Eguna: 1-11

  • 2012-1-11. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedientea onartu zuen, baina ez osorik. Hori dela-eta, 100 langile kaleratuko dituela iragarri zuen.
  • 2006-1-11. Lehen aldiz danborradako entsegua Izarraitz pilotalekuan egin zuten. Aurreko urteetan Azoka plazan izan ohi zen.
  • 2005-1-11. Iñaki Goenaga 'Sistiya'-k 100 urte bete zituen. Udalak omenaldia egin zion bere etxean.
  • 2002-1-11. Gorka Azkunek CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio lehiaketan bigarren saria irabazi zuen, '...eta honetan sokak agertu ziren' lanarekin.
  • 1968-1-11. Kresala Taldeak Ondarrun 'Mariñelak' zartzuela estreinatu zuen, Joxe Mari Altunaren musika eta Agustin Zubikarairen hitzak zituela.
  • 1937-1-11. Herrian egin ziren umeen euskal izen aldaketei buruz gobernadore zibilak idatzi bat egin zuen. Azterketa bat egiten ari zela zioen, eta bitartean inolako neurririk ez hartzeko agindu zien agintariei.
  • 1915-1-11. Enparan zubitik Harzubira bidean gurdiei pasoa debekatzea erabaki zuten, egiten zuen kaltea ongi neurtu ondoren. Bide horretan ziren lantegi eta biltegietara bakarrik utziko zuten sartzen.
  • 1905-1-11. Inazio Goenaga Alberdi jaio zen. Jesuitekin egin zituen ikasketak, eta Orixeren ikaslea izan zen. Euskal olerkari eta idazlea izan zen, 'Seaska ondoan' deitutako olerkia izanik haren lanetako bat. 'Zeruko Argia' eta 'Jesusen Biotzaren Deia'-ko laguntzailea izan zen.
  • 1904-1-11. Xebastian Camio arkitektuak azaldu zituen Azoka plazako obren diru alderdia onartu zuten.
  • 1886-1-11. Urrestillako garbitokia egiteko lanak amaitu zirela adierazi zuten.
  • 1864-1-11. Teodoro Erentxun jaio zen. Hark margotu zituen, besteak beste, parrokiko eskailera gaineko gangaren ertzetan izan ziren Anbroxio, Jeronimo, Agustin eta Gregorio santuen irudiak.
  • 1852-1-11. Azkenaldian etxe berriak egin zituztela-eta, kaleetako etxeen zenbakiak aldatzeko azterketa egiteko batzorde bat izendatu zuten.
  • 1791-1-11. Orduan parrokian egiten ari ziren arkua amaitu ondoren, gainontzeko lanetan etenaldia egitea erabaki zuten.
  • 1784-1-11. Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako eran, bide berria egitea erabaki zuten herriaren barreneko sarreratik Eskuzta zelaira arte. Aurrez zegoen bidea behar bezainbeste zabalduz, batez ere, uholdeak izaten zirenerako arriskutsua zegoelako.
  • 1784-1-11. Eskuzta zelaian ermita bat eraikitzea erabaki zuten, ondoren bertan irudi bat jarriz.
  • 1712-1-11. Herriko agintariek Bataio kaperan akatsak ikusi zituzten, Martin Zaldua maisua kobratu nahian zen bitartean. Eginiko eskritura eta gainontzeko paper guztiak aurkitu eta aztertzea erabaki zuten, eta parrokiko etxezain Joseph Iturriagari gaiari buruz gestio guztiak egitea eskatu zioten.
  • 1673-1-11. Elolaren kaperau izan nahi zuen Juan Bautista Aizarnazabali azterketa lana jartzeko, Udalak epailetzat Miguel Bikuña fraidea, Frantzisko Zelaiaran apaiza eta Juan Saloguen erretordea izendatu zituen.
  • 1654-1-11. Pregonariak deituta, lehen aldiz, parrokian egin nahi zen obra handia jarri zuten enkantean, herriko plazan, baina ez zuen inork bereganatu.
  • 1654-1-11. Soreasu errota hartu zuen urtebeterako Inazio Arzuagak, 230 dukat ordainduz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan