Eguna: 10-2

  • 2020-10-2. Uztarriaren Udako I. Argazki Lehiaketa irabazi zuen Maite Orbeak, 'Urbasan' argazkiari esker.
  • 2012-10-2. Auzarazako Plan Bereziari hasierako onarpena eman zion Udalak, "eraikita dauden etxeak babesteko".
  • 2011-10-2. Gipuzkoako Ikastolen festa, Kilometroak, ospatu zen Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta. Jendetza elkartu zen herrian eta antolatzaileek oso balorazio positiboa egin zuten.
  • 2011-10-2. Mikel Larrañaga aizkolaria hirugarren mailako Euskadiko txapeldunorde postuan gelditu zen, Aizarnazabalen.
  • 2001-10-2. Azpeitiko etxeetan erabilitako olio zikinen lehen bilketa egin zuten.
  • 1922-10-2. Alkateak jakinarazi zuen aldaketa batzuk egin nahi zituela San Millango markesak bere Bikuña etxeaz Udalak prestatutako agirian, eta bozketa bidez erabaki zuten aldaketa horiek ontzat hartzea.
  • 1907-10-2. Ganadu hiltegiko zerga berriak onartu zituzten, baita garagardoari eta sagardoari ezarriko zizkietenak ere.
  • 1899-10-2. Felipe Landari Nuarbe auzoan argi elektrikoa sartzeko kablea jartzeko baimena eman zioten.
  • 1899-10-2. Herritik kanpo zezen-plaza nola egin zitekeen aztertzeko batzordea izendatu zuten. Orbegozok, Iriartek, Azilonak eta Alberdik osatu zuten batzordea.
  • 1882-10-2. Hurrengo egunetik aurrera haragiaren prezioa merkatzea erabaki zuten, kiloa 1'04 pezetan saltzeko.
  • 1789-10-2. Bolivian hil zen Sebastian Segurola Matxain gobernadore azpeitiarra.
  • 1716-10-2. 14:00ak bitartean azokan janaria erostea debekatu zieten berriro saldu nahi zutenei.
  • 1682-10-2. Okinei ogia saltzea debekatu zieten, aurretik plazara euren ogia eraman eta pisua eta itxura ikusten ez bazuten behintzat. Hala egiten ez zuenari bostehun maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jarriko zioten.
  • 1680-10-2. Agintariek urteko ostiral guztietan biltzea erabaki zuten egun hartatik Birbizkunde Bazko egunera bitartean goizeko bederatzietan, eta egun horretatik aurrera, berriz, zortzietan. Agertzen ez zenari berrehun maraiko isuna ezarriko zioten.
  • 1637-10-2. Gutun baten bidez, Juan Chacon Ponce de Leonek hiru idi pare eskatu zituen, Frantzian zen armadaren garraioa egiteko. Udaletxera deituak izan ondoren eta, zozketa baten bidez, Martin Asurza, Bixente Mendizabal eta Domingo Beristain gelditu ziren euren idiekin agindua betetzekotan.
  • 1598-10-2. Izurritea zela kontuan izanik, erabaki zuten herritar guztiek txandatuz guardiak egitea. Horrela egin nahi ez zuenak hiru erreal ordaindu beharko zituen, eta diru horrekin ordainduko zuten hutsunea beteko zuena. Baserrietan bizi zirenei albistea pasatzea ere erabaki zuten, etxean inor ez hartzeko esanez.
  • 1571-10-2. Pedro eta Martin Armentia maisuek eliza nagusiaren proiektua aurkeztu zuten, eta hiru nabe zituena hobea zela zioten.
  • 1562-10-2. Agintariek larunbatero biltzea erabaki zuten eta, kanpaia jo ondorengo ordu laurden baten barruan agertzen ez zenak, bi errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1555-10-2. Alkateek, erregidoreek eta eskribauak erabaki zuten batzarretan erabilitako gaiak isilean gordetzea, eta zin egin zuten, gainera.
  • 1351-10-2. Pedro I.a erregeak Azpeitiaren pribilegioak konfirmatu zituen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan