Eguna: 10-24

  • 2017-10-24. Seamus Heaneyren poema antologiaren itzulpena aurkeztu zuen Xabi Bordak, Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan.
  • 2017-10-24. Pasaiako segadan oinarritutako 'Pasaiako badia' dokumentala estreinatu zuten Xabier Otamendi, Yuri Agirre eta Erik Aznal azpeitiarrek Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan.
  • 2015-10-24. Pedro Otaegi aktorea omendu zuten, Euskal Antzerki Topaketen Antzerkizale Egunaren barruan.
  • 2008-10-24. Azpeitiko Udalak irudi korporatibo berria eta 'Azpeitian zer?' udal aldizkari berritua aurkeztu zituen.
  • 2004-10-24. Mikel Labaka futbolari azpeitiarrak estreinakoz jokatu zuen Espainiako Lehen Mailako partida ofizial bat, Realarekin. Mallorca taldearen aurka izan zen, eta 2-1 irabazi zuen Realak.
  • 2004-10-24. Joseba Albizu eta Jokin Ormaetxea ziklistek auto istripua izan zuten Itziar inguruan, eta Ormaetxea azkoitiarra hil egin zen.
  • 1988-10-24. Urolako Mankomunitateak Lanbide Heziketako hasierako tailerrak inauguratu zituen herrian.
  • 1973-10-24. Luzio Martinez erretoreak eta Joxe Mari Altunak, parrokiko abesbatzaren eta Azpeitiko Musika Elkartearen izenean, herriko kale bati 'Julian Barrenetxea' deitura jartzea eskatu zuten. Kontuan izanik Barrenetxeak eginiko lana eta non bizi izan zen, Enparan zubitik parrokira bitarteko pasabideari 'Julian Barrenetxea' deitura ematea erabaki zuten.
  • 1938-10-24. Alkateak Francisco Franco jeneralari bidali zion telefonemaren berri eman zuen. Bertan, Francoren gorespen bigarren urtea betetzean, herriak Espainiako Gerran, nahiz eta biztanle gutxi izan, 47 errekete eta 21 soldadu martiri izan zituela adierazi zuten, eta harekiko hautsi ezinezko lotura berritu zuten.
  • 1933-10-24. Aho batez erabaki zuten protesta egitea Espainiako gobernuburuari, 1839ko urriaren 25ean emandako legea indarrean zelako, Euskal Herriaren aurkakoa, eta, halaber, erabaki zuten hurrengo egunez balkoian bandera erdizka zintzilikatzea udaletxean.
  • 1904-10-24. Diputazioko Batzordeak eginiko idatzia gustura jaso zuten, eskerrak emanez Udalari Espainiako Gobernuaren aurrean protestatu zuelako azkenaldian alkoholen zerga igo zutelako, Gipuzkoak zituen eskubideen kontra.
  • 1830-10-24. Herri Batzar nagusian Udalari behar ziren gestioak egiteko ahalmena eman zioten, Enparan eta Soreasu erroten salmenta ezerezean geldi zedin.
  • 1734-10-24. Herri Batzar nagusian erabaki zuten udaberrian Loiolara bidea egiten jarraitzea, San Jose ermitatik aurrera.
  • 1687-10-24. Maria Inazia Goiazen administrari Lorentzo Eleizaldek egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Eleizaldetxo baserrian konponketa lanak egiteko. Udalak baimena eman zion.
  • 1670-10-24. Kosme Iratzetak Sistiaga aldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Kataingo teilariaren teilatua egiteko. Udalak baimena eman zion.
  • 1653-10-24. Herriko fidelak jakinarazi zuen agindu zioten bezala erakutsi zizkiola Saloguen lizentziatuari Erdi kaleko zoruari buruz eginik zeuden eskriturak eta agiriak, eta hark eman zuela iritzia, harategiak egiteko lurraldea erosteko herriak zer egin behar zuen adieraziz.
  • 1636-10-24. Kontuan izanik herriko konpainia bezperan Frantzian sartu zela probintziko beste konpainia batzuekin batera, gertatzen zenaren berri jakitea erabaki zuten, herriak nola jokatu behar zuen erabakitzeko.
  • 1629-10-24. Martin Etxeberriak jakinarazi zuen prest zela pregonari lana egiteko herrian. Jabeturik postu horretan zen Joanes Etxeberria nahiko zaharturik eta gaixorik zegoela, honi jubilazioa ematea erabaki zuten, orduan bizi zen etxe berean bizitzen jarraituz eta hil artean soldataren erdia jasorik. Zortzi urterako kontratua egin zioten Martin Etxeberriari.
  • 1560-10-24. Felipe II.a erregeak Iruñeko apezpikuari erret zedula baten bidez adierazi zion Erret Kontseiluan eztabaidatu zela Urrestillako biztanleek eta Joan Borjak zeukaten auzia.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan