'Isokarrue'

Ezaguna izan zen oso Amaiaren Isokarrue edo hiru gurpileko motorra, 1990eko hamarkadaren hasieran. 

Ezaguna zen Amaiaren Isokarrue edo hiru gurpileko motorra, 1990eko hamarkadaren hasieran. "Zazpi urte inguruan izan nuen. Lanbretta bat izan nuen aurretik, eta hura saldu nuenean erabaki nuen Isokarroa erostea. Garbiketa lanerako oso erosoa zelako erosi nuen. Motoko karneta bakarrik dut, kotxekorik ez dut ateratzeko asmorik. Izorratu egin zitzaidan azkenerako, ordea, eta ordutik ibilgailurik gabe nabil. Garbiketa guztiak Alde Zaharrean egiten ditudanez, ez dut ibilgailu baten hainbesteko beharrik".

.1993 inguruan, Arantxa Mendizabalek eta biek Hego Euskal Herriari itzulia eman zioten, Amaiak hainbeste maite zuen motorrean. Afari batean elkar ezagutu eta lagunak egin ziren Arantxa eta biak, duela 30 urte. "Azpeititik, Done Mariara (Nafarroa) abiatu ginen. Garai hartan ahizpa han nuen moja, eta bertan pasatu genituen pare bat gau. Beharrezkoa zen motorrari deskantsua ematea, azkar berotzen baitzen. Horregatik, lo egiteko geratzen ginenetan, gau bat edo bi pasatzen genituen. Beti, ezagunen baten etxean. Isokarroaren atzeko aldean ere egin genuen lo pare bat alditan". Handik Bermeora joan ziren. Gero, Algorta aldera, eta Bizkaia utzi eta Arabako bidea hartzea erabaki zuten, Gasteizera joateko. Arabarren hiriburutik, Agurainera, hango lagun batzuen etxera. Gipuzkoara abiatu ziren ondoren, Tolosara. Bidaiari amaiera emateko Donostiara abiatu ziren, eta handik etxera itzuli ziren. "Bidaia hartako oroitzapen bikainak ditut".

"Aldapa behera nahiko azkar joaten zen makina, baina gora ezinean joaten zen. Ez zen orduko 60 kilometro baino gehiago harrapatzeko gauza. Kaleetatik pasatzerakoan, umeak animatzen hasten zitzaizkigun, motorra ezinean joaten zelako". Istorioa, ordea, ezin anekdotarik gabe borobildu, eta badaukate bat. "Autobian sartzea erabaki genuen, Tolosa inguruan. Ez genekien debekatuta zegoenik, eta bat-batean polizia agertu zitzaigun. Han makina harekin ibiltzerik ez genuela esan ziguten eta isuna jarriko zigutela. Azkenean, aurpegi ona edo ikusi eta isuna barkatu ziguten. Poliziaren autoko argiak piztuta, errepideraino lagundu ziguten".