Eguna: 1-17

  • 2011-1-17. Sute batek kalte material handiak eragin zituen Landetan, Mobaux SL altzari lantegiaren garai bateko egoitzan.
  • 2009-1-17. Julian Eizmendik (EAJ) IƱaki Errazkinen (ezker abertzalea) lekua hartu zuen alkate karguan, zentsura mozio bidez. Eizmendi 2003tik 2007ra arte ere izan zen Azpeitiko alkatea.
  • 2003-1-17. Gorka Azkunek CAF-Elhuyar Zientzia Dibulgaziorako gazteen sari berezia jaso zuen 'Naturaren seme ezkutuak' lanagatik.
  • 2001-1-17. Agenda 21 eta Udaltalde egitasmoa aurkeztu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko udalek.
  • 1988-1-17. Urola trenaren aldeko manifestazioa egin zuten Zumarraga-Urretxun.
  • 1971-1-17. Irazu eta Leon Albeniz 'Iruntxiberri' neurtu ziren beraien artean eginiko lau apustuetako bigarrenean: zortzi kilometro lasterka. Iruntxinberrik irabazi zuen 25' 50''eko denborarekin; 26 segundo gehiago egin zituen Irazuk.
  • 1935-1-17. Aurrez Oiarzabal eta Landa lantegia izandako eraikina 90.000 pezetan erostea erabaki zuten, bertan Guardia Zibilaren koartela kokatzeko.
  • 1916-1-17. Udaletxe zaharreko beheko lokalean Udaltzaingoa jartzeko egin behar ziren lanen aurrekontua onartu zuten.
  • 1910-1-17. Joxe Inazio Zuduperi, urtean 60 pezeta ordainduz, San Agustingo azken arkuan egunkariak saltzeko kiosko bat jartzeko baimena eman zioten.
  • 1883-1-17. Haragiaren merkealdia kontuan izanik, kiloari 1'12 pezetako prezioa ematea erabaki zuten.
  • 1859-1-17. Juan Amezuak parrokirako eginiko organoa ikusteko, Juan Santesteban maisu donostiarra aukeratu zuen herriak.
  • 1787-1-17. Ikatz asko beharko zuela adierazi zion herriari Inazio Zabalo Zuazolak, hurrengo hilaren amaierarako, Urrestillan, zementazio altzairu fabrika bat martxan jartzeko asmoa zuelako. Espainiako erregearen baimena zuen horretarako.
  • 1766-1-17. Ohiko egun jakinetan gauez argiak pizten zirenean, gutxienez etxe bakoitzean bi argik egon beharko zutela erabaki zuten. Agindua betetzeko, alkateari udaltzainari berria pasatzea eskatu zioten.
  • 1738-1-17. Inazio Segurola izendatu zuen herriak urak Barnolako burdinola handia eta txikiaren arteko bidea erabat apurtzeko izandako arrazoiak jakiteko, kontuan izanik presak sor zitzakeen kalteak bere nagusiak ordaindu beharko zituela. Izan ere, konponketa lanak burdinolen jabe Juan Antonio Erkiziak ordaindu zituen eta orain herriari kobratu nahi zizkion.
  • 1738-1-17. Herrian ziren txakolin upela guztiak konfiskatu zituzten, aurrez dastatu eta preziorik eman gabe inork saldu ez zitzan.
  • 1732-1-17. Urrestillako kaleak konpondu eta Aratz ibaiaren ondoko bidea txukuntzea erabaki zuten.
  • 1702-1-17. Herriaren mendietako egurra saltzeko arautegi berri bat onartu zuen Udalak.
  • 1696-1-17. Parroki atzeko iturria konpontzeko tratua egin zuten Jeronimo Sarasua maisuarekin.
  • 1694-1-17. Insula etxea eta Harzubiko zubia bitartean, Soreasuko errotaren ubidean zetorren uraren indarra aprobetxatuz, papera egiteko eraiki nahi zuen fabrikarako errota egiteko baimena eskatu zuen Martin Olaizolak. Erabakia hartu aurretik, herriarentzat kalterik sor ahal zezakeen ikustea izan zen agintarien gogoa.
  • 1644-1-17. Diputazioak erregeari probintziak agindutako soldaduak prest izan zitezela aginduz bidalitako gutun bat jaso eta alkateak deituta udalbatzar nagusia ospatu zuten. Aginduan bakoitzari libra bat bolbora, metxa eta beruna emango zizkiotela aipatu zuten. Bederatzi soldadu prestatu behar zituen herriak bi konpainiatan joango ziren 220 laguneko taldea osatzeko. Eta agintariei ahalik eta azkarren haien aukeraketa egiteko eskatu zieten, bakoitzari 50 dukat eskainiz jazkia eta arma erosteko; erregeak agindu bezala, boluntario joango ziren. Herritarrak izan beharrean, beste nonahikoak izan zitezkeen bederatzi soldadu haiek.
  • 1591-1-17. Sebastian donearen eguna ospatzeko erabakiak, meza, prozesioa, dantzariak eta abar hartu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan