Unibertsitate garaia

Opus Dei-ko Iruñeko Unibertsitatea Medikuntzako karrera eskaintzen hasi zen. Ordura arte ‘Escuela de Medicina’ bezala funtzionatzen zuen, eta Julian sartu zen urtean lortu zuen unibertsitateak titulu izendapen ofiziala. Ondorioz, Medikuntzako karrerako lehendabiziko promozioko ikasleetako bat izan zen azpeitiarra.

Haien aita ganaduarekin asko ibiltzen zen eta, handitan zer izan nahi zuen galdetzean, albaitaria izatea gustatuko zitzaiola aipatu zion Julianek, biologia asko gustatzen baitzitzaion eta matematikak batere ez; latina, are eta gutxiago. "Julian, pentsatu: medikua bazara, txarrenean ere sukaldean hartuko zaituzte; albaitari bezala, aldiz, beti ukuiluan". Hitz gutxitan dena esan zion aitak, eta pista horretatik medikuntzarekin hasi zen semea. "Muturreko galantak" hartu baditu ere, ez zaio batere damutzen hartutako erabakia, eta berriz ere erabaki beharko balu, Medikuntza egitea erabakiko luke, "zalantzarik gabe".

Ordura arte haien familian ez zen sendagilerik egon eta julian izan zen aitzindaria, ondoren gehiago etorriko zirelako, eta erreskadan, gainera. Hala, haren arreba Manuela Bereziartua pediatra da Donostian, Antigua auzoko anbulategian. Julianen alabak ere medikuntzarekin lotuta daude: Elenak Barne Medikuntzako alorrean egiten du lan Guru-tzetako Ospitalean (Barakaldo), eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da; Elixabete botikarioa da; Amaia psikologoa. Ilobak ere baditu Medikuntza alorrean: batek Santanderren (Kantabria, Espainia) du Medikuntza Orokorreko kontsulta, eta beste bat botikarioa da Hernanin.

Orain ehun ikasletik gora izaten badira klaseetan, Julianen sasoian hamabost besterik ez ziren, eta ongi oroitzen da hamabost haietatik zazpik bakarrik gainditu zutela kurtsoa. Bera izan zen bat, nahiz eta ez zitzaion erraza egin. Asko pozten da Julian gaur egun hainbeste jendek karrera ikasten duela ikustean, eta ikerketa bat gustura egingo lukeela dio, lehen zenbatek ikasten zuten karrera eta orain zenbat diren konparaketa zehatza eginez.

Karreran azterketak egitera Zaragozara (Aragoi, Espainia) joan behar izaten zuten, Iruñean ez baitzegoen baimen ofizialik. Hori horrela zela ikusirik, Iruñean libre egon baino nahiago izan zuen Julianek bera aztertuko zuten maisuak gertutik ezagutzea. Horregatik, bigarren ikasturtean Zaragozara joan zen eta han amaitu zuen karrera. Ikasteko pasatu behar ziren urteei dagokionez, beti azaltzen du, gutxigatik bazen ere, oztopo denak topatu zituela. Izan ere, batxilergoa eta karrerak (zazpi urtekoak biak) iraupen hori izan zuten azkeneko urteak tokatu zitzaizkion. Hurrengo urterako urte bat murriztu zuten luzapena, bai batxilergoan, bai Medikuntzako karreran.

Lehendabiziko urtea Iruñean egin ondoren, beraz, beste seiak Zaragozan egin zituen. Gose handia pasatu zuen bertan. Ikasketek iraun zuten sei urteak pisu batean eman zituen. Garai hartan etxekoandre alargun asko zeuden eta, pobrezia garaian bizi zirenez, ez zen jateko askorik egoten. Esperientzia hori azpeitiar batekin partekatu zuen urte batean: Rodolfo Ravillarekin. Baita gerora bere esanetara egon zen mediku arrasatear batekin ere: Mariano Briones-ekin. Biekin bizi izan zen pisuan eta, gauez asko irteten ez bazuten ere, ongi oroitzen da tarteka egiten zituzten meriendez. "Bodegoietara joaten ginen eta han ardo pixkat batekin otordu edarrak egiten genituen". Zaragozan ez zegoen artean industria askorik baina hiriburu handia zela gogoratzen du Julianek. "Jende noble asko ezagutu nuen, baina militar asko mugitzen zen inguru hartan. Gogoratzen dut, garai hartan Europan zegoen kafetegirik handienean, Cafe Ambos Mundos-en, militarrak juntatzen zirela ia egunero. Gu ere joaten ginen tarteka, baita Pilarikako basilikara ere. Hara, kristau ez zena ere joaten zen. Guk, esaterako, askotan basilikarainoko ibilbidea egiten genuen oinez, gero bost-hamar minutuko sartu-irten bat egiteko. Horrekin gustura gelditzen ginen, eta buelta".