Emakume berezia

Valentina Agirreren eskuak izan dira Azpeitiko milaka haurrek munduarekin izan duten lehen harremana. Azpeitian hain garrantzitsua izan den emakume honek orain 30 eta 65 urte inguru dituzten azpeitiar ia gehienei lagundu zien jaiotzen; milaka emakumeri haurdunaldian eta erditzean lagundu zien, prozesuaren hasieratik amaierara arte, haien alboan egoten zen, azalpenak ematen, zalantzak argitzen eta urduritasunak baretzen.

Haren ingurukoek adierazi dutenez, emakume berezia izan zen Valentina, txikitatik desberdina izan zen. XX. mendea bete-betean bizi izan zuen eta, emakumeek garai hartan bizi zuten zapalkuntza eta gizartearekiko menpekotasuna berak bizi nahi ez zuenez, ikastea erabaki zuen, familiari eta gizarteari aurre egin eta ikastea, gero lan egin eta buruaskia izateko. Gaztetatik izan zuen amatasun senagatik beharbada, erabaki zuen erizain eta emagin izatea, eta lan horretan aritu zen berrogei urtetan zehar; Azpeitian gehienbat, baina baita inguruko herrietan ere. Lanean jardun zuen urte horietan guztietan zehar, milaka dira Valentinak izandako bizipenak, batzuk ederrak eta dibertigarriak, beste batzuk ez hainbeste. Baina, Valentinak dohain berezi bat zuen eta bazekien une bakoitzean zer egin; horregatik, onik ateratzen zen egoera estuenetatik ere.

Bizitzak hala egin zuelako, izaera gogorreko pertsona zen Valentina; baina ingurukoei, eta urte horietan guztietan ezagututako emakumeei, inoiz ez zitzaien Valentinaren maitasun hitzik edo borondatezko ekintzarik falta izan. Jende askori hainbeste lagundu izanagatik irribarrez, errespetuz eta miresmenez oroitzen dute Valentina ezagutu izan zutenek.