Eguna: 1-31

  • 2020-1-31. Elkar-ekin taldeak, 'Gure Zirkua' ikuskizunak eta Egunean Behin jokoak aipamena jaso zuten 2020ko Argia sarietan.
  • 2018-1-31. Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolari Koparen finala irabazi zuen, Asteasun.
  • 2017-1-31. Igor Froilan Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak irabazi zuen 2016ko Herriz Herri argazki rallyen liga.
  • 2013-1-31. Azpeitiko Udalak lehiaketa publikoetan euskara irizpideak jarriko zituela iragarri zuen.
  • 2009-1-31. Erlo Telebistak Argia Saria irabazi zuen. 'Gure saltsan' saioagatik eman zioten saria, "etorkinen kulturak eremu intimoenetik, sukaldetik erakusteagatik".
  • 2003-1-31. Segabathor musika taldeak Gazte Leiho III. Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, heavy atalean. Lehen edizioan, 2000. urtean, hirugarren saria eskuratu zuen.
  • 1961-1-31. Inolako ordainketarik gabe, Circulo del Movimiento deitutako etxebizitzaren goiko pisuko gela (bere garaian Institutu Laboraleko Margo-gela izan zena) eman zion Udalak Juan Astigarragari, aipatutako mugimendu horretako herriko arduradunari.
  • 1913-1-31. San Millanko Markesari Bikuña etxea bere baratza eta lurraldearekin ordaintzeko, 50.000 pezetako kreditua lortzea erabaki zuten; ordaindu behar zen guztiaren erdia.
  • 1913-1-31. Trenaren geltokira bideko Urola ibaiaren gaineko zubiaren likidazioa onartu zuten.
  • 1870-1-31. Joxe Mari Azpiroz eta Pedro Inazio Odria perituei Oiartzun edo Legorreta dorrean arkuak atera zitezkeen ikusteko eskatu zieten, era horretan enparantza nagusiaren hiru alderdi arkuz osatuta gelditu zitezen.
  • 1859-1-31. Parrokiko organo berria ikusi ondoren, Joxe Juan Santestebanek eginiko txostenaren kopia bat Juan Amezua organoaren egileari pasatzea erabaki zuten, aurkitutako akatsak ahalik eta azkarren konpon zitzan.
  • 1853-1-31. Elormendiko San Pedro ermitaren inguruko zelaiari buruz txosten bat prestatzea erabaki zuten. Zelai hori erabili zuten herritarrek beraien lisibak zabaltzeko.
  • 1848-1-31. Errukietxeko juntarekin bat eginda, Foru Diputazioak Benefizentzia Planari buruz egindako proiektua aztertu zuten herriko agintariek.
  • 1830-1-31. Askatasun osoan eta nahi zuen guztiak ardoa erosi eta saltzeko baimena eman zuten, inolako dastaketa, salneurri eta antzeko oztoporik gabe.
  • 1796-1-31. Udalbatzar nagusian, Urrestillako zirujau Joxe Manuel Bidaurre eta herriko zirujau Jaxinto Egia eta Nikolas Villarri zenbateko eskupekoa eman erabakitzea agintarien esku utzi zuten. 1794. urtean herrian gaixo asko izan zelako, zirujau haiek aparteko lana egin behar izan zuten.
  • 1788-1-31. Urte batzuetan eta diru beharrez geldituta egon zen parrokiko obrari berriro heltzeko Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1786-1-31. Aurreko urtean Madrilen lortutako herriko armarriaren zertifikatua artxiboan gordetzea erabaki zuten.
  • 1730-1-31. Ondoren sukaldeetarako banaketa egiteko zenbat egur zegoen jakitea erabaki zuten.
  • 1698-1-31. Juan Zuazolak postari zerbitzua hartu nahian eskaintza egin zuen. Gasteiztik kartak ekarri eta eramango zituen, asteazkenetan herritik irten eta larunbatean itzuliz, eta urtean 190 erreal ordainduz. Herriak onartu egin zuen.
  • 1674-1-31. Sagatzeta baserri inguruan eta herriko lurretan bertako maizterrak landatuta zituen fruitu zuhaitzak ebakitzea eta haien ordez haritzak eta gaztainondoak sartzeko agindu zioten Pedro Beltran Oiarzabali. Baratza bezala erabiltzen zuen lurraldean ere gauza bera egin behar zuen.
  • 1673-1-31. Simon Astuinek postari langintzan jarraitzeko soldata handiagoa eskatu zuen eta Udalak gaiari buruz hitz egiteko herritar bereziei deitzea erabaki zuen. Martin Eleizalde, Antonio Altuna, Joakin Mendizabal, Frantzisko Inazio Enparan, Juan Perez Etxabe, Pedro Beltran Oiarzabal, Agustin Eizagirre eta Joseph Iturriaga agertu ziren. Baina azkenean agintarien eskuetan utzi zen erabakia hartzea.
  • 1670-1-31. Madrilen erregearen gortean zegoen Frantzisko Mendizabal herritarrari idaztea erabaki zuten, eskerrak emanez parrokiaren patronatuari zegokion auzien lekuko izan zelako eta, bide batez, eskaera luzatuz gestioak egiten jarrai zezan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan