Bi munduren artean

Ikastolaren 25. urteurrena ospatzen, Kirurin. 
Ikastolaren 25. urteurren bazkariko beste argazki bat. 

Enkarna bi munduren artean bizi zen. Alde batetik, komentuko itxitura eta kontserbadurismo hura. Bestetik, horrekin talka egiten zuen gazte mugimendua, joera berriak, ikastolaren indarra… Azken horrek, gainera, bere iturbidetar izaerarekin bat egiten zuen.

Kongregazioan abituaren aldeko apustu tinkoa egiten zuten, baina Enkarnaren bizitzan askotan traba handia ere izan zen abitua. Hala ere, lehen aipatu dugun moduan, zuria eta beltza tartekatzen zituen. Baina, pixkanaka, joera hura ere aldatzen joan zen. Kolorea bakarrik aldatzetik, abituaren ordez kaleko arropa janztera iritsi zen.

"Nik beti gogoan daukat afariren bat-edo izaten genuenean, komentutik abituarekin irteten zela, baina kotxean edo gasolindegian arropaz aldatzen zen eta gurekin sekular jantzita joaten zen afaltzera. Bere ustez kalte gehiago egiten zuen moja bat gaueko ordu txiki haietan abitua jantzita ikusteak, berak abitua kenduta egiten zuen kalteak baino. Eta hori pixkanaka denera aplikatzen joan zen. Ezkontzetara gonbidatu izan dugunean ere, moja jantziarekin joaten zen elizara, baina ondoren arropaz aldatzen zen jatetxera joateko. Baina abitua Enkarnaren parte zen, hori barneratuta geneukan. Tarteka, arropak aldatu ere egin izan ditugu. Badaukat argazki bat, non Enkarna nire bakeroekin agertzen den eta ni bere abitu beltzarekin", kontatzen du Begotxu Azkuek.

Kontraesan horiek pixkanaka areagotuz joan ziren. Enkarnak bizi eta ezagutzen zituen bi mundu haiek bere barne gatazka piztu zuten eta borroka hartatik nola edo ahala irtetea lortu behar zuen. Azkenean, kongregazioko zuzendaritzarekin zituen ezadostasunek moja bizitza lagatzera bultzatu zuten.