05. Ekonomia

Makibar errota 
Katu-errota 
Indalecio Ojangurenen argazkia  (GAO)
 
Zume-zuritzaileak 
 
 
 
Indalecio Ojangurenen 1955eko argazkia  (GAO)
 
 

Garai batean, gure inguruetako ekonomia jarduerarik nabarmenena ola izeneko lantokietakoa zen, burdina lantzekoa bereziki. Hala erakusten digute Urrestillan ola hitzarekin osatutako etxe izen ugariek eta Olanbaso izeneko zuhaiztia herritik hain gertu izateak. Oletarako beharrezko egurra aterako zuten, nonbait, orduko baso hartatik.

Aspaldikoa da burdingintza Euskal Herrian. Historialariek diotenez, Kristo aurreko bospasei mende lehenagotik datorren langintza da gure artean. Bizkai mendebaldeko burdin meatze handietako batzuk erromatarrek landu zituzten, eta zilarra, beruna eta burdina ateratzen zuten Oiartzungo Arditurritik ere. Garai haietatik oraingoetara arte, burdinarekin zerikusi handia izan du beti Euskal Herriak. Eta, bere mailan, baita Urrestillak ere.

Burdina lortzeko ezinbesteko bi langai nagusiak baziren euskal lurretan: burdin harria eta basoak. Aro Modernoan, lehenengo erabilitako makinak mugitzeko beharrezko ura ere ugari zuen erreka eta ibaietan.

XIII. mendean hasi ziren ekinean Gipuzkoan burdina lantzeko uraren indarra baliatzen zuten estreinako olak. Mende horretatik aurrera indartzen hasi zen olagintza, nekazaritza eta kostaldeko arrantzarekin batera. Garaitsu hartan sortu ziren hirietan artisautza eta merkataritzako gremioak ere.

XIV. eta XV. mendeetan Europa osoko ekonomia krisialdian zen garaian, borroka gogorrak lehiatu zituzten Gipuzkoan Oinaztar eta Ganboatar handiki familiek. Bandoen Gerra deitu zioten gatazka odoltsua Ahaide Nagusien porrotarekin bukatu zen 1457an. Haien harrizko dorretxeak eraitsi egin zituzten, osorik batzuk, lehen pisuraino besteak, handik gora adreiluz berregiteko aginduz.

Horretaz gain, 1400 eta 1401 urteen bitartean izurritea izan genuen Gipuzkoan, eta ikaragarrizko eragina izan zuen gaitzak herri askotan. Hala ere, suspertzen hasi zen probintzia mendearen erditik aurrera, nekazaritza, olagintza, merkataritza eta arrantza gero eta sendoago zebiltzalako.

Handik aurrera, burdingintza oparo nabarmendu zen XV. eta XVI. gizaldietan Euskal Herriko ekonomia arloan. Garai hartako idatzietan jasota dagoenez, Europa osoko burdinaren ehuneko hamar inguru Euskal Herriko burdinoletan landutakoa zen, eta edonon estimatzen zuten hemengo burdina.

Lan horretarako beharrezko burdin harriz urri zegoen Gipuzkoa, eta Bizkaiko meatzeetatik ekartzen zuten. Askoz lehenagotik erromatarrek erabili zuten Somorrostroko meategia zen haietan ezagunena. Burdin harria urtzeko sua erabiltzen zuten, eta sua egiteko egur ikatza baliatzen. Ikatz hura txondorretan ontzen zuten ikazkinek inguruko pagadi eta hariztietan bildutako egurrarekin.

Ibai Eder bailarako lehen lantokiak

XVI. gizaldian urrestildarrek parrokia eraikitzeko asmoa zutela eta, halakoetan egiten zenez, idatziz jaso zituzten bizilekuaren ezaugarriak Mirandako Martinek eta Zaldibiako Joan Martinez batxilerrak. Ezaugarrien barruan, herriko burdinolak eta errotak zenbatu zituzten. Gizaldi hartan baziren jardunean hamar burdinola baino gehiago, txiki eta handi, eta gutxienez beste hogei errota ere bai.



Burdinolak, errotak eta zerratokiak

Txabarrengo Joxe Urbistondok osatu zuen gure bailarako burdinola eta erroten zerrenda, Diez de Salazar, Lope de Isasti, Telletxea Idigoras, aita Lasa frantziskotarra, Imanol Elias eta beste zenbait ikerlariren lanak aztertuta.

Zerrendan ageri denez, burdinola batzuk errota bihurtu ziren denborarekin. Horretaz gain, haietako zenbaitetan egurra ebakitzeko zerrategiak eta argindarra sortzeko zentral txikiak osatu zituzten gerora, uraren indarra baliatzen jarraituz.

Garai desberdinetako idatzietan aipatutako olak dira zerrendakoak, data eta guzti jasotakoak gehienak, Ibai eder bailaran ezagututako lantokiak den-denak. Idatzietatik jasotakoez gain, herritarrek zuzenean ezagututakoak ere ageri dira. Datu guztiek erakusten digutenez, Urrestilla zen ola-gune nagusia bailaran, eta erreferentzia garrantzitsua inguru osoan.





Lantokien ezaugarriak

Ageri denez, gure eskualdea oso emankorra zen burdinerian, oholgintzan eta antzeko lanetan. Urrestillako olagintzari buruz, Mirandako Martinek eta Zaldibiako Joanek nabarmen azpimarratu nahi izan zuten ola zeukan etxe bakoitzak jende asko behar izaten zuela lanerako.

Oletan lanean aritzen zirenei matxino deitzen zieten. Izenaren jatorria nahiko garbia da. Batetik, Martin deuna zen burdinoletako zaindaria, eta izen horretatik datoz Mattin, Matxin eta Matxino aldaerak. Bestetik, oletan burdina lantzeko tresna zen matxinoa, burdina kolpatzen zuen masa astuna, alegia. Garai haietan Azpeitia Gipuzkoako burdingintzan herri nagusienetakoa izanik, Urrestilla zen lan horretan Azpeitiko gunerik garrantzitsuena.

Uraren indarra erabiltzen zuten burdinoletako makinei eragiteko, minerala urtuz burdin lingoteak osatzeko. Minerala Bizkaiko Somorrostrotik itsasoz ekartzen zuten ontzietan, aurrena Zumaiara, Urolan gora Beduako azokako kairaino gero. Urolan Beduaraino bakarrik sartu ahal ziren ontziak, Oria, Deba eta Bidasoa ibaietan ez bezala, haietan oso gora ere igotzen baitziren. Behin burdina Beduako kaian ontzitik aterata, gurdietan edo abereen bizkar gainean iristen zen Urrestillaraino.

1561eko abenduaren 30ean Urrestillan eliza eraikitzearen aldeko testigantza egin zuen Ugarteko Beltran notario azpeitiarrak. Orduan adierazi zuen oso ondo ezagutzen zuela Azpeititik Matxinbentako Eurola burdinolara arteko bidea.

Bide hura Urrestilla eta Nuarbetik Seguraraino zioan herri edo errege bidea zela esan zuen Beltranek. Urolako erromesentzako Santio bidea izan zitekeena erabiltzen zuten, beraz, burdina garraiatzeko ere.

Burdinoletarako ezinbesteko egur ikatza eskualdeko zuhaitzetatik lortzen zuten ikazkinek. Oletarako lanean era askotako jendea aritzen zen, lantokian bertan batzuk eta hura hornitzen besteak: aipatutako ikazkinak, basozainak, peoiak, itzainak... Eta haien artean denak ez ziren bertakoak izaten.

Esate baterako, idatzi zaharretan Otxandioko Martin izenekoa ageri zaigu Urrestillan parrokia eraikitzen, ordurako herrikide zituenekin batera. Otxandiokoa izanik, 4.000 marabedi ordaindu behar izan zituen bertako herritar eskubideen truke.

Nabarmentzekoa da, bestalde, bazela Guardia baserrian teilak egiteko lantegi bat. Lapurdiko Larresoro herriko Martin eta Pedro Abonz aita-semeek zuzentzen zuten lana teileria hartan 1694 urtean.

Nagusiak mugaz bestaldeko euskal herritarrak izanik, itxura denez langile gehienak ere iparraldekoak izaten zituzten. Ingelesak 1634an Iparraldean, Hondarribian, Oiartzunen eta Errenterian indarrez sartu izanak izan zezakeen zerikusirik jendea jatorrizko lurretatik mugitzearekin.

Azkenik, hemeretzigarren mendearen hasieran urrestildarrak Azpeititik bereizten saiatu zirenean, Azpeitiko defendatzaileak aitortu egin zuen herriko burdinolen erdiak Urrestillan zeudela: hiru handi eta bi txiki.

Bizitzeko ikuspegia aldatuz

Erdi Aroko Europan zehar, Elizako agintariek nabarmen baldintzatzen zuten bizitza moldatzeko modua. Ustez jende gehienaren portaera markatu behar zuen kristau ebanjelioa elizgizonek bakarrik ulertzen zuten, herriak ez baitzekien leitzen eta idazten.

XVIII. mendean, arrazoia hedatzen hasi zen Europako herrialde gehienetan. Horrexegatik, Ilustrazioaren mendeak ondo merezia du Argiaren gizaldia izena, aurreko ikuspegi lausoa nolabait argiztatu zuelako, txoko guztietara iritsi ez bazen ere.

Argiak zipriztindu zituen kultura, jakintza eta artea, pentsamendu autonomoagoa bultzatuz. Erdi Aroko zenbait uste oker uxatzeko aukera egokia zen benetan, eta, horrekin batera, jendearen bizimodua aldatzen hasteko parada ere bai.

Gure artera ere iritsi zen Argialdiko pentsamoldea, Azkoitiko Xabier Munibe Peņafloridako kondea, Inazio Manuel Altuna Portu eta Joakin Egia Narrosko markesaren eskutik. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten 1764an, nekazaritza eta industriako krisialdia gainditzeko aldaketak eragiteko asmotan.

Halako ekimenen bitartez, Europarantz zabaldu zuen elkarteak Euskal Herria. Bide horretan, 1771n irakastegi bat osatu zuen Bergaran, Errege Seminarioa, elite jakintsua eta aurrerazalea hezteko.

Beraz, ez zen edozeinentzako argialdia izan. Garai hartan, inork ez zuen uste benetan hezi beharrekoa herri xehea zenik.

Horren harira, Isla jesuitak, burla haizez, Azkoitiko zalduntxoak deitu zien jaun berrizale haiei. Izan ere, ez baitziren herriko jende apala, aristokrata aberaskumeak baizik. Beraien herrietan langileen matxinada gertatu zenean ere, ez ziren herriaren aldeko agertu, eta ez zuten matxinatuak gogor zigortzea eragotzi.



Garaiko bitxikeria bat

Joakin Egia Narrosko markesa zen Urrestillako Ibarluze jauregiaren jabea. Haren adiskide Inazio Manuel Altuna Portuk oso laguna zuen pertsona bat eraman nahi izan zuen Ibarluzera, bertan bizi arteko egunak eman zitzan: Jean Jacques Rousseau idazle, pedagogo eta filosofo suitzarra, Frantziako Iraultzaren ideologoa, eragin handiko pentsalaria Europa osoan.

Rousseauk oso maitea zuen Altuna, Aitorkizunak liburuan oparo idatzita utzi zuenez, eta Ibarluzera etorri nahi zuen bizitzera, lagunaren ondora. Hala ere, oztoporen batzuk izan ziren tartean, eta ez zuten asmoa gauzatzerik lortu.

Burdinolen gainbehera bi mendetan

XVIII. mendean burdinolen garai onak okertzen hasi ziren. Burdin mineral landugabea kanpora saltzen hasi ziren meatzariak, eta basoak soilduta geratu ziren, oletarako egurra lortzeko gizaldiz gizaldi hainbeste bakandu ondoren.

