Eguna: 10-21

  • 2014-10-21. Plaza berritzeko obrak tarteko, Done Jakue kalean jarri zituzten lehen aldiz astearteroko azokako postuak.
  • 2012-10-21. EH Bildu koalizioa izan zen Azpeitian bozkatuena Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, bozken %46,88arekin. EAJ izan zen bigarrena, bozken %43,36arekin.
  • 2003-10-21. Mikel Azkune -hamabi mila euroko bermearekin- eta Eneko Etxeberria libre irten ziren, baina inputatuta. Egunkaria SAko operazioan atxilotu zituzten egun batzuk lehenago. Gero kendu egin zizkieten inputazioak.
  • 1999-10-21. 'Euri kontuak' liburua aurkeztu zuen Jose Luis Otamendik, bere lehen narrazio liburua.
  • 1926-10-21. Martzial Uzinek eginiko eskaera eta planoak ikusi ondoren, baimena eman zioten altzari fabrika jartzeko pabilioia egiteko Ibaieder ibaiaren gainean.
  • 1896-10-21. Juan Bixente Etxeberria, Luis Etxaide, Juan Clemente, Estanislao Etxabe, Silberio Korta, Benantxio Zubimendi, Joxe Manuel Arozena, Esteban Alberdi, Inazio Orbegozo eta Miguel Ugalde bildu ziren Zestoan, Zumarragatik eta Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Iraetan zehar Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbia elektrikoari buruz hitz egiteko. Aipaturiko herrietako udalei hil hartako 22an goizeko hamarretan Zestoako Bainuetxean egingo zen bilerararako gonbitea luzatzea erabaki zuten, ordezkariak bidal zitzaten. Azpeitiko Udalak Clemente eta Orbegozo tranbiari buruzko bilera hartan partaide izateko aukeratu zituen.
  • 1896-10-21. Kartzela zaharreko lehen solairuan beharrezko obrak egitea erabaki zuten, marrazki eskola martxan jartzeko asmoz.
  • 1861-10-21. Alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentua lurrera botatzeko baimena Espainiako erregeari eskatzeko txostena prest zuela eta, unea aprobetxatuz, eska zitekeela bertan jaso zitekeen materiala eskuratzeko baimena, eraisten egin beharreko lanaren ordain moduan -bide batez, enparantza zabaltzeko baimena eskatuz-. Udalak erabaki zuen alkatearen proposamena ontzat hartzea eta Espainiako erregeari eskaera zuzentzea probintziko gobernadorearen bidez.
  • 1823-10-21. Hilaren 6an Diputazioak sinatutako zirkularraren berri eman zuten: hilaren 3an argitaratu zela ohiko kazetan nola lehorreratu zen hil hartako lehen egunean Espainiako erregea, bere sendiarekin, Puerto de Santa Marian (Espainia), espainiar eta frantziarren artean, eta erabaki zuten hilaren 4an 'Te Deum' abestea eta herriak argitzea gauean. Kontuan izanik Azpeitiko herria beti fidela izan zela errege Fernando VII.arekin, Diputazioari zera erantzutea erabaki zuten: hartu eta berehala abestu zela parrokian 'Te Deum', eta ospatu zirela gainontzeko jaialdiak, haien artean zekorketak eta dantzak, eliza guztietako kanpaiak jo ondoren.
  • 1813-10-21. Parrokiko hautes junta aukeratu zuten herriko udaletxean egindako batzarrean -Espainiako Konstituzioak agintzen zuen moduan, meza santua entzun ondoren parrokian, berriro udaletxera itzuli eta aukeraketa egin zuten-.
  • 1746-10-21. Ikusi ondoren herriko teilariak egindako teila berria neurri handiagokoa zela eta eskrituran ez zela era horretako teilari buruz ezer adierazten, baina ikusirik egokia zela horrelakoa egitea, bakoitzari erreal erdiko prezioa ematea erabaki zuten, beste herrietako berri jakin ondoren.
  • 1729-10-21. Herriak 1723an idatzitako gutunari erantzunez, Diego Alzajak Liman aurreko urteko urriaren 20an sinatutako gutuna irakurri zuten, esanez parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko egindako diru eskaintza berekin izango zuela berehala. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1729-10-21. Herriko etxe batzuk hondamenean zeudenez -arriskuan, gainera-, Inazio Segurola zurginari eta Joseph Lizardi harginari eskatu zieten txostena aurkezteko, herriaren aldetik neurriak har zitezen.
  • 1581-10-21. San Agustin komentuari buruz batzordeko kideek Marina Arregi eta Esteban Arriarenekin hitz egin ondoren, alderdi bakoitzetik abokatu bat izendatzea erabaki zuten eta, konpondu ezinean zirenez, korrejidoreak beste bat izendatu zuen. Hilabete batean elkarren arteko harreman guztiak moztea erabaki zuten, eta bitartean kontsulta egitea bi abokatu ospetsuri.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan