Bokazio falta?

Enkarna moja zela igandero joaten zen baserrira aita-amak eta senideak bisitatzera. Argazkian, Enkarna amarekin, koinatarekin eta ilobarekin. 

Mojatik irteten denaren arrazoi nagusia bokazio falta dela pentsatu dezakegu, baina Enkarnaren kasuan ez zen horrela izan. "Oraindik ere bokazio berbera daukat, baina irakurgaien bidez, jendartearekin harremanetan eta abar, esnatu egin nintzen. Komentuko bizitza hura ez zitzaidala gustatzen erabaki nuen. Hori ere, erabaki pertsonala izan zen, ez ninduen inork bultzatu horretara. Esperantza daukat, egunen batean kongregazioko buru direnak ere esnatuko direla. Jainkoarengandik maitasuna bakarrik dagoela, eta inoiz ez datorrela zigorrik. Dagoeneko, kongregazioan buru berriak daude, eta horiek ere esnatu dira".

"Ni komentuan kontraesan batean bizi nintzen. Bi jainko ezin dira gurtu eta nire komentuko zuzendaritzakoen jainkoa eta nirea ez ziren berdinak. Beraiek huskeriei ematen diete garrantzia. Nire jainkoa, berriz, zerbait gehiago da".