Eguna: 10-11

  • 2017-10-11. Xiriako Gurrutxaga nuarbetar puntista ohia hil zen.
  • 2012-10-11. Pako Aristik 'Independentziaren paperak' saiakera liburua aurkeztu zuen.
  • 2005-10-11. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Eusko Jaurlaritzak ematen duen 'Herri Onura' izendapena jaso zuen.
  • 1988-10-11. Yalung Kang mendira eginiko espedizioak gailurra lortu zuen; Benantxio Irureta iritsi zen tontorrera. Espedizioko kide ziren, halaber: Pako Iriarte, Josu Arrieta, Josu Bereziartua, Joxe Urbieta 'Takolo', Frantzisko Xabier Maiz eta Pello Aranburu; koordinatzaile lanetan Joxe Mari Azpiazu aritu zen.
  • 1962-10-11. Joxe Aranburu 'Keixeta' aizkolari urrestildarra hil zen, 81 urterekin.
  • 1952-10-11. 'Agerre I.a' eta Garatxabal harri-jasotzaileak neurtu ziren zezen-plazan.
  • 1886-10-11. San Millango markesak musutruk eman zion herriari Enparan kale barreneko lur zati bat, zabalera handiagoa emateko bideari. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1869-10-11. Ikusirik beharrekoa egiten zela haur eskola bat izatea herrian, San Agustingo barneko patioan obrak egitea erabaki zuten.
  • 1858-10-11. Irailaren 27an arratsaldez eta gauez herriak enperadoreari eta haren emazteari Loiolako santutegitik bueltatzean eginiko ongi etorria zela-eta Diputazioak idatzitako gutuna irakurri zuten. Eskerrak ematen zizkion herriari, eta Telesforo Monzon diputatu nagusiak sinatu zuen.
  • 1858-10-11. Apezpikutzak idatzitako gutun baten berri eman zuten, eta herriaren eskaera ontzat harturik -beste iritzi batekoak baziren ere parrokiko apaizak-, parrokian ematen zuten jaiegunetako zortzietako meza San Agustin elizan ematea baimendu zuen. Han obra batzuk egitea erabaki zuten, Joxe Mari Azpirozen esanetara.
  • 1833-10-11. Karlista taldearen buru Bernardo Iturriagak jakinarazi zuen arratsaldeko hiruretan bilduko zela berak proposatutako Diputazioa.
  • 1806-10-11. Inazio Nikolas Odriozola parrokiko erretoreak idatzi baten bidez kexua bidali zion Espainiako erregeari, baserrietako jabeen aldetik haietan ziren sendiek jaso behar izaten zituzten bortxaketak zirela-eta.
  • 1697-10-11. Herriko teilariak egiten zituen teila eta adreilua kalitate txarrekoak zirela ikusirik, hobeak egiteko edo bestela merkeago saldu beharko zituela esatea erabaki zuten.
  • 1685-10-11. Esteban Alzaga erregidoreak jakinarazi zuen herriak izendatutako maisuekin ikusi zuela Izarraizko izoztegiaren zuloa, Bautista Azpillagak egina, eta eskriturek adierazten zuten bezala aurkitu zuela.
  • 1581-10-11. Udalbatzarrean Pedro Ruiz agustindarrak jakinarazi zuen Pedro Arriaran zenak herrian egin beharreko monastegiko kapera nagusian bere hezurrak hilobiratzeko agindu zuela, baita haren anaia Joanenak ere. Ondoren, Esteban Arriarenek esan zuen berak ere eginik zuela eskritura monastegiko priorearekin eskubide batzuk zituela esanez, baita bere anaiak ere. Batzordea izendatu zuen herriak, haien ama Marina Arregirekin harremanetan jartzeko.
  • 1580-10-11. Juan IbaƱez Garagarza herritarrak, bera Ameriketan hiltzean herriko behartsuentzat utzitako hiru mila peso eskuratu nahirik, Maria Nikolas Oiangureni Ameriketan zen bere seme Martin Garcia Loiolari idaztea eskatzea erabaki zuten, Sevillara (Espainia) bidean jar zezan dirua ahalik eta azkarren.
  • 1575-10-11. Ura nahastutako sagardorik ez saltzea agindu zuten.
  • 1568-10-11. Parrokiko elizari buruz prestatutako itxura erakutsiz, hargin maisuen artean zabaltzea erabaki zuten, obrak hurrengo urteko errege egunean errematatuko zituztelako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan