11 urterekin lanera

Leo Caro Baroja ezkerrean duela, Enparan Dorretxean egin zen hitzaldi bat aurkeztuz (1977). 

Magdalena auzoan jaioa, Praka Aundineko etxean, hantxe bizi izan zen ia beti. Emaztea, Inaxita Bereziartua, Landeta auzoko Aitzuriaga baserrikoa (Atxubiya) da, eta hara aldatu ziren gero, baina denbora gutxira gaixotu eta hil zen. Hiru anaietan zaharrena –Leopoldo, Agustin eta Anton–, hiru seme izan zituen berak ere –Eneko, Oier eta Haritz–.

Oso goiz hasi zen lanean, oinarrizko ikasketak amaitu aurretik. Aurrena okindegi batean, gauez, 11 urte zituela. Eta berehala, Hermanos Agirre altzari enpresara joan zen. Osaba batek egiten zuen lan han, eta hari laguntzen zion. Enpresaz aldatu zenean, gauetan joaten zen eskolara Leo, Victoriano Fernandez maisu beltza-rengana eta Azkoitiko eskola profesionalera, Aita Madinabeitiarengana. Hala ere, urte haietan ohikoa zen bezala, ez zuen ikasketekin luzaro jarraitzeko aukerarik eduki, 14 urterekin-edo utzi baitzituen, lanean segitzeko.

Gogorrak ziren orduan lan baldintzak, luzeak lanegunak. Ordu asko sartu behar izaten zituzten egunero, eta ez zegoen langileen eskubideak defendatuko zituen sindikaturik. Egon bai, ELA, adibidez, 1911n sortu zen, baina frankismoak legez kanpo utzi zituen guztiak. Erregimenak ofizialtzat jo zuen Organización Sindical Española izan zen salbuespena, ‘sindikatu bertikal’ izenez ezagutzen zena.

Leok, ordea, gaztetatik egin zituen bere langileriaren kezkak. Hala, Acción Católica-ren inguruan mugitzen ziren taldeetan parte hartzen hasi zen. Oargi zen horietako bat, arte eta kultura arloko gaiak lantzen zituena. Han egin zituen herrigintzako lehen urratsak. Acción Católica-ren barnean zegoen Juventud Obrera Católica-n (JOC) ere ibili zen. Tailerretan lan egiten zuten gazteek osatzen zuen talde hura, eta sindikatuen antzeko jarduera betetzen zuen, jendeak formazio bat hartzea eta langileen arazoak aztertzea baitziren haren zeregin nagusiak.

JOCez gain, antzeko beste talde batzuk ere bazeuden herrian. Luistarren kongregazioaren ingurukoa zen horietako bat, Balentin Bengoaren inguruan mugitzen zena. Garai hartan etorri zen jesuita Azpeitira, eta lan handia egin zuen herrian hainbat talde sortzeko. 1968ko maiatzeko mugimendua lehertu berria zen Frantzian, eta hark ere zer pentsatua eman zien herriko gazteei, eta lagundu zuen jendea mobilizatzen.

Luistarren kongregazio horretan sartu zen Alfonso Etxeberria, gerora ELAko lehen idazkari nagusia izango zena. Bi mugimenduek, JOCek eta Luistarrenak, bazituzten harremanak eta handik ezagutzen zuen Leo. Adinkideak ere baziren, eta urrunekoak baina tartekoak ere bai. Urte batzuk beranduago, ELAn sartu ziren biak, Alfonso aurrena, 23 urterekin, eta handik urtebete ingurura Leo. Han sakondu zituzten hartu-emanak.