Eguna: 11-13

  • 2015-11-13. Sanjuandegiko auzo lokal berria inauguratu zuten, igerilekuko eraikinean.
  • 2014-11-13. Jose Luis Otamendik 'Kapital publikoa' poema liburua aurkeztu zuen.
  • 2009-11-13. Azpeitiak eta Hazparnek harremanak sendotzeko konpromisoa hartu zuten, azpeitiarrek Hazparnera egindako bisitan.
  • 1977-11-13. Itsasi Dantza Taldea lehen aldiz aurkeztu zen, Loiolan egindako jaialdian.
  • 1939-11-13. Jesusen Bihotz Sakratuaren Esklaben buruak euren komentuko obrak jarraitzeko baimena eskatu zuen -aurrez, diru beharrean aurkitzean, eten egin behar izan ziren-, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1939-11-13. Alkatearen proposamen ontzat harturik, zera erabaki zen: 1. Bustinzuri plazari 'Olazko Amaren plaza' deitura jartzea. 2. Urrestillako plazari, 'Joxe Antxieta beneragarria' deitura jartzea. 3. Harzubiko errebalari, 'Felix Ortiz eta San Pelayoren hiribidea' deitura jartzea. 4. Behar zen tokian, herriko patroi bezala Olazko Andre Maria izendatzeko gestioak egitea.
  • 1916-11-13. Euskal Lore Jolasen Kontsistorioak idatzitako gutunaren berri eman zuten, Udala zorionduz, Unamunok euskararen aurka eginiko adierazpenak salatu zituelako.
  • 1861-11-13. Goizean Altuna etxearen hormako harri bat erori egin zen -aurrez herriko sarrerako arkua egon zen tokikoa-, eta ume bat zauritu egin zuen.
  • 1849-11-13. Probintziko buruak herriko errukietxea partikular mailakoa izendatu zuen.
  • 1814-11-13. Antonio Xabier Etxanizek herriari txosten bat eskatu zion, herria atzerritarren menpean izatean berak izandako jokaeraren berri emanez, ezbehar guztietan laguntza eskaini baitzuen eta bi bider herria erretzeko asmoak baretu baitzituen. Jeneral batek haren heriotza eskatu zuen, ondorioz. Udalak erabaki zuen ezinezkoa zitzaiola herriari bere aldeko ezer esatea, behintzat egia esatekotan; gogoan baitzuen 1811ko azaroaren 20an komandante frantziarrari gazte bat ez fusilatzea erregutzeko eskatu ziotenean, bera beste hogei fusilatzeko berrehun sinadura biltzeko prest agertu izana.
  • 1811-11-13. Herriak egunero egin behar zuen hornikuntzari buruz hitz egin zuten Herri Batzar nagusian, ez bakarrik herrian bertan zegoen tropari egin beharrekoaz, baizik eta baita tropa mugikorrei egin beharrekoaz ere bertatik igarotzen zirenean. Batzarrean, beharko zen garia banatzea erabaki zuten, eta agertu ez zirenek ere kontuan hartu beharko zuten hori, derrigorrezkoa baitzen hurrengo goizerako behar zena ahalik eta azkarren biltzea. Lehen unean garia emango zutenen zerrenda egin zuten ondoren.
  • 1801-11-13. Herria eta Enparan etxearen jabearen artean errotei buruz eginiko trukaketaren berri eman zuten, baita onartu ere.
  • 1733-11-13. Egun euritsuetan ezinezkoa zen parrokiko dorrearen azpiko pasadizoan jendea igarotzea eta, hori ikusita, gurdiak bertatik pasatzea oztopatuko zuen bide txiki bat egokitzea erabaki zuten.
  • 1711-11-13. Herriko tabernarien aldetik ardoa garbitasun txikiarekin ateratzen zela zen albistea, eta fidelari agindu zioten auzia jartzeko haien aurka eta gestio guztiak aurrera eramateko.
  • 1644-11-13. Herriko dorreak nolako konponketa behar zuen zioen alkateak, teilatua benetan gaizki zuelako eta euria egitean kalte handiak izaten zituelako. Teilatua egokitzeko izendaturiko batzordeari guztiaren berri ematea erabaki zuten.
  • 1598-11-13. Felipe II.aren hileta elizkizunak izan eta gero, zenbait gauza falta zela ikusi zuten: argizagia, armarriak, zapiak... Lapurtu zituztenentzat eskomikua lortzeko gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1598-11-13. Domingotar fraideek ez zuten nahi izan Felipe II.aren hiletan parte hartzerik eta Kontseilu errealera gertatuaren berri ematea erabaki zuten.
  • 1558-11-13. Enperadorea hiltzean eta ohiturari jarraituz, hileta elizkizunak antolatzea erabaki zuten. Alkateen aldetik lutua eraman zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan