Eguna: 1-27

  • 2018-1-27. Sokamuturraren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin zuten Soreasu antzokian. Bertan estreinatu zuten 'Irteera', Xanti Rodriguezek Jai Karnabaleko zezenaren irteeran oinarrituta egindako film laburra.
  • 2018-1-27. Natul euskara elkarteak, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Udalak 'Azpeitiarrez Natul' aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean, herritarrek egindako ekarpenekin Azpeitiko hizkeraren hainbat esapide jasotzen dituen liburuxka.
  • 2017-1-27. Interneteko Argia Saria jaso zuen Haritz Odriozola azpeitiarrak, Game Erauntsia komunitatearen izenean.
  • 2012-1-27. Publizitate arloko Argia Saria eman zioten Klikmetroak.com kanpainari.
  • 2011-1-27. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren kontra deitutako greba orokorrak jarraipen handia izan zuen herrian.
  • 2004-1-27. Joseba Albizu txirrindulariak Euskaltel-Euskadirekin bi denboraldirako kontratua sinatu zuen.
  • 1972-1-27. Herriak erositako Beloki ingurua urbanizatzea erabaki zuten, horretarako Amuko zubiaren inguruan hasi eta bertaratzen zen ubidea estaliz.
  • 1908-1-27. Enparantza nagusian zezenak ibiltzearen aurka agertu ziren Joxe Uranga eta Frantzisko Mari Alberdi; bertan bizi ziren biak. Agintariek handik aurrera San Sebastian egunean, karnabaletan eta gainontzeko egunetan zezenak Santiago kalean ibiltzea erabaki zuten.
  • 1903-1-27. Zezen-plazako obrak zatika ordaintzeko egindako aurrekontu berezia onartu zuten.
  • 1902-1-27. Ramon Nazabali Urrestillako biztanleen etxeetara elektrika argia eramateko baimena eman zioten.
  • 1902-1-27. Julian Ortizek eginiko proposamena onartu zuten. Proposamenak zioen otsailaren 2rako Musika Banda osatuko zela, eta egun berean eta karnabaletan kaleratuko zela.
  • 1897-1-27. Urrestillako frontoian konponketa lanak egitea onartu zuten.
  • 1868-1-27. Frantziskanen komentuko lekaimeek eginiko eskaera ontzat hartu zuten; hau da, Zelai Luzen ez zitezela inoiz zuhaitz handi eta luzeak izan.
  • 1868-1-27. Urrestillan lehen ikasketa osoak egiteko mailako umeen eskola berri bat eraikitzea erabaki zuten.
  • 1758-1-27. Edozein ibaitan edo errekatan aurki zitekeen ahate edo antzar akabatu eta askatasun osoz etxera eramateko baimena eman zuen herriak.
  • 1719-1-27. Legazpi eta beste zenbait herrirekin osatutako elkartearen berri eman zuten, zerbait gertatzen zenean laguntza aurkitu nahian. Fidelari ahalmena eman zioten une horietarako 80 gizonezko armatu prestaturik izan zitzan.
  • 1709-1-27. Sagardoa saltzeko txanda zozketa egin zuten. Hiru saltzaile bakarrik agertu ziren sagardo hutsa zutenak eta hamabi urarekin nahastuta zutenak. Denak herriko sagarrarekin eginak ziren. Kanpoko eta herriko sagarrarekin eginiko sagardoa zutenak, berriz, sei saltzaile ziren.
  • 1690-1-27. Parroki atzeko iturriaren inguruan Frantziskanek zituzten etxeak eta labea hondamenean zirela jabetuta, eta jende asko nolako arriskuan zen ikusteko eta jakiteko, maisu zurgin batzuk izendatzea erabaki zuten.
  • 1674-1-27. Landeta etxearen aurrean zen San Pedro ermitan eginiko konponketak ordaindu zituzten.
  • 1673-1-27. Ostiralean, herri aginduak seinalatuta zuen orduan, udalbatzarrera agintari guztiak agertzea aipatu zuten, eta horrela egiten ez zutenei isuna jarri zieten.
  • 1668-1-27. Errege egunean agerraldi edo alardera agertu ez zirenei isuna jartzea erabaki zuten. Jatorrizko herritarren eta haien semeei mila marai, eta biztanleei eta semeei, berriz, 500 marai.
  • 1629-1-27. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatutakoan, Juan Goitiarekin hitz egitea erabaki zuten, korrejidorea bere etxean har zezan.
  • 1629-1-27. Batzar Nagusia egiteko, Juan Arandiari bere etxean gela handi bat egokitu zezan eskatu zioten.
  • 1520-1-27. Kristobal Marigorta maisuari parrokiko Zurbano kaperarako egin zuen burdinsare handia ordaindu zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan