hormara begira zuen eta ez zuen zirkinik egiten. Gorputza manta barruan barreiaturik zuen eta han hemenka odol arrasto txiki batzuk nabari zitezkeen.

Amak ondoren esan zituen hitzak ez zituen Akeemek inoiz ahaztuko. Bere barruan, barne barnean, ikus ezin zitekeen zauri bat utziko zioten, bizi osoan atzetik izango zuen zauria:

-Bortxatu eta jipoitu egin dute Akeem. Gupidagabe. Utziozu orain atseden hartzen, hori da momentuz behar duen bakarra. Atsedena.

Akeemek begiak itxi zituen, nahigabe, amorru eta tristura infinitu batek gain hartzen zioten bitartean. Amaren besoa bere sorbaldan luzatzen nabaritu zuen, indartsu eta sendo. Orduan, soilik bizitzaren alde gogor eta mingotsena ikusi duten pertsonek egin dezaketen moduan, kontsolamendurik gabeko negar huts eta amaigabe bati ekin zion.