Espezialitatea: zirujau

Bereziartua —ezkerrean—, Azpeitiko zezen-plazan, mediku gisa. 

Karrera bukatu ostean, Donostian jarraitu zuen ibilbidea Julianek, ospitalean, espezialitatea burutzen. Zirujau izan nahi zuen, eta erietxean bertan egon zen praktika bidez ikasten, interno bezala; lo eta dena ospitalean egiten zuen. Ikasten, baina soldata txiki batekin, hilean mila pezeta jasotzen baitzituen, jana eta bata eta praka zuri batzuez gain. Teoria eta praktika uztartzen zituzten. Mikrobioak —estafilokoko, estratokoko...— ez ziren ikasteko errazak, nahasteko erraza zen eta buruz ikasi behar ziren. "Orduan, metodo bat atera behar nuela pentsatu nuen. Baserri guztien izenak nekizkien, bai Errezil aldera, Aratzerreka aldera, Azkoitia aldera... eta baserri bakoitzari mikrobio baten izena jarri nion", azaltzen du Julianek, umoretsu.

Ospitaleko egunerokotasunari begiratuz, egun batean 24 orduko lana izaten zuen; hau da, beti zuzendarien esanetara. Hurrengo eguna, aldiz, guztiz libre, eta hirugarren egunean eguerdira arte izaten zuen lana ospitalean, eta arratsaldean kalean buelta bat eman edo nahi zuena egiteko aukera izaten zuen.

Barneko mediku edo interno bezala, haren eginkizuna sendaketak-eta prestatzea zen eta, zerbait ezberdina zegoenean, ebakuntzaren bat-edo, berau burutzeko pausoak ikasi behar zituzten, unea iristean doktoreari lagundu ahal izateko; bestela, jakina, doktoreari ez zitzaion interesatzen berekin jarraitzea. "Nirekin oso ondo portatu ziren nagusi guztiak. Titulua Valladoliden (Gaztela-Leon, Espainia) eman zidaten, Euskadiri zegokion titulazioa Valladolideko Unibertsitateko departamentuan ematen baitzuten. Iruņekoa, berriz, Zaragozan".

Handik, Donostiako Ospitale Probintzialera pasatu zen, ireki berria zen erietxera. "Han bizi nintzen ni, erditzeko zeuden emakumeak bizi ziren solairu berean. Jan, lo eta lan bertan egiten nuen, barneko mediku bezala igaro nituen bost urteetan". Urte horietan izandako pasadizorik gogoratzen du, nola ez. Hala, lege berriarekin ospitalera sartzeko aukera zuten lehenak probintziakoak ziren, baina bere postua galiziar bati eman zioten. Hura pasatu zen eta beranduago badaere lortu zuen Donostiako ospitalean lan egiten hastea. Lehenengo soldata mila pezetakoa izan zuen; Zaragozan interno zegoenean bezalaxe. Partikularrek gehiago ordaintzen bazuten, eskupekoak-eta beretzat izaten ziren.

Donostian barneko mediku pasatu zituen bost urteetan, ospitaletik irteteko aukera handirik ez zuen izaten. Hainbeste ordu igarotzen zituen ospitale inguruan, ongi oroitzen dela ezkondu bezperan nola atera zen leihotik traste guztiak hartuta, ezkontzara iritsi ahal izateko.

Julianek 21 urte egin zituen Azpeititik kanpora, baina "beti azpeitiar" sentitu da, eta hona itzuli zenetik, are gehiago. Maite Baztarrika Labakarekin ezkondu zen, andoaindarra eta erizaina berau; Valdecillan, Santanderko (Kantabria, Espainia) Ospitale Nagusian ikasi zuen. Izen hori du ospitalak, lanak egiteko diru guztia Valdecillako markesak jarri zuelako; diru asko, gainera, Espainiako Estatuko ospitalerik onena egin baitzuen.

Emaztea ezagutu zueneko anekdota bat ere gogoratzen du Julianek: "Ezagutu nuenean ni Erresidentzian interno bezala nengoen, eta hura erizaina zen. Erizaina, baina nik baino gehiago kobratzen zuen, hura lanean ari zelako eta ni, berriz, espezialitatea egiten. Oraindik ikasten esan daiteke, gaur egungo bekarioak bezala".

Mediku egoiliar gisa Donostiako zentrorik gehienetan egin izan du lan azpeitiarrak: Ospitale Nagusian, Erresidentzian... Antituberkulosoan gutxi egon zen eta Arrasateko Ospitale Psikiatrikoan ere oso gutxi. Azken horretan, baten batek ebakiren bat egiten bazuen deitzen zioten, bestela ez, eta Antituberkulosotik, berriz, barizeen ultzera bat-edo zegoenean.

Donostian bost urte pasatu eta gero, nahikoa espezialdu zela erabaki eta plaza beste bati uzteko garaia iritsi zela ikusi zuen. Hala ere, zuzendariak, etxea ezagutzen zuelako eta beteranoa zelako, nahi bazuen gela bat utziko ziola proposatu zion, eguneko 25 pezetako pentsioa ordainduz. Zirujau titulu eta guzti, orduan hileko bost mila pezeta irabazten zituen, baina oporrik ez zuen izaten. Egun bat libre, beste oso bat lanean eta beste bat jardunaldi zatikatuan. Gainera, aparteko ordainsaririk ere ez zuten jasotzen; beti medikuaren esanetara egon behar zuten.

Donostian zegoela, eta Zirujau titulua lortu zuenean, dirua dela-eta, "harritu eta beldurtu" zuen egoera batez oroitzen da. "Automobil bat erosi nuen Azpeitira etortzeko, eta egun batean Ogasunetik deitu zidaten. Beldurrez joan nintzen, ez nuen ulertzen horrelako gutxieneko soldata bat izanda niri deitzea. Inspektoreak ez zuen ulertzen ni horrela bizitzea, bost mila pezetako soldatarekin. Hark zioen zerbait gehiago irabazi beharra neukala. Azaldu nion interno bezala nengoela, han jan eta lo egiten nuela, eta, gainera, debekatuta nuela bestelako lanik egitea, ospitalean interno nengoelako. Automobila, berriz, mailegu batekin erosi nuela adierazi nion, 50.000 pezeta kostatu zitzaidan maileguarekin. Nik ez nuen ulertzen zergatik deitu zidaten, asko irabazten zutenei bakarrik deitzen zietela uste bainuen. Peoi bezala zebiltzan lagun onak banituen ni bezala kobratzen eta... Azkenean ez zen isunik, ez ezer egon. Dena automobilarengatik izan zen, atera berria zen Seat 1400 bat nuelako. 10-15 urtean taxi bezala ibili zuten Bartzelonan automobila, eta ezagun batek egokitu zidan. Autoa oso baldarra izan arren, potentzia handikoa zen garai hartarako. Hamar zalditik gora zituelako eta gasolinak litroko zortzi pezeta balio zuelako deitu zidaten Ogasunetik".

Donostian bost urte igaro ondoren, plaza bat eman zioten eta lanean hasi zen. Dena dela, aurretik hiru hilabete egin zituen Arrasaten, mediku bat ordezkatzen, Zirujau titulua lortu eta berehala. Ongi oroitzen da Julian Arrasaten iraun zuen denboran Don Mariano Briones medikuaren etxean bizi izan zela. "Zortea izan nuen, ez baizitzaidan inor hil!", esaten du, duen umorearen adierazgarri. Arrasaten "oso jende jatorra" topatu zuela dio, eta garai haiek oroitzean pasadizo batekin gogoratzen da, medikuntza zenbat aldatu den ondo adierazten duena. Han zegoela, beste mediku batek bisita asko izan al zituen eta etxe txiki batean izan ote zituen galdetu zion. Itxuraz, bisitatu behar zituen etxe ugari hain txikiak ziren eta hain egoera txarrean zeuden garai hartan, gaixo edo hildakoak leihotik garabi batekin atera behar izaten zituztela.

Automobila eta dena jarri zioten Arrasaten, eta oso ondo tratatu zuten, baina han ez zuen ezer kobratzen, eta hiru hilabete pasatu eta gero esan zioten beste medikuaren tokia beteko zuela. Baina hori bai, kasu horretan jadanik kobratzen, eta, gainera, beste medikuak kobratzen zuen diru kopuru bera kobratuz. Baldintza horiek onartu egin zituen, baina hilabeteak pasatu eta pasatu, eta dirurik ez zen iristen. Zer gertatzen zen jakiteko, Donostiako orduko Osakidetzara deitu zuen eta, itxuraz, akats bat egon zela ohartu ziren. Izan ere, bera baino 40 urte zaharragoa zen beste Julian Bereziartua bat zegoen, eta hari ordaindu zioten medikuari zegokiona. Gerora, baina puska batera, zorrak kitatuta gelditu ziren. 1961. urtea zen eta orduan 1.000-1.200 pezeta dirua zen. Baina, jakina, gehiegirako ez zuen ematen. Inguru hartan mugitzeko Peugeot markako motor txiki bat erosi zuen, sei mila pezeta balio zuena, eta sei hilabeteko soldata horretan gastatu zuen. Beraz, hainbeste diru ere ez zen. Garai hartan bazkariak 25 pezeta balio zuen taberna batean eta mirari handirik ezin zen egin diru horrekin, motorra ordaindu nahi bazuen.

Donostiako erietxean egon zen bitartean, Eibarko kontsulta batean ere egoten zen. Garai bateko 2 de Mayo kalean zeukan kontsulta, orain El Corte Ingles dagoen tokian. 08:30erako iristen zen hara eta, gaixoak ikuskatu ondoren, operatu behar zenari hitzordua hartu eta Donostian egiten zioten ebakuntza.