Eguna: 10-17

  • 2001-10-17. Beñat Arrue herritarra hil zen, Pumori gailurrera bidean, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrarekin eta beste hiru nafarrekin batera.
  • 2001-10-17. Espainiako Polizia Xabier Etxeberria 'Txapi', Jabi Agirre eta Joseba Segurola 'Xegu'-ren etxeetan sartu zen, haiek atxilotzeko asmoz, ETArekin zerikusia zutelakoan. Hirurak ez zeuden etxean.
  • 1948-10-17. Inazio Orbegozo 'Arriya I.a', I. Agirre eta B. Etxenerria bikotearen aurka neurtu zen aizkoran, lau enbor 54 ontzakoak ebakitzeko. Arriya I.ak irabazi zuen, hamalau minutu eginda; bikoteak hamalau minutu eta 27 segundo behar izan zituen.
  • 1923-10-17. Probintziako Batzordeak bere nahigabea erakutsi zuen, Zuzendaritza Militarrak emandako aginduen bidez Espainiako Estatuko beste udalak bezala hartzen zituztelako Gipuzkoakoak ere, aurreko agintariak ezerezean utzirik, eta zera eskatu zen: herrien aldetik udalak osatzean eginiko aktak gobernuaren aurrean agertzeko ez zutela Gipuzkoako udalek gobernuaren inolako babesik behar.
  • 1906-10-17. Lukas Guridi musikaria jaio zen.
  • 1710-10-17. Martin Zaldua maisuari bataioko kaperan eta parrokiko koru atzean egindako lanak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1706-10-17. Aurreko urteko urriaren 28an erre zen Aretxabaleta baserrian konponketa lanak egiteko baimena eman zioten Frantzisko Inazio Sorarrain jabeari.
  • 1694-10-17. Herri Batzar nagusian, eta suteei buruz neurriak hartu nahirik, agintariei nahi zituzten pertsonak izendatzeko ahalmena eman zieten, elkartea sortzeko gestioak egin zitzaten, eta herritar bakoitzak zenbat ordaindu behar zuen adieratzeko.
  • 1692-10-17. Kontuan izanik herrikoa izan gabe bertako ospitalean zuela ostatua Andres Ibarrak, bere sendiarekin batera, eta gogoan izanik herritarrek bakarrik zutela bertan tokia, berehala kanporatzea erabaki zuten.
  • 1598-10-17. Felipe II.a hil zela zioen erret zedula iritsi zen, hileta elizkizunak ospatzeko eta errege berriaren pendoi edo banderaren altxatzea agintzen zuena. Probintziak adierazi zuen, bestalde, horretarako eguna izendatua zuela: hilak 25 igandea, bezpera ospatzeko; eta 26an meza nagusia, derrigorrezkoa izanik herritar guztiak bertara joatea -hamar eguneko kartzela zigorra eta bi mila maraiko isunaren mehatxupean-, lutoz jantzirik guztiak, bai gizonezkoak eta bai emakumeak. Pendoia edo bandera altxatzeko egun moduan hilaren 27a izendatu zuten, asteartea, goizeko zortzietan, eta herritar guztiak agertu behar ziren, lehen aipaturiko zigorraren eta isunaren mehatxupean. Kontuan izan behar da herrian zeudela momentu hartan korrejidorea eta Diputazioa, eta bertan egin behar zirela ekintza guztiak.
  • 1584-10-17. Kontzilio Santuaren bidez, eta Espainiako erregearen aldetik onarturik, aita santuak agindua zuen lekaimeek euren komentuetan itxirik izan behar zutela, eta asmo horrekin herriratuak izan ziren probintzialak, beste tokietan bezala. Gasteizko zaintzailea zegoen Azpeitian, bere ordenuko beste bi lagunekin batera, eta haiekin harremanetan jartzea erabaki zuten, nola jokatu jakiteko.
  • 1583-10-17. Ameriketan zen Martin Rezustak idatzi zuen, esanez kobratu zituela bertan hildako Joanes Agirreren ondorengoengandik, baita Frantzisko Ibañez Garagarza zenak utzitakoak ere, 11 zilarrezko barra guztira, 97.720 marai osatzen zituztenak; eta bidali zituela itsasontzian hildakoen ondasun kaxan sartuta, erregearen zilarrarekin batera, Sevillako (Espainia) Kontratazio Etxean kobratzeko.
  • 1569-10-17. Kontuan izanik Elola kaperan hiru meza eman behar zirela larunbatetan, Juan Eizmendi aukeratu zuten horrela egingo zen edo ez zaintzeko.
  • 1568-10-17. Amador Iñiguez Alzagak parrokiko elizaren itxurak aurkeztu zituen, haiei buruz Martin Perez Eizagirrek pergaminoan idatzitako iritziarekin batera. Juan Lazarazu Urretxuko maisu harginari deitzea erabaki zuten, iritzia jakiteko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan