Eguna: 10-10

  • 2018-10-10. IƱaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko ebazpena eman zuen Espainiako Kontu Auzitegiak, GHK-ren zuzendaritzak bien aurka jarritako salaketa atzera botata.
  • 2001-10-10. Jesus eta Maria komentuko lokaletan buruko gaixotasuna dutenentzako zentro berria inauguratu zuten.
  • 1992-10-10. Ibaieder presa inauguratu zuten, Nuarben.
  • 1898-10-10. Errukietxeko juntak eginiko gonbitea onartuz, bertako eskolaren inauguraziora joatea erabaki zuen Udalak -betiere, hala nahi bazuten zinegotziek-.
  • 1892-10-10. Alkateak udaletxe zaharra edo kartzelak izandako etxea saltzea proposatu zuen, eta gobernadore zibilari horretarako baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1892-10-10. Astearteko eta eguneroko azokak benetan baldintza txarretan egiten zirela ikusita, egoki ikusi zuten Azoka plaza estalia egitea Santo Domingo komentua izandako tokian, eguraldiak zerikusi handia izaten zuelako dirua biltzeko orduan. Hala, hari buruzko aurrekontu berezia egitea erabaki zuten. Sebastian Kamio arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoa eskatzea onartu zuten.
  • 1892-10-10. Posta eta Telegrafo bulegoa egokitzeko Santo Domingo komentuak egin beharko zituen obrak enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1835-10-10. Agintari nagusien aginduak beterik, herritik alde egin zutenen zerrendak osatzea erabaki zuten, eta haien ondasunak herriaren menpe hartzea berririk jaso bitartean.
  • 1833-10-10. Goizeko bederatzietan ailegatu zen herrira lehen karlista taldea, Bernardo Iturriaga komandantearen esanetara, eta lehen aginduak eman zituen. Bi mila erreal eskatu zizkion alkateari, eta Diputazio berria izendatzea proposatu zuen, ohikoak Tolosara ihes egin zuelako. Horretarako, diputatu nagusi moduan Esteban Hurtado de Mendoza izendatu zuen -haren ordezkotzat Joxe Santos Arratabe-, lurraldeko diputatu Juan Bautista Altube eta haren teniente Baltasar Oiarzabal.
  • 1704-10-10. Manuel Altunak egurra eskatu zuen, erre zitzaion Akotegi etxea konpontzeko, eta Udalak erabaki zuen gaiaren berri Herri Batzarrean adieraztea.
  • 1698-10-10. Orduan saltzen ari ziren sagardo upela amaitzean prezioa altxatzea erabaki zuten, eta inork ez zezala sagardorik herritik kanpora atera, bi mila maraiko isunaren mehatxupean lehenengo aldia bazen, eta lau mila maraikoa bigarrena bazen.
  • 1664-10-10. Aurreko urtean agintaritzan izandakoei bi egunen barruan kontuen berri emateko albistea pasatzea erabaki zuten, bakoitzarentzat bostehun maraiko isuna izendatuz horrela egiten ez bazuten.
  • 1653-10-10. Mari Cruz Azpeitiak laguntza eskatu zuen berak zazpi urte bete bitartean hazi zuen utzitako haurrarentzat, herriko ospitalak hilean eskatzen zituen hiru erreal emateko ezinezkoa egiten zitzaiolako artean lanari heltzea. Horrela egitea erabaki zuten, beste behartsuekin bezala.
  • 1599-10-10. Izurritea zegoenez, bi gizonezko jarrita guardiak egitea erabaki zuten. Haietako bati herriak hiru erreal ordainduko zizkion egunean, eta besteari herritarrek ordainduko zioten.
  • 1598-10-10. Felipe II.a erregea hiltzean, korrejidoreak agindu zuen alkateek lutua jantzi zezatela, eta elizkizunak ospatzeko.
  • 1568-10-10. Meza nagusiaren ondoren herritar asko bildu ziren plazan herriko agintariekin batera eta, beharrezkoa zela ikusirik, eliza berria egitea erabaki zuten, baita ahal zen azkarren itxurak eta iritziak jasotzea ere.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan