06. Gerrateak
Gerra batean bizirik iraun dutenek hari lotuta
jarraituko dute beti. Sekula ez da bukatzen erabat.
Ryszard Kapuscinski
| ||
| ||
| ||
|
Gerrateek ekartzen dituzte gizakion artera hondamenik handienak. Bakoitzaren benetako izaera unerik larrienetan azaleratzen denez, gerrak agerian uzten ditu gure alderik ilunenak, eta, aldika bada ere, bikainenak.
Gerrate aldian, egoeraz baliatzen dira batzuk berez ez dagokiena eskuratzeko. Beste zenbait, aldiz, bera baino okerrago daudenei laguntzen saiatzen da. Jokabideak erakusten du gutako bakoitza nolakoa den. Halaxe gertatu izan da gure bailaretako borroketan ere menderik mende.
Gatazka armatu asko izan dira Urrestilla inguruetan, eta Erdi Aroaz geroztik baditugu haietako batzuen berriak. Dena dela, inguruko herritarrentzako gerrate aldirik nabarmenenak bakarrik jorratuko ditugu ondoren.
Lau gerrate ehun urtean
Hemezortzigarren mendearen bukaeran hasita, lau gerra izan ziren Euskal Herrian ehun urte baino gutxiagoan: Konbentzio-gerra, Napoleonen aurkakoa, Lehenengo karlista gerra eta Bigarrena. Herria odolustu egiten du gerrak, eta, hain jarraian izanda, orduan eta gehiago.
Konbentzioaren gerra: 1793-1795
Frantziako Iraultzan Luis XVI.a erregea gillotinan hil ondoren, agintzen ari zen Konbentzio liberalaren aurka Europako monarkia absolutistek egindako gerra izan zen. 1790ean Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako foruak baliogabetu zituen Konbentzioak, eta Biarnorekin batera Pirinio Behereko departamentuan sartu zituen hiru euskal herrialdeok.
Espainiako tropak borrokara sartu ziren Frantzian, Katalunia, Euskal Herria eta Aragoiko mugetatik. 1793an Gipuzkoako Diputazioak boluntario konpainiak armatu zituen, horretarako elizako ondasunak erabilita. Apirilaren hamaikan zozketa egitea agindu zuen Diputazioak ezkongabeen artean.
Handik hilabete pasatxora, Manuel Altuna kapitainak adierazi zuen Azpeitian ezinezkoa zitzaiola soldaduskarako jendea biltzea, eta udalak zerbait egin beharko zuela. Hala, udal bandoa plazaratu zuten eta erretoreek elizetan deialdia egiteko eskatu. Agindua uztailaren 10ean eman zuten, eta Urrestillara ere iritsi zen.
Urte hartan bertan, Espainiako tropek Hendaia hartu zuten, gipuzkoarren eta nafarren laguntzarekin. Dena dela, gogor egin zieten aurre frantziarrek, eta Gipuzkoan sartu ziren Bidasoan barrena 1794ko uztailean. Frantziarren inbasioak Gipuzkoako egoera politikoa erabat astindu zuen.
1794ko abuztuaren 14an Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Getarian elkartu ziren, eta hitzarmena proposatu zieten frantziarrei. Espainiako Koroarekiko independentzia, foruekiko errespetua eta erlijio-askatasuna errespetatzen bazizkieten, prest zeuden Espainia utzi eta Frantziaren barruan Gipuzkoako Errepublika bezala sartzeko.
Ez zuten onartu frantziarrek, eta ia Gipuzkoa osoa konkistatu zuten abuztuaren 23an. Batzarrak desegin eta batzarkide gehienak atxilotu zituzten. Hilaren 26an Frantziako berrehun soldadu inguru ibili ziren Azpeitian, eta Loiolan harrapatutako guztia eraman zuten.
1794 urte hartantxe bertan, Frantziako iraultzaileek kuartel bihurtu zituzten Zarauzko frantziskotarren komentua eta eliza. Hango santuen irudi batzuk puskatu eta erre egin zituzten frantziarrek, eta eliza hartako zaindari Joan Bataiatzailearena ere bai. Ez zituzten gogoko erlijiotasuna eta erlijiosoak.
Urrestillako San Joanen irudia erabilgarri zegoela jakinda, frantziskotarrek erretakoaren ordez eskatu zieten urrestildarrei. Benetan asmo egokia iruditu zitzaien haiei, fraideek gotzainaren baimena lortzen baldin bazuten behintzat. Baimena eskuratuta, Urrestillako mutil batzuek bizkarrean hartuta eraman zieten Zarautzera, eta hantxe dago harrez gero.
1794ko abenduaren 8an, frantziarren menpe ez zeuden Gipuzkoako 18 herrietako ordezkariek laguntza eskatu zieten Araba eta Bizkaiari Arrasateko akordioan. Bizkaia, Araba eta Nafarroa ere menpean hartu zituzten frantziarrek, ordea. Hego Euskal Herria menderatu ondoren, gipuzkoarren abuztuko eskariak onartzea erabaki zuten frantsesek, neutral izatearen truke.
Chaudron Rousseau frantziarren ordezkaria Donostian elkartu zen Romero diputatua eta Ureta idazkariarekin, Gipuzkoaren independentzia egiaztatzen zuen idatzia sinatzeko.
1795eko uztailean, Espainiako Karlos IV.ak gerra bukatzeko Basileako
Bake hitzarmena sinatu ondoren, gipuzkoar independentistak ez zigortzeko hitza eman zuen. Hala ere, ez zuen emandako hitza bete. Gipuzkoako Errepublika bideratu zuten euskaldunak zigortu eta hil egin zituen, eta Borboiek, lehen bezalaxe, ez zuten euskal Foruak kendu arteko onik izan.
Independentzia gerra: 1808-1814
Napoleonen tropak Irundik sartu ziren, Euskal Herria eta penintsula osoa okupatzera bidean. Inguru hauetan borrokaldi ugari izan ziren Independentzia gerran, Gerra Karlistetan bezalaxe, eta zaurituentzako odol-erietxea zabaldu zuten Urrestillan bertan.
Napoleonen gerrak eragindako gastuei aurre egiteko, 1808tik 1814ra bitartean udal ondasunetara jo behar izan zuten udalerriek. Gerrarako gastuak ordaindu ezinik, udal gehienak ondasunak saltzen hasi ziren, 1808ko Gipuzkoako Batzar Nagusien baimenarekin. Hala ere, salmentako dirua gerra finantzatzeko bakarrik erabili beharko zuten.
Udal ondasunak saltzeak kalte handia eragin zion jende askori, besteak beste, herri lurrik gabe gelditu zirelako, eta zerga handiagoak ordaindu beharrean. Estuasunak liberalen aurka bultzatu zituen Gipuzkoako nekazari ugari, gero eta sutsuago.
Baina denak ez ziren iritzi berekoak, eta tartean baziren frantziarren aldekoak ere. Haiek egindako salaketengatik atxilotu zituzten Azpeitiko Frantziskotar mojen kaperaua eta Matxinbentako bikarioa 1809ko ekainaren 26an.
1810ean, Espainian frantziarren aurkako gerra zuzendu zuen Batzar Zentrala desegin zuten, eta liberalen menpeko gorteak elkartu ziren Cadizen. 1812ko martxoaren 19an Konstituzioa osatu zuten Cadizeko Gorteek, eta bertan, Espainiaren subiranotasuna, botereen banaketa eta zeharkako sufragioa onartu zituzten.
Konstituzioak euskal foruak baliogabetzeko bidea ireki zuen, baina bazuen urrestildarrentzako artikulu interesgarririk ere. Legedi berriko 310. artikuluak baimena eskaintzen zuen mila biztanle baino gehiagoko udalerri berriak sortzeko, eta hari horri tiraka gauzatu ahal izan zuten herritarrek beren helburua, urte gutxitan izan arren.
.1812 hartantxe bertan, frantziarren kontrako erasoari ekin zion Espainiak, Wellington jeneralak gidatutako britainiar armadaren laguntzarekin. Azkenik, Napoleonek bere armada Espainiatik atera behar izan zuen 1813an, eta tronua Fernando VII.ari itzuli zion Valenįayko hitzarmenean. 1814an Fernando VII.a Espainiara itzuli orduko, Konstituzioa indargabetzea dekretatu zuen.
1814ko uztailaren 6an, Inazio Mari Zabala Urrestillako alkateak basoetan egurra ebakitzeko baimena eman zuen. Egurra Urrestillan zeuden soldaduei emateko zen. Azpeitiko udalaren baimenik ez zuenez, Eizagirremendiko biztanleen egurrarekin moldatu beharko zuela jakinarazi zioten azpeitiar agintariek.
Herriaren basoetan norbait aurkitzen bazuten lapurtzat hartuko zutela zioten Azpeitiko udalburuek, eta halakotzat zigortuko. Lapurtzat
hartzea iraina zela erantzun zien Urrestillako alkateak, baina agindutakoa obedituko zuela.
Gerra Karlistak: 1833-1876
Espainian XIX. mendeko guda zibilak izan ziren Karlistadak edo Gerra Karlistak. XVIII. mendearen hasieran, Felipe V.ak Lege Salikoa ezarri zuen, emakumeak koroatzea galaraziz. Mende bat geroago, Fernando VII.ak ez zuen semerik izan, eta, Isabel alaba nagusiak erreina zezan, Lege Salikoa baliogabetu zuen. Hika-mika horrekin, absolutista eta liberalen arteko botere borroka azaleratu zen berriro.
Erregearen anaia Carlos Maria Isidrok ez zuen halakorik onartu, Lege Salikoaren arabera, oinordetza berari zegokiolako. 1833an Fernando hil zenean, Isabel koroatu zuten erregin. Hala ere, erreinatzeko gazteegia izanik, Maria Kristina ama izendatu zuten erreginorde.
Egoera horretan, Espainiako agintariek euskal foruen aurka jotzen jarraitu zuten. Huraxe izan zen sua piztu zuen txinparta. Horrexek eragin zuen lehenengo gerra karlista, Isabelen eta Karlosen aldekoen arteko estraineko dema armatua.
Euskal Herrian eragin handia izan zuten Gerra karlistek. Herritar gehienek, foruzale, kristau eta tradiziozale izanik, Carlos erregegaiaren alde egin beharra izan zuten. Bai liberal joera zuten foruzaleek, Euskal Foruak galtzeko beldur zirelako, eta bai elizkoiek, Isabel aurrerakoiegia iruditzen zitzaielako.
Liberalak indartsuago ziren arren, Tomas Zumalakarregik euskal lurretan antolatutako gerrilla gerrak galera ikaragarriak eragin zizkien. Zumalakarregi Bilboko setioan hil zenean, karlistek ez zuten maila bereko estratega treberik aurkitu.
Hala eta guztiz ere, liberalek ezin izan zuten karlista gerrilla erabat menperatu. Herrialdeetako handikiak Baionan elkartu ondoren, 1839ko abuztuaren 31n Baldomero Espartero jeneral liberal garaileak bere baldintzak ezarri zizkion Rafael Maroto jeneral karlistari. Inposizioa leuntze aldera, akordio itxura eman zioten Bergarako besarkada ospetsuari.
Gerraren ostean, Espartero jeneral liberalak murriztu egin zituen euskal foruak 1841ean, eta aduanak kostara aldatu, berezitasun fiskal, instituzional eta militarrei eutsi bazieten ere.
Euskal lurretan eta Katalunian garatu zen batez ere Bigarren karlistada. Borboiko Alfontso XII.ak tronua berreskuratu zuenean, karlismoa ahuldu egin zen, eta gerrarako grina ere bai. 1876an Gerra Karlistak amaitu ondoren, liberal irabazleek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foruak ezeztatu zituzten, eta hiru herrialdeak Espainiako edozein probintziaren maila berean gelditu ziren.
Ipar Euskal Herrian ere galduak ziren foruak, ia mende bat lehenagotik. Izan ere, Frantziako Iraultzaren ondoren, Parisko agintariek Iparraldeko hiru euskal herrialdeen foruak baliogabetu zituzten 1790ean.
Gerra Zibila: 1936-1939
Hogeigarren mendearen hasieran, Espainiako Errepublika demokratikoak ez zituen handiki guztien nahiak asetzen. Horiek horrela, Estatuko indar eskuindarrek eta erregimena aldatzea nahi zuten talde ahaltsuek militarren altxamendua bultzatu zuten 1936ko uztailaren 17an, Sanjurjo, Mola eta Franco jeneralen gidaritzapean.
Nafarroan karlistek berehala egin zuten bat altxatuekin. Iruņean zebilen Mola jenerala buru zutela, aurreko gerretan galdutakoa berreskuratu nahian altxa ziren tradiziozaleak. Araban, berriz, eragin handia zuten Jose Luis Oriol kazike karlistak eta buruzagi militarrek orohar. Haiek altxamenduaren alde agertu zirenean, jarraian altxatu zen ia probintzia osoa.
Bizkaia, ordea, errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasieran. Horrela, Hego Euskal Herria bi bandotan zatitu zen oso denbora tarte motzean.
Bikendi baserriko Inazio Unanue urrestildarra taxi gidaria zen gerra aurreko Donostian. Oso kotxe dotorea zeukan, eta altxatuak bazetozela jakin orduko hasi zen hura non ezkutatu pentsatzen. Emaztea Makiber baserrikoa zuelarik, hain maitea zuen autoa hantxe ezkutatzea pentsatu zuen.
Eta halaxe egin zuen 1936 hartan. Makiberren ondutako belar artean ezkutatu zuten autoa, egoki asko. Baina jende askok ezagutzen zuen nonbait ibilgailu dotorea. Haren berri jakinik, Eusko Jaurlaritzako agintariek eskatu egin zioten halako batean, Agirre lehendakariak erabil zezan. Azkenean amore eman beharra izan zuen Inazio Unanuek, eta atsekabe garratzean urtu omen zen gizona hain ondasun ederra galtzeagatik.
.1936 urte hartan hasita, 1939. urtera bitartean Gerra Zibilak sufrimendu ikaragarria eragin zuen bertan esku hartu zuten bi aldeetako urrestildarren artean eta haien etxeetan.
- Gipuzkoa altxatuen menpe
Donostian Carrasco koronelak altxamenduarekin bat egin bazuen ere, ez zen berehalako kontua izan. Herritar errepublikazaleek Urbieta kalean egin zioten aurre uztailaren 21ean altxatzea erabaki zuten Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsi ziren laguntza indarrekin batera, azkenean tropei atzera eginarazi zieten errepublikazaleek.
Donostian nagusi ziren anarkistek Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin, Solchaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen Aiako Harriaren inguruetan, eta uda bukatzerako Irun galdu zuten errepublikarrek. Ibilian-ibilian, Donostian ere nagusitu egin ziren altxatuak irailaren 13an.
Bere burua nagusi sentitzen duenaren oldarrak bultzatuta, Oria ibaitik sartutako Mola jeneralaren tropek Gipuzkoako frontea oinperatu zuten. Irailaren erditik aurrera, Azpeitian koarteleratuta zeuden indar nazionalistek Bizkaiara joan behar izan zutenez, haiekin batera alde egin zuten hainbat urrestildar abertzalek ere.
- Bilbon sartuta, altxatuak nagusi
Ia Bizkaia guztia menpean hartua zutela, altxatuek Bilbo menperatu nahi zuten. Franco eta Mola agintari nagusiak beraiek izan ziren guda zelaian gidari. Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioaren laguntzaz, Bilbo inguruko abertzale eta ezkertiarren Burdinazko hesiaren planoak lortu zituzten. Informazio hura baliatuta, ekainaren 19an hartu zuten altxatuek Bizkaiko hiriburua eta, hamar egun geroago, Bizkaia osoa.
Euskal Herria zapuztuta zegoenez, abertzale eta ezkertiar gehienek ez zuten borrokan jarraitzeko kemenik. Italiarrekin aurrez hitzartutakoa abuztuaren 21ean sinatu zuen Santoņan Juan Ajuriagerra Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Errenditzea onartu zuen, euskal gudarien bizitzaren truke, Espainiako errepublikari bizkarra emanda.
Hala ere, Francok halakorik onartu ez zuenez, italiarrek ez zuten hitzartutakoa bete, eta gudariak eta agintariak frankisten esku utzi zituzten. Ordutik aurrera, Eusko Jaurlaritzak erbestean lan egin behar izan zuen. Euskaltzaleek harrez gero jasan behar izan zuten errepresioa eta zapalkuntza berrogei urtez luzatu zen.
- Gerra Zibila gure artean
1936ko hauteskundeen ondoren, otsailaren 22an elkarturik, Azpeitiko udaletxea osatu zuten Joxe Antonio Oiarzabal alkate abertzaleak eta gainontzeko zinegotziek, Joxe Antonio Altuna Pako eta Antton Arruti Erreuste urrestildarrak ere tartean zirela. Udaletxeko balkoian Errepublikaren bandera eta ikurrina jartzea izan zen hautetsien aurreneko erabakia.
Hurrengo egunean, Ministroen Kontseiluko presidenteari eta gobernadore zibilari telegramak bidali zizkien alkateak Euskal Estatutua lehenbailehen behar zela eskatuz. Geroxeago, beste telegrama bat ere bidali zuten asmo berarekin, bereziki Madrilen zeuden Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateei babesa eman nahian.
Urrestillatik Aratz-Errekara bitarteko errepidea inauguratu zuten martxoaren 29an, eta sindikatu eta lanbide elkarteei lanik gabekoen zerrendak eskatu zizkieten, udalak haiei ogibidea eskaintzeko asmoa baitzuen.
Ondoren, euskara eta euskal kultura bultzatu eta sendotzeko erabakiak hartu zituen Azpeitiko udalak. Maiatzaren 12an Manuel Azaņa Errepublikako presidenteari zorionak emateko mezuan ere, Euskal Estatutua onartzen saiatzeko eskatu zioten bide batez.
Urrestillan, berriz, protestaldian ziren egun haietan Kale Goeneko lantokietako langileak. Nahi baino luzeago zihoan beren eskubideen aldeko greba, eta estu zebilen bat baino gehiago. Halako batean, lantokien jabeak Azpeitira bilera egitera deitu ondoren, 1936ko uztailaren 17an langileei eskatzen zutena ematea erabaki zuten. Nagusiek ordurako jakingo zuten seguru asko hurrengo egunetan zer gertatuko zen.
Biharamunean, uztailaren 18an, gerra hasi zela zioen zurrumurrua zabaldu zen. Hurrengo eguneko eguerdi aldera, Azpeitiko Gobernurako Gerra Komiteak adierazi zuen miliziarrak laster ailegatuko zirela, eta haien erasoaren beldur zirenei herritik irtetea gomendatu zien.
Batzuen estuasuna eta besteen patxadaren jakitun, Azpeitiko agintariek batzar berezia egin zuten uztailaren 20an. Ez ziren guztiak batzartu, baina han izan zen Joxe Antonio Oiarzabal alkatea, eta Urrestillako Antton Arruti Erreuste eta Joxe Antonio Altuna Pako ere bai. Errepublikako gobernuaren esanetara jarraitzea erabaki zuten, behar zuena eskainiz.
Hurrengo egunean ere elkartu ziren Azpeitiko agintariak, baina Xiriako Agirre jaunak zuzendurik, ordurako Oiarzabal alkateak dimisioa eman zuelako idatziz, gaixo zegoela adierazita. Uztailaren 23an, Xiriako Agirrek hartu zuen alkatetza eta, abuztuaren 19an osatu zuen azkeneko bandoa.
Anai-arrebak elkar hiltzera behartzen zituen gerra betean, agintari kideak gutxiturik, azkenean Xiriako Agirre alkateak ere dena utzi eta ihes egin behar izan zuen.
- Hilketak herrian bertan
Mola jeneralaren aginduetara zeuden Mugimendu nazionaleko tropak 1936ko irailaren 20an sartu ziren Azpeitian, Urrestillan barna, Mandubiko frontea gaindituta. Ez omen zitzaien Urrestillan inor aurka agertu.
Abertzale gehienek alde egin zuten aurreko egunetan, askok egun bat lehenago ere bai. Armetan altxatuek Nafarroan euskal abertzale asko hil zituztela bazekitenez, Zumaiara joan ziren lehenengo. Handik trenez iritsi ziren Debara, eta oinez gero, egunez egun, Bizkaiko kostaldeko herrietara.
Irailaren 30ean Azpeitian Kruz Mari Etxeberriak adierazi zuen altxatuen armadako ordezkariek bera aukeratu zutela Azpeitiko alkate behin-behinean, eta ahalmena zeukala, gainera, zinegotziak izendatzeko, Gerrako karlista batzarraren aginduz. Udal batzaren lehen erabakia aurreko agintari abertzaleek erabakitako guztia baliogabetzea izan zen.
Franco jenerala Errepublika demokratikoaren aurka indarrez altxatu ondoren, zenbait pertsona hil zituzten Urrestillan. Orduan gertatutakoak ondo gogoan ditu herritar batek baino gehiagok.
1936ko irailaren bukaera aldera, Azpeitiko espetxetik bi gizaseme atera zituzten frankistek larunbat gauez. Urrestillara zeramatzatela, Zapatari eta Malkorre baserrien arteko bidean, elizakoak emateko ardura zuen jesuitak biei ilunpean ihes egiten uzteko eskatu zien zaindariei.
Ez zuten halakorik onartu, eta Urrestillatik Aratz-Errekara bideko Zamaiye baserriaren azpian tiroz hil zituzten biak egunsentian. Herrian zabalduta dagoen ustearen arabera, Elgoibarkoa zen bata, Barakaldoko bizkaitarra bestea.
Handik egun gutxira, urriaren hasieran, bi azkoitiar erail zituzten hilerri ondoko lurretan. Pare bat egun barru, Aitzol apaiz euskaltzalearen eskutitz batekin Deban atxilotu zuten dentista bati kendu zioten bizia. Zoritxarrez, hil eta berehala iritsi omen zen haren heriotza zigorra baliogabetzeko agiria.
Tarte horretan, herrian beste bi pertsona ere hil zituztela ziurtatzen du garai hura bizitako zenbait herritarrek. Guztira zazpi hildako izan zirela dioenik bada, eta haietako bat emakumea zela.
1937ko uztailaren 12an, Roke Astigarraga Azpeitiko alkateak jakinarazi zuen 250 pezetako laguntza banatu zuela Jainkoa eta Espainiaren alde bizia eman zuten herritarren sendikoen artean. Eta azpeitiarrak izanda, Urrestillan bataiatuak izan arren, hildako errekete batzuen sendiei laguntza bera ematea erabaki zuten.
Handik urtebete pasatxora, 1938ko irailaren 28an, sua izan zen Urrestillako parrokian. Su hura itzaltzen jardun zirenei lanean izandako gastuak ordaintzea erabaki zuen Azpeitiko udalak.
- Gerra Zibila bukatu
1939ko apirilaren 1ean, Franco jeneralak gerra bukatu zela adierazi zuen Burgosen. Urriaren 14an Loiolara bisitan joan zen Franco, eta orduan azpeitiarrek bizitako poza jasotzen du akta batek. Aktak ez zuen jaso hain pozik ez zirenen berririk.
Gerra guztietan bezala, sua itzali ondoren ere gelditu zen kelarre eta txingarrik han-hemenka. Gerra irabazi zutenetako askok aurretik zuen maila hobetzeko ahalegina egin zuen, galtzaileen bizkar. Agintarien babesarekin saiatu ziren batzuetan, eta besteetan beren erara, gezurrezko testigantzak eta azpikeriak erabilita.
Galtzaileek, berriz, egun gorri izan zuten, bai herrian, eta bai atzerriko espetxeetan ere. Beste batzuen artean, Cantabriako Santoņako espetxean edo Leongo Astorgakoan. Herrira itzultzea lortu zutenei Francoren zaleek harrera gordina egin zietenez, ez zuten goxotasun handirik izan diktadura militarrak iraun zuen berrogei urteetan.
Gerra madarikatuaren eraginez etxeko maiteak galdu zituztenen bihotzetan gorroto ikaragarria lekutu zen urte askotarako, batzuengan betirako.
