Eguna: 1-1

  • 2021-1-1. Azpeitiak 15.000 biztanleren langa gainditu zuen 2020an.
  • 2002-1-1. Uztarria Kultur Koordinakundeak www.uztarria.com Azpeitiko webgunea martxan jarri zuen.
  • 1852-1-1. Azpeitiko Musika Bandaren sorrera urte modura jo daiteke, 1852koa baita haren lehenengo aztarna. Izan ere, bandaren zuzendaria udal langileen artean ageri zen orduko kontuetan. Zuzendari hura, Sekundino Etxeberria zen.
  • 1847-1-1. Herrian udal kargua izateko gaitasuna zutenen zerrenda osatu zen, eta aukeratuko zen Udal berriari baimena ematea erabaki zen, unean aurkeztutako zerrendan agertzen ziren herritar biztanleei agintaritza eskuratzeko ahalmena emateko kaparetasun agiririk eskatu gabe, oraingoz behintzat. Baina gobernuaren eta probintziaren artean foruen konponketa egin ondoren, bertan ziren baldintza eta agindu guztiak bete beharko zituzten.
  • 1847-1-1. Bergarako Konbenioan Espartero Gorteei foruak eman edo konponketa bat egitera proposatzea konprometitu bazen ere, 1839ko urriaren 25eko legearekin sekulako geldialdia sortu zen. Madrilgo kolore desberdinetako agintariek nahi zuten erara irakurri zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioak 1876. urtera bitartean, nolabait, autonomia zati bat bada ere euren eskuetan izaten ahalegindu ziren.
  • 1846-1-1. Herriko sendagile Joxe Ramon Sagastumek Azkoitian zen izurriteak hango biztanleen artean sortu zituen kalteak aurkeztu zituen, eta zenbait aholku eman zituen gaitza Azpeitira ez zedin zabaldu.
  • 1771-1-1. Urtean behin herriak diruzain bat izendatzeko baimen erreala lortu zuela adierazi zuten.
  • 1767-1-1. Herriko kontuak eta eginiko diruaren banaketa aurkeztutakoan, matxinadak sortutako kalte handiak bertan ez zirela agertzen adierazi zuten.
  • 1756-1-1. Aurreko urteko abenduaren 27an izendatutako Joakin Egia alkateak zin egin zuen bere alkatetza, baina egun horretan kanpoan zegoen. Historian askotan gertatu izan da antzeko zerbait, baina aukeratua herriratzen zenean alkatetza hartzera deitu ohi zuten.
  • 1702-1-1. Aurrez Joseph Olanok, herriari 1.600 erreal eskainiz, alondegia bere gain hartuta bazuen ere, Juan Ariznabarretak ondoren, gehiago emateko asmoa agertuz, eskaintza egin zuen, eta herriak ontzat hartu eta berehala enkantean jarri zuen. Azkenean, Ariznabarretak 1.867 erreal eskaini eta alondegiaren kargua hartu zuen.
  • 1692-1-1. Postari zerbitzua utzi zuen Manuel Etxeberriak. Haren ordez, herriko agintariek, bien artean tratua eginda zutelako, Mikel Arangoiti izendatu zuten, lau urterako.
  • 1638-1-1. Enparango errota 2.000 errealean Juan Anziari errematatu ziotenean, Kristobal Eizagirrek 200 erreal gehiago eskaini zituen. Baina ongi eginiko errematea zela kontuan izanda, lehena gelditu zen errotarekin, urtebeterako.
  • 1570-1-1. Tabernariei eskatu eta ordaintzen zieten bezero guztiei ardoa ematera derrigortuak zirela gogoraraztea erabaki zuten herriko agintariek.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan