Eguna: 1-16

  • 2016-1-16. Hitzartu, Azpeitian independentziaren gaineko herri galdeketa egiteko sortutako gizarte taldea aurkeztu zuten Soreasu antzokian. Galdeketaren data (ekainak 12; gero 5era aurreratuko zuten) eta galdera ere ('Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? Bai/ez') aurreratu zituzten.
  • 2016-1-16. Jose Luis Frantzesena 'Schubert'en liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak, Maialen Etxanizek idatzia.
  • 2013-1-16. Luizi batek harrapatu zuen Urrestillako Zuola baserria. Bertako bizilagunak onik atera ziren, baina kalte material handiak eragin zituen.
  • 2011-1-16. Sute bat piztu zen Landeta auzoko Eman barniz enpresan. Enpresako arduradunen esanetan, lantegiaren %20 suntsitu zuen suak.
  • 2006-1-16. Loiolatxo bota zuten, toki horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak autoentzako aparkalekuak egiteko. Loiolatxo Elkartekoek tren geltoki ondoan dute egoitza berria.
  • 2003-1-16. Frantzian, Bourges herrian, Xabier Etxeberria Jauregi 'Txapi' eta Jabier Agirre Odriozola ETAko ustezko kideak atxilotu zituzten.
  • 1997-1-16. Karmelo Etxegarai Ikastolak 79 ikasle zigortu zituen, Jesus Arkauz ETAko kidea Espainiako agintarien eskuetan jartzearen aurkako manifestazioan parte hartu zutelako egun horretan.
  • 1934-1-16. Nuarbe auzora autoarekin eguneroko zerbitzua egiten zuen Pablo Azkueri Udalak 500 pezetako laguntza ordaindu zion.
  • 1900-1-16. Aiako Joxe Tejeria Mugaz urkatu zuten Azpeitian. Urte eta erdi lehenago bere aita hil zuen. Sei bat mila lagun bildu ziren urkatzeko orduan. Urkatu aurretik aita Aizpuru jesuita urka tokitik hitz egiten hasi zen -norbaitzuk aholkua eman eta bere burua garbitzeko asmoz, eta Tejeriak bere aita zenaren ondra zikindu zuela, bere emaztearekin konpontzen zela esanez, baina guztia gezurra zela-. Hitzaldiaren ondoren, borreroak burdin uztaia jarri eta gero, beste apaiz bat kredoa errezatzen hasi zen, eta halaxe hil zuten Tejeria. Hainbat bertso paper zabaldu ziren Euskal Herrian gertaerari buruz; egun batean, Juan Mari Zubizarreta sei mila bertso paperekin agertu zen Azpeitian, eta guztiak saldu zituen.
  • 1899-1-16. Bartole Uzinek, beste batzuekin elkartuta, Azoka plaza estalia eraikitzeko egindako eskaeraren berri eman zuten, ezinezkoa iruditzen baizitzaion Azpeitiko Udalari beraiek egitea. Udalak, ordea, asmo berak zituen eta proiektu bat eskuartean zuen.
  • 1858-1-16. Probintzian barrena ibiliko zen trenaren bidea egiteko herriak 40.000 errealeko diru laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1830-1-16. Elurte handia zen, eta agintariek herritar guztiak bakoitzak bere etxeko teilatuetan zen elurra kentzera gonbidatzea erabaki zuten, horrela era guztietako arriskuak baztertu nahian.
  • 1830-1-16. Azokak nolabait egokitu nahian, enparantzan eserlekuak jartzea erabaki zuten, tartean gerturatzen zen jendea ibiltzeko bideak utziz. Udaltzainak zaindu beharko zituen eserlekuak, haietan esertzen zenari txanpon bat edo gehiago kobratuz, baldin eta toki handiagoa betetzen bazuen saltzera emandako generoekin. Bide batez, etxetik emandako aulkiekin, otarrekin eta generoekin bide horiek oztopatzea ere debekatu egin zuten.
  • 1705-1-16. Gragori Sarasuak zazpi urte aurretik Soreasu errota errentan eduki zuela esanez idatzi zuen. Eta hark utzitako tresna batzuk eta orduan jaso nahi zituenak han zeudela adierazi zuen. Udalak, Zuazola erregidoreak eskaerari erantzuna eman zezan agintzea erabaki zuen.
  • 1693-1-16. Ospitaleko etxezainak derrigorrez arropa erosi beharra zutela adierazi zuen, baina horretarako dirurik ez zutela eta, batez ere, maindireak inguratzeko herritarrei eskaera egin zitekeela. Ospitaleko etxezainak horretarako baimena eskatu zuen. Agintariek, haietako baten eta ospitale kaperauaren laguntzarekin, udaltzain bat ere eurekin zutela, irten zitezela erabaki zuten.
  • 1693-1-16. Domingo Larrondok urtean zehar haragi hornikuntza egiteko eskaintza egin zuen. Gaztela eta Nafarroako ahari libra 28 marairen saltzen zuela, behia 18 marairen harakei izanik San Juan eguna bitartean eta gabonetatik garizumara bitartean, eta gainontzean bestelako behia. Zioa, berriz, zortzi laurdenetan eta kandela gaia hamarrean. Bestalde, herriari zilarrezko 40 ezkutu emango zizkion Inazio deunaren festarako Gaztela edo Nafarroako zezen bat erosteko. Eta, gainera, soka bat inguratuko zuen urte guztian zehar kaleratuko ziren idiak kaleratzeko. Ontzat hartu zuen herriak eskaintza eta eskritura egitea erabaki zuen.
  • 1693-1-16. Herriak urte honetan, ardoaren zerga kobratzeko, Jazinto Arsuagarekin zeukan eginda eskritura, baina ohiko bermeak eskainiko zituela agindu bazuen ere bere garaian, ez zuen horrelakorik eginik eta alkateak kartzeleratuta zuen. Arsuaga ezkongabea zenez eta orduan, behintzat, agindutako fidantza emateko ez zuenez ondasunik, berriro enkantean jartzea erabaki zen eta errematea gehien eskaintzen zuenarekin egingo zuten.
  • 1646-1-16. Ospitaleko etxezain Domingo Kortaberriak eginiko eskaerari buruz abokatu batek emandako iritziaren berri adierazi zuen alkateak: 140 dukat ematekoa. 1631ean, enparantza nagusia zabaltzeko lanak ordaintzeko herriko agintariek 200 dukat hartu zituztelako zentsuan ospitaleko kaxatik. Ordaindu aurretik eta gertatzen zenaren berri jakiteko urte horretan agintaritzan zirenekin harremanetan jartzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan