Herrira bueltan

1975ean Venezuelara ez, baina destinoz aldatu zuten Enkarna, eta berriro Azpeitira etorri zen.

Loiolatxon zegoen eskola mistoan lanean aritzeko destinatu zuten Azpeitira. "Eskola hura urtebetez bakarrik egon zen zabalik, baina urte hartan jendea behar zuten, eta hara non, ni herrira bueltatu nintzen".

Loiolatxoko eskola trantsizio bat izan zen Enkarnarentzako. Hura itxi zutenean, kristau ikasbidea irakasteko bere burua eskaini zuen ikastolan. Azpeitiko Ikastola orduan Loiolan zegoen, egun liburutegia dagoen alderdi horretan. "Berehala baiezkoa esan zidaten. Egun batean, Donostiara joateko autobusaren zain nengoela ikastolako zuzendaria, Iņaki Larraņaga, gerturatu zitzaidan, ea haurrei klaseak ematen esperientziarik ba ote nuen galdezka. Bai horixe! Bai Madrilen eta bai Loiolatxon! Egun hartatik aurrera ikastolan klaseak ematen hasi nintzen".

Artean, Enkarna moja zen. Horregatik Burlatara joan behar izan zuen hango superiorari ikastolan lanean hasteko baimen eske. Bidaia hartan, Azpeitian egun batzuk pasatzen zegoen Venezuelako ahizparen laguntza izan zuen. "Hasieran, zalantza asko zituzten. Politikan sartuko ote nintzen beldur ziren. Garaiko ikastola ez zen gaur egungoaren modukoa, eta beldurra zuten. Baina argi laga genion Arantxak eta biok hori ez zela gertatuko, eta azkenean baiezkoa eman zidaten".

Ezagutzen zituen ikastetxeekin alderatuta, ikastola oso diferentea zen. Garai hartan ikastolako filosofia askatasuna zen, "ikasleei ezin zitzaien ezer esan, denak libre behar zuen. Desmadre handia zegoen".

Enkarna zazpi urteko haurrekin lanean zegoen eta bere ibilbidean jasotako disziplina ezartzen saiatzen zen. Askotan alferrik zen, ez zuen ezer lortzen.

Haurrekin egindako egunpasa batean, ordea, neskatila batek esan zion: "Andereņo, ona zara ba!". Enkarnak bazekien ez zuela on fama handirik eta hori zergatik zioen galdetu zion haurrari. Umeak galderari erantzun beharrean zera esan zion: "Beno, batzuetan zital xamarra ere bazara, ordea!".

Adierazpen haiek eragina izan zuten Enkarnarengan. Eta, handik aurrera, disziplina beste irakasleen mailara egokitzea erabaki zuen. Hala ere, ikastolaren filosofia pixkanaka aldatuz joan zen: "Konturatu ziren bide hartatik ez gindoazela ongi eta berriro disziplina ezartzeari ekin zioten".

Lehen urtea ongi igaro zuen Enkarnak umetxoei klaseak ematen, irteerak egiten eta jolasten. Baina bihotzeko arazoa berriro arreta eske hasi zitzaion bigarren urtean. "Eguna ondo hasten nuen, baina eguerdirako xixko eginda nengoen. Gainera, garbi nuen ni gaizki banengoen, haurrak ere gaizki egongo zirela".

Zuen arazoa planteatu zuen ikastolako zuzendaritzan eta erraztasun guztiak eman zizkioten. Ikastolan pasatu zuen bigarren urtean klaseak egun erdiz ematen zituen; eta arratsaldean, administrazioan aritzen zen. Bizitza lasaiagoa zen hura, presio gutxiagorekin. Hortik aurrera, jubilatu arte, administrazioan eta harreran jarraitu zuen lanean.