Arte eta Diseinu Eskola

Zinegotzi egon zen bitartean, Arte eta Diseinu Eskola jartzea izan zen Leok aurrera atera zuen proiektuetako bat. Urte batzuk lehenago guardia zibilak egondako kuartel zaharrean jarri zuten. Eraikina berreskuratzea izan zen lehen pausoa, berez Udalarena baitzen. Beheko pisuan zegoen Arte eta Diseinu Eskola. Eraikin berean, herriko beste kultur talde batzuei ere utzi zizkieten lokalak.

Azpeitian altzarigintzan aritzen ziren enpresa asko zeuden, eta baita arotz eta tailagile trebeak ere. Haiei formazioa ematea nahi zuen Leok eskolaren bidez. Bera ere, ia bizitza guztian, sektore horretan aritu zen. Horrez gain, diseinua ere gero eta garrantzi handiagoa ari zen hartzen. Kataluniatik ekartzen zuten jendea enpresetan arlo hori lantzeko. Arte eta Diseinu Eskolan ikastaroak emanez, herrian bertan suspertu nahi zen altzarien itxurari zegokion guztia.

Martxa ona eduki zuen ikastetxeak, eta Eusko Jaurlaritzak han emandako ikasketak ofizial egitea ere lortu zuten. Ikastaroekin lotuta, altzari azoka bat antolatu zuten, Udalak eta eskolak elkarlanean. Azoka plazan egin zen, eta herriko enpresek hartu zuten parte gehienbat. Hiru eguneko iraupena izan zuen eta oso arrakastatsua izan zen.