Lesbianen arteko ezkontza

2000. urtean ezagutu ziren Eba eta Amaia, Gara-ko kontaktuen atalari esker. Handik bost urtera zibilez ezkondu ziren, Enpara dorretxean. 

San Sebastian bezpera hartatik urte batzuk pasatu zirenean, 2005ean, Zapateroren Gobernuak homosexualen arteko ezkontzak legeztatu zituen. "Zerbait komentatzen hasi ginen legea onartu zenean, baina ezkontzearena ez genuen oso serio planteatu hasiera batean". Urte hartako abuztuaren 5ean, Ebaren ama Manoli Solaberrietaren urtebetetze egunean, Argiņanoren jatetxean bazkaria egin zuen familiak. "Orduan hasi zitzaizkigun Ebaren familiakoak erdi brometan baina serio antzean, ezkontzea pentsatzen hasi beharko genuela, orain legeztatuta zegoelako. Orduan hasi ginen benetan, ezkontzearen ideiari bueltaka".

Ezkontzeko erabakia hartu eta eguna ere zehaztu zuten, 2005eko urriaren 29a. "Biok nahi genuen Azpeitian ezkondu eta, beraz, tokiaren inguruan ez zen iskanbila handiegirik egon". Ezkontzeko lanak nork egingo zituen zehaztea konplexuago izan zen. "Miren Odriozolak ezkontzea nahi genuen. Galdetu ere egin genion, baina baliogabea izango zela esan zigun, orduan ilegalizatuta zegoelako haren alderdia. Odriozolak ezin zuenez, Julian Eizmendi alkateak ezkondu gintuen, azkenean".

Urriaren 29an, larunbatean, zuten ezkontzeko asmoa. Santu Guztietako zubia zetorren, ordea, eta dirudienez, alkateak kanpora joateko plana egina zuen. "Ezkontza larunbatean egin beharrean, ostiralean egitea posible al zen galdetu zigun". Ezkontzarengatik ez zuen zubiko egun bat galtzea nahiko. "Baiezkoa eman genion, larunbatean afaria egin beharrean, ostiralera aurreratzea zen. Bestela ere, afaria egiteko asmoa genuen".

Zubiak zubi, eta oporrak opor, 2005eko urriaren 28ko arratsaldeko zazpi eta erdietan ezkondu ziren Amaia Garmendia Altuna eta Eba Iturain Solaberrieta, Enparan dorretxean. "Oso oroitzapen politak ditugu biok".

Lurdes Arrieta joan zen Zarautzera Ebaren bila. Amaiaren bila, berriz, Juan Karlos Arellano joan zen Elizkalera. Zazpietarako pronto zegoen etxean Amaia. "Orduantxe euri zaparrada hasi zen eta Enparan dorretxean sartzean, artean ere ari zuen. Bi autoak apain-apain jarrita ailegatu ginen dorretxe aurrera. Kanpotik etorri arren, Eba iritsi zen lehenago. Jende pila zegoen kanpoan, baina euriagatik izan ez balitz jende gehiago izango zen".

Amaiaren familiatik Miren eta Maite ahizpak izan ziren zeremonian, Karmel eta Jexux Mari zeremoniara ez, baina afaltzera joan ziren. Amaiaren anaia bikia Swazilandian, Afrikan, zegoen eta beste ahizpa Done Marian (Nafarroa). "Ezin izan zuten ezkontzara joan. Denera, ehun lagun inguru bildu ginen". Biek ezagutzen zuten jende gehiena azpeitiarra zen, horregatik izan ziren gehiago azpeitiarrak zarauztarrak baino.

Enparan dorretxean, egin beharrekoak eginda, ezkondu zirenean, Amaia emozionatuta negarrez hasi zen, orduko argazkiek erakusten duten bezala. Zeremonia eta gero, guztiak Etxe Zuri tabernara joan ziren trago bana hartzera. Handik, Sagasti Zaharrera joan ziren afaltzera. Amaiaren txoferrak eraman zituen ezkonberriak jatetxera. Jan beharrekoak janda, eta opari mordo bat jaso ondoren, parrandan segitzeko Xanaduko diskotekan zeukaten zita. "Sorpresa txiki bat antolatu nuen momentu hartarako. Dantzalekuan ziren guztien artean zozketa bat egitea erabaki nuen, eta tokatzen zitzaionak streptease bat egin beharra zeukan. Tokatu zitzaionari ez zion grazia handiegirik egin, antza, eta enteratu ez zen beste bati esan genion berari tokatu zitzaiola. Hark baietz esan zigun, eta azkenean biok atera ginen dantza egin eta arropa kentzera taula gainera. Maite ahizpak burutik jota al nengoen galdetzen zidan, baina Mirenek asko animatu ninduen. Ezkontzakoak bakarrik zeuden diskotekan, eta, beraz, ez zidan lotsarik ematen soinean neuzkan arropa batzuk kentzea. Jende gehiago egongo balitz ez nuke egingo". Esan beharra dago ez zutela jantzita zeramaten guztia kendu, zeozer kendu eta nahikoa izan baitzen. "Detaile polita izan zen streptease-a".

Streptease-a amaituta ere, festak bere horretan jarraitu zuen. Jendeak dantza piloa egin zuela imajina liteke, eta zenbaitetan gertatu ohi den bezala, pertsona batek hanka okertu zuen dantzan ari zela. "Nire txofer lanak egin zituen Juan Karlos Arellanori gertatu zitzaion. Hasieran, ordea, ez ginen gehiegi konturatu gertatu zenaz, eta konturatzerako autoa zeukaten guztiak Arellanori anbulatoriora laguntzera joanak ziren. Min hartu zuenarekin arduratuta, oinez abiatu ginen anbulatoriora, goizeko bostak inguruan". Gazte jendea parrandan geratu zen Xanaduko diskotekan. "Ni amorratzen nengoen denak anbulatoriora joan zirelako eta gu ez ginelako enteratu ere egin. Eba, berriz, poz-pozik zegoen, ilargipean ematen ari giren paseoagatik. Oso polita izan zen". Ibilaldiaren ondoren, min hartu zuena anbulatoriotik irteten ari zen momentuan iritsi ziren ezkonberriak hara. "Orduan jakin genuen zaintiratua egin zuela Arellanok. Esan beharrekoak elkarri esanda, bakoitza bere etxera abiatu ginen. Etxerako bidean, ordea, bikote ezagun bat ikusi eta beste bide bat hartu genuen, Etxe Zurikoa, hain zuzen. Hantxe egon ginen trago bat edo beste hartzen goizeko zortzi eta erdiak ingurura arte bi lagun haiekin".

Hurrengo astelehenean, Bartzelonara abiatu ziren bi ezkonberriak bidaia egitera. Astebete pasatu zuten han eta anekdotarik ez daukaten arren, "ederki pasatu" zutela gogoratzen dute.