Elizkaleko neskatoa

Elizkalean jaio ziren Amaia eta Mikel, 1953ko otsailaren 18an. Ez egun bizi den etxe berean, orain Xaxarkineko denda den etxepean, bigarren pisuan, baizik. Ederki gogoratzen ditu bere kale inguruan, bueltaka, jolasean ibiltzen zireneko garaiak: "Txorro-morrozka, soka saltoan, tomate potoekin danborradan, indiozka jolasten... Eguna jolasean pasatzen genuen".

Lau urte zituela hasi zen eskolara joaten. Esklabetan, mojek zuzendutako ikastetxean ibili ziren lau ahizpak. Eskolan debekatuta zeukaten euskaraz egitea eta "hori zen txarrena" Amaiarentzat: "Gogorra egiten zitzaidan oso".

Diktaketa asko egiten zituzten eskolan, eta egun batean "la historia de Franco" idatzi beharra zeukatela esan zien Josefina Meana Ahizpak. "Nik nekiena idatzi nuen. Aita kartzelan sartu eta hiltzeko agindu zuela, ama ere kartzelan eduki zuela... Moja hura espainiolista hutsa zen, euskaldunen kontrario amorratua, eta guzti hori irakurri zuenean, haserretuta papera bera baino zero handiagoa jarri zidan. Beldurrez abiatu nintzen etxera, gurasoek botako zidaten errietagatik. Aurrena amari erakutsi nion eta gustura jarri zen azalpenak irakurri zituenean. Gainera, oso ondo zion, egiye esan den ta esatearekin batera propina eman zidan. Aitak ere gustura irakurri zuela gogoratzen dut".

Eskolan beti saltsan ibiltzen zela ere kontatzen du: "Gaiztakeriatan denak petraltzen ibiltzen nintzen. Behin baino gehiagotan bidali ninduten etxera". Garai hartan, Gogo Jardunak egiten zituzten ikastetxeetan. Horrek esan nahi zuen hiru egun Esklabetan pasatu behar zituela Amaiak, errezoan. "Gau batean ohetik jaiki eta guztiak lo zeuden bitartean, esne ontzi bat hartu eta gelaz gela jotzen hasi nintzen, guztiak esnatuz. Gainera, berogailuaren hodiak ere jotzen nituen, eta hodiak gela guztietara iristen zirenez, zarata horietatik zabaldu eta denean entzun zen". Azkenean, harrapatu zuten, baina ez zuten etxera bidali.

"Hurrengo goizean, sermoia entzun beharra izan genuen eta gauean lo gutxi eginda nengoenez, lo hartzen nuen sermoia entzun beharrean". Aldamenekoa saiatzen omen zen Amaia esnatzen, baina ezin zion logureari eutsi. Orduan, Beatriz Zabala mojak harrapatu zuen. "Andre ona zen, eta gainontzeko umeek nire alde, mojaren erabakiaren kontra, protesta egin bazuten ere, sermoian lo hartzea ezin onartu eta etxera bidali ninduen. Amorru handia eman zidan, baina denborarekin konturatu nintzen arrazoiarekin bidali ninduela etxera". Hala ere, Amaiari "min ematen" dio oraindik Gogo Jardunetatik bidali zutela gogoratzeak. "Urteak pasatuta, hitz egin nuen Beatriz Zabala mojarekin, eta oraindik barruan neukan mina azaldu nion. Jakin balu, ez ninduela bidaliko erantzun zidan. Baina, bidaltzearekin ongi egin zuela erantzun nion nik, merezita neukala".

Beste batean, "dezenteko iskanbila piztu" zutela dio. "Dolores Odriozola eta biok bazkaltzeko emango zigutenagatik eztabaidan hasi ginen. Isiltzeko esanagatik ere ez genion kasurik egin maistrari. Azkenean, hiru egunerako etxera bidali gintuzten". Baina etxean ez zen inortxo ere enteratu. Etxetik beti bezala irteten zuten, eta bueltatu ere bai. "Gaur egungo justifikante eta ezer ez zegoenez, ezer gertatu ez balitz bezala pasatu zen istilu hura. Lagun bat, Olatz Odriozola, gaixorik zegoen eta haren ama kanpoan zen bitartean laguna bisitatzera joan ginen hiru egun haietan. Bisitan Celtas zigarroak erretzen egoten ginen. Oso neska bihurria nintzen, maleziarik edo asmo txarrik gabekoa".