Iturbideko alaitasuna zainetan

Familiako argazkia, Iturbide atarian. Enkarna amaren atzean dagoena da. 

Baserrian algarak, kantak eta festa egunerokoak ziren. Horrela gogoratzen dute bai Enkarnak, bai Imanolek, anaia zaharrenak. Enkarnak oso une politak gogoratzen ditu familiaz inguratuta. "Gauetan jolasteko unea izaten zen. Eskolatik bueltan batzuk eta besteak beraien zereginetatik etxeratutakoan, sukaldean elkartzen ginen. Hura zen sozializatzeko gunea. Anaia txikiena, urtetxo bat besterik ez zuela, sukaldean aurrera eta atzera ibiltzen zen eta gu hari begira barrezka".

Odolean dakarte iturbidetarrek festazaletasuna. Imanolek kontatzen du: "Jatorduan, denok mahaiaren bueltan jarrita geundela, askotan esaten nion neure buruari: Gaur Enkarnak ez dik bazkalduko! Eta halaxe izaten zen. Bazkaltzen hasten zenean, edozer gauzagatik barre eginarazten nion, eta jateari utzi behar izaten zion". Baina anai-arreba guztiak dira horrelakoak. "Iturbiden gripea ere ospatzen zela esango nuke", dio Begotxu Azkuek, ikastolan urteetan Enkarnaren lankide izandakoak.

Imanolek, ordea, alaitasun hori azaltzeko baditu beste teoria batzuk; dena ez omen dator odolean: "Gerra garaia eta behar handia zegoen denbora hura ezagutu genuen. Gainera, gure ama oso sinestuna zen. Horregatik, gazte garaian asko eutsi ziguten, ez ziguten utzi jairik jai eta festarik festa ibiltzen. Gerora, atea zabalik ikusi genuenean, denak aztoratu eta horrelako familia alaia irten zen. Eskertzen dut gaztetan soka motzean lotu izana, bestela ez nintzen horrelakoa izango-eta! Imanol ez ezik, Imanoltxo izatera ere ez nintzen helduko".

Baina Enkarna bereziki alaia dela diote guztiek, bai ikastolako lankideek, bai moja kongregazioan harekin batera egon zirenek, baita Imanolek ere. "Oso emakume alaia, langilea eta trebea da Enkarna. Beti dago edozertarako prest eta oso maņosa da".