Eguna: 1-24

  • 2021-1-24. Iraupen Eskiko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Alaia Juaristik 18 urtez azpikoen mailan, estilo librean zein teknika klasikoan, Larra-Belaguan (Izaba, Nafarroa).
  • 2019-1-24. 'Pumori, mendiaren alaba' dokumentala estreinatu zuten Soreasu antzokian. 2001ean Pumori mendian hildako Beñat Arrue azpeitiarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda, Javier Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak omentzeko eta Suku Mayaren istorioa kontatzeko egin zuten ikus-entzunezkoa, Alex Txikonen ekimenez.
  • 2015-1-24. Xanti Rodriguezek publizitate arloko argazkilaritzako Goya saria jaso zuen.
  • 2013-1-24. Inaxio Bastida 'Etxeberritxo' panderojolea hil zen bihotzekoak jota, 70 urterekin.
  • 1997-1-24. Udalak, egin nahi den saihesbidearen bi alternatiba jasotzen zituen maketa jarri zuen ikusgai.
  • 1985-1-24. Lurgintza Nekazari Elkarteak bere etxe nagusia inauguratu zuen.
  • 1981-1-24. Patxi Altuna euskaltzain izendatu zuten, Azpeitiko udaletxean egindako ekitaldian. Besteak beste, Luis Villasante euskaltzainburua, Koldo Mitxelena eta Luziano Lazkano orduko alkatea izan ziren ekitaldian.
  • 1967-1-24. Eskuzta zelaian errekin geltoki bat jartzeko lehiaketa antolatzea erabaki zuten.
  • 1949-1-24. Urrestillan jaio zen Juan Joxe Uranga Segurola, euskal idazlea. 'Bidez' eta 'Yakin' aldizkarietan idatzi zuen, eta Irun Hiriko Saria irabazi zuen 'Ibaia ta itxasoa: Kantauri ta Bidasoa' olerkiarekin.
  • 1935-1-24. Herriko erlijio eta antzeko elkarte zibilek eginiko eskaera aztertu zuten agintariek. Enparantza nagusian eta beste zenbait tokitan dantza debekatzea eta kalejirak ohitura ez bihurtzea eskatzen zen. San Inazio jaietan ere, hiru gauetan bakarrik musika jartzea eta Musika Bandak dantzarako doinuak jotzen zituenean, vals baten ondoren solteko hiru pieza jotzea, era horretan txandatuz, eskatzen zen. Margaritas elkarteak ere bat egin zuen eskaera horrekin beste idatzi baten bidez. Alkateak, batzarra inolako erabakirik hartu gabe moztu zuen, baina zinegotzi batek adierazi eta gero, Musika Bandaren arautegia aldatuko zela, garbi utziz dantza heldua ez zuela Udalak herrian sartu.
  • 1932-1-24. Jesusen Lagundia ezerezean uzten zuen dekretuaren aurka manifestaldia egin zuten.
  • 1910-1-24. Joxe Inazio Zudupek San Agustingo arkupean jarri nahi zuen kioskoaren planoa onartu zuten.
  • 1867-1-24. Frantzisko Alberdi Baltasar pilotaria jaio zen. Mardura puntistarekin batera agertu zen frontoietan eta, harekin bat eginda, ia menperatu ezinezko bikotea osatu zuten. Nahiko gazterik hil zen Baltasar.
  • 1859-1-24. Enparantza nagusitik parrokira bitarteko espaloia jende gehien ibili ohi zen tokietako bat zela jakinik -frontoiaren aurrean igarotzen baitzen-, egokitzea erabaki zuten.
  • 1853-1-24. Matxinbentarako zirujaua izendatzeko onartuz, gobernadorearen gutunaren berri eman zuten.
  • 1786-1-24. Herritar guztien ongarri izan zitekeela irudituta, olioa, bakailaoa eta koipea askatasun osoan saltzeko baimena eman zuten; alegia, nahi zuenak zuen salmenta egiteko baimena.
  • 1779-1-24. Irudituta gehiegizko iraupena zutela, Inazio donearen feriak zazpi egunekoa izan beharko zuela erabaki zuten, santuaren egunean dendak zabaltzea debekatuz, eta Santo Tomas inguruko feriari egun horretatik gabon bezpera bitarteko iraupena emanez.
  • 1719-1-24. Diputazioaren eskaerari erantzunez, jatorrizko herritarren eta biztanleen zerrenda egitea erabaki zuten.
  • 1698-1-24. Antonio Sarria eskribauari agindu zioten udaletxean izan zen urtebeteko erabaki guztiak liburuan idazteko, eta bitartean etxetik irten gabe egongo zela gainera, kartzelan igaro nahi ez bazuen behintzat denboraldi luzea.
  • 1698-1-24. Konturatuta herriz kanpoko errotetara eramateko zatika gariak ateratzen zirela, gertatzen zena zaintzen ahalegintzea erabaki zuten.
  • 1656-1-24. Ikusita herrian izango ziren batzar nagusietara zetozen musikari batzuk herritarrek euren etxeetan ez zituztela hartu nahi, fidelari haientzat ostatua aurkitzeko agindu zioten, herriak ordainduz.
  • 1531-1-24. Juan Alzagak testamentua egin zuen, parrokian bere abizeneko kapera sortuz.
  • 1399-1-24. Santa Maria de Pelayosen erregeak emandako zedula baten bidez, ordainketa batzuk egitera herria salbuestu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan