Ikasteko gogo handirik gabe

1950ean Esklabetako atarian ateratako argazkia. Enkarna beheko ilaran eskubian dagoena da. 

Alaia, langilea eta trebea bai, baina ez oso ikasle fina. "Gure etxean denok ikasi genuen. Denok pasatu gara eskolatik. Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago. Adinaren eta momentuko beharren gauza ere bazen hori", dio Enkarnak.

Ikasle garaian Loiolan zegoen Errementeriko eskolan eman zituen lehen pausoak. Handik, Esklabetara.

"Nahiago nuen etxean gelditzea. Baserrian lana tokatzen zen: baratzean, soroan, bata besteari lagundu... Horrela hazi ginen. Baina ikastea ere beharrezkoa zen. Garai hartan, garrantzitsuena gizonezkoek ikastea zen, emakumeek, beno... zeozer. Ez zen horren garrantzitsua".

Esklabetara hiru ahizpak batera joaten ziren. "Sokadantzan abiatzen ginen goizero. Bik mutur banatatik eutsi eta bestea erdian saltoka, kale egindakoan lekuak txandakatuz".

Gogorik gabe joaten zen Enkarna ikastera eta klaseak hitz egiten pasatzen zituen. Behin baino gehiagotan bidali zuten kalera ez isiltzeagatik. Baina larriena hiru egunez kalera bota zutenean etorri zen. "Zer kontatu behar nuen etxean? Zer esango nion amari?". Kezka horrekin joan zen etxera egun hartan, baina Iturbidera heldu ahala aurkitu zuen irtenbidea: "Une hartan zelaian goldearekin ibiltzea tokatzen zen. Amak esan zidanez, itulan egiteko norbait behar zuten hiru egunez, idiaren aurretik joan eta pausoa markatzeko". Aitzakia horrekin hiru egunak baserrian lanean pasatu zituen Enkarnak eta inori ez zion kontatu eskolan gertatutakoa.

Hiru egunak pasatuta berriro Esklabetara bueltatu zen, baina artean, ikasteko gogo gutxirekin. Zenbait irakaslerekin klaserik ez emateko trukua ere bazuten gelakideek. "Ahizpa Carmenekin klasea genuenean nahikoa zen Franco aipatzea. Moja frankista zen hura eta diktadorearen izena aipatuz gero klase-ordu guztia pasatzen zuen Francoren bedeinkazioa kontatzen. Bitartean, gu pozik klaserik eman ez genuelako".