Ikastolako batzordean

Euskara, kultura eta historia ziren Leoren pasio nagusiak, eta sindikatua laga ostean, bide horiei ekin zien, indar guztiz. Barruak hori eskatzen ziola esaten zuen.

Ikastoletan sartu zen aurrena, semeak ere han hasi baitziren ikasten. Ez zuen sorrera fasean parte hartu. 1965ean jarri zen martxan Karmelo Etxega-rai ikastola eta 1973 inguruan sartu zen bera batzordean. Baina urte gutxi ziren ikastola funtzionatzen hasi zenetik, eta artean arazo asko zituen, dena zegoen egiteko eta erabakitzeko.

Leo batzordean sartu berritan, esaterako, polemika handia egon zen ikastolan erabili beharreko hizkera ereduaren inguruan. Euskara batuari buruzko eztabaida pil-pilean zegoen. Azpeitiko ikastola sortu eta hiru urtera, 1968an, finkatu zuen Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoa Arantzazun egindako batzarrean. Eta han hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia eta deklinabidea zehaztu zituen.

Hizkera berriak euskara galbidera eramango zuela uste zuten ikastolako guraso batzuek, eta eskolan hura erabiltzearen aurka zeuden. Ideologia komunistak bultzatzen zuela ere esaten zuten, eta ez zeudela horrekin ados. Beste batzuek, berriz, euskarak iraun ahal izateko ezinbestekotzat ikusten zuten. Euren iritzia arrazoitzeko, ikastoletarako materiala ateratzeko ere lagungarria zela zioten. Barra-barra ari ziren hedatzen eta gero eta ume gehiago joaten zen haietara, baina euskarazko libururik ez zegoen. Gerra aurretik erabilitako Xabiertxo zen bakarretakoa. Herrialde bakoitzean hizkera jakin bateko liburuak ateratzea baino, hobe zela guztientzat berdinak ateratzea zioten euskara batuaren aldekoek.

"Izugarria izan zen, hil edo biziko zerbait zela ematen zuen", dio Inaxita Bereziartuak. Leo euskara batuaren aldekoa zen, batere zalantzarik gabe, eta iritzi hori defendatzen ahalegindu zen. "Etxez etxe ibili ginen gurasoei boto eske".

Hitzaldi asko antolatu ziren gaiari buruz herrian. Euskara batuaren alde mintzatu ziren Imanol Laspiur, Xalbador Garmendia eta Patxi Altuna herritarra. Kontra, aldiz, Jose Agustin Orbegozo, Olazar eta Santi Onaindia. Azkenean, asanblada bidez hartu zuten erabakia. Loiolan bildu ziren ikastolako gurasoak, eta bozketan, euskara batuaren alde zeudenek irabazi zuten.