Eguna: 10-16

  • 2017-10-16. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra auzitara eramatea erabaki zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakariarekin batera, erraustegiaren lanak gelditzeagatik.
  • 2016-10-16. Joseba Iraola eta Markel Cestafe izan ziren azkarrenak autoen Urrakiko Igoeran.
  • 2014-10-16. Lapatxeko zabortegia 2015eko apirilean itxiko zutela berretsi zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
  • 2003-10-16. Mikel Azkune Egunkaria SAren Ardatz enpresako administratzailea atxilotu zuen Guardia Zibilak 'Egunkaria'-ren eta beste enpresa batzuen aurkako sarekadan.
  • 1993-10-16. Herriko gaztetxeen aldeko martxak egin zituzten Azkoitian eta Azpeitian.
  • 1939-10-16. Franco jeneralak Loiolara bisitaldia egin zuen hilaren 14an, eta azpeitiarrek une hartan bizi izan zuten "pozaren" berri aktan idaztea erabaki zuten, Franco "gogoz txalotu" zutelako.
  • 1939-10-16. Villa Pakea inguruko San Jose ermita lurrera botatzea erabaki zuten.
  • 1871-10-16. Diputazioak herriari baimena eman zion armak erosteko boluntario taldea egokitzeko eta, nahi izanez gero, La Azpeitiana arma fabrikan zituen bi mila errealeko hiru zedula saltzeko.
  • 1833-10-16. Ez zen ospatu karlistek egin nahi zuten Diputazio Batzarra, oraindik ere indar gehiegi gabe zirelako, baina saiatu ziren Tolosan ospatu beharrekoa oztopatzen.
  • 1830-10-16. Diputazioak idatzitako ofizio bat irakurri zuten, zera zioena: errefuxiatuak berriro itzuli zirela Nafarroa aldetik Frantziara, eta neurriak hartzera derrigorturik zirela herriak, erregearen onerako eta probintziaren defentsarako: 1. Albistea berehala zabaltzea, eta herri guztiek euren ofizialekin tertzioak biltzea, gertatzen zenaren berri agertzeko. 2. Tertzio horiek armak hartu beharko zituzten momentuan, eta buruek agintzen zieten tokira irteteko prest egongo ziren, etsaiari bide mozteko. 3. Komandante nagusiak jarriko zituzten indar guztien buru, eta haiek emango zituzten aginduak arerioari aurre egiteko edo toki bereziak defenditzeko. 4. Herrietako udalak ahalegindu egin behar ziren herritar guztiak prestatzen edo, gutxienez, armak zituztenak, egoki ikusirik arma gehiago zabaltzea herritarren artean. Puntu guztiei ahalik eta egokien erantzutea erabaki zuten.
  • 1788-10-16. Hilaren 14an parrokiko atariko estalpean utzitako haur bat aurkitu zuten, eta ume hura emakume bati eman ziotela esan zuen alkateak. Herriak erabaki zuen udaberrira bitartean behintzat, umea hazteko laguntza ematea.
  • 1699-10-16. Parrokiko korura argia sartzen utzi behar zuten leihoak egiteko agindu zioten Juan Zelaiaran maisuari.
  • 1699-10-16. Parrokiko korurako eskailera egin zuen Lazaro Lainzera maisuak, eta azken arkuan apaingarria jartzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1676-10-16. Ugarte, Aranguren, Igartza eta Loiarteko baserritarrekin konpondu zen herria, haien ahuntzek eginiko kalteak ordain zitzaten. Herriak agindutako tokian 50 gaztainondo edo haritz landatzeko prest agertu zen bakoitza, eta bi urtera herriari eskaintzeko.
  • 1667-10-16. Joakin Mendizabal alkateak jakinarazi zuen kexak zirela, herriko harategia goizean soilik zabaltzen zutelako eta, gainera, haragi gutxi eskainiz. Hornitzaileari goizez eta arratsaldez harategia zabaltzeko agintzea erabaki zuen Udalak, eta behar bezainbeste haragi eskaini behar zuela; bestela, mila maraiko isuna izango zuen.
  • 1648-10-16. Juan Larraar erregidoreari agindu zioten unean Azkoitian zen Diputaziora joateko eta Martin Eleizalde kapitainarekin harremanetan jartzeko; izan ere, probintziaren izenean erregeari aurkezteko egindako txostenaren hasieran idatzi zuen nola joan ziren tolosarrak Hondarribiko herriari laguntzera, bera kapitain zenean, eta ondoren berrehun gipuzkoar aipatzen zituen, xehetasun gehiago eman gabe. Hari esan zioten 77 soldadu azpeitiar sartu zirela Hondarribian, Iñigo Lopez Ondarra kapitain zutela eta, txostenean tolosarrak aipatzen zituen bitartean, azpeitiarrak alde batera utzi zituela.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan