Eguna: 1-21

  • 2011-1-21. Gorka Karapeto eskalatzaileak bigarren aldiz lortu zuen 9a zailtasuneko bide bat kateatzea, Lleidako (Herrialde Katalanak) Perleseko eskalada eskolako 'Esclatamasters' izenekoa, hain zuzen.
  • 2001-1-21. Sokamutilak baino lehenago iritsi zen zezena Erdi kalearen barrenetik enparantza nagusira. Oso ezohikoa da hori.
  • 1999-1-21. Arrain asko hilik agertu ziren Ibaiederren.
  • 1965-1-21. Oargi taldeak Udalari eginiko diru laguntza eskaera ezerezean uztea erabaki zuten agintariek, ez zelako urte horretan danborradarik egin.
  • 1929-1-21. Periko Odriozola 'Munatei' futbolaria jaio zen. Lagun Onak futbol taldean hasi zen, Real Union taldera pasatuz 1947-48 denboraldian. Gero Realera eta handik Madrilera irten zuen, Atletico Madril taldeak fitxatuta. Andujargo Oliturgi taldean egin zuen 1950-51 denboraldia eta urte bat geroago Eibar taldera pasatu zen, Murtzian eginik 1952-53 denboraldia. Zarautzen hil zen, 1978ko uztailaren 2an.
  • 1765-1-21. Eskerrak eman zizkioten Granadako Dukeari, herriko errukietxean ziren behartsuentzat hogei anega gari eman zituelako.
  • 1757-1-21. Aurreko urteko abenduaren 27an alkatetzarako aukeratu zuten Granadako Dukearen gutun baten berri eman zen udaletxean, eskerrak emanez aukeratzeagatik, baina karguari uko eginez.
  • 1730-1-21. Iruñeko apezpikuari baimena eskatu eta parrokirako aulkiak egitea erabaki zuten. Elizak ordaindu zituen.
  • 1730-1-21. Gallai baserrian zen maizterrari eskatu zioten behar zen urruntasunarekin Azpeitiak eta Zestoak zituzten mugarri bakoitzaren ondoan gaztainondo bat landatzeko. Gaztainondoak haztean mugarriak aurkitzeko lagungarri bihurtu ziren.
  • 1683-1-21. Sebastian Enparan jaio zen. Urgeleko apezpikua eta Andorrako printzea izan zen.
  • 1640-1-21. Alkateak proposatu zuen zuhaitzak landatzera behartuta zeudenak Pedro Jauregik zuen haztegian egitea, baina agindutako lurraldeetan. Aurrez agindutako zuhaitz bakoitzeko hiru landatuko zituzten eta bi hostoaldi irten ondoren herriari eskainiko zizkioten. Langintza egiteko, ordea, inor aurkitu ezinean zen herria eta, beraz, Pedro Jauregiri deitu zioten; bi mila oinkada zuhaitz berehala landatzeko tratua egin zuten.
  • 1585-1-21. Bezperan, San Sebastian egunez, beraien eta apaizen artean, bai meza garaian eta bai prozesioan iskanbila batzuk gertatu zirela adierazi zuten agintariek. Ez ziren ausartzen, ordea, gertatutakoari buruz neurriak hartzen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan