Animalista

"Animaliekin egiten den edozein ekitaldiren kontra nago. Zezenketak, sokamuturra, idi probak, asto karrerak... Baita, larruzko arropen eta animaliekin esperimentuak egitearen aurka ere". Bere ideiei tinko eutsiz, borroka mordoa egindakoa da Azpeitiko animalistarik ezagunena. "Animalien gaia nire bizitzako parte garrantzitsua da. Eba eta biok begetarianoak gara 2007az geroztik. Animalistekin urte asko generaman ordurako lanean, eta hainbat dokumental ikusi eta informazioa jaso ondoren, begetarianoak egiteko erabakia hartu genuen. Kanpora joanez gero, jateko garaian zailtasun handiak izaten ditugu, baina gero eta zabalduago dagoela antzematen da. Hori bai, askotan jan behar izaten dugu tortilla bat gustuko beste janari begetarianorik izaten ez dugulako".

Gaztetatik izan du Amaiak animalien eskubideak defendatzeko nahia. "Gure ama zena zezenzalea zen. Saninazioetan zezenketak ikustera gogoz joaten zen. Umetan zezenketetara joan ez arren, ez nintzen gehiegi jabetzen animalien eskubideetaz. Denborarekin, ordea, kontzientziatzen joan, eta niretzat hain garrantzitsuak diren animalien eskubideez konturatzen hasi nintzen". Gaztetan izan zen hori, eta bere kontura lana egiten zuen arren, 1990eko hamarkadaren amaieran hasi zen talde animalista batekin harremanak izaten. "Dirudienez, bi neska agertu ziren Korrale tabernan, animalien eskubideen inguruko eskuorri batzuekin. Azpeitian animalien eskubideekin konprometiturik zegoen inor ezagutzen al zuten galdetu, eta bertakoak nirekin oroitu ziren".

Hurrengo batean, Amaia Korraletik pasatu zenean, paperak eman zizkioten. "Horrela, harremanetan jarri nintzen talde harekin. Bizkaiko zezenketen aurkako eta animalien aldeko elkartekoak ziren bi neska haiek. Oso ongi prestatutako taldea da, eta asko ikasi dut haiekin. Donostiako Animalistak taldearekin jarri ninduten harremanetan, lanerako erosoagoa izango zelako. Herrian egiten ditudan kanpainetako kartel asko haiek emandakoak dira, eta informazioa ere ematen didate".

Azpeitian ere sortu zuten Animalien Aldeko Taldea. "Diruzaina, lehendakaria eta kargu ezberdinak izendatu genituen. Herriari ere aurkeztu genion taldea, prentsaurreko bidez, baina azkenean ez zuten legeztatu eta ezerezean geratu zen proiektua. Legeztatuz gero indar gehiago hartzen da eta elkarte bezala Udalean hainbat eskari egiteko aukera izango genuke. Diru-laguntzak ere jasoko genituzke, eta hori laguntza handia da". Gaur egun, Donostiako taldearekin bildu eta berriro taldea osatzeko lanean dabil Amaia. "Badakit ez dela erraza izango. Azpeitian jende asko dago animalien alde dagoena, baina gauza askotan bezala, jende gutxik nahi izaten du bustitzea. Jendeak animoak ematen dizkit, baina lanerako garaian, gutxi izaten dira laguntzen didatenak".

Taldea ez sortzeak, ordea, ez zion lanerako grina kendu Amaiari. Urte osoan jarduten du animalien eskubideak bermatzearren eta herritarrak informatzeko lanean. Saninazioetan zezenketak, Loiolako festetan asto karrerak, idi probak, ahari jokoak, larruzko arropak, animaliekin egiten diren probak... Guzti horien aurka egiten du lana urte osoan zehar. "Informazioa zabaltzeko kartelak neuk egiten ditut etxean eskuz. Jendea informatzeko tresna egokia direla uste dut. Hala ere, badaude kartelak kentzen ibiltzen diren zentsuratzaile txikiak Azpeitian". Soluzio erraza dauka Amaiak horrentzako. "Kartel handiagoa jarri lehenago zegoenaren tokian. Berriz kentzen baldin badute, oraindik eta handiagoa jarri".

Talde animalistarekin biltzen hasi eta gutxira egin zuten zezenketen aurkako lehenengo manifestazioa. "2000ko hamarkadaren hasieran, Bilboko batzuk ekarri zuten manifestaziorako pankarta, baina gazteleraz idatzita. Gazte batzuek hartu zuten euskaraz egiteko konpromisoa, baina ez zuten egin eta gaztelerazkoarekin irten ginen". Hurrengo hileko Uztarriako alean, han azaldu zen gezia beheraka zuela pankarta haren argazkia.

Saninazioetan, urtero, egiten dute ekimenen bat zezenketen kontra. "Manifestazioarekin hasi ginen, baina denborarekin jende gutxiago hasi zen etortzen". Azken urteetan, kontzentrazioa egiten dute zezen-plaza aurrean. "Gogorra izaten da ekimena. Han gaudenean, zenbait zezenzaleren hitz gogorrak entzun behar izaten ditugu. Tentsio handiarekin egoten naiz bertan, baina jende gutxi joanda ere ez diot parte hartzeari utziko".