Eguna: 11-15

  • 2019-11-15. Uztarriak diploma jaso zuen IV. Tokikom Sarietan.
  • 2013-11-15. Mikel Labaka futbolari ohia omendu zuten Garmendipen. Lagun Onak Futbol Taldeak antolatutako ekimenean, Labaka Lehen Mailan aritutako bi taldeek, Realak eta Rayo Vallecanok, lagunarteko partida jokatu zuten.
  • 1904-11-15. Inazio Fort alkatearen proposamena onartuz, Ramon Mari Lili zoriontzea erabaki zuten. Izan ere, Alkoholen Legea euskal probintziei ezartzean, probintziako gobernadore zibilaren postua utzi egin zuen eta, horrela, betidanik zeukan abertzaletasuna agertu zuen.
  • 1904-11-15. Zinegotzi baten proposamena onartuz, herriko enparantza nagusiari 'Plaza Mayor' deituraren tokian 'Plaza de los Fueros' jartzea erabaki zuten.
  • 1897-11-15. Errukietxeko juntak eginiko eskaerari erantzunez, herritarrei hilaren 25ean goizeko hamarretarako batzar nagusia egiteko deia egingo zietela erabaki zen, junta berria aukeratu eta kontuak ikusiko beharko zituen batzordea izendatzeko.
  • 1897-11-15. Elolaren kaperan obrak eta zenbait aldaketa egitea onartu zuen Udalak, San Agustin komentuko San Gillermoren aldarea bertara eramanez, aurrez bertan zen San Sebastianen trukean.
  • 1861-11-15. Alkateak jakinarazi zuen bilerako deialdia egin zuela Manuel Inazio Altunaren etxeko hormaren harri bat erori zelako hilaren 13an, azken urtean lurreratutako herriaren sarrerako arkua egon zen tokitik. Larri zauritu zen ume bat, gainera. Alkatea neurriak hartu beharrean izan zen, eta hondamenean zegoen hormaren zatia botatzea erabaki zuten. Altunaren erantzuna jasorik zuela ere jakinarazi zuen.
  • 1826-11-15. Joxe Manuel Enparan eta Inazio Zabala Antxietak, gutun baten bidez, eskerrak eman zizkioten herriari, agintera iristeko zeuden herritarren zerrendan sarturik zeudelako berriro.
  • 1697-11-15. Urriaren 14an herriak eginiko eskriturak zioenez jakin zuten Martin Urkizu eta haren lagunak gelditu zirela herriko lau tabernetara, Urrestillakora eta Loiolakora ardo hornikuntza egiteko; gainera, herriari berrehun erreal eskainiz eta San Inazio jaietarako Nafarroa edo Gaztelako zezen bat. Geroago, Kristobal eta Joanes Lizarragak 320 erreal eta zezena eskaini zituzten eta, herriak unean zeukan egoera kontuan izanik, azken horiekin egin zuen eskritura berria, abokatuen iritzia jaso ondoren. Urkizuk, ordea, korrejidorearen aurrean gertatzen zenaren berri eman zuen, eta berak herriari lehen eskritura betetzea agindu zion. Pausoak eman aurrez, abokatu baten iritzia jasotzea erabaki zuten.
  • 1676-11-15. Joxe Inazio Oñaz eta Loiolaren ama Ana Larralde parrokiaren patronatua eskuratu nahirik zela ulertu zuten Frantzisko Larretxek idatzitako gutunean, eta Agustin Eizagirre erregidoreari herriaren izenean haren aurka egitea agindu zioten.
  • 1676-11-15. Elur hornikuntza egiten zuen Bernardino Azpillagak eta honi bi mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, sarritan hutsegiteak egin zituelako.
  • 1675-11-15. Leizeaga, Saraseta, Idiagirre, Lastaola eta Madalenako etxeak ez ezik, Izarraitz aldeko beste zenbaitek herriaren lurralde zatiak eurentzat harturik zituztela jakin zen, eta Pedro Beltran Oiarzabal eta Joan Odriozolari agindu zieten zortzi egunen buruan gaiari buruz iritzia agertzeko.
  • 1675-11-15. Loisoro baserrian zen Joakin Martizenak herriaren lur zati bat beretzat hartu eta lantzen zuela jakinik, batzarrera deitu zuten, eta aitortu egin zuen hori, esanez unean garia eginik zuela bertan. Lurraldea urteetan erabili zuenez, Nuarbeko zubia bere kontura konpontzeko agindu zioten. Herriaren aldetik hiru erreal emango zizkiotela geratu ziren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan