Plazarik fuerteena Azpeitikoa

Datuen arabera, Euskal Herrian sokamuturra eta antzeko ekitaldiak milatik gora egiten dira urtero. Asko dira. Gorixo, Arno eta Albizuko ganaduzaleek, ordea, beraien esperientziagatik garbi dute: Azpeitikoa da plazarik fuerteena.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Hemen bueltan herririk garrantzitsuena Azpeitia da sokamutur kontuan”.

Anton Albizu (Albizu ganadutegia):

“Gehien, Azpeitia. Eta Mutriku bestea. Eta Elgoibar; Elgoibarrek ere sokamuturra asko bizi du. Mutriku eta Azpeitia egongo dira nik ezagutzen ditudan fuerteenak”.

Arratsalde batean —hiru ordu eta erdiko saioan, alegia—, sei bat zezen ateratzen dituzte. Bakoitza batez beste ordu erdiz ibiltzen dute. Beste herrietan, berriz, ordu laurden inguruan, ganaduzaleek diotenez. Ganaduarentzat Azpeitikoa gogorragoa zergatik den datu bat da hori.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Azpeitian behar du zezenak gogorra. Soka handia izaten da. Eta gero ibilbidea ere handia da; ba al dakizu zenbat kale pasatu behar izaten den? Gora eta behera, han eta hona…”.

Sokamuturzale kopurua da beste bat. Horrek ere eragiten dio ganaduari.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Jende asko ibiltzen, gainera. Beste lekuetan ez da hainbeste jende ibiltzen, Azpeitian beste. Azpeitian astegunean ere bai, eta jaian ere beti jendea, nik ez dakit nondik etortzen den, baina…”.

Amaia Goenaga (sokamuturzalea):

“Guk sokamuturra txiki-txikitatik bizi izan dugu, eta orduan afizioa daukagu kristorena. Ez dugu ulertzen festa bat Azpeitian zezenik gabe”.

Jaione Uranga (sokamuturzalea):

“Niri txikitatik gustatu izan zait, familiatik ere badatorkit. Azkenean ama, osaba, izeba, denak ikusi izan ditut, eta neuk ere txiki-txikitatik ihes egiten nuen zezenean ibiltzearren. Gero ikusita horrenbeste jende mugitzen duela, gazteak, zaharrak, denak… Azpeitiarentzat garrantzitsua da”.

Soka da Azpeitikoa gogorra egiten duen beste faktore bat. Besteak beste, astuna delako. Behin, ekitaldia bukatzean, soka dena bustita eta zikinez josia zegoela, pisatu egin zuten Etxe Zurinekoan, kapritxoz.

Anton Albizu (Albizu ganadutegia):

“(Karnabal) Astearte goiz batean sokamuturra egin eta pentsatu genuen pisatzea. 92 kilo pisatu zituen sokak”.

Arno, Gorixo eta Albizuko ganaduzaleen arabera, beraiek ezagutzen dutenez soka argoillan lotuta Azpeitian, Durangon eta Hondarribian besterik ez da izaten. Durangon eta Hondarribian, ordea, ez da Azpeitian bezain sendo lotuta egoten, edo zezena ez da horrenbeste denboran eta kaletan izaten. Horrek ere gogortzen du sokamuturra. Gainera, sokak tope egitean, zezenak kolpea hartzeko arriskua edukitzen du.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Txarrena da bazterrari lotuta egoten dela. Beste lekutan ez dago botatzerik zezen hauek; Azpeitian bakarrik!”.

Anton Albizu (Albizu ganadutegia):

“Han (Azpeitian) kolpe handiak hartzen ditu zezenak. Etsi egiten dute askok; beste batzuek, ikasi”.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Zezenak han egiten dira dena izerditu. Hurrengo egunean artean lehortu gabe egoten dira, bustita denak eta izerdituta. Ibili Azpeitian, eta zezenak hamabost bat egun behar izaten ditu bere onera etortzen”.

Beraz, ondorioa garbi daukate ganaduzaleek: Azpeitira zezen handiak ekarri behar dira. Legearen arabera, pisu topea 350 kilotan dago. Sokamuturra hasi aurretik, ordu erdi bat lehenago ganaduaren kamioia Azpeititik Zestoarako irteerara joaten da, gasolindegira, han pasatzen dutelako froga: albaitaria zain izaten dute pisua kontrolatzeko. Ganadua ikusi, eta balekoa ematen du, edo zezenen bat atzera botatzen du kiloen muga gainditzeagatik. Balekoa izaten da ia-ia beti. Ondoren, ertzainek paperak betetzen dituzte. Dena legez, hortaz.

Fernando Zubiaurre (Gorixo ganadutegia):

“Azpeitian zezen handia behar da. Zezen txikia baldin bada, soka beti arrastaka izaten du eta nekatu egiten da. Azpeitira joateko lau urte behar ditu barrena, indarrean izan behar da-eta. Gure bat lau urterekin hasita joan izan da hamar urtean ilaran Azpeitira, baina batzuek ez dute balio, geuk bezalaxe”.

Anton Albizu (Albizu ganadutegia):

“Soka hori eramateko zezenak behar ditu urte batzuk, bai; idisko gaztea botatzen bada… Han (Azpeitian) bost urtetik gorako idiskoa komeni da, eta kalean ibilitakoa, gainera. Kalean sokarekin egiten den sokamuturrean egindako idiskoa baldin bada, hobe. Sokan ibili gabeko idiskoa baldin bada, egin dezake itxuran, baina batere ez ere bai. Guri gertatu zitzaigun iaz ere: ekarri idiskoa esperantza oso-osoan, eta kolperik ez zigun egin. Azpeitiarik ez balego, gaur edozein behirekin hemengo osterantzeko lanak egin daitezke. Azpeitiagatik idiskoak eduki behar izaten dira eta horiek urte osoan mantentzea asko kostatzen da”.

Soka ezinbesteko tresna da Azpeitian zezena kalean ibiltzeko. Historiako datuak horren lekuko.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Herriak harakin bat izendatzen zuenean herrira haragia eta abar ekartzeko, beti exijitzen zitzaion gauza bat zen soka ekartzeko, hil behar zituen erdi kastako zezen horiek edo idisko horiek kalean ibil zitzan berak. Baina askotan gertatzen zen hark ekartzen ez baldin bazuen soka hori, Udalak izugarrizko isunak-eta ipintzen zituela harentzako”.

Behin festak gainean zirela soka hori ez zegoen Azpeitian, eta hura zen hura Udalaren estutasuna!…

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Harakina bezala, Udalak elurra jasotzen zuen jende bat ere izendatzen zuen, gero saltzera, ur hori udara partean-eta zabaltzeko. Urte batean gertatu zen elurzale horrek bere soka hori eraman zuela Aizkorrira, beharra zuelako, Azpeitian elur gutxi egin zuelako, handik ekarri behar zuenez elurra. Hara joan eta denbora bat bazen ez zuela ekartzen soka hori atzera bueltan, eta Udalak agindu zuen soka hori egun batetik bestera ekarri behar zuela Azpeitira, behar zelako”.

Sokamutilek ere lehen izaten zituzten komeriak sokaren egoera zela eta ez zela...

Joxin Beloki (sokamutil ohia):

“Soka orduan oso gutxi ekartzen ziguten guri. Geu kexatu izaten ginen asko, baina ez zegoela dirurik eta abar… Gainera, soka euritan-edo ibili eta asko estropeatzen zen. Segua-eta mataderian ematen zioten; mataderian gordetzen baitzen orduan soka. Urte batean, akordatzen naiz, nilonezkoa ekarri ziguten, hura hemen ona izango zela, oso fuertea zela, hau eta hura, baina ez, ez zuen balio honako. Izan ere, lehorrean harrapatzen bazuen kantoi izkina batean-edo, su hartzen zuen: su, edo berotu egiten zen, eta ez zuen balio batere ezertarako”.

Joxin Belokiren-eta garaian zezen gutxiago ateratzen zituzten saioko, hori ere hala da. Bi-hiru zezen, eta saioa gaur baino ordubete laburragoa izaten zen.

Sokamutilek beraiek prestatzen dituzte sokak; gaur egun, Udalak utzita Damaso auzoan duten lokalean.

Mutilen lana ez da soka bera egitea, jasotzen dituzten sokak uztartzea eta zezenerako prestatzea baizik.

Donostiako denda batetik ekartzen dute soka: Arenzanatik. Hiriburuko dendarik zaharrenetakoa da. 1900ean sortu zuten; 111 urte ditu, beraz. Sokak, kortxoak eta antzeko produktuak saltzen ditu. Baina Azpeitira bidaltzen duen soka ez da Donostian bertan edo Euskal Herrian egindakoa. Arenzanakoek Espainiatik jasotzen dute soka mota hori, Ciezatik (Murtziatik), enpresa handi batetik.

Kalamuz egindako soka da Azpeitiko zezenekoa, baina material hori ez da Murtziakoa bertakoa ere, Mozambiketik, Madagaskartik edo Filipinetatik ekarritakoa baizik.

Gainera, gaur egun ez da kalamu hutsekoa, linuarekin nahastuxe egindako soka delako, mutilentzat eskurako ez hain lakarra izateko, gozoagoa baizik, Paco Arenzana dendako jabeak dioenez.

Aurtengo sansebastianetan, astebete lehenago bildu ziren sokamutilak festetarako soka prestatzeko. Bi egunetan zegoen zezena: sansebastian egunean eta handik hiru egunera, igandez.

Bi soka mota jasotzen dituzte: bat lodia (36 milimetroko diametrokoa), bestea meheagoa (26 milimetrokoa). Biak uztartzea da mutilen lana. Lodia hamar metroko luzerakoa erabiltzen dute, mehea 50ekoa. Azkenean, uztartzearen ondorioz-eta, soka 55 bat metrotan geratzen da.

Oskar Osinalde (sokamutila):

“Uztartzeak oso errazak dira. Soka hauek lau kordel bezala edukitzen dituzte, eta lau kordel horiek muturretik 40 bat zentrimetrora askatu egiten dira, eta tope bat jartzen da soka batekin edo zinta batekin. Gero muturrak zinta isolatzailearekin bildu egiten dira hariak ez askatzeko, bestela dena desegin egiten da. Orduan, hauek askatutakoan, lehenengo soka lodia finarekin elkar ezkontzen da”.

Zezenaren koilara parean korapilo berezia egiten dute, segurtasun handiagoa lortzearren.

Oskar Osinalde (sokamutila):

“Zezenak tope egiten duenean, korrika batean joaten bada, indar handia egiten dio sokari, eta orduan zenbat eta indar handiagoa egin, korapilo klase hau estutu egiten da eta orduan eta seguruago gelditzen da”.

Koilara, berriz, azkenaldian Ordiziatik ekarri izan dute, Perez larru-dendatik. Sorta bat, urte batzuetarako. Azpeitiko lantoki batean egokitzen zuten koilara: Karreranean. Azken argoillak ere tailer horretan egin izan zituzten.

Azken batean, soka segurua izan dadin neurriak hartzen dituzte, bi soka motak eta hari guztiak ondo uztartuta egon daitezen. Soka kopuru aldetik ere hartzen dituzte neurriak, 2002ko karnabaletatik sokamutur saio luze bakoitzeko berria ateratzen baitute. Erabilitakoak garbitzeari-eta utzi egin zioten.

Oskar Osinalde (sokamutila):

“Udalari aipatu genion ea arazorik ba al zegoen irteera bakoitzean soka berria izateko, eta haiek esan ziguten garrantzitsuena lehenengo segurtasuna dela, hori ez baldin bada gero eta arazo gehiago zeudelako zezena kentzeko aseguru aldetik-eta, eta Udalak berak ere nahiago zuen irteera bakoitzean soka berri bat erabiltzea. Orduan, urtero-urtero, ibilitako sokak, nahiz eta ondo egon, erretiratu egiten ditugu”.

Neurrien ondorioz, segurua da soka. Baina azken urteetan ere hautsi izan da batzuetan. Azkeneko aldiz 2002an, sansebastianetan, zezena Eliz kalean lotuta zela, Erdi kalerako kantoian; plazan harrapatu zuten zezena. 1990ean Ińaki Etxenagusia argazkilariak Artzubian soka eten zeneko irudi hau ere jaso zuen.

Etenagatik edo zezenak topea jota tenkatzeagatik ez ezik, sokak jendeari bestelako susto batzuk ere eman izan dizkio. Edo sokamutilek, hobeto esanda. German Rekejo, Txomin Larrańaga eta hauen garaian 20:00ak pasatxo zirela berriro joaten ziren Erdi kalean gora sokamuturra bukatzean, lasterka eta builaka; oraingoan, soka karroan sartuta, gordelekura zeramatela. Erdi kalea lepo zela. Jendearen sustoa!, zezena zetorrelakoan… Herritarrek protesta egin zuten, eta sokamutilek utzi zioten akzio hura egiteari. 1980an egin zuten azkenekoa.

Zezena beti ez da ibili, ordea, sokarekin. Libre ibili izan da. Herriko plazako itxituran ez ezik, pilotelakuan. XIX. mendean zezena han ateratzen zuten datu bat badago: frontoia erabat aldatu eta Santiyo kalea (gaurko Donejakue) lorategi bihurtzean, ezinezkoa ikusi zuten ordura arte bezala zezena bertan ibiltzea karnabaletan. Dena dela, 1908ko udal erabaki baten ondoren, zezena pilotalekuan izaten hasi zen sansebastianetan eta karnabaletan, libre. Alberga pareko ikullu moduko honetatik ateratzen zuten ganadua. 1960ko hamarkada bukaera aldera utzi zioten ohiturari. Joxin Beloki ezagututakoa da han zezena.

Joxin Beloki (sokamutil ohia):

“Jai giro ona egoten zen hemen. Zezenak ez ziren handitxoak ere, eta zuhaitzetan-eta jendeak asko jolasten zuen. Jende asko egoten zen, eta han ibiltzen ziren batera eta bestera. Bat alde batean kamioiarekin egoten zen eta bestea bestaldean, eta gero barrika batzuekin kantoi izkinak-eta itxita egoten ziren. Oso berezia zen”.

Pilotalekuko parkeko leiendak ere sortu izan dira.

Joxin Beloki (sokamutil ohia):

“Zezena karreran sartu zen eta igo zen eskaileratan behetik gora. Lehenengo solairura ailegatu zenean, nola ez zuen bueltatzeko lekurik, barrutik atea ireki zioten eta barrura sartu zen zezena! Orduan zezenak egin zuen buelta hartu eta atzera berriz goitik behera etorri. Baina batzuek esaten dute lehen balkoira azalduta omen dagoela; hori nik ez dut ikusi”.