Gizaldiaren erdialdean, Britainia Handiko Darby errementari-familiak sufre gutxiko ikatzez egindako kokea erabiliz, izugarri hobetu zuen burdina lantzeko modua. Aurkikuntza horrek zeharo aldatu zuen burdingintzaren geografia. Ondorioz, egurrarekin lotutako burdingintza sistemak hondoa jo zuen, eta Gipuzkoako burdinak estimazioa galdu zuen Europan.

XIX. mendean zehar, ia burdinola guztiak itxi zituzten bata bestearen atzetik. 1864an, 20 burdinola bakarrik geratzen ziren Euskal Herri osoan, eta 1880an, lau besterik ez. Lehenengo labe garaiak eraikitzen hasi ziren denbora tarte hartantxe. Horren guztiaren ondorioz, burdinoletako lana desagertu egin zen.

Gipuzkoan, Legazpiko Bengolea burdinola 1880az geroztik itxi zuten, eta ordurako eraikia zuten Gipuzkoako lehenengo labe garaia Beasainen. Egoera hartan, burdinola gehienak itxita, olagizonek eta haien familiek nonbaitetik jan behar zutenez, lapurretak ugaritu egin ziren, eta jendearen ezinegona areagotu.

Bizi ezinak piztutako sua

Garai estuak bizi izan zituzten gure lurretan XVIII. mendean zehar. Ordura arteko bizimodua gogor astindu zuten gertaerak izan ziren tarteko. Gertaera gogorrenetakoak Ondorengotza gerra, Konbentzio gerra, nekazaritza krisia, eta bi matxinada izan ziren. Bigarren matxinada gure eskualdean bertan lehertu zen, gainera.

Nekazaritzan, baserritarrek lursail askotan ereiten zuten artoa mugatzen hasi ziren agintariak. Ahalik eta fruitu gehien lortu beharrak gero eta lur gehiago lantzea zekarren, eta horrek abereentzako larreak gutxitu zituen. Horixe izan zen agintariek arau berriak ematearen arrazoia. Gerora, mendearen bukaeran, patata ereiten hasi ziren gure inguruetan, eta horrek arnasaldi berria eskaini zien nekazariei.

Baina mende bukaera horretara arte, ez zen giro izan etxerik gehienetan. Garia eta artoa oso garesti zeudenez, ezin zituen edozeinek erosi. Langile gehienek eguneko lau edo bost erreal irabazten zituzten bitartean, gari anega 40 errealetan zegoen eta arto anega 30ean.

Anega bat hamabi lakariko neurria da, eta lakari bakoitza ia bost litro da. Beraz, aberatsenek bakarrik eros zitzaketen artoa eta garia, nahiz eta bertako sailetan ereindakoak izan.

1766ko urtarrilaren 4ko idatzi batean, Azpeitiko udal agintariak istiluen beldur ageri dira. Aginduak kaleratu zituzten, inon jenderik ez elkartzeko mandatak, "Jainkoaren zerbitzu hoberako eta Errepublikako bake eta lasaitasunerako". Bete ezean, zigorrak ezarri zituzten dirutan, eta kasurik larrienetan espetxe zigorrak ere bai.

Jendea aurka altxatuko zaien beldurra igartzen zaie agintariei idatzi horietan. Ez zuten herri jolasik onartzen, ez eta urteroko zenbait ohitura ere. Besteak beste, Santa Ageda bezperan eskeko kantuan irtetea debekatu zuten, bostehun marabedi ordaintzeko eta lau egunez espetxeratzeko zigorpean.

Dena dela, arauak ez ziren guztientzat berdinak. Bereziki aipatzen zituzten olagizonak, Urrestillan ugari zirenak, inondik ere, istilu sortzaile nabarmenenak zirelako, ijito, eskale eta bizimodu "susmagarria" zuen jendearekin batera. Olagizonak etxean onartzea edo haiei tabernetan gauez, abemarien ondoren, ardoa ateratzea debekatu zuten. Halakoei jokorako kartarik ez uzteko ere agindu zuten.

Debeku idatziaren bukaeran dei egin zieten ahotsa eta botoa zuten herritar guztiei: 1766ko urtarrilaren 26an goizeko bederatzietan Azpeitiko udaletxera agertzeko. Estatuarentzako kontu garrantzitsuen berri eman behar omen zutenez, guztiek joan behar zuten derrigor. Bestela, bostehun marabediko isuna ordaindu beharko zuten.

Gainera, inork deiari uko egin ez ziezaion, mesedez eskatzen zioten Urrestillako bikario Santiago Etxezarretakoari parrokian igandeko mezetan eliztarrei agindua jakinarazteko, eta hala eginaren agiria bidaltzeko. Garaiz eta zintzo obeditu zuen bikarioak Basazabaleko Bizente alkatearen agindua.

Matxinadaren lehen txinpartak

Leopoldo di Gregorio italiarra, Squillaceko markesa, Karlos III.aren ogasun eta gerra ministro izan zen Espainian. Hasiera batean, hark agindutako erreforma ekonomiko eta administratiboak ez zituzten onartu handikiek eta Elizak.

Gero, 1766an italiar ministroak kapa luze eta hegal zabaleko kapelak erabiltzea debekatu zuenean, debekua aitzakiatzat hartu zuen ordurako egon ezinik zegoen jendeak. Alea saltzen zuen merkatari burgesiaren kontra jo zuten Esquilacheren matxinadan, eta izugarrizko txikizioak eta hilketak gertatu ziren, besteak beste, Zaragozan.

Apirilaren 13a igandea izan zen. Herrian jendea goseak zegoenez, Azkoitiko erretore Karlos Olaskoagak kanpotarrei artorik eta garirik ez saltzeko eskatu zien herritarrei mezetan. Hala ere, hurrengo egunean alearen jabeek ez zioten jaramonik egin erretoreak esandakoei.

Hori ikusita, kanpora artoz eta gariz zamaturik zeramatzaten gurdiak gelditu eta hustu zituzten zapatagile eta perratzaile batzuk. Kanpaiak entzunda inguratu ziren jaun eta agintariak ere, eta, alea jabeei itzulirik, 40 errealeko gari anega 20an saltzeko agindu zieten, eta 30eko arto anega ere 20an. Herritarrek, pozez gainezka, festa antolatu zuten.

Azkoitian gertatutakoa jakin orduko, antolatzen hasi ziren Azpeitiko jauntxoak. Badaezpada, aldeko baserritarrak bapo ase zituzten eta armaz hornitu, agintaritza defenda zezaten. Loiolako basilikako langileak ere erabili nahi izan zituen Basazabaleko Bizente alkateak, baina alea merkatzea egokia iruditzen zitzaiela erantzun zioten haiek.

Urrestillako matxinoak sutan

Arratsalderako jakin zuten Azpeitiko herritarrek Azkoitikoek lortu zutena. Baserritarrak, jauntxoek zertarako erabili nahi izan zituzten jakinda, haserre bizian sutu ziren. Kaletarrak, baserritar armatuak eta Urrestillako matxino gartsuak elkartu zitzaizkien ilunabarrean.

Txistua eta danbolinaren doinuan, Azkoitira abiatu ziren, eta Loiolako langileek ere bat egin zuten jendetzarekin. Ordurako bakean zeuden azkoitiarrak atzera berriz aztoratu eta gero, denak batera itzuli ziren Azpeitira ilunpean.

Zaldun bat eta hiru apaiz behartu zituzten beren aurrean joatera, bandera eta lastargiak eskuan hartuta. Alondegian zegoena harrapatuta, okindegi eta ardandegietan lepo jan eta edanez ibili ziren gau osoan. Gainera, jauntxo eta zaldun batzuen etxeetan txikizioak egin zituzten. Antonio Gorostizu zerga eta ale biltzailea makur erabili zuten, eta hainbat handiki mehatxatu ere bai.

Apirilaren 15ean alea neurtzeko pisuak plazara atera zituzten denda eta aberatsen etxeetatik, eta bertan apurtu. Izan ere, erosteko neurri bat erabiltzen zuten haiek, eta saltzeko txikiagoa, era bidegabean irabaziz. Gari anega 26 errealetan ezarri zuten, eta artoa 16an. Ospatzeko, Loiolara prozesioan abiatu ziren, herriko agintari eta elizgizonak beraiekin joatera behartuz.

Udal batza elkarrarazi zuten matxinatuek, eta Azpeitiko Kapitulazioak onartzera behartu: gariaren eta artoaren salneurriak ia erdira jaistea uztara bitartean, pisu guztietan saltzeko eta erosteko neurri bakarra ezartzea eta hamarrena bezalako elizako negozio batzuk arautzea. Eragin handia izan zuten erabaki haiek Gipuzkoan eta Bizkaian ere aldi bertsuan matxinatu ziren herri askotan.

Udal iraultzailea osatu zuten matxinatuek, eta behartsuen kalterako arauak baliogabetu zituzten. Besteak beste, batere baliorik gabe utzi zituzten etxean abereak hazteko debekua, herri baratzen eta lurren errenta igotzea, eta mistela libre saltzea galaraztea.

Horretaz gain, Urrestillan bigarren taberna zabaltzea erabaki zuten, bakarra izateak sortzen zituen atzerapen eta eragozpenengatik.

Agintarien erantzuna, gogorra

Gipuzkoako agintari zibil eta eliztarrek ezin zuten halakorik ametitu. 1766ko apirilaren 21eko goizean iritsi zen militar espedizioa Azpeitira, matxinada zapuztera. Berehala hasi ziren militarrak matxinoak atxilotzen. Apirilaren 24ko Herri Batzar nagusian, Matxinadak eragindako gastuei aurre egitea erabaki zuten, eta, nolabait, kontuak lehengora itzuli ziren.

Hala, okinei eta ardo saltzaileei kalte ordaina eman zieten, matxinoek eta milizia tropek eragindako gastuak berdintzeko. Urrestillan, ardoa eta ogia ordaindu zizkioten tabernariari, 340 erreal eta 32 marabedirekin.

Maiatzaren 7an, Donostiara eraman zituzten 70 matxino. Bidean hil zen Azkoitiko zapatari bat, eta beste lagun bat larri zauritu zuten soldaduek, Tolosako San Esteban baseliza inguruan ihes egiten saiatzeagatik.

Isun latzak ezarri zizkioten matxinatutako azpeitiar askori. Matxino buruak Ceutara bidali zituzten preso, erregearen galeretara edo Zaragozara soldadu beste batzuk, eta zenbait emakume herritik kanporatu zituzten betiko.

Urte hartako San Inazio jaietan ez zen zezenik izan, jenderik bil ez zedin. Horretaz gain, aurrerantzean han gertatutakoaz hitz egitea debekatu zutenez, araua bete ezin izan zuen herritar bat baino gehiago zigortu egin zuten.

Sona handia izan zuen Matxinadak, eta 1767an, besteak beste, Izarraizpeko matxinoen aitzakia erabiliz, Carlos III.a Espainiako erregeak bere lurretatik egotzi zituen Jesusen lagundiko kideak.

XIX. mendetik aurrera

Garai berriagoetara hurbilduta, badakigu orain dela mende inguru Urrestillan hiru lantegi behintzat bazirela lanean: zartaginak egiten zituena bata, bi alditan urtutako burdinarena bestea, eta toberak egitekoa, hirugarrena. Sarrera hodiak edo arnasbideak dira toberak, eta haiek egiteko langintza erakusten digu Urrestilla sarreran dagoen errotaren izenak: Toberagile edo Toalle.

Herritarrei jasotako testigantzen arabera, bazen kobrea urtzeko lantegi bat, Toberagile izenekoa hura ere. Bestalde, urtutako kobrea matxino mailuz lantzen zuten Beheko-olan (Bekolan). Hango kobre txaparekin galdarak, galdaratxoak eta lore-ontziak eginda, saldu egiten zituzten lantokian bertan.

Urte batzuen buruan, lantokiak porrot egin zuen, ordea. Hondoa jo ondoren, Argentinara joan zen olaren jabe Bidaurreta, gurasoekin batera. Haren anaia Casto Bidaurreta sendagile izan zen Asteasun, Basilio izeneko hirugarren senidea Bizkaiko Bankuko zuzendari izatera iritsi zen, eta albaitaritza ikasi zuen laugarren senidea ere bazuten.

Horrez gain, aldi haietako idazki bat baino gehiagotan hainbat kontu jasota dago Beduako kaian ontziratzen zen Urrestillako burdin txapari buruz. Beduatik abiatutako ontzietan banatuko zuten gero txapa hura han eta hemen saltzeko.

Azkenik, hemeretzigarren mende bukaeran lanean ari zen Zuolako potzuaren ondoan Auntxako zerrategia. Aratz-errekatik kanal bitartez hartutako ura baliatzen zuen zerra bulkatzen zuten mekanismoei eragiteko. Hogeigarren mende hasiera inguruan utzi zioten hango lanari, eta eraikina ere desagertu egin zen gerora. Han garai hartan zerrategia izateari zor dio izena eliza ondotik hasita Zuolako zubiraino iristen den Zerralde bidexkak.

Azken aldietako enpresak

Joan den hogeigarren mendean, Malkorren zerra mekanikoa zegoela dio Aita Lasak, eta lehenagotik bazela han bertan bolbora lantegitxo bat. Behin sekulako danbatekoa izan omen zen inguru hartan, Malkorreko lantegian izandako leherketa batek eraginda.

Errota baserrian bazen orain gutxira arte uraren indarrez erabil zitekeen zerra zinta. Katu-errota izenez ere ezagutu izan du zenbaitek Urrestillan. Gainera, argindarra sortzeko ere erabiltzen zuten Altunako presatik bideratutako ura, eta, baserriaren izenak berak azaltzen duenez, garia eta artoa ehotzen zituzten errotan.

Hogeigarren mendeko Urrestillan lan arlo nagusiak zumea eta egurra izan ziren, eta arloka aztertuko ditugu lantokiak jarraian.



Zumea:

Txarrantxan zumea zuritzea oso lan ezaguna zen joan den mendeko Urrestillan. Mende erdi aldera, jende askok egiten zuen lan herriko zume lantoki nagusietan.

Zumezko altzari lantegietarako prestatzen zuten zumea honako lantokiotan: Zumarragako Buscarentzako lan egiten zuen Olatxokoa, Auntxako Anttonen ardurapean, Guipuzcoana de mimbrerentzako aritzen zen Kale Goeneko Patiokoa, Joxe Etxeberria Inda buru zutela, eta Bergararentzako jarduten zuen Joxe Antonio Azpitarte Txoperraren agindupekoa.

Hamabostetik hogeita bost langile bitarteko lantoki haietaz gainera, hainbat etxetan aritzen ziren zume-zuritzen, txanpon batzuk atera ahal izateko.

Beraz, zumezko otarrak, kutxak eta jarlekuak egiteko prozesuko lehen pausoa ematen zuten, gehienbat, Urrestillako zume langileek. Lantegiek hondoa jo zutenean, Txarako Xantik bakarrik jarraitu zuen eskulangile bezala otarrak eta altzariak egiten bere Errota ondoko lantokian.



Egurra:

Egurraren arloan, Kale Goeneko Patioko jauregian eta inguruko eraikinetan altzariak egiteko lantoki handi bat jarri zuten martxan Kapaindar familiakoek 1915 inguruan, zumea, kabela eta egurra erabiliz. Ehunen bat langileren ekina baliatuz, altzari osoak egin eta saltzen zituzten Oņatibia izeneko lantoki hartan. Hamar urte pasatxora, ordea, porrot egin zuen.

Bestalde, beheko herri sarreran Nikolas Etxezarretak lantegia zeukan, eta seme-alabekin batera lantzen zuen egurra bertan, gero altzari lantokietara saltzeko. Gaur egun etxebizitzak daude lehen lantokia zegoen lekuan, lantokia lekuz aldatu ondoren egindakoak.

Olalde ondoko lurretan, Azcue y compaņía lantokia eraiki zuten altzarigintzarako, eta langile askok egiten du lan bertan.

Larraņaga baserriaren aurreko sailetan Agirre anaiek lantokia eraiki zuten 1970 inguruan. Gero, Gurola enpresak hartu zuen lekua bertan. Ondoren, galdaragintzako Oņatz egin zen zati baten jabe, eta automatizazio lanak eta proiektuak egiten dituen Biele beste zatiarena. Azkenik, k bereganatu zuen eraikin osoa.

Agirretarrek jasotako eraikinaren ondoan, Urbieta altzariak lantokia egin zuten, eta Igaraldeko zubiaren beheko aldean, berriz, Arimar. Urbietak hondoa jo zuenean, hainbat enpresak hartu zuten lekua eraikinaren barruan.

Ugarte baserriaren goiko aldean Lasa altzari lantokia ere izan zen zenbait urtez, hondoa jo eta beste enpresa batzuk bertaratu ziren arte.



Bernizak:

Azpeitiko Irurena berniz lantokiak Urrestillan ere izan zuen kokalekua. Txori-etxe ondoko sailean egin zuten eraikina, eta su hartu zuen halako batean.

Moxorrotar anaiek burdingintzako lantokia jarri zuten bertan aldi batez, eta, azkenik, Fernando Hernandez Txamakoren txatarra biltegi bihurtu zen.

Atal hau bukatzeko, aipatzekoa da 2008an hasitako krisialdi aurretik laurehun lagunek baino gehiagok egiten zutela lan Urrestillako enpresetan.

Artzaintza eta nekazaritza

Benetan aspaldikoak dira gure artean artzaintza eta nekazaritza, orain dela bost mila urte, Neolitiko garaian, agertu baitziren Euskal Herriko lurretan. Hasieran, kostaldean artzaintza nagusitu zen, nekazaritza Araba, Nafarroa eta Lapurdiko ordeka sailetarako egokiagoa zelako.

Artzaintza gure artean oso antzinakoa dela egiaztatzeko, euskarak berak ematen dizkigu frogak. Esate baterako, ondasun ugari dituenari aberats deitzen diogu, gehienetan aberats hitzak abere asko izatea esan nahi duela konturatu gabe.

Gainera, soroetako uzta jaso ondoren, abereak eta ardiak landutako lurretan sartzeko baimena zuten abeltzainek. Inongo zalantzarik gabe, baimen hori emateak antzinako artzain izaerak bizirik zirauela erakusten zuen.

Hala ere, denborak bere bidea egin ahala, kontuak aldatu egin ziren. Mendez mende, hegoaldeko nekazariak abereak hartzen hasi ziren etxe edo baserrietan, eta iparralde honetako artzainak ere hasi ziren apurka beren bizileku inguruko lurrak lantzen.

Horrela, baserrietan hiru edo lau behi izaten ziren batanaz beste. Idi parea ere edukitzen zuten etxe aberatsenetan, eta gainontzean ukuilu askotan izaten ziren zaldi, asto, ardi, txerri eta oiloak.



Ardiak eta abereak zaintzen

1712ko apirilaren 29an Azpeitiko udalak erabaki zuenez, Urrestillako abelburu guztiek mendi gainetan bakarrik izango zuten larrea. Ganadua haietara kontuz bideratu beharko zuten abeltzainek, sastrakadietan gelditzen utzi gabe. Bestalde, udal lurretan behiak zituztenek berehala atera beharko zituzten haietatik.

Askotan ganadua partekaritzaz erabiltzen zen, jabearen eta zaintzailearen arteko hitzarmen bidegabearen bitartez. Zaintzaileak irabazitakoaren erdia eman behar izaten zion jabeari, lan guztia jabearen laguntzarik gabe egin eta gero.



Artzaintza Urrestillan

Orain gutxi arte ezagutu izan ditugu artzainak herrian. Artzaintzan bakarrik aritzen zirenak batzuk, eguneko ordu batzuetako artzainak beste batzuk. Oraintsu arte artzain ibilitako herritarrak ditugu Arangureneko Joanito Unanue eta Olauko Asensio Aranberri, eta lehenagotik Oihangureneko Kaxinto Etxeberria eta Loretoko Jabier Gurrutxaga ere bai, besteak beste.

Latxa ardi motako taldeak zaintzen zituzten hemen inguruan, tartean nafar ardi bakarren bat izaten bazen ere. Artalde ugariak zituzten haietako batzuk, Olauko Asensiok, adibidez, hirurehun buru baino gehiagoko taldea izan baitzuen. Ardiez gain, txakurra eta astoa izaten zituzten lagun, beharren arabera bat baino gehiago ere bai. Txakurra ardiak bildu eta zaintzeko, eta astoa artzainak behar zuen guztia gainean eramateko.

Urrestilla inguruetako mendietan ibiltzen zituzten ardiak, artzain bakoitzari zegokion larre-eran belarra jaten. Dena dela, ardiak ez ziren larre haietan bazkatzen ziren bakarrak. Behorrak ere han ibiltzen ziren, eta haiek uxatzeko karrakari eragiten zioten artzainek. Uxatzeko modu horri karrakatea deitzen zioten.

Iluntzean artzain bakoitzak bere saletxera edo baserriko ukuilura sartzen zuen artaldea. Neguan mendian hotzegi izaten zenez, bailaretara jaisten ziren gauerako ukuilu eta egunerako larre bila. Horretarako, estreinako lana artalde osoa sartzeko moduko ukuilua zeukan baserri bateko jabearekin tratua egitea zen. Ondoren, inguruan artaldearentzako larre egokiak topatzen zituzten.

Artzaintzatik bizimodua atera ahal izateko, arkumeak eta ardi esnez egindako gazta saltzen zituzten artzainek. Gazta egiteko gatzagia behar da, esnea mamitzen duen osagaia. Gatzagia esnearekin bakarrik hazitako arkumearen sabela da, belarrik jaso gabeko sabel-handi txuri-txuria. Hogeita bi egun inguruko arkumearen sabel-handia aukeratzen du artzainak horretarako.

Garai batean, San Jose egun inguruan, martxoak erdia emana zuela, hasten ziren artzainak gaztak egiteko arkumea kentzen. Orain, ordea, bi hilabete t’erdi lehenago jaiotzen da arkumea. Ukuiluan nahikoa pentsu janda, gaurko ardiak egokiera hobea izaten du arkumea lehenago eta hobeto izateko.

Hozkailurik ez zuten garaian, leku freskoa komeni izaten zen gazta ontzeko. Hego haizeak ekartzen zuen gazta onarentzako arriskurik handiena. Haize epelak zartatu egiten zuen gazta, eta azokarako alferrik galduta utzi.

Urrestillako artzainek arkumea eta gazta Azpeitiko azokara eramaten zuten saltzera, eskaintzarik onena egiten zuenari saltzeko. Gehien-gehienetan eskaintzarik onenak harakinek eta jatetxeetako jabeek egiten zituzten. Halakorik egokitzen ez zenean, merkeago saldu beharra izaten zuten bigarren txandako salmentan.



Ganadutegia Ategorrieta gainean

Balentin Zamora apaizak nekazariak eta abeltzainak elkartzeko ahaleginak egin zituen garaian, herritar batzuk ganadutegia antolatu eta eraiki zuten Ategorrieta gainean. Ez zuen askorik iraun.

Lurrak nekez lantzen

Nekazaria eguraldiari begira bizitzen da, lurra garai egokian landuz eta urtaro bakoitzak berea emateko itxaropenez. Hori dela eta, garai bakoitzari bere izena eman zion nekazariak aspaldiko garaietan.

Horrela, hilabeteek badute Euskal Herrian beren euskal izena, nekazaritzari lotutakoa beti, eta gure artean ere beste hainbeste gertatu da. Ekainean garagarra jasotzen zenez, garagarrila izena zuen San Joan hilak. Beste bat aipatzekotan, agorrila deitzen zioten abuztuari, ur gutxikoa izaten delako.

Dena dela, mendeak aurrera joan ahala, latinezko hilabete izenak nagusitu izan zaizkigu.



Landareak eta laboreak

Idatzi zaharretan agertzen zaigunez, hauexek ziren gure lurretan gehien ereindako laboreak: artoa, babak, garia, artatxikia, garagarra, lihoa eta arbia. Soroetako lursailak oso txikiak zirenez, ahalik eta fruta arbola gehien landatzen zituzten, eta zuhaitzetan sagarra, intxaurra eta gaztaina ziren ugarienak.

Lurrik gehienak gutxi batzuen esku zeuden, eta lurjabe handienak Loiolako jauna eta Narroseko markesa ziren. Lurrak errentan jartzen zituztenez, haiek ordaintzea tokatzen zitzaien erabiltzaileei, jenerotan edo dirutan. Ordaintzeko jeneroa garia, artatxikia, artoa eta kapoiak izaten ziren.

Hamazazpigarren mendean, Amerikatik ekarritako artoa sartu zen Gipuzkoan. Labore hori probintzian zabaltzearekin bateratsu, nekazariak lurra iraultzeko laia erabiltzen hasi ziren auzolanean, nekazari bakoitzak bina. Garaitsu hartan hasi ziren lurrari karea eta ongarriak botatzen ere. Horrek denak erabat aldatu zuen lurra lantzeko modua.

Gerora hasi ziren agertzen gari artean erein beharreko baba handia, arto arteko baba gorria eta patata. Horietaz gain, baita ganaduarentzako oloa, ailorbea, berda belarra, pagotxa, alpapa, arbi frantsesa eta erremolatxa ere.

Baratzetako laboreetan, baratxuria, ilarra, azenarioa, aza, tipula, leka, tomatea, zerba eta piperra izan dira, besteak beste, urtez urte gehien landatutakoak.

Lantzeko soro bakarra baino gehiago izanez gero, laboreak ez zituzten urtero sail berean landatzen. Adibidez, aldian behin patata lekuz aldatzea komeni izaten zela uste zuten baserritar gehienek.

Baserritarren aurkakorik latzena lur falta izaten zen, Udalak, herri lurren jabe izanik, ez baitzuen lurrak goldatzen uzten. Ganaduzale eta olagizonek demanda egiten zioten Udalari beren interesen aurka norbait lurra lantzen hasten zenean, eta Udalak ez zuen haiekin istilurik nahi izaten.



Metodoak eta lanabesak

Lurra landatzeko eta, esate baterako, garia ereiteko, aurrena lurzorua irauli egin behar izaten da. Horretarako, eskuz erabiltzeko laia eta abereek arrastan zerabilten goldea zituzten antzina. Lurra ondo iraulita zegoenean, hazia botatzen zuten, eta area pasatu gero, lur-zokorrak xehatzeko eta hazia egoki estaltzeko.

Azkenik, alper harria pasatzen zuten soroa behar bezala berdintzeko. Landatutakoa zaintze aldera, aldian behin saila jorratu egiten du nekazariak, belar eta landare txarrak aitzurrarekin atereaz.

Uzta jasotzeko garaian eta gainontzekoetan, igitaiarekin moldatzen ziren antzina landarea ebakitzeko. Gerora, sega erabiltzen hasi ziren antzeko lanetarako, denbora eta ahalegin gutxiago eskatzen zuelako.

Garraio lanetan, asto, idi, behi eta mandoen indarra izaten zuten lagun. Behiak eta idiak binaka elkartzeko, pago egurrez egindako uztarria erabiltzen zuten. Era horretan, animalia parearen indarra batera balia daiteke. Abere haiek denak izaten ziren gaur egungo traktorearen lana egiten zutenak.

Abereek zama handiagoa eraman ahal izateko, gurpildun gurdia eta arrastan eramateko lera erantsi zizkioten abereei halako batean. Lera eguneroko ganadu jatenak garraiatzeko erabiltzen zuten gehienbat. Gurdia, berriz, zama lan gehiagotarako erabiltzen zen, gaur egun bezalaxe. Gurdiaren zama erori ez zedin, zenbaitetan urritzez egindako kartolak eransten zizkieten gurdiari, simaurketan bereziki.

Orain arte aipatutakoez gain, badira beste tresna batzuk ere. Belarra harrotzeko txerrena, lurra xehatzeko bost hankakoa, lurra zulatzeko lauhortza eta aitzurra, eta areari azpian lotzen zioten hesia dira haietako zenbait.

Berdindurik prestatutako soroan, ongarria zabaltzen zuen nekazariak. Garoarekin edo otearekin nahastutako simaurra zen orain gutxira arte ongarririk ezagunena. Ondoren, ongarritutako lurrean lauhortzarekin eta aitzurrarekin egiten zuten arrastoa. Arrasto haietan, adibidez, arto hazia landatzen zuten. Garia, aldiz, batere arrastorik egin gabe landatzen omen zuten.

Soro-aldapetan lurra landu ahal izateko, bi gurpileko karroa erabiltzen zuten soberako lurra jasotzeko. Aldapa gainaldeko arbola baten atzetik soka pasatzen zuten, harixe lotuz karroa eta tiratzeko animalia bat. Gero, aberea gidatzen zuten, polea bezala karroa gora eta behera erabiliz.

Arrantza

.1552. urtean, Carlos I.a enperadoreak ordenantza bat eman zuen Azpeitiko ibaiei buruz, Jose de Artecheren Coleccion de documentos ineditos para la historia de Guipuzcoa liburuan irakur daitekeenez. Arrantza arautu zuen agintariak, beda garaia ezarriz San Migel egunetik Garizumako lehenengo egunera arte. Gainera, debekatu egin zituen ibai eta erreketan sare itxiak, kare bizia eta gau arrantzarako argiak erabiltzea.

Hala zioen: "(...) adierazitako pertsonetatik inork ez dezala aipatutako sareetan arrainik harrapatu, ez eta eskuz amuarrainik eta aingirarik ere, Aranaz izeneko ibaian, Hurrestillako harrizko zubitik hasi eta errekak jaiotzen diren goiko zatiak bitartean (...)".

Enperadoreak arrantza hain argi arautu nahi baldin bazuen, garrantzi handikoa izango zen zalantzarik gabe orduko herritarrentzat. Amuarrainak eta aingirak etxe bat baino gehiagoko mahaietan sartuko ziren, nonbait.

Garai haietatik gaurkoetara bitartean, asko aldatu dira arrantzan egiteko moduak eta tresnak Ibai eder, Nuarbe erreka, Aratz erreka eta inguruko errekastoetan. Hala ere, izan da ia gaur arte aspaldiko moduan jarraitu duenik, udaberriarekin batera hasten den baimen aldian, San Inazio egunean itxi arte. Dena dela, badira baimenik gabe ibili izan direnak ere.

Bi arrantza modu nagusi bereiz daitezke gure erreketan, amuarraina, aingira, loina, barboa eta karramarroa bezalakoak eskuratzeko garaian. Bata legezkoa da, agintariek ezarritako arauen arabera egindakoa. Bestea, aldiz, legez kanpoko arrantza modua da.

Legezko arrantzarako kanabera, kotxara eta eltxoa erabili izan dira bereziki gure eskualdean. Legez kanpokoan, berriz, askoz tresna eta modu gehiago erabili izan dituzte arrantzaleek. Ez da oraintxekoa amuarrainak eta aingirak eskuz harrapatzeko ohitura, horixe izango baita denetan arrantza modurik zaharrena. Gerora sortutakoak dira beste asko.

Sarea ere antzinako lanabesa izan da arrantzan. Tresmaila hiru mailako sarea da, errekan tente jartzen dena. Txinga ere beste sare mota bat da, baina txikiagoa.

Ezkalutarako karramiotza makila baten puntako triangeludun sarea da, eta esku-sarea ezkailutarako, amuarrainetarako eta, eguraldiaren arabera, aingiratarako ere erabilitako tramankulua da.

Bestelako erabilgaiak izan dira butroia edo erretela itxia, kristalezko botila, eta aingira eta amuarrainetarako kordela, amutzat ezkailua izaten duena. Legez kanpoko arrantzarako, gehienetan taldean aritzea komeni da. Sarearekin egiteko, adibidez, batek sarea darabil, besteak baldea, harrapatutakoa jasotzeko, eta gainontzekoak arraina zirikatzeko behar izaten dira.

Gainontzean, jende askok aipatzen du errekek ur gutxiago dakartela, ur maila asko jaitsi dela. Arrain alea ere txikitu egin da, ur eskasiagatik agian edo, beharbada, arrantzaleak asko ugaritu direlako. Adituek diotenez, erreka hondoa gorago, ur gutxiagorekin, egoteak ekarri du ezkalua gutxitzea.

Ehiza

Ehiza izan da aspalditik Urrestillan gizonen artean lanaz aparteko jarduerarik estimatuena. Familia gehienetan bada orain ere ehiztari bat baino gehiago, ehiza mota batean edo bat baino gehiagotan ibiltzen dena.

Denbora joan ahala, etxeko mahaian zer jana izateko balio zuen ariketa izandakoa estimu handiko kirol bihurtu zen. Gainera, ehizaren inguruan gure herrian dagoen giro bereziak erakarrita etorri izan da inguruko herrietako lagunik.

Urrestilla inguruko ehiza modu desberdinetan, aipatzekoak dira basurdea eta azeriaren uxaldiak, erbiarena garai batean, pasoko birigarroa, hegabera, oilagorra, usoa eta antzarrarena, zozo-birigarroa eta uroiloarena, eta kattagorriarena ere bai.

Erbia herri inguruko soroetan lasterka ibiltzen zen hogeigarren mendeko erdialdera arte. Ordutik aurrera, ereite motak aldatu ziren, eta pagotxa edo garia bezalako laborerik ez zen gehiago landatu. Horrekin batera gutxitu zen erbia ere.

Garai batean makilaz eta txakurren laguntzarekin bota omen zitekeen erbia gure sailetan, eskopeta beharrik gabe. Orain guztiek tresna hori darabilte ehizarako, eta batzuk basurdetarako erriflea ere bai.

Hemengo ehiza aldi baimendua Pilar egunean, urriaren 12an, zabaltzen da eta urtarrilaren bukaeran ixten. Bitarte horretan, azeri eta basurde uxaldietako hamabost edo hogeiko taldeetan ibiltzen dira ehiztariak, eta gainontzekoetan bakarka gehienetan.

Ehiza leku bezala, paserako Endaizu gaina eta Loreto gaina izan dira egokiak, eta neguan hegaberatarako Antxietako soroak, Atia ingurua, Arrai aldea eta Ortzaika gainak.

Oilagorra Oihal erreka zuloan, Keixeta atzealdean, kanposantu azpiko mendiartean, Olautik Bikendi bitarteko Loreto azpialdean ehizatu izan da aspalditik. Zozo-birigarrotan arbi eta artasoro, sasiarte eta leku abartsu itxietan saiatzen dira ehiztariak.

Ehiztariak ugaltzen joan diren heinean, bakandu egin dira lehen ugariak ziren espezieak. Garai batean hegabera gehiago izaten zela diote ehiztariek, eta oilagorra ere gutxitu egin dela.