Memori nagiya

Iņaki Azkune

Urolaldeko bertso zaharrak aurten hogeita bost urte egiten ditu eta horren kariaz berriargitaratzea pentsatu du Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak. Hori dela eta, hitz batzuk idaztea proposatu didate, nik zerikusia izan nuelakoan lehen argitalpenean.

Egia esan, hogeita bost urte asko dira pertsona baten bizitzan eta ez naiz ongi gogoratzen zein izan zen orduan nire egitekoa. Ezer izatekotan, oso puntuala eta zeharkakoa izan zen, inolaz ere.

Ni 1979-1983 bitartean Institutuan egon nintzen euskara irakasle. Eta garai hartan gaur baino askatasun handiagoa genuen klaseak antolatzeko. Beharbada hortik dator nire eragina. Klaseetan saiatzen nintzen, ahal nuen neurrian, orduko poesia kantuen bidez lantzen. Horrekin batera bertso zaharrak ere aipatzen genituen eta, nola ez, bailarakoak ere bai. Esan behar da ikasleen artean izan nituela Pako Aristi, Iņigo Aranbarri eta Antxarra. Horiek izan ziren, beste askoren artean, lana aurrera atera zutenak.

Bestalde, oso harreman estua nuen AEK mugimenduarekin, gehienbat irakasleekin. Horien kezka betikoa zen: dirua. Dirurik ez zegoen irakasleei soldata ordaintzeko, ezta eguneroko funtzionamendurako ere. Orduan ez dakit nori, baina norbaiti bururatu zitzaion zinta bat ateratzea bailarako bertso zaharrekin, dirua lortzearren.

Ideia onartu eta Pako eta Antxarra --Azkoitiko AEK barruan zegoen-- hasi ziren lanean. Pako musikaz eta musikari taldeaz arduratu zen eta Antxarra-k, berriz, bere gain hartu zuen antolaketa lan guztia. Bi horiena da meritu handiena!

Nola edo hala zinta grabatu zen eta gogoratzen naiz udaletxean egin zela aurkezpena, nahiko arrakastatsua. Baina benetako lana hurrengo asteetakoa izan zen. Igandero, txandaka, udaletxe azpian saiatzen ginen zintak saltzen. Kasete batean jarri altu samar eta han egoten ginen hotzak. Jendeak gustura entzuten zuen eta erosi ere bai. Zenbat saldu genuen ez dakit, baina baziren guregana etorri eta bertso eta bertsolariei buruz xehetasunak ematen zizkigutenak.

Bukatzeko, aipatu grabazioan parte hartutakoak, eta sosik kobratu gabe, gainera. Bestetik, eskerrak eman Uztarriakoei orduko hasiera apal hari jarraipen egokia eman diotelako.