Jabier Zinkunegi, laguna

1969an Kas taldean eman zuen profesionaletarako saltoa. 1972ko argazki honetan Santi erdi makurtuta dagoena da. 

Santi bera bezalaxe, errezildarra da Jabier Zinkunegi, Eitzeta baserrikoa, hain justu. Txikitan ezagutu zuten elkar eta, txirrindularitzarako zaletasuna partekatzen zutenez, hainbat une igaro zituzten elkarrekin. Santi kaleko etxe batekoa zen eta Jabierren jaiotetxea, berriz, herriaren behe aldean dago. Ondorioz, ez ziren eskola garaian-eta elkarrekin ibili. Santi Lezoko izeba-osaben etxetik itzuli eta Loiolan arotz ofizioa ikasten zegoela ezagutu zuten elkar. Urte batzuetan elkarrengandik aparte bizitzea egokitu bazitzaien ere, urtean zehar hamabosten bat egun pasatzen zituzten batak bestearen etxean eta ez zuten inoiz harremanik galdu.

Jabierrek ere gustuko zuen bizikletan ibiltzea. Baina baserritarra izanik, ez zuen denbora nahikorik zaletasunari eskaintzeko. Ondorioz, Santiren jarraitzaile eta prestatzaile leiala izatera mugatu zen. Karreraren batzuk elkarrekin korritu bazituzten ere, oro har, Santi eramatera joan ohi zen. Gainerako jendearentzako gisan, pertsona eta profesional bezala eredugarria zen Jabierrentzat bere laguna. Berak horrenbeste maite zuen munduan aurrera egitea lortu arren, ez zuen inoiz nondik zetorren ahaztu eta betiko lagunekin gogoratu ohi zen. Mundu horretan ibilitakoa da Jabier Santirekin batera, eta ezagutu izan zituen ospea burura igota gertuko jendeari kasurik egiten ez zietenak ere. Santi, ordea, guztiz kontrakoa zen, txikitako lagunak inoiz utzi nahi izan ez zituen horietakoa.

Harritu egiten zen Jabier Zinkunegi, nahi zuen hura horren garbi izan eta lortzeko edozer egiteko prest egoten zelako Santi. Gainera, irabaztea izaten zuen helburu, baina horretarako inor zapaldu gabe edota beste inoren ahaleginaz aprobetxatu gabe. Jabierrek gogoan du inguruan, taldean bertan, bazituela Santik kideez askorik arduratzen ez ziren berekoiak. Santiri sarri egokitu izan zitzaion taldeko buruari laguntzen ibiltzea, eta horretantxe aritzen zen, horretarako prestatu behar bazuen, horretarako prestatzen zen.

Zinkunegik gogoan du behin, Italiako Giro baterako prestatzen ari zela Santi. Pasaian bizi zen eta entrenamendu garaietan giro desberdinetan egindako probak onuragarri izaten direnez, Azpeitira jo zuen astebeterako. Italiara joateko hegazkina hartu behar zuela eta, eta entrenatzerik izango ez zuenez, bezperan zerbait gogorra egitea pentsatua zuen. Hala, Jabierrekin hitz egin eta egun batez entrenatzeko Iruņetik joan-etorria egitea erabaki zuen. Jabierri motorra hartzeko agindu zion eta, egun hotzak zirenez, arropa dezente jantzita irten zen etxetik.

Gutxi gorabehera Azpirotzera heltzeko zenbat denbora beharko zuen aurreikusi eta ordu horretarako motorrean hara agertzeko esan zion. Hitz emandako lekura ailegatu aurrexeagotik harrapatu zuen Jabierrek Santi. Baina esan bezala, Azpirotzera joan eta hantxe itxaron zion, iristean arropa batzuk kendu zitzan eta berari eman ostean, aurrera jarrai zezan.

Hurrengo elkargunea, Iruņean zuten. Hara biak heldu eta apur batean egon ostean, itzulerako bidean zegoen iturri batean jarri zuten hurrengo zita. Jabierrek han itxarongo zion botilatxoa ur freskoz beteta. Berriro indarrak hartu eta Azpeitiraino itzuli zen hurrengo irtenaldian.

Honelakoak egindakoa zen Santi. Jabier harritzen zuena horixe zen. Norbaiti zerbait agindu eta konpromisoz egitera behartuta egonik, hitz emandakoa bete egin behar omen da. Baina bere buruari horren meta zailak jarri eta horietara heltzeko egin beharrekoa hain garbi izanda amaieraraino iristea, izugarria zen. Ez zuen beste inoren aurrean ongi geratzearren egiten, bera zen horrela saiatuta gehien pozten zena.

Santik bazekien txirrindulari profesional gisara ez zuela bizi guztian ibiltzerik izango. Ondorioz, aurrera begira, izan zitzakeen lanbide posibleak aurreikusten ibiltzen zen. Jabierrek ere, bi aukera zituen, etxeko martxa hartuz baserriko lanetan jarraitu, edota Azpeitira jaitsi eta zerbait ezberdina egiten hasi. Halaxe, gaztetako bi lagunek elkar hartu zuten eta, zalantza askoren ostean, Azpeitiko Garmendi auzunean dagoen Errezil-Etxea autoen tailerra jarri zuten abian 1975. urtean. Garai horretan oraindik –Holandako istripua izan aurretik–, txirrindulari profesionala zen eta ez zuen beste lanbiderako aukera handirik. Hargatik, urte betean gutxi gorabehera, Jabier bera arduratu zen tailerraren gidaritzaz, 1979an Santi emaztearekin eta alabekin Azpeitian finkatu zen arte.

Geroago, Izaro Autoak sortu zuten; Jabierrek parte txiki bat bazuen ere, gehiena Santiren izenean zegoen. Lazkano hil ostean, aurrez Errezil-Etxean lanean arituriko batek hartu zuen bere gain horren ardura.