18. Baserritarra zer dan
Urkiolegi
Karmelo Etxegaraik, kaletarraren ikuspegitik, baserritarren bizimodua goratzen bazuen, oraingo honetan, baserritar batek, Urkiolegi-k hain zuzen, baserritarren bizimodu latza eta baserri inguruko miseriak kontatzen dizkigu bertso berri hauetan.
1
Milla bederatzirehun eta
hoitabatgarren urtia,
Jesus Belenen jaio zenetik
honeraino bitartia;
erla-manduak jaten digute
nekazarien partia,
horregatikan komeni zaigu
erreparua jartia.
2
Nekazaria tristia baita
ezer ez badu ganbaran,
aurten larrian mantentzen gera
negu arina nola dan;
Elizarekin kunplitutzeko
Pazkuetako bolaran,
kontzientzia esaminatu
Garizumako denboran.
3
Orain hainbeste desgobierno
errentaren ganantzian
lehenago ez da inoiz ikusi
gure denbora guzian;
basarrikua ondo bizi da
ezjakinen iritzian,
zeinek eskatu ez zaio falta
balu komenientzian.
4
Gaztainadiak igartu dira,
nausiak errenta hazi,
Axarolaren estudiua
nolabait dute ikasi;
lehenago saia, geria gendun,
orain ez degu merezi,
Habana edo Buenos Airesa
juan biharko igasi.
5
Bapore Brasil pagatutzeko
dirua behar galanki,
harentzat hainbat sortu ezkero
barkuan baino hobeki;
ipar-haizeak bultzatuko du,
ez bildurrikan eduki,
gaztaina zahartxo zulodun baten
juango gera poliki
6
Axarola zan lapur listua,
aituko zenduten sarri,
beragandikan estudiua
nolabait dut ekarri;
kabaileron bat horruntz edo honuntz
inoiz ez al zan etorri,
baztar batera bera aldendu,
bidian txapela jarri.
7
Martirioko sufri beharra
nekazarien bizitza,
kontsideratu nahi baldin balitz
ez da ezagutzen gaitza;
nagusi asko alkar hartuta
errenta hazten dabiltza,
geuk ere zerbait jan behar eta
biziro estu gabiltza.
8
Urte tristiak arkitzen dira
nekazaria pozteko,
ez al daukagu arrazoirikan
kargu egiten hasteko?
Guk ez al degu ezer'e behar
jateko edo jazteko?
Zein Aita-santuk agindu die
hola errenta hazteko?
9
Arnasa baten mendian dago
gorputzaren momentua,
behar duenak aditu beza
jartzera nuan puntua:
eleziuan agindutzeko
bai al dute talentua?
Zein ugazabak hartuko luke
nere animan kontua?
10
Bengantza asko egiten dira
indarraren anparuan,
orguilosuen eserlekurik
ez da arkitzen zeruan;
haundi-ustiak zertan harrotu
Epulon baten moduan?
Gizon umilak aginpidea
behar lukete munduan.
11
Batzuek besoz nekatu gabe
buruz jarraitu lanari,
horretarako komenentzirik
ezin ipini danari;
kontribuzio galantak ere
badatozkigu ugari,
ekipajiak preziatuta
saldu deiztegun berari.
12
Pagatu ezin baldin badegu
errekargua prestatu,
biltzen dutena kupira gabe
kasinuetan gastatu;
mikeletiak bialdu eta
etxiak errekisatu,
juan dan urteko azio hori
etzaigu asko gustatu.
13
Andra gaixuak balore gutxi
nola duten gorputzian,
aldamenera alde egin behar
atian presentatzian;
atrebentzia aurpegian ta
errespetua atzian,
galderatxo bat egingo nion
gertatu banintz etxian.
14
Laurak baino lehen neketan hasi,
jan orduak al danian,
hamasei ordu eta gehiago
uderako egunian;
hamar pezeta tokatzen zaizku
zortzi orduko lanian,
sobratzen dana jauntxo hoientzat
urtiaren azkenian.
15
Gorrotagarri kruela dago
jauntxo hoien jeniua;
teatruetan berak jostatzen,
guretzat martiriua;
gaizki egina damu badute
badu erremediua,
ia zer moduz pagatzen duten
extraordinariua.
16
Baserritarrak maite bagendu
arrazoiaren argia,
jauntxo hoieri jarri leioke
tokatzen zaien neurria;
gu alkartzerik ez dutela nahi
zerbait nago igarria;
belarra jaten jarri baino lehen
bila dezagun ogia!
