Bizitza bat ikastolaren alde

Herriko gazte eta ez horren gazte diren askoren ikastolako oroitzapena da Enkarna. Loiolako ikastolan ekin zion irakasle lanari, eta gerora administrazio kontuak eramateaz ere arduratu izan zen. Beharbada, gazteenek haren zoriontasuna, zintzotasuna eta algarak oroituko dituzte. Neguan abitu beltza eta udan zuria janzten zuela gogoratuko dute helduagoek. Zaharragoek, berriz, ez dute ahaztuko klasean ezartzen zuen disziplina, hezkuntzari zion maitasuna eta haren irakasteko grina.

Berarekin lana egin edo harremana izan dutenek diote Enkarna ez dutela ahazten, eta ikastolan oso maitea izan zutela. Inork ez du hitz txarrik harentzako. Agian, bere bizitza-filosofiaren fruitua da hori: "Inori gaizki ez egitea, zuk ereiten duzun hori beti bueltan etortzen baita".

Akaso, askok oraindik ez dakizue nortaz hitz egiten ari garen. Ikastolan sartu eta lehen harremana eskaintzen zuen emakumea izan zen urte askoan; jolas-orduan zauriren bat egin zuen ikasleari medikuarengana ere berak laguntzen zion; kontserjea, zaindaria, irakasleen laguntzailea, eta ikasleen ikastetxeko ama zen.

Oso arraroa izan zen ikastolaren sorrerako urteetan, euskararen aldeko militantzia puri-purian zela, eta ikastola hezkuntza akonfesional moduan ulertzen zen garaian, ikastolaren lehen irudia moja bat izatea. Baina, agian, zurrunbilo hark tartean harrapatuta edo patuak hala erabakita, Enkarnak moja izateari utzi eta sekular bizitzari heltzea erabaki zuen. "Ez naiz ezertaz damutzen. Ez moja izateaz, ez bizitza hura laga izanaz. Unean-unean barruak eskatzen zidana egin izan dut. Kulturalki eta formazio mailan asko aberastu nintzen moja nintzen bitartean, baina pertsona bezala eta euskararen arloan ikastolak eman dit naizen guztia. Niretzako plazerra zen lanera joatea".

Datozen orrietan Enkarna Arregiren bizitzaren gorabeherak, sekretuak eta bizipenak argitzen saiatuko gara, beti ere, berak eta bere ingurukoek kontatutakoaz baliatuta.